Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ogasunek aberatsak zergapetzeko, 3,2 milioitik…

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ogasunek aberatsak zergapetzeko, ondareak 3,2 milioiko muga gainditu beharko du
Zenbat garestitu dira erregaiak?
Aurtengo preziorik merkeena maiatzean izan zuen gasolioak. Euskal Herri osoan, batez beste, 1,462 euroan salerosi zen gasolio litroa; urriko lehen egun hauetan, 1,735 euroan. Hau da, 27 zentimo garestitu dela lau hilabetean, %18,5. Garestitzea mugaren bi aldeetan gertatu da, baina pixka bat gehiago Hegoaldean (+%19), Iparraldean baino (+%14). Edonola ere, alde handia dago oraindik ere, eta hogei zentimo merkeagoa da hegoaldean.
Gasolina ere garestitu da maiatzetik hona, baina gutxiago: hamalau zentimo, edo %8,7. Igoera osorik Hegoaldeari dagokio, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan praktikoki prezio berean baitago.
Zergatik garestitu dira?
Hasteko, maiatzetik hona petrolio gordinaren prezioa ere handitu egin delako, neurri handi batean, LPEE+ taldeak eguneko 1,5 milioi upel kendu dituelako merkatutik. Gainera, gutxika bada ere, Txinan kontsumoa suspertu egin da, eta horrek estutu egin du ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko aldea. Ekainean, 72 dolarrean zegoen upela, eta atzo arratsaldean 87 dolarrean salerosi zen, %21 garestiago. Baina joan den astean bertan 97,5 dolarrean zegoen (+%35).
Petrolio gordinaren eta finduaren prezioen arteko lotura ez da zuzena. Upelaren prezioa salneurriaren heren bat inguru da; prezioaren erdia dagokio zergei, eta azken zatian sartzen dira garraioaren kostuak, findegiarenak, eta enpresen eta banatzaileen mozkina.
Zergatik garestitu da gehiago diesela?
Gehiago kontsumitzen denez, bizkorrago husten dira haren biltegiak, eta, hori dela eta, gasolioari are gehiago eragiten diote prezioen gorabeherek. Gainera, EBn bederen, haren hornidura katea ahulagoa da. Eurostaten arabera, 2022an, ibilgailuek EBn egiten duten erregai kontsumoaren %73 dagokio gasolioari eta %27 gasolinari. Horri gehitu behar zaio diesela oraindik erruz erabiltzen dela etxeak berotzeko: 42.850 milioi tona.
Baten zein bestearen kontsumoak pandemiaren aurretik jo zuen goia: gasolinaren kasuan, 2019an, eta gasolioaren kasuan, 2018an. 2020an eta 2021ean, koronabirusaren ondorioz kontsumoa amildu egin zen, baina 2022an haren aurreko kopuruetara ez da iritsi: %2,2 jaitsi da gasolinaren kontsumoa, eta %5,5 dieselarena.
Ibilgailuak gasolio egarri diren arren, EBko findegietan gasolina gehiago ekoizten dute diesela baino, eta azken urteetan sektore horrek izandako gainbeherak —hamalau findegi itxi dituzte— eragin du inportazioekiko menpekotasun handiagoa izatea.
Nondik inportatzen du gasolioa EBk ?
Hori da garestitzearen beste gakoetako bat. Historikoki, Errusia izan da EBren diesel hornitzaile nagusia, gertu baitago eta gasolioa ekoizteko beharrezkoa den gasa ere erruz ekoizten baitu. Errusiak egunero milioi bat upel diesel esportatzen zituen, eta horietatik bi heren EBra eta Erresuma Batura zihoazen. Baina aurtengo otsailean, Ukrainaren inbasioa zigortzeko, debekatu egin zuen handik petrolioaren eratorriak inportatzea.
Zeharka bada ere, EBk Errusiako diesela inportatzen jarraitzen du. Izan ere, Indiak, Turkiak eta Txinako findegiek bete dute Errusiaren lekua, baina kasu askotan Errusiatik inportatu duten petrolio gordinetik dator gasolio hori. Garraio gastu handiagoak ditu gasolio horrek.
Zer gertatuko da orain?
Zaila da energiaren merkatuetan ezer iragartzea, baina badago gehiago garestitu dezakeen faktore bat: irailaren 21ean, Errusiako Gobernuak iragarri zuen diesel esportazioak eten egingo zituela. lehentasuna emateko bere merkatua hornitzeari eta han prezioak jaisteari. Errusiako Gobernuak atzo bertan esan zuen ez dakiela noiz kenduko duen debekua, baina nazioarteko analistek ez dute espero hilabete asko irautea, esportaziorik gabe, biltegiak bizkor dituelako eta, uzta bilketa amaituta, nekazariek egindako kontsumoa asko jaisten delako.
Multzo horretako bi liderrek —Errusiak eta Saudi Arabiak—egindako iragarpenak ez du oraingoz eten Brent upelak azken astean izan duen beheranzko joera. Irailaren 28an, 97,5 dolarretara iritsi zen, baina orduz gero balioa galdu du, eta atzo arratsaldean 87 dolarrean salerosten zen.
Edonola ere, azken egunotan jaitsi den moduan igo daiteke hurrengoetan, merkatua estu baitago. Eskaintza ez da gai eskaera betetzeko, Asiaren eta bereziki Txinaren petrolio egarriak aise konpentsatzen duelako Mendebaldeko herrialde gehienetan ikusten den beheranzko joera.
Goldman Sachsen azken txosten baten arabera, urteko azken hiruhilekoan merkatuak behar dituenak baino 1,1 milioi upel gutxiago izango dira egunean, eta erreserbek bete beharko dute hutsunea. Horregatik, haren analistek ehun dolar inguruko prezioak espero dituzte hurrengo hilabeteetarako, eta ez dira hori esaten duten bakarrak. Ez dute espero askoz gehiago garestitzea, horrek eskaintza ahulduko bailuke.
Paradigma aldatzen ari da
Historikoki, petrolioaren kartelak oreka bat mantendu nahi izan du: ez du upela merke nahi, horrekin diru gutxiago sartzen zaiolako, baina ezta oso garesti ere, horrek krisiak sortu eta kontsumoa txikitzen duelako eta, gainera, beste energia iturri batzuk bilatzeko pizgarria delako.
Baina idatzi gabeko arau hori moldatu beharrean daude ekoizleak, planetaren berotzea moteltzeko saihetsezina delako erregai fosilen erabilera gutxitzea. Hau da, ekoizleen mamua ate joka ari dela dagoeneko, eta ekoizleek badakitela etxean sartuko dela.
IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, 2027ko joko du goia kontsumoak, eta, bizpahiru urtez egonkor egon ondoren, 2030etik aurrera behera egiten hasiko da, munduko hiru merkatu nagusietan —Txina, AEBak eta Europako Batasuna— auto elektrikoak zabaldu ahala.
Aurreikuspenetan ez da askotan fin ibiltzen IEA, baina oraingoan asko ez dela urrunduko esateko datu batzuk badaude mahai gainean: EBn, elektrikoek matrikulazioen %20ko langa gainditu zuten lehen aldiz abuztuan, eta dieselen gainetik daude. Are aurrerago doaz Txinan: irailean saldutako auto berrien %37 ziren elektriko hutsak. Saltzen den auto elektrifikatu bakoitzeko gutxitu egiten da petrolio eskaria, eta handitu, berriz, ekoizleek beren aberastasunaren iturri nagusiari lehenbailehen etekina ateratzeko grina.
Paradigmaren aldaketa datorrenez, ekoizleak petrolio upelaren prezio onargarriaren muga handitzen ari dira. Duela bost urte 60-80 dolar arteko prezioa zuen helburu Saudi Arabiak, baina orain 90-100 dolar ditu buruan.
Upela prezio horren inguruan mantentzen bada, eta kontsumoak espero duena egiten badu —105 milioi upeletara iritsi 2024-2025erako—, Riadek bere erreserbak handitu ahal izango ditu, eta horrekin finantzatuko du hidrokarburoekiko menpeko ekonomia batetik ekonomia dibertsifikatu baterako aldaketa. Horretan ari dela erakusten dute herrialdea turismora irekitzeak, atzerriko enpresetan egindako inbertsioek (Telefonica) eta haren futbol liga nazioarteko izarrez bete izanak.
Irakaskuntzarekin lotuta dago udako enplegu galera eta iraileko sorrera. Ikasturte osoko ordezkapenak egiten ibili diren irakasle batzuei kontratua amaitu egiten zaie uztailean eta abuztuan, baina irailean berriro kontratatzen dituzte, gaixo dauden irakasleak eta eszedentziak hartu dituztenak ordezkatzeko. Hezkuntzako beste sektore batzuetan ere gertatzen da fenomeno hori; jangeletan eta akademietan, esaterako.
Hala, zerbitzuen sektorea izan da langabezia gehien jaitsi den sektorea, abuztuan baino 1.430 langabe gutxiago baitaude. Beste guztietan ere behera egin du langabeziak: nekazaritzan (-96), industrian (-344) eta eraikuntzan (-86).
Langabezia tasa, behera
Abuztuan %10etik gora zegoen langabezia tasa, baina %9,88ra egin du behera. Lurraldeei erreparatuz gero, Bizkaian gutxitu da gehien langabeen kopurua (-1.009). Gipuzkoa gertu izan du (-816), eta Araban 108 langabe gutxiago daude irailean. Langabeziak gora bakarrik Nafarroan egin du: 142. Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Enplegu kontseilariak garrantzia kendu dio iraileko igoera horri, Nafarroako enplegu datuak inoizko onenak direla gehituz.
Iazko irailarekin alderatuta, baina, lurralde guztietan egin du behera langabeen kopuruak. Hala, Hegoaldean 2022ko irailean baino 6.837 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2023ko hil berean.
Langabeziaren genero arrakala da oraindik ere lan merkatuaren arazo nagusietako bat. Izan ere, irailean Lanbiden eta Nafar Lan Saren erregistratuta zeuden langabeen %58,9 emakumeak ziren.
Urte hasieratik, gutxinaka txikituz joan da kontratu mugagabeen ehunekoa, baina uztailetik suspertzen ari da. Urtarrilean %26 baino gehiago ziren, baina uztailean %21,5eraino jaitsi zen kopurua. Gora egiten hasi da ordutik, eta irailean Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %27,4 mugagabeak izan dira.
2021. urtearen amaieran onartu zuten Espainiako Gorteek lan erreforma berria, eta behin-behineko lan kontratuak egitea debekatu zuten, ordezkapenen kasuak salbuetsita. Hala, ordutik gora egin du mugagabeen portzentajeak.
Kontratazio datu horiek goratu ditu Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak, eta adierazi du enpresek kontratatzeko gogoa dutela oraindik ere. Uste du lan merkatuko eskaria eta eskaintza «konektatzen» ari direla. Confebaskek ere begi onez ikusi du langabezia apaldu izana, baina suspertze erritmo motelagoa espero du urte amaierara arte.
1,3 milioi afiliatu
Behera egin du inolako langabezia saririk jasotzen ez dutenen ehunekoak. Ia %49 ziren uztailean, eta abuztuan %46,9 izan ziren. Beherakada hori langabezia sari arrunta jasotzen dutenen igoeragatik gertatu da batik bat, abuztutik irailera %31,4tik %33,4ra egin baitu gora.
Gizarte Segurantzari dagokionez, uztaileko eta abuztuko erorikoen ondoren, 1,3 milioi afiliatuen langa berriro gainditu du irailak. Edonola ere, beste 8.000 falta zaizkio inoizko kopururik handienera iristeko —maiatzean, 1.309.116 izan ziren—. Nekazaritzan egon da igoera handia, mahats bilketa egiteko 1.600 kotizatzaile gehiago batu direlako sistemara.