Bi aldeek bilera egin dute arratsaldean, eta amaieran baieztatu dute greba deialdia bertan behera geratu dela. Xehetasunik eman ez badute ere, akordioa adostu dutela ziurtatu dute.
Kutxanbakek bidegabe kobratutako hipoteka gastuak itzuliko dizkie bezeroei, eta horiek faktura aurkeztu beharko dute dirutza kobratzeko, epaitegietara jo gabe.
Bilboko Epaitegiak aske utzi zuen Barakaldon (Bizkaia) ertzain bati arma lapurtzeaz akusatutako gizonezkoa, atzo. Erabakiak sortutako harrabotsaren ostean, baina, Bilboko epaile dekano Aner Uriartek jakinarazi du Ertzaintzak ez zuela arma lapurretari buruzko atestaturik aurkeztu epaitegian, baizik eta Bilboko Epaitegiko Zazpigarren Zigor Salak aurrez ezarritako atxilotze agindu bat «soilik», zitazio judizial bat egiteko helburuarekin. Gazteak ez zuen ustez lapurtutako armarik entregatu, eta aurrekariak ditu genero indarkeriagatik eta lapurretak egiteagatik. Larunbatean izan zen lapurreta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Radio Euskadin azaldu zuenez, gizonezko bat ertzain baten etxean sartu zen eguerdian, eta bizkar zorro txiki bat eraman zuen; han zegoen arma. Ordutik, akusatuaren bila ari zen Ertzaintza. 19 urteko gizonezkoak herenegun entregatu zuen bere burua Deustuko polizia etxean (Bilbo), eta Ertzaintzak jakinarazi zuen bi delituz akusatuta atxilotu zutela: bortxaz egindako lapurreta eta armak baimenik gabe izatea. Gazteak, baina, ez zuen ustez lapurtutako armarik eraman. Ertzaintzako Sipe sindikatu korporatiboak «sinesgaitzat» jo zuen epaitegiaren jarrera, baina Uriartek adierazi duenez, akatsa izan zen ez zela kasuari zegokion atestaturik aurkeztu epaitegian: «Zaintzako epailea zitazioa egitera mugatu zen, eta horrekin, atxilotua askatzea ebatzi zuen».
Bizkaiko Batzar Nagusiek Batuz sistema abiaraziko duen foru arauaren proiektua onartu dute, gobernuko bi alderdien botoei esker: EAJ eta PSE-EE. Hala, negozioek eta enpresek Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan egin beharko dituzte kontuak. EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte oposizioko alderdiek egin dituzten zuzenketa guztiak. Lehen eginkizunak berehala hasiko dira, 2024ko urtarrilaren lehenean. Enpresa handiak, bankuak eta aseguru etxeak izango dira ordurako Batuz sistema erabili beharko duten bakarrak. Enpresa txikiak eta ertainak, berriz, 2024aren erdialdean hasiko dira sistema erabiltzen, eta, beranduenez, 2026aren erdialdean erabili beharko dute Batuz. Azken txanda sozietateen gaineko zerga ordaintzen ez duten entitate, irabazi-asmorik gabeko erakunde, nekazari, arrantzale eta irakaskuntzako langileentzat izango da; horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dute sistema erabiltzen. Sistema 2025. urtea baino lehen ezartzen duten enpresek hobari fiskalei eutsiko diete, PFEZa edo sozietateen zerga %10 murriztuko baitzaie. Batuz ezartzeagatik sortutako gastuek ere %30eko hobari fiskala izango dute. Bi zerga berri Batuz sistema ez ezik, bi zerga berri ere onartu dituzte batzar nagusietan. Berriro erabili ezin diren plastikoa ekoiztu, inportatu edo erosten duten enpresek 0,45 euro ordaindu beharko dituzte plastiko kilo bakoitzeko. Zabortegiek ere zerga berria izango dute, eta instalazioen ezaugarrien arabera aplikatuko dute. Zabortegietara doazen udal zaborrei 40 euroko zerga ezarriko zaie tona bakoitzeko, eta hondakin industrialei, berriz, tonako 10 eurokoa 2023an, 15 eurokoa datorren urtean, eta 20 eurokoa 2025etik aurrera. Bi zerga horiek 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, atzerako eraginarekin.
Espainiako Gobernuak 2021eko irailean ezarri zuen estatu barruko hondakin jarioa neurtzeko sistema berri bat. Prozedura elektronikoa ezarrita, erkidegoen artean izandako hondakin mugimenduak zehatz-mehatz zenbatu ahal izan ditu Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, eta horrek agerian utzi du Hego Euskal Herria industria hondakin esportatzaile handia dela. Hain zuzen ere, milioi erdi bat tona hondakin industrial eraman ziren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik inguruko herrialdeetara 2021eko irailetik 2022ko irailera. Hondakinen gestiorako 2023-2025eko esparru planari buruzko aurrerapen txostenak jaso dituen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ia 400.000 tona eraman ziren, bereziki Kantabria, Errioxa eta Gaztela eta Leonera. Nafarroatik, berriz, 100.000 tona baino gehiago, gehiena Aragoira eta Errioxara. Kalkula daiteke, beraz, Hego Euskal Herriak zabortegira eramaten dituen industria hondakin ez-arriskutsuen heren bat inguru esportatu zuela inguruko herrialdeetara. Mugimendu horiek berretsi egin dute Zaldibarko zabortegia erori zenez geroztik industria hondakinen kudeaketan dagoen arazoa. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak 2022ko azaroan aitortu zuen ezen, Zaldibarko zabortegia amildu eta Larrabetzu eta Mutiloakoak ixtearekin batera, 400.000 tona geratu zirela biltegiratzeko lekurik gabe. Espainiako Gobernuak orain eman berri dituen datu horiek erakutsi dute hondakin horiek inguruko erkidegoetara eraman dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek. Agerraldi hartan, Jaurlaritzak industria hondakinei aurre egiteko bide orria aurkeztu zuen. Hondakin gutxiago botatzea jarri zuen helburu, sortutako hondakin guztien %15 izan arte. Bestalde, 2024tik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako hondakin guztiak jasotzeko nahikoa gaitasun izatea. Horretarako, hiru zabortegi handitzeko asmoa zuen Jaurlaritzak: Igorre, Bistibieta eta Betearte; eta beste bi berriro ireki: Epele eta Artxanda. EH Bildu, kontu eske Espainiako Gobernuaren datu horiek eskuetan, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Arantxa Tapiari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ia 400.000 tona beste herrialdeetara bidaltzen dituztela jakin ostean. Ohar baten bidez, koalizioak galdetu dio Jaurlaritzari ea zer asmo daukan egoera hori konpontzeko, EAEko Hondakinak Kudeatzeko Planaren helburua betetzeko, hau da, bertan sortutako hondakinak bertan kudeatzea bermatzeko. Mikel Oterok, «penagarritzat» jo du egoera: «Datuek agerian uzten dute hondakinen kudeaketa penagarria dela, horretarako behar diren azpiegiturak falta direlako». EH Bilduko legebiltzarkide horren iritziz, Zaldibarko zabortegiarekin kudeaketa eredu bat bertan behera erori zen, eta, ia lau urte igaro arren, ez dute beste alternatibarik ipini. «Irudia oso grafikoa da: 20.000 trailer hondakinez beteta, kamioi ilara bat Gasteiztik Madrileraino». Oterok nabarmendu du Espainiako Gobernuaren txosten horretan ageri den baino hondakin gehiago esportatu direla, bakarrik aldez aurretik jakinarazi eta prozedura elektriko bidez komunikatzen diren mugimenduak jasotzen baititu Espainiako Gobernuak. Bi enpresa auzipetuta Iparraldean Zaldibarko zabortegira ustez 22.000 tona hondakin legez kanpo eraman zituzten Ipar Euskal Herriko bi enpresatako ordezkariak epaitu zituen Baionako ingurumen delituetarako auzitegiak. Auzitegi horrek egindako lehen epaiketan —duela bi urte sortu zen—, Basusarri eta Donibane Lohizuneko SARL CBA Artola eta SARL Etcheverry-Mindurry enpresetako ugazabak epaitu zituzten, ingurumenaren aurkako delituak egotzita. Hain zuzen ere, leporatu zieten 2018 eta 2021 bitartean 22.297 tona hondakin bidali izana Zaldibarko zabortegira, jakinda ez zirela balorizatuko eta ingurumenari lotutako arauen bidez kudeatuko. Prokuradoreak 200.000 euroko isuna eskatu zuen SARL Etcheverry-Mindurryrentzat, eta 150.000 eurokoa SARL CBA Artolarentzat. Prokuradoreak azaldu zuen dirua aurrezteko asmo hutsarekin bidali zituztela hondakinak Zaldibarrera, egiten ari zirenaren jakinaren gainean zirela. Bi enpresariek ukatu egin zuten hori, eta ziurtatu zuten hondakin horiek balorizatzera bidaltzen zituztela uste zutela.
CEOEk proposatu du 2024an lanbide arteko gutxieneko soldata 1.124 eurora igotzea, eta 2025ean 1.145,77 eurora. Kasu bietan aplikagarria litzateke 2024rako zein 2025erako sindikatuekin hitzartutako akordioetan aurreikusitako berme klausula.
Espainiako Garraio Ministerioak aurreko astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren esku utzi duela abiadura handiko trenaren Bilboko sarrerako tunelaren obra. Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera egin du gaur, eta onartu egin du Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) adostutako ituna. Hala, Jaurlaritzaren esku egongo da Bilboko tren lasterreko sarrerako eraikuntza proiektua idaztea, eta zati bereko lanak egitea eta zuzentzea. Iñaki Arriola EAEko Garraio sailburuak «oso albiste ontzat» jo du itun hori, «beste bultzada» bat emango dielako tren lasterra egiteko obrei. Arriolak gogoratu du Jaurlaritzak Euskal Y-aren beste hainbat lan egin dituela, nagusiki Gipuzkoako zatian. Gogoratu du lan gehienak amaituta daudela zati horretan —Bergara eta Donostia artean—, eta Hernani eta Astigarraga artekoa bakarrik falta dela, eta Donostiako geltoki berria. Bi obra horiek 2024an eta 2025ean amaituko dira hurrenez hurren, Arriolak esan duenez. Orain, Basauri eta Abantoko geltokira arteko tren zatiaren proiektua idatzi eta gauzatu beharko du Jaurlaritzak. 6,2 kilometroko tunel bat da, jadanik bukatuta dagoen Galdakao-Basauri zatia eta Bizkaiko hiriburuko geltokia lotuko dituena. AHTaren geltoki berria egungoaren azpian eraiki nahi dute, baina hori ez da sartzen proiektu honetan. Geltokia diseinatzeko lana Idom ingeniaritza egiten ari da. Arriolak uste du pausoz pauso joango direla. Hala, lehenik eta behin, Adifekin akordioa formalizatu, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) lehiaketara aterako du eraikuntza proiektua. Hori heldu den urteko lehen hilabeetan egitea espero dutela esan du Garraio sailburuak. Bi urte beharko dira proiektua idazteko. Hortaz, Jaurlaritzak espero du 2026. urtearen erdialdean eta amaieran hasi ahal izatea obrak. Bitarte horretan, 2027rako, Euskal Y-a jar dezaketela uste du Arriolak, prest egongo delako horretarako Basaurin eraikiko duten behin-behineko geltokia. Gasteizko geltokia ere behin-behinekoa litzateke, 2027rako ez baitago aurreikusita amaituta egotea hiriko sarrerako zatia eta geltoki berria. Basauri eta Bilbo arteko zatiaren aurrekontua 280 milioi euro da. Horietako 226,5 milioi plataformako obrak egiteko izango dira, eta 5 milioi, berriz, proiektuak idazteko. Gainerakoa —53,5 milioi euro— gainegitura, elektrifikazioa eta segurtasuneko instalazioak egiteko erabiliko da, baina lan horiek Adifek egingo ditu.