Zentral nuklearren arrastoak, bizirik
Bada, hondakin horiek guztiak biltegiratzeko espazio seguru baten bila dabil Alemaniako Gobernua. Handia izan beharko du, izan ere, zenbait adituren arabera, ehun igerileku olinpiko bete litezke hondakin guztiekin.
Tokiko zenbait hedabidek aurreratu dutenez, gobernuaren asmoa da hondakinak Konrad burdin meategi izandakoan gordetzea. Salzgitter hirian dago, Saxonia Behereko hego-ekialdean. 2027. urtean egongo da horretarako prest, eta 303.000 metro kubo hondakin gordeko dituzte hor.
Hondakin erradioaktiboek zelula bizien material genetikoa aldatu edo hari kalte egin diezaiokete. Erradiazio dosi txikiek leuzemia eta bestelako minbiziak eragin ditzakete, eta, denbora gutxian erradiazio dosi handi bat jasanez gero, osasun arazoak unean bertan edo egun gutxira agertu daitezke. Kasu okerrenean, berehalako heriotza eragin dezake.
Beldurra eta kezka nagusi
Energia nuklearraren aurkako jarrerak babes handia du Alemanian. Fukushiman 2011n izandako istripu nuklearrak nabarmen areagotu zuen jarrera hori, eta beldurra zabaldu zuen herritarren artean. Beldur hori lausotuko du aro nuklearraren amaierak, baina ez du guztiz desagerraraziko.
Bada, EB Europako Batasunean ekoizten den energia guztiaren %30 da nuklearra. Guztira 130 zentral daude, hamalau herrialdetan banatuta. Alemania ipar-mendebaldeko herritarrek horietako bat dute kilometro gutxira; Belgikako Tihange zentral nuklearra. Halaber, beldurra are gehiago hauspotu du Ukrainako Gerrak. Zenbait adituren arabera, zentral nuklearren aurkako eraso posible batek —bonbardaketa batek, kasurako— kezka eragiten du herritarren artean.





