Hildako abereen galera diruz konpentsatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Aldundiak gaur emango ditu diru laguntzei buruzko xehetasunak, baina baserritarrek uste dute beharrezkoa dela galerak konpentsatzea. Izan ere, Garikoitz NazabalGipuzkoako EHNEko presidentearentzat, sektore estrategikoa da abeltzaintza, eta uste du halako egoera zailetan ezinbestekoa dela laguntza: «Sektore honentzat, egoera kritiko bat da egungoa, eta horren neurriko laguntzak behar dira». Larzabalen arabera, atzoko bilera gaitzaren jarraipenean eta diru laguntza berrietan zentratu zen, eta EHNEk bere proposamena izan zuen hizpide.
Gaitzaren jarraipenari buruz, Goenagaren esanetan, aldundiak adierazi zuen eritasuna lasaitzen ari dela, agerraldi handiena pasatua baita. Hala ere, Goenagak oraindik ez du garbi hori, uste baitu «inork ez» duela garbi gaitza pixkanaka itzaliko den edo berriro indarra hartuko duen.
Goenagak eta Narzabalek adierazi dute gaitza ez dela berdin agertzen ari toki guztietan. Inguru batzuetan beste batzuetan baino gogorrago jo du, eta baserri batzuetan agerraldi ziklikoak ikusi dituzte, gaixotasuna joan eta itzuli baitabil.
Mugen afera
Joan den hilean, Frantziak mugak itxi zituen kabalentzat. Izan ere, gaitzaren bi kasu detektatu zituzten orduan Iparraldeko bi etxaldetan, eta debekatu egin zuten fokuetatik 150 kilometrorako baserrietako abereak mugitzea.
Espainiak ere murriztu egin zuen abereen mugimendua, baina herenegun berriro ireki zuen muga Frantziako abere gazteentzat. Hala ere, eritasunak eragindako eremu batetik abere bat mugitzeko, urriaren lehenetik beharrezkoa da test bat egitea.
Urteko garai batzuetan, ohikoa da abereak alde batetik bestera ibiltzea bazka bila, eta, ganadua Ipar Euskal Herrira itzuli aurretik, beharrezkoa da animaliak desinfektatzea kamioietan kargatu baino lehen. Hegoaldean, gaitzak erasandako leku batetik mugitzeko ere desinfektatu egin behar dira aurrez abereak.