Gasa hidrogenoarekin nola nahastu probatzen jarraitzen du H2Sareak
Aukera bat izan daiteke gas naturala erabiltzen jarraitzea, baina beste erregai garbiagoekin nahastuta, argindar berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdearekin edo biometanoarekin. Horrek, gas konpainien arabera, modua emango luke gas naturalerako gasbide sarea eta galdarak erabiltzen jarraitzeko, gaur egun baino karbono gutxiago isuriz.
Modu seguruan jarduteko nahasketa horren proportzioa nolakoa izan daitekeen, hau da, nahasketak zenbat hidrogeno eraman dezakeen probatzen ari da Nortegas azken hilabeteetan H2Sarea proiekturako, non zenbait euskal enpresa dauden —ABC, Erreka, H2Site, Orkli, Tecnalia eta Ikerlan—.
Gas banaketarako sareen araudiak gaur egun jada baimentzen du %5a hidrogenoa daraman gas nahasketa, eta proportzioa %10era igo daitekeela frogatu duela jakinarazi du Nortegasek.
Horretarako, nahastea injektatu dute 3.000 orduz gasa banatzeko sare baten erreplikan, non hogei urtetik gorako erabilera erreala izan duten elementuak jarri dituzten, hala nola erregulatzeko eta neurketarako tokiak, balbulak, erregulagailuak eta kontagailuak. Hiru hilabetetan ez da sareko elementuen portaera arrarorik antzeman, ez da gas ihesik izan, ezta materialen hondatzerik ere.
Bezero baten etxebizitzan ere probak egin dituzte %10 hidrogeno %90 gas natural nahaste horrekin, eta ondorioztatu dute instalazioa normal ibili dela. H2Sarea proiektuan hidrogenoaren proportzioa %15era handitu dute aste hauetan abian duten proban, eta asmoa da urte bukaeran %20rainoko hidrogeno injekzioa probatzea.
Industrian ere
Etxebizitzetarako erabileraz gain, aztertzen ari dira hidrogeno eta gas naturalaren nahasketa horrek ze proportzio beharko lukeen industria jardueretan ere erabiltzeko. Ordenagailu simulazioetan ikusi dute lurrun galdara batean erabil daitekeela, eta baita tratamendu termikorako labe batean ere, non erregai gasek kontaktu zuzena duten berotu beharreko aluminio piezekin. Bi kasuetan ondorioztatu dute gas nahastearen %30 hidrogenoa izan daitekeela.




