Jupiter Wagons Talgoren aldeko eskaintza prestatzen ari da, Sidenorrekin lehiatuko litzatekeena. Oraingoz, ez dute jakinarazi Indiako enpresa zenbat ordaintzeko prest dagoen, ezta Talgoren kapitalaren zein zati erosi nahi duen ere.
Espainiako sei banku handienek 31.000 milioi euroko irabaziak izan zituzten iaz, 2023an baino % 21 gehiago. Interes-tasek 2024 erdialdera arte izan zuten igoerari esker lortu zuten Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankinter eta Unicaja bankuek mozkinak handitzea.
Igandean ligan kale egin zuen Realak, baina bale gaur Espainiako Kopan. 2-0 irabazi dio Osasunari, eta sari potoloa eskuratu du: finalerdietara sailkatu da. Gorritxoak jokalari bat gutxiagorekin aritu dira lehen zatitik, eta amaieraraino lanean segitu duten arren, ezin izan dute ezer egin. Iruñeko taldeak agur esan dio Kopako bideari. Txuri-urdinek, berriz, bi denboraldi daramatzate segidan finalerdietarako sailkatzen, eta bost urtean hirugarren aldia dute; hirurak, Imanol Alguacil entrenatzaile dutela. Anoeta lepo bete da, kanporaketa garrantzitsua zela jakitun. Realeko zaleek bultzatu egin dute, eta taldeak erantzun. Anoetara gerturatu diren Osasunako zaleak, berriz, burumakur itzuliko dira etxera. Partida hasiera ikusita, bazirudien kontatzeko gutxi egongo zela aurreneko minutuetan; inork ez du izan baloiaren jabetza, eta are gutxiago kontrola. Erosoago sumatzen zen Osasuna, estutzen ari zen; larri zebilen, berriz, Reala, urduri. Eta halaxe, gorritxoena izan da lehen aukera. Ruben Garciak gozo jarri du hegaleko falta bat, eta Budimirrek bakarrik errematatu du Remiroren aurrean. Behartuta jo du, ordea, baloia, eta kanpora bota. Ez ditu maiz barkatzen halakoak aurrelariak. Borrokan segitu dute gorritxoek, eta gutxira, berriro gertu izan dute gola. Entseatutako jokaldia egin dute korner batean, ondo egin ere. Aimar Orozek bakarrik hartu du baloia area kanpoaldean, eta jaurtiketa ona egin du, baina kanpora joan da. Osasuna ondo ari zen, Reala baino askoz hobeto. Orduantxe azaldu dira, ordea, Barrenetxea eta Oiartzabal: bien artean jokaldi distiratsu bat egin eta markagailua aldatu dute. Ondo utzi dio baloia Oiartzabalek Barrenetxeari, eta duen talentu erakutsi du hark: kontrol orientatu batekin dotore eta abileziaz iskin egi dio parekoari, eta gola sartu. Min egi die kolpeak gorritxoei, eta hamar minutura, huts galanta egin dute. Reala presioan ari zela, Sergio Herrerak pasea eman nahi izan dio Iker Muñozi, baina Pablo Marinek estutu, hanka sartu, eta baloia lapurtu du. Oiartzabali iritsi zaio, eta hark Braisi oparitu dio, ate hutsean gola sar zezan. Hori nahikoa ez, eta beste opari bat jaso du segidan Realak: 35. minutuan, VAR sistema erabilita, Catenari txartel gorria erakutsi baitio epaileak. Merezitakoa. Hanka luzatu eta bizkarrean kolpe gogorra eman dio atzelariak Brais Mendezi. Begiak itxi eta ireki orduko maldan gora jarri zaie kanporaketa gorritxoei. Eskura, berriz, txuri-urdinei. Vicente Morenok Kike Barja kendu eta Herrando sartu du, halabeharrez. Ez du amore eman Osasunak, eta lanean jarraitu du. Atsedenaldira iritsi aurretik izan du aukera bat: Herrando berak egindako jaurtiketa indartsuak, baina, ez du aterako bidea hartu. Hirugarrena ere gertu izan du Realak, baina Kubok gehiegi gurutzatu du baloia. Bigarren zatian, erasora jo dute bi taldeek. Ia ezinezkoa zuen Osasunak partida iraultzea, baina ez zegoen prest amore emateko. Hala segitu du, borrokan, epaileak txistua jo arte. Txuri-urdinek, berriz, partida itzaltzea nahi zuten, eta horretan aritu dira. Irribarretsu amaitu dute partida Realeko jokalariek eta zaleek, baina notizia txar bat ere jaso dute: Zubeldiak min hartuta utzi du zelaia. Ikusi beharko da zer duen. Azkoitiarra jokalari garrantzitsua da Imanol Alguacilentzat. Zozketa, asteazkenean Ezusteko batzuk izan dira Realeko teknikariak zelairatutako hamaikakoan. Tartean, Oskarsson aulkian utzi izana, aurrelaria fin aritu baita azken bi neurketetan: hiru aldiz zulatu du aurkariaren atea. Halere, ez dute haren beharrik izan. Osasunan, berriz, berritasun bakarra egon da Sadarreko hamaikakoarekin alderatuta. Torro aulkian utzi du Vicente Morenok, eta haren ordez Iker Muñoz jarri. Bezperan ez zegoen argi erdilaria jokatzeko moduan egongo ote zen, eta azkenean ezin izan du hasieratik hasi. Haren hutsunea bai sumatu dute gorritxoek. Asteazkenean izango da Kopako zozketa, eta orduan zehaztuko da Reala noren aurka arituko den finalerdietan. Bi partidetara izango da, eta data jarrita dago: joanekoa, otsailaren 26an jokatuko dute, eta itzulerakoa apirilaren 2an. Finala, berriz, apirilaren 26an izango da, Sevillako Cartuja estadioan. Han egon nahi dute txuri-urdinek. Reala-Osasuna Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia (Aramburu 59. min.), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Kubo (Becker, 81. min.), Pablo Marin (Olasagasti, 59. min.), Brais Mendez, Barrenetxea (Sergio Gomez, 55. min.); eta Oiartzabal (Oskarsson, 55. min.). Osasuna. Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Catena, Juan Cruz; Moncayola (Torro, 60. min.), Iker Muñoz, Aimar (Pablo Ibañez, 60. min.); Ruben Garcia (Bryan Zagaroza, 60. min.), Budimir (Raul Garcia, 71. min.) eta Kike Barja (Herrando, 38. min.). Golak. 1-0: Barrenetxeak (21. min.); 2-0: Braisek (31. min.).
«Gaur da lehen eguna azken laurogei urteetan ezagutu dugun Erorien Monumentu hori desagerrarazteko». EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik adierazpen publiko bat onartu dute frankismoaren omenezko eraikin hori sakon eraldatzeko asmoz. Eztabaidan, Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko bigarren alkateorde eta EH Bilduko kideak iragarri du «berehala» abiatuko dituztela lehen urratsak. «Ohartarazi nahi dugu ez dugula eraitsiko, baina eraikina eta ingurunea sakon eraldatuko ditugu, eta ideologikoki erabat eraitsiko dugu». Onartutako adierazpenaren bidez, azaroaren 20an hitzartutako akordioa gauzatzeko konpromisoa berretsi dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik. UPNk, PPk eta Zurekin Nafarroak kontra bozkatu dute. Hain zuzen ere, Txema Mauleon udal gobernuko zinegotziak «hutsegite historikotzat» jo du hartutako bidea. «Ohartarazi nahi dugu ez dugula eraitsiko, baina eraikina eta ingurunea sakon eraldatuko ditugu, eta ideologikoki erabat eraitsiko dugu» JOXE ABAURREA Iruñeko alkateorde bigarrena PPko Carlos Garcia Adanerok Mauleoni galdetu dio ea noraino eramango duen jarrera hori. «Merezi du hor geratzea? Hurrengo aurrekontuak onartuko dituzue, jakinda proiektu hori aurrera eramateko diru sailak dituela eta gai hau hain funtsezkoa dela zuentzat?». Bizi-bizi dago eztabaida Iruñean, eta horren isla izan da osoko bilkura. Hitza hartu duenean, Abaurreak azpimarratu du sakoneko eztabaida ez dela eraitsi edo eraldatu erabakitzea. «Eztabaida da ea modu sakonean eraldatuko dugun edo dagoen bezala utziko dugun», aipatu du. Haren esanetan, «erantzukizunez» jokatu dute urte luzez blokeatuta egon den auzi bati irtenbidea aurkitzeko, eta aurrerantzean adostasuna zabaltzeko itxaropena agertu du. Eraistea, «ezinezkoa» Abaurrearen arabera, legez «ezinezkoa» da eraisteari ekitea. Gogora ekarri duenez, administrazio auzietako epaitegiak eraikin neutro gisa definitu zuen monumentua 2008an, eta «2022ko Memoria Demokratikoaren legeak ez du exijitzen eraistea». Gainera, gaur egungo Iruñeko eraikinen katalogoan babesturik dago, eta «ezin daiteke ukitu» araudi hori bera aldatu gabe. «Ez diot nik, udaleko zerbitzu juridikoen txosten batek baizik, eta hura betetzea dagokigu». Haren esanetan, behin adierazpena onartuta hurrengo erabakiak berehala hartuko dituzte. Lehenik, aditu batzorde bat osatuko da, berme juridikoak, aldaketa arkitektonikoak eta akordioaren edukia aztertzeko. Horrekin batera, eraikina babestutzat jotzen duen katalogoaren araudia aldatuko da. Abaurreak aurreratu du hurrengo osoko bilkuran «ziurrenik» hizpide izango dutela eraikinaren babes maila aldatzeko proposamena. Proiektuen lehiaketari dagokionez, azaldu du aintzat hartuko dela 2015etik 2019rako legealdian egindako ideien lehiaketa. Mikel Armendariz Geroa Baiko hautetsiaren arabera, garrantzitsua da prozesuaren lema Iruñeko Udalak izatea, «hura baita jabea». Gaineratu du Geroa Bairentzat garrantzitsua dela eraikinaren kupulan «esku hartzea» eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzea. «Nahi bada, egiten ahal da. Eskatzen dizuet gehiengo sozialari entzuteko eta eraikina eraisteko» TXEMA MAULEON Zurekin Nafarroako hautetsia PSNko Marina Curielek «funtsezkotzat» jo du emandako pausoa, «bere zama sinboliko guztiagatik hainbesteko negatibotasuna duen eraikin hori» eraldatuko delako. Mauleonen arabera, ordea, eraldatze prozesua «xahutze ekonomiko handia» izango da, ideien lehiaketan bederatzi eta hamahiru milioi euro arteko proiektuak aurkeztu baitziren. «Nahi bada, egiten ahal da, eta eskatzen dizuet gehiengo sozialari entzuteko eta eraikina eraisteko». UPNren ikuspegia Polemika UPNk eragin du. Maria Caballerok ez du beharrezkotzat jo eraikinean aldaketarik egitea. Haren ustez, urte luzez iruindarrak «normal» bizi izan dira ingurune horretan. «Herritarrek ez dute kontu hau arazo eta drama gisa bizi». Haren irudiko, eraikinari eutsi egin behar zaio. «Bestelako sentimenduak dituztenak errespetatuz diot: eraikinak balio artistiko eta arkitektonikoa du. Ez dugu monumenturik sobran». Abaurreak erantzun dio UPNn oraindik «frankismoaren aztarnak» nabari direla, eta gogora ekarri du Joseba Asironen agintaldira arte Emilo Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak hobiratuta zeudela monumentu horretan, eta UPNk auzitegietan borrokatu zuela plazari Rodeznoko kondearen izena kentzea. «Erantzukizunak hartu behar zenituzkete», aipatu dio. «Bestelako sentimenduak dituztenak errespetatuz diot: eraikinak balio artistiko eta arkitektonikoa du. Hirian ez dugu monumenturik sobran». MARIA CABALLERO UPNko hautetsia Bilkura amaitzean, 18:30ean, kanpoan elkartu da eraispenaren aldeko plataformak deitutako makina bat herritar. Erorien Monumentua eraisteko eskatu dute berriz. Plataformako eledunen ustez, hiru alderdiek «harropuzkeriaz» erantzun diote egindako eskaerari. Memoriaren aldeko elkarteek Erorien eraispena eskatu dute. IÑIGO URIZ / FOKU Legea aldatzeko eskaera aurkeztu dute hiru taldeek Udaletik at, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik frankismoaren biktimen 2013ko legea aldatzeko proposamena erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan. Konpromiso hori azaroaren 20ko akordioan hitzartu zuten. Proposamenak xedapen bat gehitzen dio legeari, modua egon dadin «Erorien Monumentuko sinbologia faxistari lotutako elementuak eraisteko eta eraikinean faxismoa salatzeko eta memoria demokratikoa lantzeko interpretazio zentroa sortzeko». Urgentziaz tramitatuko da, irakurketa bakarreko bozketa batean.
Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri du ez dela karguan segitzeko hautagai izanen. Eneko Anduezak idazkari nagusi segitzea erabaki ondotik, lurraldeetako ordezkariak hautatzen ari dira alderdiaren berritze prozesuaren barnean. Arabako PSE-EEk gaur egin du lurralde batzordea, eta martxoaren 29an egingo dute X. kongresua. Bihartik aurrera irekiko dute idazkaritzarako hautagaitzak aurkezteko prozesua. Gipuzkoan, haatik, segitzeko borondatea agertu du Jose Ignacio Asensiok; 2021etik da lurralde horretako idazkari nagusi. Otsailaren 14a arteko epea dago hautagaitzak aurkezteko. Bizkaian ere ez da aldaketarik espero. Urtarril bukaeran iragarri zuen Mikel Torresek idazkari segitzeko asmoa. Hamar urte baino gehiago eman ditu ardura horretan, 2014tik baita PSE-EEren Bizkaiko idazkaria. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua ere bada, eta urte askoan Portugaleteko (Bizkaia) alkatea ere izan zen.
ELA, LAB, CCOO eta UGTk patronalaren jarrera gaitzetsi dute mahaia osatzeari ere uko egin diolako. Confebaskek, berriz, bere jarrera defendatu du EAEn lanbidearteko gutxieneko soldata propioa ezartzeak enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna arriskuan jarriko lukeela iritzita.
Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin du Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero: akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu du, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta.