Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak interes tasei eutsi die, baina jaitsierak iragarri ditu 2024an. Hori bai, martxoan, erakundearen hurrengo bileran, beherakada egongo denik baztertu du Powellek.
Gaurko partidaren aurretik, Bartzelonak eta Osasunak urtarrilaren 11n jokatu zuten elkarren aurka azken aldiz, Espainiako Superkopan. Gaurkoa ez zen finalerdi bat, ligako partida arrunt bat baizik. Baina gidoia antzekoa izan da, eta berriro ere gorritxoek galdu egin dute: 1-0. Orduan bezala, Bartzelonak eduki du baloia, baina aparteko aukerarik sortu gabe. Gainera, partida hartan bezala, erritmo geldoan jokatu du. Osasuna, berriz, ondo kokatuta egon da zelaian, eta izan du aukeraren bat gola sartzeko. Baina bigarren zatiko ordu laurdena betetzear zela, Xavi Hernandezek zuzentzen duen taldeak gol bat sartu du, aurrekoan bezala. Orduan Lewandowskik sartu zuen; oraingoan, berriz, Victor Roquek. Superkopako partidarekin bi gauza aldatu dira: Bartzelonak ez duela bigarren golik sartu, eta Osasunak jokalari bat gutxiagorekin amaitu duela norgehiagoka. Jagoba Arrasatek goitik behera eraberritu du hasierako hamaikakoa. Zortzi aldaketa egin zituen, Sevillaren aurka igandean jokatutako partidarekin alderatuz. David Garciak, Mojicak eta Budimirrek baino ez dute errepikatu. Hasieratik Bartzelonak eduki du baloia. Baina berriro ere talde gorritxoak ondo eutsi dio, kontraerasoan ateratzeko zain. Neurketako lehen gol aukera Lewandowskik izan du, 7. minutuan, buruz errematatu duen falta batean. Gutxigatik joan da baloia kanpora. Bartzelona hegaletatik saiatu da min egiten, baina ez du aparteko arriskurik egin. Erritmorik ez dio eman neurketari. Fermin izan da Bartzelonako jokalaririk arriskutsuena, lerro artean ondo mugitu baita. Erdilaria Ferran Torresen partez zelairatu da, hark min hartu baitu. Minutuak igaro ahala, Osasunak aurreratu egin du pixka bat atzeko lerroa, presioa gorago egin eta baloia leku arriskutsuagoetan lapurtzeko. Lehen zatiko aukera garbienak azken txanpan iritsi dira. Aurrena Bartzelonak izan du, berriro ere korner batean. Oraingoan Koundek izan du. Haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Segidan, beste korner batean, Osasunak izan du abagunea. Bigarren zutoinean Budimirrek kanpora bidali du baloia, nahiko bakarrik zegoela. Gola eta bigarren horia Bigarren zatian ere etxekoak erdiraketen bidez saiatu dira min egiten. Hala, Yamalen erdiraketa bat ez du ondo errematatu Gundoganek. Segidan, ordea, ez du barkatu Bartzelonak. Oraingoan erdiraketa Gundogan berarena izan da, eta errematea Victor Roquerena. Brasildarrak lehen gola sartu du Bartzelonaren elastikoarekin, lehen zutoinean Osasunaren atzelariei aurre hartuta (63. min). Ia segidan epaileak bigarren txartel horia atera dio Unai Garciari, Victor Roque heltzeagatik. Gauzak asko zaildu zaizkio Osasunari. Yamalek gertu izan du bigarrena, eta epaileak baliorik gabe utzi du Lewandowskiren gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Superkopan bezala, Osasuna izan da partidaren azken hogei minutuetan estutu duena. Raul Garciak gutxigatik bidali du kanpora erremate bat, pase sakon bat jaso ostean. Bestalde, Iñaki Peñak gelditu bikaina egin dio Moncayolari, urrutitik egindako jaurtiketa batean. Osasunak Bartzelonaren arean amaitu du partida. Baina emaitza ez da aldatu, eta Osasuna esku hutsik itzulko da Iruñera.
Arbonako (Lapurdi) eskola publiko berria lur kutsatu batzuen gainean eraikitzen ari ote dira? Hala uste dute Hats Berri Bat Arbonari oposizio taldeko kideek, eta badu urte bat borrokan ari direla obrak gelditu eta behar diren azterketak eginak izan daitezen. Marie-Josephe Mialocq auzapezak, haatik, baieztatu du behar diren segurtasun neurri guziak hartu zituztela eta ez dagoela «inolako arriskurik»; herrian «nahasmendua» sortzea leporatu die oposiziokoei. Anartean, Paueko Administrazio Auzitegiaren erabakia iritsi da: justizia aditu bat izendatu du lurren kalitatea eta kutsadura kentzeko neurriak zehaztu ditzan. Eraikuntza obra geldiarazteko beste erabaki baten beha dira oposiziokoak. Oraingoz, eskola eraikitzeko lanekin segitzen dute. Mialocqen taldearen hauteskundeetako proposamena zen eskola publiko berriaren eraikuntza. Baina bost milioi euro kosta den proiektua ez da oposizioaren gustukoa: salatu dute hasieran aipatutakoaren «bikoitza» balio duela obrak eta ikastetxeak ez duela jantoki propiorik izanen; baina bereziki salatu dute hondakindegi kontrolatugabe baten gainean eraikia dela. Hainbat herritarren lekukotasunak dituzte horren froga: haien hitzetan, urteetan hainbat enpresak hondakinak metatu izan dituzte bertan. «Gu ez gara eskola berria eraikitzearen kontra, baina gure ustez beste leku batean eraiki behar zen. Jadanik milioi bat euroko gastua egina izan da. Kutsadura kentzeko neurriak hartu behar badira, dena berriz hasi beharko da».BEÑAT ARLA Hats Berri bat Arbonari taldeko burua Iazko otsailean, herriko etxeak ikerketa bat agindu zion APAVE ikerketa bulegoari, eta hark hainbat produkturen presentzia detektatu zuen, baina gerora adierazi zuen bateragarria zela eskola eraikitzeko proiektuarekin. Baina oposizioak ez ditu ontzat ematen ondorioak: emaitzen larritasuna «apaldu» izana leporatu diote kabineteari. Beñat Arla buru duen oposizioko taldeak Pirinio Atlantikoetako prefetari dei egin zion orain dela hilabete batzuk, eta hark ARS eskualdeko osasun agentziaren iritzia eskatu zuen. Abenduan idatzitako gutun batean, adierazi zuen APAVE erakundearen azterketa azalekoa izan zela, eta kutsadura arriskua egon zitekeela iradoki. Horrek motibatu du, besteak beste, Paueko Administrazio Auzitegiaren erabakia. Hats Berri Bat Arbonari taldekoek prentsaurrekoa egin dute herriko etxe aitzinean auzitegiaren erabakiaren berri emateko. Halaber, salatu dute gatazka esplikatzeko herriko aldizkarian publikatu nahi zuten testua zentsuratu diela auzapezak. «Gu ez gara eskola berria eraikitzearen kontra, baina, gure ustez, beste leku batean eraiki behar zen», adierazi du Arlak. Haurren osasuna arriskuan den ala ez argitu arte obrak gelditu beharko liratekeela iradoki du, eta «zuhurtasun printzipioa» lehenetsi behar dela erran. «Jadanik milioi bat euroko gastua egina izan da. Kutsadura kentzeko neurriak hartu behar badira, dena berriz hasi beharko da. Herritarren dirua xahutzen ari dira». «Ez dago arriskurik» Miallocq auzapezak adierazpenak egin ditu arratsaldean oposizioaren salaketei erantzuteko. Haren hitzetan, gezurra da eremu horretan hondakindegi bat zegoela. «Badakit hondakintegi publikoa non zegoen; hortik ehun metrora zen, herri guziak daki». Adierazi du salaketa bat jarria dutela «difamaziozko lekukotasunen» kontra. Haren hitzetan, dena behar bezala egin dute: «Egin behar zena baino gehiago egin dugu, derrigorrezkoak ez ziren ikerketak ere egin ditugu, eta lasaitu gaituzte. Sinesgaitza iruditzen zaigu jadanik eginak izan diren azterketak berriz egin behar izatea. Zer denbora galtzea, zer diru galtzea, baina nork ordainduko du?». Argumentu guziei egin die uko: haren hitzetan, ARSen iritzia «kontsultatiboa» baizik ez zen, eta agentziak ez zeuzkan bere esku herriko etxeak egin dituen ingurumen azterketa guziak. Horrez gain, oposizioko hautetsiak ere kritikatu ditu: erran du ez direla «jakintsuak», eta nahasmendua sortzen dutela «nahitara», kutsatutako lurra eta hidrokarburo arrastoa bereizi gabe. «Lur guzietan aurkitu daitezke hidrokarburo, berun edo merkurio arrastoak, eta horrek ez du erran nahi lurra kutsatua denik. Dena egina izan da eskolaren segurtasuna bermatzeko. Ez dago inolako arriskurik». Arbonako Herriko etxeak haurrak desberdin tratatzen dituela salatu dute Hats Berri Bat Arbonari oposizio taldeko hautetsiek salatu dute herriko etxeak ez dituela berdin tratatzen herrian diren hiru eskoletako ikasleak. Haur bakoitzeko honenbesteko bat ordaintzen dio herriko etxeak ikastetxe bakoitzari. Azken herriko kontseiluan, Saint Laurent eskola pribatu giristinoko haurren zenbatekoa emendatzea erabaki zuen: 578 eurotik 756 eurora igan da. Haatik, ikastolako haur bakoitzarentzat ematen dutena 378 euroan gelditu da. Oposizioko hautetsien iritziz, haur guziak «berdintasunean» tratatuak izan beharko lirateke. «Auzapezak eztabaida oro ukatu du, eta gardentasunik gabe jardun du», deitoratu dute.
EB Europako Batasunaren barruan autodeterminazio eskubidea baliatzeko bideari erreparatu diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak Bruselan, Self-Determination caucus-ak antolatutako konferentzian. Hirurak bat datoz EB defendatu behar dela proiektu gisa, baina nabarmendu dute estatu logiketatik harago joan beharra dagoela, estaturik gabeko nazioen aitortza eta autodeterminazio eskubidea kontuan hartuta. «EBk bide eman behar dio elkarrizketari. Ezin da esku hartu gabe gelditu argudiatuta estatu kideen auziak direla», adierazi du Urkulluk. [articles:1341767] Horiek hala, hiru gobernuburuek bat egin dute Proposal for an EU Regulation (EBko araudi baterako proposamena) dokumentuarekin. EBko estaturik gabeko nazioetan izan daitezkeen autodeterminazio prozesuei erantzuteko araudi zirriborro bat da, eta haren helburua da hala prozesuak nola EBko erakundeek horietan izan beharreko esku hartzea arautzea, lurralde horietako herritarren eskubideak bermatu daitezen. Zehazki, Urkulluk adierazi du testua oinarri ona dela Europan «eztabaida sosegatu» bati ekiteko. Hitza hartu duenean, Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du Europako Batasunaren «sinesgarritasuna» indartu behar dela. Azaldu duenez, batasunak gaitasuna izan duen arren azken urteetan «kateatzen ari diren krisiei» erantzuteko —hala nola Next Generation funtsak eta COVID-19ari aurre egiteko txertoen erosketa aipatu ditu—, baditu aurrez aurre beste zenbait arazo: besteak beste, «eskuin muturraren eta populismoaren» gorakadak eragindakoak. «Hauteskunde zikloak modua emango du antzemateko herritarrek zenbateko atxikimendua dioten Europako Batasunari». Egin beharrekoei erreparatuta, berriz, lehendakariak hiru alderdi izan ditu hizpide: «herritarren ongizatean sakontzea», «lidergo politiko instituzionala finkatzea» eta «nazio adierazpenen pluraltasunari bide ematea». Hain zuzen, Urkulluren iritziz, Europako Batasunak «rol proaktiboa» izan beharko luke estatuek hartutako bide «zentralizatzailea zuzentzeko», kontuan hartuta estatu horien pean dauden lurralde eta nazioak ere. Urkulluk estaturik gabeko nazioak aitortuko dituen «integrazio prozesu» baten alde ere egin du, «estatus bereziak» eta «subiranotasun konpartituak» sustatuko dituena. Horrek, era berean, «balio demokratikoetan» oinarritu behar duela adierazi du, eta legezko bideak ezarri behar direla herritarrei hitza emateko: «Herritarrei eragiten dieten gaien inguruko kontsultak modu egokian eta berme guztiekin egiteko». Hala, argitasun araudi bat eskatu du estaturik gabeko nazioek legezko bide bat izan dezaten «estatus politikoaren, subiranotasunaren eta kosubiranotasunaren inguruan erabakitzeko». «Itundua» izan beharko lukeela ere gehitu du. Bide horretatik, Aragonesek adierazi du «Europako nazioek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen defentsak» batzen dituela hiru mahaikideak, eta gehitu estaturik gabeko nazioen auziari erantzun dion «proiektu europar» bat defendatzen dutela denek: «Europako familia politiko anitzetako kideak batu gara, ikuspegi ezberdinekin, baina balio eta oinarri demokratiko berekin». Generalitateko presidenteak nabarmendu du «joko arau bateratu» batzuk eskatzen dituztela, «oinarri politikoa duten gatazkei» erantzun demokratikoak emateko. Izan ere, uste du estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidearena «Europako esparruak» jorratu beharrekoa dela, EBrentzat ere «erronka bat» delakoan. «Etorkizuna demokrazia gehiagorekin soilik eraikiko da», aldarrikatu du Aragonesek. Generalitateko presidenteak 2017ko urriaren 1eko erreferenduma defendatu du. Demokrazia eredutzat jo du hura, eta berriz ere herritarrei galdetzearen alde egingo dutela gehitu. Egungo EBn halakorik egitea «ezinezkotzat» jotzen dutenei erreparatuz, bestalde, adierazi du duela hamarkada batzuk ezinezkotzat jotzen zirela batasunak eginiko zenbait urrats; besteak beste, barne mugen kudeaketari eta moneta bakarraren erabilerari dagozkienak. «Amnistiak ere ezinezkoa zirudien, baina aurrera egingo du, eta onartu egingo da», gehitu du Aragonesek, Espainiako Kongresuan eztabaidagai duten amnistia legea hizpide hartuta —gehiengoak haren kontra bozkatu zuen atzo, eta Justizia Batzordera itzuli da testua—. Bide «luzeari» ekiteko Simeonik zuzenean heldu dio Self-Determination caucus-ak eginiko proposamenari, eta adierazi du halako «makineria juridiko» bat behar dela Europako nazioen eskubideak defendatzeko: «Europako Batasunak bere ezagutzak esportatzen ditu demokraziaren lider gisa, baina ahalmenik gabe agertu da bere mugen barruan esku hartzeko orduan». Hala izan da Korsikan, Euskal Herrian eta Katalunian, Simeoniren esanetan. Hartara, hiru punturi erreparatu die bide horri heltzeko: «Gabezia baten egiaztapena», «gabeziari erantzuten saiatzea» eta erantzuna emateko «tresnak erabiltzea». Kataluniako adibidea aipatu du gabezia hori azaltzeko: «Erreferendum bat egitea erabaki zuten europar demokratak ikusi ditugu, eta jazarriak eta espetxeratuak izan direla ere bai». Salatu du Europako Batasuneko erakundeek «isiltasun ozenez» erantzun ziotela horri. Hori kontuan izanik, Simeonik adierazi du autodeterminazio eskubidea arautzeko proposamenak «ekintza politikorako» bideari heltzen diola, «oker demokratiko» bati erantzuteko asmoz: «Modu demokratikoan gainditzeko blokeo egoera». Bidea, baina, «luzea» izango dela uste du Korsikako gobernuburuak, baina egin beharrekoa dela EB ez dadin izan «estatuen Europa», «herrien, estaturik gabeko nazioen Europa baizik». Gaineratu du bide horrek autodeterminazio eskubidearen inguruko eztabaida ere susta dezakeela. Izan ere, azaldu du Korsikako egoera ez dela Kataluniako edo Euskal Herriko berbera, eta bera ere ez dela independentista. Halere, uste du baliagarria litzatekeela halako tresna bat uharte hark Frantziako estatuaren barruan bestelako estatus autonomiko bat izateko. Finean, argudiatu du premisa bera dela: «Herritarrek libre eta demokratikoki erabakitzea euren etorkizuna».
AHTaren trazadura lan guztiak 2025eko lehen seihilekorako egongo dira bukatuta, Jose Antonio Santano Garraioko Estatu idazkariak gaur iragarri duenez. Gainera, Arriolak nabarmendu du Gipuzkoako lanak legealdia bukatu baino lehen amaituko dituztela.
Kontsumobideren arabera, Auzitegi Gorenak berretsitako epai batzuen arabera, hipoteka-mailegua ematen duen bankuak bere gain hartu behar ditu gestoria-, tasazio- eta erregistro-gastu guztiak, bai eta notaritza-gastuen % 50 ere.
JxC Junts Per Catalunyak pentsatzen du azken hilabeteetan PSOErekin negoziatutako amnistia legea ez dagoela behar bezain blindatuta, eta ez duela bermerik ematen jasota dagoen bezala aplikatua izan dadin, aintzat hartuta Espainiako judikaturaren jokabidea. Horregatik, lege proposamenaren aurka bozkatu dute JxC Junts Per Catalunyaren zazpi diputatuek gaur, argudiatuta testuak «hutsuneak» dituela eta hori «ezerezean» utz dezakeela «Espainiako justizia prebarikatzaileak». Miriam Nogueras diputatuak hala justifikatu du erabakia, Espainiako Kongresuan proposamena bozkatzeko egindako osoko bilkuran. Azpimarratu du, gainera, «selektiboa» dela, eta «integrala» izan behar duela, «atzean inor ez uzteko». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari kargua hartzeko modua eman zionean, JxCk ohartarazi zion eskatutakoak betetzen ez bazituen buruhausteak sortuko zizkiola, eta dekretu batzuk onartzeko duela hiru asteko saioan argi ikusi zen hori; bada, gaur, are argiago. 171 diputatuk bozkatu dute alde, eta 179k kontra. Beraz, lege proposamena atzera botata, ez dute Senatura bidaliko, eta testua behe ganberako justizia batzordera itzuliko da. Espainiako hainbat hedabidek iturri parlamentarioak aipatuz argitaratu dutenez, diputatuek hilabete inguruko epea edukiko dute onartu ez diren zuzenketak gainbegiratzeko edo beste batzuk plazaratzeko; dena den, Kongresuko Mahaiak epea murriztu dezake, tramite hori urgentziazkotzat jotzen badu. Hori bai, epea pasatu, Kongresura eraman eta atzera baztertzen baldin badute, testua berriro osatu behar lukete hasieratik. ERC Esquerra Republicana ez dago ados, eta, bozketa egin aurretik, Pilar Valluguera diputatuak eskatu dio Noguerasi «aukera» ez galtzeko, legea «aski sendoa» baita ez aritzeko hori aldatzen «argi eta garbi prebarikatzen duten epaileen ikerketak» gorabehera. Pere Aragones Generalitateko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren liderrak ere testua defendatu dute. Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak, bozketaren ondoren, esan du «ulertezina» dela JxCren erabakia, iritzita legea «akatsik gabea» dela. Hura izan da, hain zuzen, PSOEren negoziatzaileetako bat, eta testuaren «konstituzionaltasuna» aldarrikatu du. Kongresuak, hasteko, JxCk testuari egin nahi zizkion zuzenketak baztertu ditu. Kataluniako bi indar subiranista nagusiek «terrorismo» delitua testutik ezabatzea dute asmo. JxCk, era berean, berme gehiago nahi ditu bai jazarpen judizialeko kasuetarako, bai legearen aplikaziorako, Espainiako Estatuko auzitegiek EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegian arauaren egokitasunari buruz galdetzeak ez ditzan atzeratu legea ezartzearen lehen ondorioetako batzuk; esaterako, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohi (2016-2017) eta JxCko liderra Belgikako erbestetik Kataluniara itzultzea. Hori batetik. Bestetik, goi traizioaren delitua ere amnistia legean sartu nahi du. JxC ezezkoan zegoen azken orduetan, eta esandakoa bete du. Zuzendaritzak batzar bat egin du gaur goizean, eta ondoren ohar batean ohartarazi du lege proposamenari egin nahi dizkion zuzenketak onartuak izan ezean «ezin» izango zuela alde bozkatu. Convergencia desegin ondoren sortutako alderdiari iruditzen zaio Kataluniako prozesu subiranistaren harira prozedura judizial batean dauden guztiak barruan hartuko lituzkeela legeak, proposatzen dituen aldaketekin. «Amnistia lege selektibo eta aurrez grabatutako bat egitea ez da sinatu genuena». MIRIAM NOGUERAS JxCren diputatua Uste hori indartu egin da JxCkoen artean, ikusita nola jokatu duten bi epailek azkeneko astean. JxCk eta ERCk bultzatuta, joan den asteartean adostu zuten, Kongresuko justizia batzordean, lege proposamenean jasotzea «giza eskubideen urraketa larririk eragin ez duten terrorismo delituak». CC Koalizio Kanariarra izan ezik, inbestidura blokeko gainontzeko alderdiak alde agertu ziren; hau da, PSOE, Sumar, Podemos, EH Bildu, EA eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarra. Epaileen jarduna Modu horretan, are gehiago babestu nahi dituzte «terrorismoa» leporatuta Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko magistratuak ikerketapean dituenak. Epaile horri iruditzen zaio badagoela modua delitu hori egozteko Tsunami Demokratikoko dozena bat kide ingururi eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako beste horrenbesteri, buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiak 2019ko udazkenean eragin zituen protestengatik; baita Puigdemonti eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere, mugimendu horien sustatzaile gisa. Aintzat hartu behar da, gainera, epaileak biktimatzat hartu duela sententziaren kontrako protesta batean Bartzelonako El Prat aireportuan bihotzekoak jota hil zen turista frantziar bat. Atzo bertan iragarri zuen beste sei hilabetez luzatuko duela auzi horren instrukzioa. Oriol Junqueras ERCren liderra azalpenak ematen, gaur, Espainiako Kongresuaren kanpoaldean. EFE PSOE bera ez dago eroso zenbait epaileren jarrerarekin, eta, zenbait hedabidek alderdiko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, amnistia legearen tramitazioa oztopatzea dute helburu judikaturako sektore batzuek. Gerard Pisarello Sumarreko diputatuak «prebarikatzaile bat bezala» jokatzea aurpegiratu dio Garcia Castelloni gaur, Kongresuko osoko bilkuran. Gainera, Bartzelonako instrukzioko lehen epaitegiko epaile Joaquin Aguirrek ere sei hilabetez luzatu du Voloh auzia deitutakoaren instrukzioa. Hain justu atzo eman zuen horren berri Aguirrek, amnistia legea Kongresuan bozkatua izan bezperan, auto baten bidez. Epaile horrek dioenez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bueltan, Errusiako Gobernuaren «babes ekonomiko eta militarra» bilatu zuen Generalitateak. Orduan, Aguirrek atea ireki du Puigdemonti «goi traizioaren» delitua egozteko; amnistia legearen atalek, hain zuzen, ez dute jasotzen delitu hori. ERCrekin eta JxCrekin bizpahiru hilabetez negoziatu ondoren, PSOEk joan den azaroaren 13an erregistratu zuen amnistiaren testua. Eta, jatorrizkoarekin alderatuta, aldaketa nagusietako bat izan da «terrorismo» delituak egin dituztenak ere amnistiatzea jaso duela testuak, «giza eskubideen urraketa larririk» ez badago —delitutzat zer har daitekeen erabakitzeko, oinarritzat hartzekoak dira Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 2. eta 3. artikuluak—. Gainera, lege proposamenaren aurreko bertsioan amnistia aplikatzen zieten artean «terrorismoagatik» ikerketapean zeudenei; ez, ordea, delitu hori egotzita epai irmoa ezarri dietenei. Aldaketekin, baina, testutik kendu zuten epai irmoari egindako erreferentzia.