«Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut…
1948ko irailaren 19an aireratu zen lehen hegazkina Bilboko aireportutik. Egun hartan inauguratu zen Sondikako terminala; 2000. urtean hartu zion lekukoa Loiukoak. «Abiadura handiko trena iristen ez den bitartean, Bilboko aireportua ezinbestekoa da, portua den legez. 75 urte hauetan aireportua hor izan ez bagenu, Bizkaiko ekonomia bestelakoa izango zen», esan du Bilbao Airreko zuzendari Ines Zalbidek (Bilbo, 1967). Bilboko Merkataritza Ganberak eta erakunde publikoek elkarlanean eratutako erakundea da Bilbao Air, aireportua sustatzeko eta indartzeko.
2023a urte berezia da Loiuko aireportuarentzat, ezta? Eta ez bakarrik 75. urteurrenagatik; bidaiari eta hegaldi markak hausten ari da.
Ekainean, 600.000 bidaiariren langa gainditu genuen. Uztaila hilabete historikoa izan da Loiuko terminala ireki zenetik. Abuztuan, 665.000 bidaiari izan dira; 2022an baino %16 gehiago eta 2019an baino %17 gehiago. Hegaldiei dagokienez, nazionalak [Espainiako Estatukoak] %1,3 ugaritu dira. Nazioartekoetan izan da eztanda: %40-41 ugaritu dira. Hegaldien kopurua ere %12 handitu da, eta garrantzitsua da. Horrek esan nahi du aireportuak ondo funtzionatzen duela. Egongo dira hori zalantzan ipiniko duten erabiltzaileak, uda honetan arazoak izango zituztelako hegaldiekin edo maletekin. Beti dago zer hobetu, baina aireportua tentsionatuta egon da, eta oso ondo ibili da.
Zelan heldu dira emaitza horiek? Zer dago atzean?
Erakunde arteko lan indartsu baten fruitua dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren lidergopean hainbat lantalde dabiltza Bilbao Bizkaia Accion Group delakoan, konektibitate arloan lanean. Ez da azken orduko lana. Estrategia sendo, egituratu eta anbiziotsu bat dago.
Zer lortu nahi duzue?
Gure enpresei galdetzen diegu zer merkatutan sartu nahi duten, aireportuen arteko aire bideek laguntzen dieten. Sektorean espezializatutako azoketara joaten gara Bilbao Air, Eusko Jaurlaritza eta diputazioa. Nazioarteko estrategian Aenak ere parte hartzen du; aireportuko zuzendaria gure osoko bilkurako kidea da, eta hark azaltzen dizkigu sektorean dauden kezkak. Guk lobby lana egiten dugu. World Routes azoka mundu mailakoa da; urrian egingo da Istanbulen. Europa mailako azokara ere joaten gara. Profesionalentzat dira, eta han negoziatzen dira aire bideak. Leku batzuetarako lotura premiazkoagoa edo lortzeko errazagoa ikusten badugu, gehiago presionatzen dugu; beste batzuk luzera begira negoziatzen dira. Lehia handia dago. Gure ezaugarriak dituzten aireportuen artean, buruan gaude. Lortu dugu hainbat aireportu garrantzitsu gainditzea, Tenerife Norte, esaterako; Sevilla gainditzear gaude. Europa mailan, ardatz atlantikoan, Bilbo buruan dago.
Negoziatzeko, eskatu ez ezik, eskaini ere egin behar izaten da. Zuek zer eskaintzen duzue?
Gure lurraldea erakargarria dela erakusten diegu, baina ez hainbeste estetikoki: inbertitzeko lurralde ona dela erakusten diegu, emaitzak errentagarriak izango direlako. Pandemia aurreko egoerara itzuli gara, baina konpainia hauetako askok finantzak egokitzeko lanak egin dituzte. Askok zeukaten gihar ekonomikoa galdu dute; aurretik ez zeukatenak bidean desagertu dira. Egia da: gihar hori berreskuratzeko, haientzat Bizkaia ez da lekurik erakargarriena. Leku seguruen aldeko apustua egin dute: Mediterraneoa, aisialdia eta eguzkia bermatzen dutenak. Gurea gehiago da luzera begirako estrategia. Baina aitortu behar dut harrituta gaudela konpainiek gure aireportuaren inguruan duten interesagatik. Horregatik espero dugu urrian aire bide berriak lortzea azoketan.
Zertan da erakargarria Bizkaia aire konpainientzat?
Emaitzak dira lehentasuna, eta gaur egun interesgarriak gara haientzat. Lehen, ez ginen kinieletan agertu ere egiten. Garai batean, azoketan kosta egiten zitzaigun agenda bileraz betetzea; orain, dena betea izaten dugu, eta konpainia batzuekin biltzeko aukerarik gabe geratzen gara.
Zelakoak dira bidaiariak?
Aisialdiagatik edo negozioengatik bidaiatzen duten turistak bereizi behar dira. Ikusten ari gara aldaketa bat. Teknologia berriei esker, orain ez da hain beharrezkoa bidaiatzea negozioak egiteko, baina, harrigarria bada ere, negozio bidaietan hazten ari gara. Horiek dira lortu nahi ditugunak, Bizkaiko enpresei interesatzen zaizkienak direlako. Egia da lehentasuna aisialdiagatik datorren bidaiaria dela, baina itxaropentsu gaude besteen bilakaeragatik.
Zelan banatzen dira urtean?
Badago urtaroari oso lotuta dagoen bidaiari mota bat, eta badaude aire bideak udan baino eskaintzen ez direnak. Baina aisialdiari lotutako turismoa, oro har, urtean zehar hedatzen ari da; baita Bilbon ere. Lortu behar duguna da urtaroari lotutakoak urte osora hedatzea, eta baita leku estrategikoetarako maiztasuna hobetzea ere.
Bilbon gero eta ugariagoak dira ekitaldi handiak, kongresuak… Horrek lagunduko dizue, ezta?
Tourra izan genuen uztailean, baina izan ditugu bestelako ekitaldiak ere, ez soilik Bilbon, baita inguruetan ere, eta aireportu nagusia izan gara topaketa horietarako. Elkarlan akordio txikiak sortu ditugu, aire bideen egiturarako oso interesgarriak direnak. Horietako bat da Ponta Delgadako aireportuarekin [Azoreak, Portugal] sortu duguna, eta horrek lotzen gaitu AEBekin -New York eta Chicago- eta Kanadarekin, arrazoizko prezioekin. Beste aldetik, Europara ere asko hedatu gara; esaterako, Rigako aire bideak Finlandiarekin lotu gaitu. Halakoak oso interesgarriak dira gure enpresentzat. Orain, autogintza sektorearentzat interesgarriak diren aire bideak negoziatzen ari gara; ea urrian lotzen ditugun.
Haien beharrak aldatzen dira?
Enpresa jarduera oso aldakorra da munduan. Berbarako, AEBetako Gobernuak onartu dituen pizgarriei esker, enpresa asko Txinatik AEBetara joan dira, eta horrek eragin nabarmena du aire bideetan. Horregatik izan dugu Porta Delgadarekin elkarlan hori lortzeko premia.
Amerikarekin lotura zuzena izatea lortuko al da?
Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen. Horretarako gabiltza lanean.
Zein da oztopo nagusia?
Logistikoa. Bilboko aireportuak egokitze fisiko bat behar du, hegaldi horiek errentagarri egiten dituzten hegazkinak hemen lurreratu ahal izateko. Irudimentsuak izaten ahalegintzen ari gara, eta beste aukera batzuen aldeko apustua egiten. Negoziatzen ari gara.
Zenbat gehiago haz daiteke aireportua bera?
Aukera txiki bat badago. Azpiegiturak egokitu behar dira; baliabideak behar ditu. Garrantzitsuena da lortutakoa egonkortzea. Aurten hamazortzi aire bide berri izan ditugu udan, eta ez dago gure neurriko beste aireporturik horrelakorik lortu duenik.
Negozio bidaiak zein norabidetan izaten dira?
Balantzak orekatuta egon behar du: aire konpainiarentzako errentagarri izateko, hegazkinak beteta joan eta etorri behar du. Guk, noski, inbertsioak kanpotik hona etortzea nahi dugu: hori da Merkataritza Ganbararen helburua. Baina kanpoan ere lan handia egiten dugu, han eskaintza erakargarria egoteko, hemendik hara ere bidaiatu nahi izateko.
Aireportua handitzeko lanetan dabiltza. Nahikoa da?
Gure bileretan txantxetan esan ohi dugu mendia kendu beharko genukeela pista berri bat eraikitzeko. Baina hori ezin da. Egin behar duguna da daukaguna ondo kudeatu eta optimizatu: horrekin haziko gara. Lurraldeak ere lagundu behar du. Zuk aireportu handi bat eraikitzen baduzu, baina gero hiria ez bada gai bidaiari bolumen horri erantzuteko, alferrik zabiltza: zerbitzuak eta baliabideak behar dira. Aire bide berriak lortzeko orduan, erantzun hori egoten da erakundeen aldetik testuingurua sortzeko.
Metroa, noizko?
Ez dakit, baina laster espero dut. Ezinbestekoa da. Bizkaibus asko erabiltzen da aireportura joateko, baina trena ezinbestekoa da. Garraio publikoko eskaintza ona behar da. Aireportuan dagoen lekua ezin dugu erabili autoak aparkatzeko. Garraio publikoaren erabilera sustatu behar da -besteak beste, iraunkorragoa delako-, eta horretarako metroa behar dugu.
Aire bidezko garraioa auzitan dago, erregai fosilen kontsumoagatik. Eragina izango du?
Merkataritza Ganbarak iraunkortasun taldea sortu du, sektoreko enpresekin aldaketa horien eragina neurtzeko. Aireportua bera ere Jaurlaritzarekin lanean ari da aireportuak lurraldean duen inpaktua neurtzeko, eta deskarbonizazioaren eragina ere neurtzen da. Iraunkortasuna ez da traba, aukera bat baizik.
Zelakoa da inguruko aireportuekin duzuen harremana?
Interesatzen zaigu aireportu horiek ere ondo ibiltzea. Haien emaitza onak gure lurraldeko ekonomiarentzat onak dira. Are gehiago: aire bideak lortzeko azoka horietan inguruko aireportu txikiak ere ordezkatzen ditugu, eta haien izenean negoziatzen dugu. Guk dena ezin dugu eskaini, eta komeni zaigu haiek eskaintzea guk eman ezin dugun hori.
Bertigoa normala da, alarmismoa ez
Langileen batzordean susmatzen zuten trantsizio epeak enpleguan eragina izango zuela, baina orain zuzendaritzak mahai gainean jarri du langileriaren %9 ingururi eragingo diola. Hori nola egin hitzartu beharko dute negoziazioetan. Azken urteetan, produkzioaren etenaldiak egon direnetan, aldi baterako lan erregulazioko espedienteak ezarri, eta langileak etxera bidali dituzte egun jakin batzuetarako, baina ematen du trantsizio epe honetarako VWek bestelako formula batzuk erabili nahi dituela. Azken lan erreforman, eraldaketa teknologikoei aurre egiteko ABLEentzako SARE mekanismoa jaso zen, baina Moncloak aktibatu beharko luke. Beste aukera bat izan daitezke errelebo kontratuak erabiltzea, edo behin-behinean, pizgarri ekonomikoen bidez, borondatezko lanuzteak sustatzea, betiere itzultzeko bermea emanez. Zetorren egoeraren jakitun, LABek proposatu du irailetik lana banatzea, inor behin-behinean enpresa uztera bultzatu gabe. ELAk ere zuzendaritzaren bidea txarretsi du, urte eta erdiz 400 langile kanporatzeak lau aldiz eragin handiagoa izango baitu Landaben hornitzen duten enpresetan, eta batik bat bertako langileengan. UGTk eta CCOOk gehiengoa dute batzordean, eta historikoki enpresak haiekin egin izan ditu akordioak. Ikusiko da datozen asteetan zer gertatzen den.
Auto elektrikoranzko jauzia etorkizuna ziurtatzeko apustu gisa ikusten du industriak. Dena den, aldaketa handi hori egiteak bertigoa eragiten du, eta halako ezkortasun giroa sumatzen da. Nahiz eta VWek mila milioi euroko inbertsioa ziurtatu, eraldaketak arriskua du. VWen asmoa da 2027tik aurrera fabrikak bere ahalmen betean funtzionatzea, eta urtean 350.000 auto ekoitzi ahal izatea. Alta, paperak nahi adina zifra erakuts ditzake, eta merkatuak izango du azken hitza. Ezaguna den bezala, auto elektrikoaren salmentak gorantz badoaz ere, bide luzea geratzen da erosleen aukera nagusia izateko, eta ikusteko dago ere Europako erosleek nola erantzungo duten Landabenen ekoitziko diren Skoda eta VW markako bi modelo elektrikoen aurrean. Alta, urte horietan konbustioko autoak ere egiten jarraituko dute Landabenen, eta malgutasun hori segurtasun uhal bat da merkatuaren gorabeherei aurre egiteko.
Bateria muntatzeko lantokiarekin gertatutakoak ere eragin du ezkortasuna. Azkenean lan hori Hyundai Mobilek hartuko du Imarkoaingo Garraioaren Hirian. Talde alemaniarrak nahiago izan du 200 milioi euroko inbertsioa aurreztu eta luzarora auto elektriko bakoitzeko 300 euro ordaindu Hyundairi —gerora gastu hori langileen lepotik lortu nahiko duela susmatzen da—. Alta, SEATen Bartzelonako fabrikan kontrakoa egin izanak mesfidantza eragiten du, eta haiekiko lehian desabantailan geratu izanak kezka eragiten du. Nafarroako Gobernuak oraindik ere ez du zehatz-mehatz azaldu zer rol jokatu duen Hyundairen parte hartzean, eta UPNk gaia erabili du beldurra astintzeko. Javier Esparza ausartu da esatera Landabenek enpleguaren erdia gal dezakeela, eta balitekeela azkenean Hyundaik fabrika erostea. Gauza bat da aldaketek bertigoa sortzea, eta bestea alarmismoa.
«Gu bezalako laborarientzat ez da lerro bat idatzia izan»
Azkenean, txertoa ahateentzat.
Estatuak plantan ezarria du erantzun orokor bat gripearentzat, hazkuntza mantenduz txertoarekin. Txertoa plantan ezartzeko marexalak dira lehen lerroan, haiek izanen baitira protokolo horren oinarri. Marexal bat gomitatu genuen jakiteko nola izanen den: urriaren lehenetik goiti ontsalaz hasiko dira txertatzen etxaldeetan. Bi manera badira: marexalak egiten du txertoaren praktika hori, eta gurea bezalako etxaldeetan galdegina genuen guhaurrek egiteko manera, eta hori kausitua dugu.
Beraz, laborari bakoitzak txerta litzake bere ahateak?
Marexalek ikasketak eginak baitituzte, haiek eskubidea dute txertatzea; guk eskubidea ukanen dugu. Haatik, beharko dugu egun bateko formakuntza egin txertatzen ikasteko, segurtasun nozioak gureganatzeko, eta produktua baliatzeko behar den maneran. Txertatuak izanen dira bakarrik hazkuntza eta ekoizpenari dedikatuak diren kabalak; preseski, ahateak lehenik. Genetika egiten duten xitotegiek edo hazleek, adibidez, esportatzen badute, eskubidea dute ez txertatzea. Zeren eta kanpoko estatuek beren legedian ez dituzte eritasuna duten kabalak inportatzen ahal, arindua bada ere, txertoarekin gertatzen den bezala.
Ahateak esportaziorako badira, zer gertatzen da?
Ahateak ezin du bizirik partitu. Ahatea hiltzen da, eta txitxia saltzen ahal da. Frantziako lumadunen ekonomian, haatik, ahate gizenen saila %5 edo %10 da; beste guztia arroltzeen saila, oilaskoena eta ugaltzaileena da. Beste estatuek genetika asko erosten dute Frantzian, erruteko oiloetan edo oilaskoetan.
Orduan, zergatik dira ahateak lehenak txertatzen?
Sail industriala eta gurea egituratuak diren bezala, eritasuna izateko arriskurik handiena ahate populazio horietan da. Baina, adibidez, Bidaxuneko kriaxera [ahate arrazako] xitategiak eskubidea luke ez txertatzea. Handik ateratzen ahal dituzte ahate ttipiak ez txertaturik. Haatik, gure etxaldera arribatu orduko gu behartuak izanen gara txertatzera; hori derrigorrezkoa izanen da.
Txertatze kanpainari arazorik ikusten diozu?
Bada txertoa eta txertoaren berriztatzea: ahate ttipia behar da bi aldiz ziztatu. Lehen txertoa egiten da ahateak hamar egun dituelarik, eta berriztatzea, hamar egun berantago. Guhaurrek egiten badugu, guhaurrek manatu behar ditugu dosiak, eta lana egin. Marexal batek egiten badu, berriz ere kanpotik norbaitek jin behar du txertoa jartzera; horrekin dugu problematika: orain arte, marexala urtean behin jiten zen ikusteko hazkuntza nola joaten zen, eta paperak egiteko. Txertoa marexalak egiten badu, suposatzen du sartzen ditugun ahate saldo guztiz marexala bietan jinen dela ahateak txertatzeko. Gure etxaldean hamar ahate banda sartzen ditugu; beraz, nahi luke erran pasatuko ginatekeela marexalaren bisita bakarretik gutxienez hogei bisitara. Gainera, behar da segitu analisiak egiten ikusteko gripearen birusa dutenetz. Aitzineko hogei bisitak gehi beste hamar, analisiak egiteko: 30 bisita urtean. Gure sistema autarkikoetan, non joan-jinik ez den batere denak egiten baititugu, ez da lotura epidemiologikorik. Hor pasatuko gara 30 aldiz ikusi behar izatera, marexala eta etxaldea kutsatzeko xantzak handituko dira, etxaldez etxalde ibiliko baita. Txertoak erantzun on bat ekar lezake ahate gizenarendako orokorki, baina, egituratua den bezala, etxaldeen arteko konexioa ekarriko du.
Txertoa fidagarria da, zure ustez? Luzera begirako lan zientifikoa egin da txerto horrekin?
Urteak dira hegazti gripearen kontrako txertoa sortu zela. Gripea H5N1 da; N hori urtearen araberako serotipoa da; H5a badute, eta serotipoa egokitzen dute. Joan den larrazkenean esperimentazioa egin zuten bost edo sei hilabetez; ziklo oso bat iraun zuen. Ez dute sekula txertatu nahi izan aitzineko urteetan, arrazoi ekonomikoengatik. Orain txertoa egitea ez da oposizioan legediarekin.
Txerto kanpainak badu gastu bat ere.
Txertoa derrigorrezkoa da; egiten ez duenak zigorrak ukanen dituela jakinarazi dute. Estatuak erran du txertoak sortzen duen protokolo sanitarioaren %85 bere gain hartuko duela. Txertoa eta analisiak euro bat kostatzen badira ahate bakoitzeko, estatuak 85 zentimo hartzen ditu bere gain, eta besteak guretzat izanen dira. Abiatzeko ez da ideia txarra; jasangarria ikusten dugu. Haatik, ondoko urtean dena laborarien gain izanen da; aitzinatu dutenaren arabera, kostu orokorra 5 eta 7 euroren artekoa izanen da ahate bakoitzeko. Gure etxaldean, ahate bakoitzeko 8 edo 10 euro ateratzen ditugu garbi; txertoaren gastuak aurreikusiak bezala badira, 2 euro baizik ez zaigu geldituko, eta ez da jasangarria izanen.
Beti erran duzue eritasun gehien barreiatzen zutenak hazkuntza industrialak direla.
Arrisku sanitarioa agroindustriak sortzen du. Egun, estatuak erantzun bat ekarri du, segur aski ona dena txertoarekilan, baina hori agroindustrian ari direnendako egina da. Gu bezalako laborariendako ez da lerro bat idatzia izan, ez baitakite nola lan egiten dugun. Horretan dugu segitu beharko oihuka, erranez ez dela posible guretako. Ez badugu erraten hor gaudela, deus ez dugu kausituko.
Mahats bilketan jo eta su
Mugimendu horretatik atera eta metro gutxira du upategia Saul Gilek. Upategi txikia da, hemezortzi mahasti hektarea baititu, eta lanean harrapatu du BERRIAk Gil. Hitz egin aurretik ordu laurdenez alde egin behar izan du, sasoikako langile batek ebakia egin baitu mahats mordo bat mozten; «urteroko kontua» esanez baretu du egoera Gilek, langilea erietxera eraman ostean.
Upategiaren kanpoaldean mila kilo mahats dituzten hiru ontzi handi daude, «probak egiteko», Gilen hitzetan. Urtero 70.000 eta 80.000 botila inguru egiten dituzte Gil Berzal Guardiako upategian, eta aurten «kalitatezko mahatsa» biltzen ari direla adierazi du Gilek.
Urte arraroa izan da. Iazko denboraldia «oso lehorra eta oso beroa» izan zen, horregatik uste du aurtengo uda «nahiko freskoa» izan dela. Hala ere, uztaila eta abuztua «oso lehorrak» izan dira aurten, ia tantarik bota ez duelako, baina iraileko ekaitzek eta euriteek mahatsa ondo heltzen lagundu dute.
Egoera hori, baina, ezin da estrapolatu Arabako Errioxa osora, Gilek dioenez, eguraldia eta plubiometria oso ezberdina izan baita herriz herri. «Leku batzuetan, euri izugarri egin du, 100 litro baino gehiago, eta, beste batzuetan, ez horrenbeste. Hemen [Guardian] ez dakit zehazki zenbat euri egin duen irailean, 60-70 litro artean, baina beste leku batzuetan halako bi bota du, eta horrek mahatsa biguntzen du. Ez da berdin Mañuetan, Samaniegon edo Guardian».
Kanpo merkatuak
70.000 botila betetzeko, aise mahats jasoko dute sasoikako langileek Gil Berzalen lurretan. Ekoizpen txikia izanda, bezeroak nahiko finkatuak ditu urtero bodegak, eta egindako botilen salmenta ia ziurtatua du. Hego Euskal Herrian eta Espainian saltzen duena kontuan hartu gabe, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Asia ditu merkatu nagusiak.
Hala ere, uste du kanpo merkatuetan aldaketak izan direla eta izango direla. Horregatik, egoera horietara moldatu behar direla adierazi du Gilek, baina garrantzia kendu dio, «negozio guztietan» gertatzen den zerbait dela iritzi baitio.
«Herrialde batzuk pandemiagatik erori dira, eta beste batzuk gerragatik; Errusia, esaterako. Edo Erresuma Batua, brexit-agatik. Munduan gertatzen diren gauzak dira, eta ezin ditugu kontrolatu. Edonoiz gertatu daitezke: Errusiarekin gertatu den moduan, gerragatik erori delako, edo AEBak eror daitezke, Donald Trump boterera itzuli delako eta muga zergak jarri dituelako», azaldu du.
Kalitatezko ardoa saltzen dute Gil Berzal upategian, «premium» ardoa. Eta bodegaren buruak uste du hori dela orain eskaririk handiena duena: «Gaur egun, jendeak premium ardoa bilatzen du gehien; ondo landua dena, lursailtxoetan landatua, ondo zaindua. Guk guztiz ekologikoak eta biodinamikoak diren produktuak egiten ditugu».
Kontsumoaren bilakaera
Garaiak aldatuz doaz, baita kontsumo ohiturak ere, eta ardoaren mundua ez da salbuespena. Lehen ardo gehiago edaten zela uste du Gilek, baina egun jendeak kalitatea hobesten du: «Uste dut kontsumitzaileak kalitatea bilatzen duela, eta badaki gehiago ordaindu behar duela ardo botila baten truke. Beraz, nahiago du asteburuan botila on bat edan, egunero zaborra edan baino».
Kontsumoaren beherakada hori ekoizpenaren inoizko mailarik handienarekin elkartu da. Duela hamarkadak landatu ziren mahasti horiek inoiz baino mahats gehiago ematen ari dira, eta, azken urteetan, mahats soberakin handia izaten ari da upategi batzuetan. Aurten, esaterako, hainbat diru laguntza onartu ditu Eusko Jaurlaritzak, arazo horri aurre egiteko; mahats soberakinari irtenbidea emateko, zortzi milioi euro jarri ditu Lakuak.
Gainera, aurten eta datorren urtean gehienez mahatsen %90 jaso ahalko dituzte upategiek, azken urteetako soberakin horiek gerta ez daitezen. Ekoizpenaren %10 galtzearen kalteak gutxitzeko beste 7,3 milioi euro emango ditu Gasteizko gobernuak.
Egoera horretan, Gilek uste du kontsumitzeko beste modu bat duten herrialdeek salbatu dutela salmenta pandemia garaian: «Kanpo merkatuetan, nahiz eta tabernak edo jatetxeak itxi, kontsumitzen jarraitzen dute, etxean edaten baitute. Ardoaren kontsumoa ez dago tabernarekin hain lotuta herrialde horietan». Gainera, Gil Berzal upategian «dezente» esportatzen dute, eta horrek on egin die azken urteetan.
Ebrotik behera ere, urak nahasi
Izan ere, Arabako upategi txikiak ez ezik, Errioxakoak ere ez daude gustura jatorri izenaren kudeaketarekin. Eta horren adibide da Errioxako Familia Upeltegien Elkarteak hilaren hasieran hartutako erabakia: sor-markako kontseilu arautzailetik irte n dira, erakunde horren estrategiak haien negozio ereduari kalte egiten diola argudiatuta. Ez dute zigilua utzi, soilik hari buruzko erabakiak hartzen diren mahaian gehiago ez esertzea erabaki dute.
Erabakiak badu pisua, nolanahi ere; izan ere, 216 upategik osatzen dute elkartea —742 dira denera Errioxa zigiluaren barruan—, nahiz eta mahaian ordezkaritza txikia duten, %4. Oso kritiko azaldu dira kontseilu arautzaileak urte luzez izan duen jardunbidearekin, eta gaitzetsi dute, «saiatu arren», ez dutela jatorri izenaren inguruko erabakietan eragiteko gaitasunik jada: «Ez gara gai Errioxaren norabidea kalitatezko eredu batera bideratzeko».
Argi nabarmendu dute hura dela sektoreak egun bizi duen krisiaren arduradun nagusia: «Ziur gaude Errioxaren eta bertako upategien eta mahastizainen egungo egoera desberdina izango zela baldin eta azken urteotan jarraitutako politika gehiago arduratu izan balitz mahatsen, ardoen eta lurraldearen balioa babesteaz, mahats eta ardo gehiago ekoizteaz baino».
Argi utzi dute ez dutela sor-markaren aterkia utziko, sinetsita baitaude izenak oraindik baduela nahikoa sona munduan kalitatezko ardoaren ordezkari izateko. Baina azpimarratu dute horretarako egungo ereduarekin amaitu beharra dagoela, marko horrekin jarraitzea ezinezko bilakatu delako upategi txikientzat.
ABRAren erreakzioa
Arabako upategi txikien ustez erabakiak agerian utzi du Errioxak «arazo bat» duela, eta haiek azken urteetan behin eta berriz ohartarazi dutena berretsi baino ez du egiten. Itxaso Compañon ABRAko presidenteak uste du Errioxa sor-marka utzi eta Arabako Mahastiak zigilu berria sortzearen atzean «arrazoi politikorik» ez dagoela egiaztatzen duela horrek: «Gure ezberdintzeko modua zerbait politikoa zela entzun behar izan dugu behin eta berriz azken urteetan, baina ikusi da, argi eta garbi gainera, upategi txiki eta ertainek ez daukagula lekurik jatorri izenean, eta ez gaudela gustura bertan».
Compañonek ez du uste erabakiak ezer aldatuko duenik, dena den. Are gehiago, ohartarazi du kaltegarri ere izan daitekeela Errioxako upategi txikiak mahaian ez egotea. Izan ere, haiei dagozkien botoak Grupo Rioja taldean bildutako upategi handien esku geratu dira orain: «78 boto izatetik 85 izatera pasatu zen taldea astebeteko epean». Haiek kontrolatzen dute jatorri izena.
Kontseiluko botoak hektarea kopuruaren eta ekoizpen ahalmenaren arabera banatzen baitira upategien artean. 200 boto ditu guztira mahaiak, ehun upategiei dagozkie eta beste hainbeste ekoizleei (kooperatibei eta sindikatuei). Horietatik 150 behar dira erabaki bat onartu ahal izateko. Esan daiteke, beraz, Grupo Riojak beto eskubidea duela erabakietan, haien botoak ezinbestekoak baitira oinarrian.
Horiek horrela, Compañonek adierazi du Arabako Mahastiak zigilua dela Arabako upategi txikiek Errioxatik desberdintzeko duten «aukera bakarra», EAEko Auzitegi Nagusiak haren behin-behineko erabilera etenda duen arren: «Beste aukera guztiak ezinezkoak dira oraintxe bertan».
Bada, hori argitu artean irtenbiderik ba ote duten galdetuta, Compañonek iragarri du ABRAko kideek ere Errioxa sor-markako kontseilu arautzailean jarraitu edo ez aztertuko dutela: «Egun horretan landuko dugu gaia, bai. Une honetan mahai gainean dugun aukera bakarra da», zehaztu du. Urriaren 24an egingo dute batzarra.
Upategi bat, boto bat
Errioxa sor-markaren krisiak eztanda orain egin badu ere, arazoak lehenagokoak dira. Guardian upategi txiki bat du Saul Gilek, eta dio duela 30 urte guztiz aldatu zela jatorri izenean lan egiteko era: «Duela 30 urte ardoaren booma egon zen, eta leku guztietan hasi ziren landatzen, mahastientzat egokiak ez diren lurretan. Gainera, orduan landatu ziren klonak orain daude ekoizpen punturik gorenean. Bolumenari eman zaio garrantzia, eta ez kalitateari».
Gilen ustez, joera oso garbi bat hartu du Errioxako jatorri izenak, eta upategi txikiak erabakitzeko ahalmenik gabe geratu dira: «Oso zaila da politika guztiek noranzko jakin bat duten kontseilu batean lan egitea, non txikiez eta kalitateaz ahazten diren. Izan ere, orain gauden moduan gaude bolumenagatik. Dena da bolumena handitzea, eta hortik datoz arazoak».
Barne demokrazia arazo handi bat du sor-markak, Gilen ustez, eta ez du uste konponduko denik. Izan ere, aipatu duen moduan, sor-markaren Kontseilu Arautzailean botoak hektarea kopuruaren eta ekoizpen bolumenaren arabera banatzen dira. Gilek garbi du: «Upategi edo elkarte bakoitzak boto bat izan behako luke».
Hala ere, Compañonek egin duen moduan, garrantzia kendu dio Errioxako Familia Upeltegietako Elkarteak hartutako erabakiari, eta esan du Grupo Riojari eta kooperatibei botere handiagoa eman dietela: «Berdin zaie; ABRAk urteak daramatza borrokatzen, eta pareta bati burukadak jotzea bezala da. Orain familia upeltegiek alde egin dute. Eta zer? Joan zaitez, ba; haiei berdin zaie. Orain zu zoazelako gauzak aldatuko dira? Ba ez, zutaz barre egingo dute».
Konponbidea kontseiluko estatutuak aldatzea dela uste du, baina garbi du ezinezkoa dela. Hala, uste du bereiztea izango dela konponbidea. Ez daki zein izenpean izan beharko litzatekeen, baina uste du bereizketa horrek gertatu behar duela.
Euspeleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak datorren ostegunean bilduko dira,…

Euspel sindikatuak jakitera eman duenez, “azkenaldiko mugimenduak” ikusita, ez dute “baikor” egoteko arrazoirik. Horregatik, urriaren 16rako Bilbon deituta duten manifestazioari eutsi egingo diotela ziurtatu dute.
Euriborrak gora egin du berriro abuztuko geldialdiaren ondoren, eta…

Euriborrak gora egin du berriro abuztuko geldialdiaren ondoren, eta % 4,149an itxi du iraila. Hilabete honetako batez besteko tasa % 4,073 hazi da aurreko datuarekin alderatuta. Era berean, eguneroko tasan % 4,2 gainditu du, hau da, maximo berria 2008tik.
83.600 hautagai baino gehiago aurkeztuko dira asteburu honetan Osakidetzako…

83.600 hautagai baino gehiago aurkeztuko dira asteburu honetan Osakidetzako LEPera. LEP horretako gainerako hautaprobek urrian eta azaroan jarraituko dute, eta prozesuko azken azterketa azaroaren 25ean izango da.
Horrela geratzen dira udal tasak eta zergak Donostian: hutsik…

Horrela geratzen dira udal tasak eta zergak Donostian: hutsik dauden etxebizitzak % 150ean zergapetuko dituzte