Erakustaldia eman du Athleticek, eta konfiantza handiarekin helduko da…
Athleticek nagusitasunez menderatu du Mallorca, gol festa bat izan den norgehiagokan (4-0). Zuri-gorriek seigarren garaipena egin dute jarraian San Mamesen, eta asteazkenean Atletico Madrilen aurka duten Kopako kanporaketaren joaneko partidara era onenean iritsiko dira. Yuri izan da partidako jokalari nabarmenduena, 15 minutu eskasean egin dituen bi gol ederrekin. Hirugarrena Guruzetak egin du, eta laugarren Iker Muniainek. Ezin izan da partida modu hobeagoan hasi Athleticentzat. Nico Williamsek jarri du erdiraketa, eta Yurik, bira eginez, ezkerrarekin errematatu du, bizkarrez ate aldera, Rajkovicen ate barruan baloia sartzeko. Lehen iritsiera eta lehen gola. Agirreren plana hasi eta berehala erori da goitik behera eta Mallorcari laster egokitu zaio jokoa proposatzea. Baina Yuriren lehen gola eta 10 minutu geroago, bigarrena iritsi da. Geldikako beste ekintza batean, oraingoan izkinetik, Nikok erdiraketa egin, Guruzetak orpoz luzatu du eta Yurik oinaren barnealdea sartu du baloia eskuadrara bidaltzeko. Beste gol eder bat alboko defendatzailearena. Mallorcak gehiegi aldatu behar zuen bai bere jarrera baita joko proposamena ere, etxeko taldeari gutxienez kilimak egiteko. Baina Athletic handitu batek ez dio aukerarik eman, eta bereak egin ditu lehen zatiko arrisku egoera guztiak. Eta buruarekin jokatu du Athleticek, abiadura eten du, eta nagusitasunez egin da baloiaren jabetzarekin. Agian markagailuak adierazten zuena baino parekatuagoa izaten ari zen norgehiagoka, baina bi areatan ez du hutsik egin Athleticek. Jokalari nabramendu gehiago egon dira etxekoen artean Zarauzko defentsaz gain. Beñat Pradosek, batez ere, erakustaldia eman du zelai erdian, bai baloi irteeran, eta baita baloirik gabeko akzioetan. Williams anaiak protagonistak Gidoi berbera jarraitu du partidak bigarren zatian ere. Athletic nagusi duelu gehienetan, eta azkar erasotzen bi hegaletatik Williams anaien bitartez. Izan ere bi jokalarien oinetatik atera dira jokaldi esanguratsu gehienak. Baina ordaindu egin dituzte egindako ahaleginak, eta lehenik Nico, eta ondoren Iñaki, aulkira joan behar izan dira min hartuta. Oraindik goiz bada ere, zalantza hor egongo da Atletico Madrilen aurkako partidara iristen diren jakiteko. Bide beretik jarraitu dute zuri-gorriek, eta partida ixteko gola egin dute. 63. minutuan izan da hori, kontraeraso bikaina osatu ondoren. Nicok area ertzeraino gidatu du, Iñakiri egin dio pasea, eta honek erdiraketa jarri dio Sanceti. Erdilari nafarrak ez du asmatu baloia errematatzen, baina bere ukitua Guruzetak jaso du gola nahierara egiteko. Begibistaz jokoz kanpoko jokaldia zirudien, baina VARak gola adierazi du. Partida biribiltzeko, kapitainak egin du laugarren eta azken gola. De Marcosek erdiraketa zorrotza egin du eskuin hegaletik, Athleticeko jokalari batek irrist egin du eta Iker Muniain agertu da, markarik gabe, oinaren barrualdearekin nahierara errematatzeko penalti puntuan. Biguna, baina doitua, ezinezkoa Rajkovicentzat.



