Milaka beharginek egin dute bat itunpeko ikastetxeetako bigarren greba deialdiarekin. Bihar, asteazkena, manifestazio bateratua egingo dute Bilbon, 11:30etik aurrera.
Kotizaziorik gabeko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera % 6,9 igoko dira 2024an. Gutxieneko pentsioak % 5 eta % 7 artean igoko dira datorren urtean. Familia kargak dituzten alargunen pentsioaren igoera handiagoa izango da: % 14,1.
Euskadiko gazteen iritzi eta jarreren bilduma: Gazteen Euskal Behatokiak egindako datu estatistikoen analisiak 2023ko urtean: gazteen balioak eta jarrerak, hezkuntza, osasuna, kultura, prestakuntza eta enplegua, informazio orokorra…
Bezperan ondo hasitako lana amaitu ezinda geratu da gaur Athletic Granadan (Espainia). Atzo, Iñaki Williamsek seigarren minutuan sartutako golak abantaila eman zion, baina epaileak bertan behera utzi zuen partida hemezortzigarren minutuan, harmailan zegoen ikusle bat bihotzekoak jota hil ondoren. Gaur gauean ekin diote berriro neurketari, hemezortzigarren minutuan, eta jokatu dituzten minutuetan Athletic ez da gai izan aldeari eusteko. Bana berdindu du, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Bi puntu galdu ditu bidean. Ez da izan aldea handitzeko aukerarik izan ez duelako. Mordoa izan ditu, batez ere, lehen zatian. Nico Williams, Sancet eta Iñaki Williams bigarren gola sartzear egon dira. Aurrelariak, adibidez, langara bota du baloia. Baina alferrik. Ez dute asmatu, eta askotan gertatu ohi den bezala, taldeak ordaindu egin du gero. Kontzentrazioa galdu dute bigarren zatiaren hasieran, eta Granadak aprobetxatu egin du. Espainiako taldeak banakoa lortu du 55. minutuan. Zoritxarreko jokaldia izan da. Ricardek eskuinetik erdiratu du baloia, eta Ruiz de Galarretak, baloia urrundu nahian, bere ate barruan sartu du. Epaileak ontzat eman du, baina, badaezpada, jokaldia telebistan ikustea erabaki du, Granadako jokalari bat jokoz kanpo zegoelakoan. Ez du erabakia aldatu. Golak etxekoak suspertu ditu, eta bigarren zatian zelaian zuten nagusitasuna indartu dute. Arriskua sortzen hasi dira, eta Athleticek sufritu egin du. Gai izan da eusteko, baita azken minutuetan aurrerapausoa emateko ere. Herrerak eta Pradosek gertu izan dute gola, baina haiek ere ez dute asmatu. Ezta Granadako jokalariek ere. Azkenean, bana bukatu da partida. Gaur neurketari irabaziz ekin diola kontuan hartuta, zapore garratzeko puntua da Ernesto Valverderen taldearentzat. Hala ere, balio dio bolada onari eusteko: sei jardunaldi daramatza galdu gabe. Realari aurrea hartu, eta berriro bosgarren izateko balio dio ere bai. Berdinduta daude bi taldeak, 29 punturekin, baina zuri-gorriek gol alde hobea dute. Europa ligako postuetan daude biak ala biak. Bihar, Espainiako Kopako zozketa Espainiako Lehen eta Bigarren mailetako euskal taldeak Las Rozasera (Espainia) begira egongo dira bihar eguerdian. 13:00etan zozkatuko dute Espainiako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa. Sei euskal talde ariko dira: Osasuna, Athletic, Reala, Alaves, Eibar eta Amorebieta. Osasunak final-hamaseirenetan ekingo dio kopari. Ez ditu jokatu aurreko bi kanporaketak, Espainiako Superkoparako sailkatu baitzen aurreko sasoian. Horri esker, segurua da talde apala izango duela aurkari: Espainiako Futbol Federazioaren Bigarren edo Lehen mailako talde bat. Urtarrilaren 5ean, 6an eta 7an jokatuko dituzte partidak.
Frantziako Asanblean hasi bezala bukatu da Asilo eta Immigrazio Lege proiektuaren inguruko eztabaida. Diputatu ekologistek zentsura mozio bat aurkeztu dute, eta diputatuen gehiengoak alde bozkatu du: ezkerreko diputatuen bozez gain, Errepublikanoen eta Batasun Nazionalaren bozak bildu dituzte. 270 boto izan dira zentsura mozioaren alde, eta, 265, kontra. Ezustekoa eragin du gertatutakoak. Hala, bertan behera gelditu da asteotan egitekoa zuten eztabaida. Halere, Frantziako Gobernuak oraindik baditu bideak legea pasarazteko. Batetik, Senatura igortzen ahal dute berriz testua, gero berriz Asanbleara heltzeko, baina arriskua da orain gertatutakoa errepikatzea. Bigarren aukera da Senatuaren eta Asanblearen arteko batzorde misto bat osatzea eta erdibideko testu bat adostea. Azken aukera da Asanblearen zentsura mozioa errespetatu eta lege proiektua bertan behera uztea. «Zintzoekin zintzoak» eta «gaiztoekin gaiztoak» izateko helburua du Asilo eta Immigrazio Lege proiektuak, haren bultzatzaile Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren hitzetan. Papergabeen kontrako legerik «gogorrena» dela uste dute haien laguntzarako elkarteek. Eskuinak eta eskuin muturrak uste dute legea ez dela aski errepresiboa. Darmaninen porrota Zenbait adituren ustetan, Frantziako Gobernuarentzat eta, zehazkiago, Darmaninentzat, porrot politiko bat da lege proiektu horren ibilbidea oztopatu izana. Nejma Brahim Mediaparteko kazetaria honela mintzatu zen BERRIAn, duela zenbait egun: «Legeak ez gehiengorik lortzea porrota litzateke Darmaninentzat 2027rako [Frantziako] lehendakaritzarako hauteskundeei begira». Frantziako oreka politikoan eragina izanen du, beraz, haren lege proiektuaren kontrako zentsura mozioak. PS Frantziako Alderdi Sozialistak garaipentzat jo du gertatutakoa. Aldi berean, Batasun Nazionalak ere txalotu du legearen eztabaida eten izana, «immigrazio masiboari aurre egiteko».
Whatsapp mezu baten bidez, «itzulera datarik ez duen geldialdia» iragarri du Jurgi Ekizak, Willis Drummond taldearen izenean. Abeslari eta gitarra jotzaileak azaldu duenez, Durangoko Azoka amaitu arte itxaron dute, «jarraitzaileengana berriz jo aitzin», eta, etena iragartzeaz batera, gogora ekarri ditu taldearen azken hiru kontzertuak. Hiru kontzertu horietarik lehena ostegun honetan iraganen da, abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian, eta Joseba Irazokik ere bertan joko du. Hurrengo saioa abenduaren 30ean izanen dute, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean. Azkena, berriz, urtarrilaren 5ean eginen dute, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Azken horren iragarpenean idatzi berri dutenez, «gaualdi berezia» prestatzen ari dira, Hala ere birari taxuzko amaiera eman eta etena gauzatzeko. Ekizak bidelaguntzat jo ditu euskal kulturaren eta euskararen «mundu ttipi eta eder honetan» dabiltzan «artistak, sortzaileak, ekintzaileak, kazetariak, mediak, militanteak, komentatzaileak eta ikus-entzun-irakurlego ala kultura kontsumitzaileak», eta denei eskerrak eman dizkie hemeretzi urteko ibilbidean erakutsitako «interesagatik eta emandako babesagatik». Willis Drummond taldeak 2004an ekin zion ibilbideari, Jurgi Ekiza, Pierre-Antoine Fort eta Xan Bidegain izanik hastapeneko taldekideak. Heletako (Lapurdi) Garra ostatuan eman zuten lehen kontzertua. Gerora, Fortek taldea utzi eta Felix Rüdiger Buff batu zitzaien. Lehen diskoa —Anthology (autoekoizpena, 2007)— plazaratu zuenerako, dagoeneko talderik estimatuenetako bat zen Euskal Herriko rock eszenatokietan. Hurrengo diskoa 2009an eman zuten argitara, Bidehuts argitaletxearekin. 2010ean, Hondarribiko (Gipuzkoa) Psilocybe aretoan zuzenekoa grabatu zuten, eta aretoaren izena izenburu bihurtuta eman zuten argitara. Haren atzetik Istanteak (Bidehuts, 2011) heldu zen. Willis Drummond taldearen lanik ezagunena 2012an eman zuen argitara Bidehutsek: A ala B. Haren abaroan, 200 kontzertu baino gehiago eman zituzten Europan barrena zabaldutako biran. Hiru urteren ostean, 2015ean, berriro elkartu, eta Herri Urratsen abestia egin zuten. Beste hiru disko plazaratu dituzte geroztik, Tabula Rasa Records zigilupean: Tabula Rasa (2016), Willis Drummonds Live (2018), Zugzwang (2019) eta Hala ere (2022). Azken boladan Jurgi Ekiza (gitarra eta ahotsa), Felix Rüdiger Buff (bateria), Xan Bidegain (gitarra apala) eta Vincent Bestaven Botibol (gitarra) taldekideek osatu dute Willis Drummond.
Eusko Jaurlaritzak familientzako laguntza guztiak jasotzen dituen gida bat aurkeztuko du. Abenduaren 19tik aurrera egongo da ikusgai eta deskargatzeko moduan euskadi.eus webgunean, eta familia arloari eragiten dieten laguntza, zerbitzu eta ekimenak aurkitzeko modu erraza izango da.
Granadak eta Athleticek 18 minutu soilik jokatu dituzte gaur Los Carmenes estadioan (Granada, Espainia). Zale batek geldialdi kardiorespiratorio bat izan du harmailetan, eta horretaz jabetu bezain pronto, epaileak jokoa eten du eta aldageletara bidali ditu jokalariak. Ia ordubetez egon da kolokan neurketa, eta, azkenean, hura bertan behera uzteko erabakia hartu dute Espainiako Ligak eta bi taldeek. Larrialdi zerbitzuek ahaleginak egin dituzte ikuslea berpizteko, baina ez dute lortu eta hil egin da. Athletic 0-1 irabazten ari zen neurketa gelditu dutenerako, Iñaki Williamsek buruz sartutako gol bati esker. Partidari emaitza berarekin berrekingo diote 18. minututik, bihar, 21:00etan. Baloia Unai Simon atezainak zuen harmailetatik «kanpora! kanpora!» zioten oihuak entzun direnean. Athleticekoak ikusi du harmailetan zerbait gertatzen ari zela, eta abisua eman dio epaileari. Geroago jakin da ikusle batek osasun arazoak zituela. Bi taldeetako medikuak joan dira emakumea zegoen tokira, eta anbulantzia bat ere sartu da zelaira. Haren egoera larria zela baieztatu dutenean bidali dituzte jokalariak aldageletara, soropilean ia hogei minutuz zain egon ostean. Athleticek esan du biziki sentitzen duela gertatutakoa, eta animo mezua bidali die hildakoaren senideei. Gauza bera egin du Granadak.
Gasteizko hiri-autobusetako (Tuvisa) gidariek astelehen honetan hasiko dute iragarritako lehen lanuzte partziala: goizeko 05:00etatik 09:00etara izango da.
Osasunak ontzat jo dezake Cadizi egin dion bisitan lortutako puntua. Etxeko taldea hobea izan da, aukera argiagoak izan ditu, eta gorritxoek epaileak VAR-ean ikusi ostean seinalatutako penalti bati esker lortu dute berdintzeko balio izan dien gola. Eztabaidagarria da erabakia, baina ona nafarren interesentzat. Roger Martik egin du Cadizen gola lehen zatian, Budimirrek Osasunarena bigarrenean. Arrasateren taldeak hasieratik izan ditu arazoak baloia jokatzeko. Goian egin du presioa Cadizek, eta baloi ugari berreskuratu ditu. Gola 19. minutuan heldu da: Roger Martik buruz errematatu du Ivan Alejoren erdiraketa bikain bat. Osasunaren lehen jaurtiketa, berriz, 34. minutuan egin du Chimy Avilak area kanpotik. Hori izan da nafarrek sortu duten arrisku apurra. Bestelakoa izan da bigarren zatia. Pauso bat atzera egin du etxeko taldeak, eta bere minuturik onenak jokatu ditu Osasunak. Hurbil izan du gola, baina Ledesmak bikain erantzun die Ruben Garciaren eta Avilaren erremate banari. Aukera argiena Moi Gomezena izan da, baina Izak bularrarekin atera du haren errematea atepean. Azkenean, penalti puntutik heldu zaio saria Osasunari. Erdiraketa bat buruz errematatu du Avilak, eta kanpora zihoan baloiak Momoren eskua igurtzi du area barruan. Budimirrek sekulako lasaitasunarekin jaurti eta engainatu du Ledesma. Amaierara bitartean, Cadiz izan da garaipena gertuen izan duen taldea. Momok berak izan du aukera argi bat, baina segurtasun handiarekin erantzun du Sergio Herrerak. Sailkapen nagusian hamalaugarren postuan da Osasuna, hamasei punturekin. Sei jardunaldi daramatza irabazi gabe. Cadiz: Ledesma; Momo, Iza, Fali, Hernandez (Pires, 74′); Alcaraz, Alejo (Ocampo, 75′), Alex Fernandez, Machis (Sobrino, 57′); Chris Ramos (Maxi Gomez, 75′) eta Roger. Osasuna: Herrera; Juan Cruz, David Garcia, Unai Garcia, Areso; Moi (Moncayola, 86′), Oroz (Ibañez, 77′), Torro (Iker Muñoz, 45′); Avila (Vidal, 91′), Budimir eta Ruben Garcia (Arnaiz, 91′).