Ehun kilometroren aldea dago Bilboren eta Donostiaren artean; erdia, Arrasateren eta Zarautzen artean; metro eskaseko legez kanpoko bandera bat, Iribarren eta Kortabarriaren artean; eta hori ere ez Jose Angelen eta
ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareko kideak Bartzelonan dira, urteko biltzarra egiten. Teknologia berrien inguruan ardaztu dute, bereziki, aurtengo egitaraua, hizkuntza gutxituen «aktibismorako» espazio arrunt garrantzitsua ireki dutela iritzita. «Denok ulertzen dugu aktibismoaren garrantzia», gogoratu du bilkuraren hasierako ekitaldian erakundeko lehendakari Elin Haf Gruffydd Jonesek. Alde horretatik, gogoratu du zeinen garrantzitsua den biltzarra elkarren berri izateko eta elkarren ondoan hazteko. «Batera jartzen gaituzte, gai oso garrantzitsuen gainean hizketan», azaldu du. «Gure esperientziak nazioartekotzea oso garrantzitsua da». Eta elkarri abaroa ematea; izan ere, esperientzia asko «komunak» dira. Hiztun komunitate minorizatuen artean maiz aski izaten dira hitz bakanak, minorizazioarekin eta txikitasunarekin lotutako pasadizoak, elkarren berri izateko. Kataluniako Generalitatean Hizkuntza Politikako Teknologiaren eta Ikus-entzunezkoen arloko zuzendaria da Roger Serra. Biltzarraren ataria, Fosterlang sarearen lan mahai batean, hitzaldi nagusietako bat eman du. Interneten aroan «eleaniztasuna» behar bezala txertatu ez bazen ere, hizkuntza txikiek «pairatu» behar izan zuten dinamika bat izan bazen ere, orain, adimen artifizialak ireki duen aro berri honetan itxaropena izan behar da, hark adierazi duenez. «Adimen artifiziala eleaniztuna da, eta aukera handi bat izango da». Aro berri honetan algoritmoek hartu duten garrantzia nabarmendu du, eta askotan leku egin nahi izaten zaiela «esperientzia pertsonalizatuei». Horri dagokionez, zentzu handia du hizkuntza gutxituak ere aintzat hartzeak. Arlo horretan eragina izateak zer garrantzi duen gogoratu du. «Bizitzaren heren bat lotan egiten dugu, bestea mundu digitalean, eta bestea, pentsatu nahi dut, eremu ez-digitalean». Eta mundu digitalean «akordatu ere egin gabe» egiten dute hizkuntza batetik besterako «aldaketa» hiztunek. Hizkuntza handiago batera, gehienetan. «Normala iruditzen zaigu sare sozial batzuk soilik gaztelaniaz egotea, edo web orri batzuk ingelesez». Horregatik, «klikaktibismora» bultzatu behar dira hiztunak. «Mundu digitalean egiten dugun denak, onerako edo txarrerako, arrastoa uzten du. Horrek modua ematen digu geure burua ikusarazteko». Eta esparru horretan ere hizkuntzaren aldeko aktibista izateko. «Mundu digitalean egiten dugun denak, onerako edo txarrerako, arrastoa uzten du. Horrek modua ematen digu geure burua ikusarazteko» ROGER SERRA Hizkuntza Politikako arduraduna Kataluniako Generalitatean Nola egin? Lehen-lehenik, kontzientzia hartu behar da, Serraren ustez «Zure bikotekideari katalanez hitz egiten badiozu, Googlen bilaketa bat egitean ere, hitz egin katalanez». Gero, nabigatzaileak-eta norbere hizkuntzan «konfiguratu» behar dira. Eta beste urrats garrantzitsu bat da sare sozialetan ere hizkuntza gutxituetan jardutea, «natural». Uste du urrats horiei dagokienez ahalegina egin dutela katalanak bidea egin dezan: «Katalanez edukia sortzen duten mila sortzaile baino gehiago ditugu, eta handitzen ari da kopuru hori». Erremintak erraztu ere egin behar dira: eskura jarri behar dira. «Erabiltzaileentzako aplikazio errealak behar ditugu. Erabiltzeko errazak izan behar dute». Beste ikerkuntza bat Bide horretan taxuz aurrera egingo bada, ikerketa soziolinguistikoak ere eremu digitalera ekarri behar dira. «Oso azkar doa dena, eta ahalegin berezia egin behar dugu ikerkuntzan, metodologietan. Benetako erronka da hori», esan du Serrak. Izan ere, badago zer aztertu. «Erreinu berri bat dugu aurrean; abantailak ditu, baita desabantailak ere». Hor murgildu egin behar da orain, eta batera nahi ditu ingeniariak, informatikariak eta soziolinguistak, lankidetzan. «Gainerakoan, daturik ez badugu, nola jakin ondo ari garen? Ezin dugu diagnostiko onik egin». Bide hori egingo dela uste du. «Baikorra naiz, aukerak badaude oraindik, baina ez dira bere kabuz etorriko: aktibatzen eta presionatzen jarraitu behar da». Bidea egingarria dela frogatzeko, bide horretan egindako esperientzia askotarikoak entzun ahal izan dira biltzarrean: Katalunian, Frisian eta Euskal Herrian egindakoak, besteak beste. Gazteak mundu digital horretan ahalduntzeko gakoak eman dituzte. Hasierako ekitaldi ofiziala ilunabarrean izan da. Bertan izan dira, besteak beste, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilari Xavier Vila i Moreno eta Kataluniako Parlamentuko presidente Josep Rull.
«Guk sinesten dizugu!» adierazi nahi izan diote hainbat eragilek Iratxe Sorzabal euskal presoari, hark bere torturatzaileen kontrako salaketa jarri eta Espainiako Auzitegi Nazionalari epaiketa irekitzeko eskatu ostean. Iragan maiatzean epaitu zuten Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1995ean ETAk egindako bi ekintzarekin lotuta. Sorzabalek epaiketan berriz ere adierazi zuen torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta jo zutela erruduntzat. Ordura arte ikusi gabeko zerbait gertatu zen orduan: Auzitegi Nazionalak aitortu zuen Sorzabali «tratu gizagabea» eman zitzaiola Sorzabali; horrenbestez, lehen aldiz epai batean jasota geratu zen atxilotu bat torturatua izan zela, eta Sorzabal absolbitu egin zuten auzi hartan. Hargatik, GEBehatokiak aste honetan jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionalari eskatu dio ikertzeko Sorzabal nortzuk torturatu zuten eta auzi hori epaitzeko, argudiatuta Nazio Batuen Erakundeak berak esana duela tortura ezin preskribatuzkoa dela. Horren guztiaren harira egin dute Iruñeko agerraldia. Hainbat eragilek helarazi diote babesa Sorzabali: Euskal Herriko Bilgune Feministak, Euskal Herriko Gazte Feministek, indarkeria sexistaren aurkako Iruñeko emakumeen plataformak, Steilasek, LABek, ESK-k, ELAk, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek, hain zuzen. Tortura sexistak eta matxistak salatu dituzte agerraldian: «Argi dugu kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia gisa torturatuak izan direla historikoki emakume eta kide ezkertiar independentistak, eta emakumezko euskal preso politikoek bi aldiz jasaten dute biolentzia oraindik ere: emakume izateagatik eta disidentzia politikoagatik». Hain zuzen ere, gogora ekarri dute sexu erasoak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, irainak eta bortxaketak behin baino gehiagotan izan direla inkomunikazio aldietan. Eraso horien helburua patriarkatuaren sexu bereizkeria indartzea izan da, haien irudiko. «Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urte luzez estatuek babestua. Horrek zerikusia du justiziaren zentzu patriarkalarekin, eta agerian geratzen da justiziaren aplikazio osoan: prozesuetan, atxiloketetan, kondenetan, etengabeko epaiketetan…». Emakumea partaidetza politikotik aldentzea izan da torturaren xedea, nabarmendu dutenez. Prozesuak politizatu Agerraldiko partaideek gogoratu dute torturapeko deklarazioak froga gisa erabili direla epaiketetan, eta indarrean diren epai horietako askoren ondorioz hainbat lagun preso daudela oraindik. Hargatik, ezinbestekotzat jo dute mugimendu feministak auzi hau hizpidera ekartzea, justiziaren eta erreparazioaren bidean eta memoria kolektiboaren izenean. «Askotarikoak dira torturak utzi eta uzten dizkigun ondorioak, eta baliabide eta baldintza egokiak behar ditugu horiei aurre egiteko eta osatze prozesuei bide emateko, prozesu horiek politizatuta eta ekarpen eta afera politiko gisa ulertuta». Esan dute lanean segituko dutela bai justizia, memoria, aitortza eta erreparazioa bermatzeko eta bai halakorik berriz ez gertatzeko.
Gitarratik negarrerako bidaia izan da gaurkoa. Gorka Urbizuk berak azaldu du, Viktoria Eugenian. Berak sokak astintzen dizkio «gutxienez hiru zuhaitzen egurrekin egindako» gitarrari; handik kobrezko sistema batekin anplira doaz uhinak; eta han, barruan gertatzen den eta Urbizuk berak oraindik ulertu ez duen sistema batekin, itzuli egiten du soinua, kono baten bidez. «Eta hemen soinua sortzen du, harrigarria da». Publikora seinalatu eta, «horra itzultzen du, eta hemen, denok, kantari eta negarrez», gaineratu du. Malko eta guzti ez dute negar egin Hasiera bat diskoaren bira amaitzeko ematekoak diren lau kontzertuetako aurrenekoan elkartu diren guztiek. Malkorik gabe sentitzen dute zirrara batzuek, are eta epelago besteek. Nolanahi, emozio festa izan da gaurkoa, eta antzekoak iragarri daitezke bihar, etzi eta etzidamu izango direnak ere. Bazen halako beldur bat Viktoria Eugeniaren solemnitatearekin, baina funtzionatu du. «Guk jarriko dugu guretik, eta zuek ere abestu, eta hori dena», esan du Urbizuk. Hasieratik hasi da jendea kantuan, buru mugimenduekin dantzan… Eta denborak aurrera egin ahala gorantz joan da giroa. Goxo, baina gora. Emozioetan, soiltasunean eta purutasunean oinarritua. Halaxe osatu du Urbizuk Hasiera bat bakarkako bidean egindako lehen disko hau. Eta halaxe eraman du, gaur, agertoki gainera ere. Kantuek izan dute protagonismo osoa. Emozioetan, soiltasunean eta purutasunean oinarritua. Halaxe osatu du Urbizuk Hasiera bat bakarkako bidean egindako lehen disko hau. Eta halaxe eraman du, gaur, agertoki gainera ere. Kantuek izan dute protagonismo osoa Biraren bigarren zati honetan aritu diren bost musikariak, Urbizuk esatera «bira honek eman duen gauzarik onena» —Amaia Miranda gitarrarekin eta abestuz, Karlos Aranzegi eta Felix Buff bateria banatan, eta Fernando Neira baxuan—, lurrean jarritako askoratiko alfonbrak, atzeko kortina beix bat, oso ondo pentsatutako argiak, eta publikoaren konplizidadea. Besterik ez. Horrelaxe sortu dute Urbizuk nahi zuen komunitatea, eta «energia bola». Sosegurako gonbita egin du Lilura bat abesterakoan: «Ahaztu dezagun kanpoko mundu saturatu, biolento, ziniko eta hostil hau». Kontzertuan lortu du jendea han egotea, eta sumatu egin da. Elkarrekin kantari aritu da antzokiko 888 butaketan eseritako lagunek osatutako komunitatea, bi orduz. Lehen etorkizuna zirenek ez ezik, orain etorkizuna direnek ere kantari pasatu dute kontzertua. Ume, gazte, heldu eta zahar, denetik elkartu da. Errespetuz eta gogoz joan da jendea. Hartzeko eta jasotzeko gogoz. Isil-isilik entzun dituzte Urbizuk esandakoak, eta txaloz zein barrez erantzun. Batzuetan besoekin dantzan, besteetan hankekin. Batzuetan albokoari helduta sute txikiak sortuz, eta besteetan malkoekin errekatxoak eginez. Elizabeth eta Atxaga 1952koa da Urbizuk musikaren bidea azaltzeko erabili duen egurrezko gitarra. Erdi barrez eta barrea eraginez kontatu du hemerotekan bila aritu dela zer gertatu zen munduan. «Nahiko sosoa izan zen urte hartan» koroatu zuten Ingalaterran Elizabeth II.a. «Lanean edo hasi zen. Lanean esan beharko dugu». Urbizu harrituta dauka monarkiako kideen bizitza luzerak. Elizabeth hil zen ordea, baina Urbizuren gitarra ez. 1952 hartan urtebete zuen Bernardo Atxagak. Hark sortuak dira Itoizek 1985ean argitaratu zuen Espaloian diskoko Hegal egiten kantuaren hitzak. Ia bi urte iraun dituen bira osoan abestu du haren bertsioa Urbizuk, eta dantzan jarri ditu antzokietan, aretoetan zein aire librean elkartutakoak, eta gaur ere ez da gutxiagorako izan. Izan ere, «dena aldatzen ari da horren azkar», baina gauza batzuk geratu egiten dira. Gorka Urbizu, kontzertuko une batean. JON URBE / FOKU Txantxangorriarena ez da izan bertsio bakarra. Gazteleraz abestu dute Argentinako El Mato a un Policia Motorizado taldearen Mas o menos bien abestia. Gainerakoan, bakarkako bideko abestiez gain, Urbizuk aurretik izandako proiektuetakoak ekarri dituzte: Katamaloren Ispiluaren aurrean, Peiremansen Send Flowers, eta Anne Lukinekin batera abesten zuen Lisboa, adibidez. Une gorenetako bat izan da hori, edo jendeak ozenen abestu zuena behintzat. Bisaren aurreko azken aurreko abestia izan da hori, eta berotasun horretan gonbidatu dute oholtzara Nerea Urbizu Diamantea kantua pianoan jo zezan. Bi aldiz hasi dute abestia. Gorka Urbizu hasi eta gelditu egin baita. Irribarreak, txaloak, konplizitatea, eta bigarrengoan bai. Jendeak ez du jaikitzeko imintziorik egin. Eta halaxe, txalo artean, berriz agertu dira. Berri Txarraken Maravillas jo du Urbizuk, bakarrik. «Ereserki antifaxista», bertsio hunkigarrian. Zilarra etorri da gero, Hegal egiten atzetik, eta giroa bero-bero zela, Toki bat. Abestiaren bukaeran gogor astindu du gitarra Urbizuk, eta baterian erakustaldia egin Buffek, jendea oihuka jarriz. Zutik txalotu dute batzuek. Euforiak gain hartu aurretik, Besterik ez jo dute. Halaxe amaitu da kontzertua, goxo, txalo zaparrada luzea jasota, eta eskerrak emanda. Eta jendea, pozik.
Listeria monocytogenes bakterioa topatu dute Nafarroako osasun zerbitzuek Agort, Beiardi, Eroski eta Udabe marketako gazta batzuetan, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila ere ohartu da, Informazioa Azkar Partekatzeko Espainiako Sistema Koordinatuak jakinarazi duelako. Behi eta ardi esne gordinez egindako gaztak dira, eta sei produktutan topatu dute bakterio hori. Produktua Hego Euskal Herriko lurralde guztietan banatu da, baita Espainiako Gaztela Mantxan eta Aragoin ere. Beiardi markako hiru gaztatan topatu dute bakterioa: 500 gramoko gazta produktu batean (2528430 sorta), hiru kiloko gazta produktu batean (2528410 sorta), eta bestea 200 gramoko produktua da (2528410 sorta). Agort Borda markaren kasuan, hiru kilokoa da gazta, eta 2528410 sailekoa. Udaberen produktuak 250 gramo ditu, eta 2528410 da sortaren zenbakia. Azkenik, Eroski markako gaztak ere 250 gramo ditu, 2528410 sortakoa da. Eskatu dute produktu horiek etxean izanez gero ez kontsumitzeko, eta norbaitek jada kontsumitu badu eta sintoma arraroren bat badu osasun zentrora joateko.
Ernai gazte antolakunde independentistak uste du gaur egun munduan «nahasmena nagusi» dela, eta gehitu Bilbo «ez dagoela horretatik salbu»; hori dela eta, mobilizazio bat egitekoak dira abenduaren 20an, 13:00etan, Bilbon. Izan ere, antolakundeak salatu du Bilbo «espainolismoaren hiri gisa» aurkezten ari direla, eta hori ere salatuko dute protesta egunean. Uste dute garaia dela Bizkaiko hiriguneko gazteek pauso bat emateko eta «egoerari aurre egiteko». Gazteek «egungo zapalkuntzak gainditu eta etorkizun bizigarri eta zapalkuntzarik gabekoa eraikitzeko tresna independentzia» dela nabarmendu du antolakundeak. Mundua «hankaz gora» Protesta azaltzeaz gain, gaur egungo egoera nola ikusten duen ere plazaratu du Ernaik. Uste dute mundua «hankaz gora» dagoela: «Gerrak, ultraeskuinaren gorakada, krisi anizkoitzak eta abar eta abar. Gero eta bortitzago jotzen dute ozeano globaleko olatuek. Gero eta babesgabeago eta zapalduago aurkitzen gara gazteok egoera honen aurrean». Egoera horrek Euskal Herria ere jotzen duela nabarmendu du gazte antolakundeak: «Bizkaiko hiriguneko gazteok olatu erreakzionario eta atzerakoiaren ofentsiba bizitzen ari gara: euskaraz bizitzeko ezintasuna, Euskal Herriaren eta gure ikurren aurkako erasoak…». Bestalde, uste dute «espainolismoaren gorazarrea» ekarri duten hainbat gertakari izan direla hirian: «Horren froga ditugu Bilbon euskara sustatzeko ordenantzaren aurkako epaia, irailaren 27an Guardia Zibilak egindako erakustaldia eta hirigunean zehar agertutako hainbat pintada faxista eta, nola ez, Gasteiz eta Iruñean faxistek egindako agerraldiak». Hori dela eta, zehaztu dute egoera horiek amaiarazteko ezinbestekoa dela Euskal Herriaren independentzia: «Badakigu gazteon bizi baldintzak duintzeko bidean independentzia dela giltza, ezin baita arazo sistemikoez hitz egin, etxebizitzaz esaterako, egoera hori iraultzeko beharrezko eskuduntzaz eta burujabetzaz hitz egin gabe».
Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira, jardunaldi batzuk antolatu ditu Bilbon Sabino Arana fundazioak, Agiriak, diktaduraren gainerako biktimak, Franco hil eta 50 urtera izenburupean, memoria historikoa berreskuratzeko bidean, frankismoaren garaiko agiriak eta sekretupeko informazioa eskuratzeko zailtasunen inguruan. Hainbat ikerlarik eta historialarik parte hartu dute jardunaldietan, eta EAJren EBBko lehendakari Aitor Estebanek egin du hasierako hitzaldia: Espainiako Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko ahaleginak izan ditu hizpide, eta auziari oratzeko «borondate falta» egotzi die Espainiako bi alderdi nagusiei, PSOEri eta PPri. Estebanek gogorarazi du orain indarrean dagoen legea 1968koa dela, eta oztopo ugari jartzen dizkiola iragana egiaren bila arakatu nahi duten guztiei: ez du ezartzen agiriak klasifikatzeko edo desklasifikatzeko irizpide argirik, eragile askori ematen die agiriak sekretupean sailkatzeko ahalmena, ez du denbora mugarik jartzen, eta abar. «Are gehiago: agiri bat sekretu gisa sailkatzeko erabakia ere sekretua da; hortaz, gerta daiteke informazioren bat sekretua izatea inork jakin gabe». «Sekretu ofizialen auziak estatu sakonari eragiten dio. Eta Espainian estatu sakona, egon, badago» AITOR ESTEBAN EAJren EBBko lehendakaria EAJ behin baino gehiagotan ahalegindu da lege hori erreformatzen: 2016an aurkeztu zuen proposamena estreinakoz Espainiako Kongresuan, eta, geroztik, beste bost aldiz aurkeztu du. Erantzuna berbera izan da beti: «Berba onak, eta ekintza okerrak». Normalean, proposamenari giltzarrapoa jartzeko modua antzekoa izan da: Kongresuko Mahaiak behin eta berriro luzatzen ditu proposamenari aldaketak egiteko epeak, agintaldia amaitzen den arte, eta, ondoren, agintaldi berrian hutsetik abiarazi behar da prozesu guztia. Eta nondik dator agiri ofizialak sekretupean atxikitzen dituen legea aldatzeko EAJk duen tema hori? Estebanek esan duenez, arrazoia ez da auzi jakin baten inguruan gehiago jakin nahi izatea: «Nahiz eta, esaterako, gustatuko litzaigukeen ikustea Aldana tabernaren kontrako atentatuari buruzko agiriak». EBBko lehendakariaren ustez, «demokrazia» kontua da: «Oraingo legea ez da homologagarria demokrazia baten irizpideekin». Bi proposamen Gaur egun, bi proposamen daude aztergai Sekretu Ofizialen Legea erreformatu edo ordezkatzeko: EAJk aurkezturikoa, eta Espainiako Gobernuak onarturiko Informazio Klasifikatuaren Lege proiektua. Estebanek uste du lege proiektuak aldaketa batzuk behar dituela, baina «lan egiteko oinarri bat» ematen duela, «horretarako borondaterik balego». Horretan ikusten du Estebanek arazoa: borondatean, alegia. Esan duenez, ez da «ideologia» kontua, horretan PSOEk eta PPk berdin jokatu baitute orain arte, eta zenbait arrazoi eman ditu alderdi horien jarrera azaltzeko: «Alde batetik, nik uste dut ez dakitela benetan zer egon daitekeen agiri horietan, eta horregatik nahiago dute bazterrak ez nahastu; eta, beste aldetik, bietako batek ere ez du nahi arazoari irtenbide bat ematea bestearekin akordiorik egin gabe. Azken finean, biek ala biek badute gobernatzeko asmoa, eta badakite oso eroso zaiela horrelako tresna bat eduki ahal izatea». [articles:2149887] Duela gutxi, JxC Junts Per Catalunyak iragarri zuen aurrerantzean ez dituela babestuko Espainiako Gobernuaren ekinbideak, baina Estebanek uste du hori ezin dela «aitzakiatzat» hartu: «Guk badakigu Juntsek ez lukeela arazo handirik izango EAJk aurkeztu duen proposamenari bide emateko». Arazoa, beraz, beste bat da: «Sekretu ofizialen auziak estatu sakonari eragiten dio. Eta Espainian estatu sakona, egon, badago». Edonola ere, Estebanek uste du borondaterik egonez gero aukera dagoela EAJk aurkezturiko proposamena desblokeatzeko: «Nahi badute, posible da». Tapia, fundazioko presidente berria Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldietan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu ohia aritu da aurkezle, eta, bere hitzaldian azaldu duenez, hori izan da Sabino Arana fundazioko presidente gisa izan duen lehen eginkizuna. Izan ere, fundazioaren patronatuak bezperan izendatu zuen Tapia elkartearen buru, EBBk egindako proposamena aintzat hartuta. Bere hitzaldian, izendapenagatik eskerrak eman ditu Tapiak, eta balioetsi egin du azken bost urteotan fundazioko presidente izandakoaren lana, hau da, Mireia Zaraterena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an ehun administrari lanpostu egonkortzeko abiarazi zuen lan deialdian, «lanpostu guztiei» ezarri zitzaizkien euskara ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak, eta horregatik da egokia deialdi hori ezeztatzea. Martxoan jakin zen Donostiako auzitegi batek hori ebatzi zuela, eta gaur EFE albiste agentziak jakinarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela ezeztapen hori sententzia batean. Epai horren arabera, aldundiak ez du argudiatu «ezinbestekoa» denik lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hala jaso du: «Ezin dugu ahaztu eskubide horrek bat egin behar duela enplegu publikorako sarbidea berdintasunean izateko eskubide oinarrizkoarekin». Horiek horrela, ebazpenean txarretsi egiten dira aldundiaren hizkuntza irizpideak, argudiatuta hainbat herritarri ukatu egiten dietela funtzio publikorako sarbidea izateko eskubidea: «Diputazioak, bere jarduteko eraren ondorioz, probintziako biztanleen erdiei baino gehiagori kentzen die eskubide hori». Era berean, sententzian gutxietsi egin dute euskararen erabilera bera: «Administrazioan izaten diren komunikazioen %20-25 baino ez dira izaten euskaraz». Hizkuntza eskubideak errespetatu behar badira ere, hizkuntza eskakizuna lanpostu guztiei ezartzea «diskriminazioa» da, sententzian bildutakoaren arabera. Horiek horrela, «oreka» eskatu dute epaian. «Oreka lortu behar da herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidearen eta gaztelaniadunek kargu publikoetara heltzeko duten eskubidearen artean», argudiatu du. «Eta administrazioaren eginkizuna da bi eskubideak bermatzeko bidea bilatzea. Bide horretan ezin dio funtzionario bakoitzari ezarri biztanleen erdiak baino gehiago baztertzea dakarren obligazio bat». Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak segurtatu du eginbeharrak aztertuko dituztela hizkuntza eskubideak behar bezala bermatuak izan daitezen. Eta kezka adierazi du, gaur argitaratutako erabakia ez baitzaio kasu bakana iruditzen, azken urteetako zenbait erabakiren antzekoa baizik: «Euskara sustatzeko politiken aurkako ofentsiben bidez, orain arte arlo horretan zeuden adostasun sozialak higatzen eta lehertzen saiatzen ari dira»; «eztabaida sakon baten beharra» dagoela nabarmendu du. Deialdia 2023ko abenduan argitaratu zen. Norbanako batek abiarazi zuen kontrako auzibidea, argudiatuta ezarritako hizkuntza eskakizunak ez zirela egokiak. Aurrez ere izan dira hizkuntza eskubideen kontrako epaiak Gipuzkoako Diputazioan eta haren ardurapeko organismoetan. Beste hainbat erakunderen kontra ere bai. Euskalgintzan kezka handia dago epai horien inguruan, eta horien atzean euskararen kontrako «oldarraldi judizial» bat dagoela salatu dute usu. Are, hainbat talde politiko ere arduratuta daude, eta konponbide bila ari dira. Eusko Legebiltzarrean, hain justu ere, bi lege-erreforma proposamen daude, eta biek murrua jarri nahi diete hizkuntza eskakizunen kontrako epaiei. EAJk Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzea proposatu du, euskara eskakizunen derrigortasun indizea ezabatzeko. EH Bilduk, berriz, bidea ireki nahi du euskara «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izan dadin lanpostu publiko guztietarako. Urriaren 2an onetsi ziren bi proposamenak parlamentuan, eta, orain, ikusi beharko da zer bide egingo duten. Gipuzkoako Foru Aldundiko buruek beti defendatu dituzte ezarritako hizkuntza irizpideak, eta kalera ere atera izan dira, langileekin batera, horien alde egitera. Administrarien lan deialdi publikoa ez da auzitara eramandako bakarra; foru erakundeak sustatutako deialdi gehiagoren kontrako prozesuak ere badira martxan gaur egun. Atzera egin beharrean Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagiek hizkuntza eskakizunen defentsa egin badute ere, euskararen kontrako jurisprudentzia gero eta zamatsuagoa da, eta lehengo hilean, foru agintariek onartu zuten hurrena egingo dituzten lan deialdi publikoetan «egokitu» egingo dituztela hizkuntza eskakizunak, bide judiziala «agortuta» eta «epaiek horretara behartuta». Hain justu ere, jakinarazi zuten «atzeratu» egingo dutela «zenbait» hizkuntza eskakizun derrigorrezkoak izateko data. Ez dute zehaztu zer lanpostutan izango den atzerapen hori, baina ehuneko bat eman zuten: urte bukaera bitartean aterako diren postuen %34 ingurutan atzeratu egingo da derrigortasuna. Azaldu dute enplegu publikoko hamahiru eskaintza jarri behar dituztela martxan, eta horietan guztira 113 lanpostu eskainiko direla. Aurrez ere beste hainbat erakundek hartu izan dituzte tankerako neurriak, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak. Gipuzkoakoari dagokionez, aintzat hartu behar da igaro urteotan aurrerabide nabarmenak egin dituela euskarazko arta bermatzeko eta euskaraz lan egiteko. Hainbat lanposturi derrigortasun data atzeratu zietela jakinarazteko agerraldian ere, foru agintariek berretsi egin nahi izan zuten euskararen aldeko «konpromiso» hori, eta aurrerabideak egiteko asmoa agerian utzi zuten berriro. Gaur plazaratu den sententzia ez da irmoa: bada helegitea jartzeko modua. hizkuntza eskakizunen alde getxon Tokiko euskalgintzak eta sindikatu nagusiek deituta, hizkuntza eskakizunen aldeko mobilizazio bat egingo dute ostiral arratsaldean Getxon (Bizkaia). 19:00etan izango da, Telletxen. Euskalgintzaren Kontseiluak ere bat egin du deialdiarekin. Hizkuntza eskakizunen kontrako jurisprudentzia saiheste aldera eskakizun horiek apaltzen ari diren erakundeetako bat da Getxoko Udala, eta hori salatuko dute, hain justu ere, elkarretaratzean. «Getxoko Udalak 95 lanpostu betetzeko enplegu eskaintza publikoa onartuko du, eta lanpostu publiko horien erdiei bakarrik ezarriko zaie euskaraz jakiteko eskakizuna», adierazi dute protestarako deia egiteko atera duten oharrean.
Azkenean. Zer-eta jaka horien garaiaz gero Frantzian sortu ziren mobilizaziorik jendetsuenek oztopatzea lortu ez zuten erretreten erreforma indargabetzea bozkatu berri dute Frantziako Asanblea Nazionalean. Kasu, haatik: behin-behineko ezeztapena besterik ez da, 2027ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeak iritsi artekoa. 255 diputatuk erreformaren gibelatzearen alde bozkatu dute —Ipar Euskal Herriko hirurak barne—, eta 146k kontra; 104 abstenitu dira. Alderdi Sozialistak «garaipen garrantzitsutzat» jo du, eta Frantzia Intsumisoak, berriz, «ohoinkeria» salatu. Erreformarekin lotua zen Sebastien Lecornu Frantziako Lehen ministroa postuan egoteko baldintza, haren kontra zegoen zentsura mozioaren harira: erreforma ezeztatua izatea. Emmanuel Macron presidenteak beste xantza bat eman berri zion Lecornuri, eta galdegin ahalegin guziak egin zitzala zentsuraren saihesteko. Hala, sozialistei erreformaren ezeztatzea onartu zien Lecornuk urriaren 14an. Baina Macronek, hitza hartu, eta azaldu zuen ezeztapen hori «atzerapen bat» besterik ez zela, egiazki. Hain zuzen, Intsumisoek horregatik bozkatu dute gaur erreformaren indargabetzearen kontra, «gibelapen bat besterik ez» bailitzateke. Funtsean, hala izanen da, gaur bozkatu dutenaren arabera 2028ko urtarrilera gibelatzen baita erretreten erreformaren etorkizunaren ondoko urratsa. Peio Dufau seigarren hautesbarrutiko diputatua Asanblean zegoen bozkatzeko, eta, sozialisten taldeari lotua izanik ere hemizikloan, bere sareetan atsedenaldiaren eta garaipenaren arteko ñabardura zehaztu du: «Bigarrena soilik iritsiko da baldin eta 2027an gehiengo batek behin betiko indargabetzen badu [erreforma]». Anartean, CGT sindikatuak abenduaren 2an mobilizatzera deitu du Frantzia osoan, 2026ko buxetaren azken bozketan «presio» egiteko gisan. Karrera luzeak barne 2023ko erretreten erreformak —[Elisabeth] Borne erreforma ere deitua— bi parametro nagusi aldatu zizkien langileek erretreta eskuratzeko baldintzei: batetik, erretreta hartu ahal izateko adina 62 urtetik 64 urtera iragan zen, eta, bestetik, lan egin beharreko urteak 42tik 43ra —hots, 172 hiruhilekora—. Erreformaren behin-behineko etetean ezarritakoaren arabera, erretreta eskuratzeko baldintzak berriz aldatuko dira. Legezko adinari dagokionez, lehenik: 1964an sortutakoek 62 urte eta 9 hilabetetan hartzen ahalko dute erretreta, 63 urtetan hartu ordez; 1965eko lehen hiruhilekoan sortutakoei ere egokitzen zaie denbora hori. Ondoko belaunaldiei dagokienez, legezko adina hiruhileko batez gibelatua da: 1965eko bigarren hiruhilekotik aitzina sortutakoek 63 urterekin hartzen ahalko dute erretreta, 63 urte eta hiru hilabeterekin hartu ordez; 1966an sortutakoek 63 urte eta hiru hilabeterekin, eta abar. 1969ko belaunaldia izanen da 64 urteko legezko erretreta adinaren helburua lortzen lehena. Hiruhilekoei dagokienez, 1963an sortutakoek 42 urte eta 6 hilabete lan egin beharko dituzte, hots, 170 hiruhileko. 2023ko erreformaren arabera, erretretan sartu ahal izateko hiruhileko kopurua hiru hilabetez luzatu behar zen denendako, baina Lecornuk hori eten du behin-behineko erreformaren bitartez: 1964ko belaunaldiak, beraz, 170 hiruhileko eman beharko ditu, 1963koak bezala. Kopurua 171 hiruhilekora iraganen da 1965ean sortutakoentzat, eta 1966an sortutakoak izanen dira 172 hiruhileko kotizatu beharko dituzten lehenak, hau da, Borne erreformak ezartzen zituen 43 urteak, erretreta tasa osoan eskuratu ahal izateko. 2027ko hauteskundeetan hautatuko den lehendakariaren gobernuari egokituko zaio, gero, etorkizuneko erreforma trenkatzea.
Dozenaka lagun bildu dira Azkaineko (Lapurdi) merkatu estalian, salatzeko Armistizioaren Eguna Frantziako Estatuak «inposatu» besta egun bat dela. U14 kolektiboko kideek salatu dute Lehen Mundu Gerlan izan ziren euskaldunak Frantziak hil zituela, eta geroztik bai Europak eta bai AEBek estrategia inperialista bera erabiltzen dutela; Palestinako genozidioa aipatu dute horren adibide gisa. Haien erranetan, Euskal Herriak pairatzen duen «zapalkuntza nazionala» eta «soziala» irudikatzen du azaroaren 11k. Izan ere, oroitarazi dute Lehen Mundu Gerlan hil ziren frantsesak omentzeko baliatzen dutela egun hori, eta, urtero-urtero, Frantziako Estatuaren «handitasuna» eta «supremazia» lehen lerroan eman. Baina gogora ekarri dute Frantziak 6.000 euskaldun igorri zituela frontera, eta Frantziaren alde hil zirela, estatu horren parte izatera beharturik. «Iheslari eta intsumiso ugari izan arren, anitzek bizia galdu zuten, eta isuritako odolak eragin handia izan zuen frantses sentimenduan. Herriarentzat hil ziren: Morts pour la Patrie». Azpimarratu dute frantziar izatearen sentimendua «azkartzeko» politika asimilatzaileak plantan eman zituztela: hil ziren euskaldunen izenak hil monumentuetan eman, eta senideei «sinetsarazi» zietela komunitate baten parte zirela. Gainera, salatu dute euskaldunak ez zirela izan asimilazio prozesuaren biktima bakarrak. Frantziako kolonietako kasik 700.000 soldadu igorri zituzten frontera, hala nola senegaldarrak, marokoarrak, tunisiarrak, kanakak, indotxinarrak, madagaskartarrak eta abar. Gerla asimilazio politiko eta sinbolikorako tresna izan zela nabarmendu dute. «Frantsesa ez zena frantses sentiarazteko prozesu bortitz bat izan zen». Gerla «programatuak» Euskaldunak asimilatzeko prozesua «planifikatua, antolatua eta bideratua» zela gehitu dute U14ko kideek. Hala, uste dute Europako estatu inperialisten etengabeko hedatzearen ondorio zuzena zela. Horri loturik, gogora ekarri dute inperialismoa dela kapitalismoaren «fase gorena», eta prozesua gara dadin hazkunde ekonomikoa beharrezkoa dela. Gainera, argi dute Lehen Mundu Gerlan Europako inperioak finkatzeko abiaturiko estrategiak egun indarrean direla oraino. Preseski, AEBak Israelen indar militarrekin Palestinan gauzatzen ari diren genozidioa hartu dute hizpide, baita Europara begira jarri ere, eta adierazi dute armadak berrarmatzeko prozesua martxan dela. «Langileen bizi baldintzak hobetzeko aski diru ez omen da, baina izugarrizko dirutza inbertitzen da armagintzan». Oro har, Frantziak inposatu besta egunaren karietara, gerlaren erabilpen «inperialista eta asimilatzailea» deitoratu dute. Hori bakarrik ez: beharrezkoa ikusten dute mobilizatzea gerlan izan erailketen erantzuleei aurre egiteko, eta bake «faltsuak» alde batera utzirik borrokan «aitzina» segitzeko deia zabaldu dute.