Zelaian hitz egin du Nico Williamsek
Udan zeresan handia eman du Nico Williamsek. Kontratua ez zuela berrituko, Bartzelonara zihoala, haren aurkako pintaketak agertu zirela… Azkenean, Athleticen segitzen du hegalekoak, eta gaur erakutsi behar den tokian erakutsi du zertarako geratu den. Gol bat egin eta bi asistentzia eman ditu ligako lehen jardunaldian, eta Athleticek 3-2 irabazi dio Sevillari, izerdia gogotik botata. Kontrolpean zuten norgehiagoka bat nahi baino gehiago konplikatu zaie zuri-gorriei. Partidari gogotsu ekin dio Athleticek, energia askorekin, eta bereziki Areso nabarmendu da, momentuz, zuri-gorrien udako fitxaketa izarra. Etengabe igo da erasora, arriskua sortu du, eta Athleticek korner mordoxka izan du alde. Sevillak, ordea, ondo baliatu ditu kontraerasoak, eta aukera argienak eurenak izan dira: Akor Adamsi Unai Simonek geratu dion bat, eta, batez ere, Lukebakiok zutoinera bidali duen beste bat. (ID_15231455) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS Lehen gola eztabaida eragingo duen penalti bati esker heldu da; Nico Williamsi egin diote, berak sartu du, eta armarriari muxu emanez ospatu du, zaleekin. Golaren bultzadarekin iritsi da bigarrena. Nicok berak jokaldi bikaina egin du, eta ondo kokatuta zegoen Maroan Sannadi baloia sareetara bidaltzeko. 2-0 eta atsedenaldira. Bigarren zatia hasi berritan 3-0ekoa egiteko abagune paregabea izan du, berriz, ere Williams anaietan gazteenak. Zutoinera bidali du baloia, baina giroa lasai zegoen San Mamesen. Lasaiegi. Taldeak partida kontrolpean zuela zirudien. Sevillaren iraultza Sevillak argi utzi du oker zebiltzala. Espazio askorekin, jokalari arriskutsuak ditu Andaluziako taldeak: Adams, Ejuke eta, bereziki, Lukebakio. Hark sartu du bere taldea partidan, area kanpotik egin duen gol ikusgarri bati esker. Hurrengo minutuetan hobea izan dira bisitariak, merezi zuten gola, eta bizpahiru abagune barkatu ostean, Akoumek berdindu du partida beste gol eder batekin. 2-2 eta zurrumurrua nagusi estadioan. 72. minutua zen. Gola heldu denean aulkitik sartu berria zen Robert Navarro debutaria. Berdinketaren ostean berdindu egin da lehia ere, baina berriro agertu da partida jokalaririk onena: Nico Williams. Guruzetak zelai erdian berreskuratu du baloia, Iñakiri eman dio, hark anaiari, hegalekoak jokaldia egin du, eta haren erdiraketa Navarrok bidali du sareetara. Ezin emozio gehiago eskatu lehen jardunaldiari.