Urtea hasi zenetik gaur arteko partidei etekin askorik atera ez dioten arren, Espainiako Ligan zuri-gorriak ez daude kexatzeko: garaipenak kateatzen ari dira, tartean babazorroen berdinketa batekin, eta gaur heldu da bigarrena, etxean: Leganesen kontra berdindu du Athleticek. Hamabigarren aldiz jarraian ez dute partidarik galdu ligan, behintzat. Horrela lortu dute oraingoz hirugarren postuan sailkatzea, gaur gaueko Bartzelonaren eta Valentziaren arteko partida gorabehera betiere. Vivianek eta Berenguerrek aukera bana izan dute gola sartzeko, baina hutsean geratu dira horiek. Beste hainbeste Leganesek. Atea ukitu dute bi aldiz, lehendabizi de la Fuenteren burukoak zutoina jo du, eta ondoren, Munirren areatik kanpoko jaurtiketak, langa.
Binakako Txapelketako 11. jardunaldiko partida jokatu dute Lasok eta Iztuetak Altuna III.aren eta Arangurenen kontra, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Partida paretsu hasi dute bi bikoteek, eta aurrea ere hartu diete Lasok eta Iztuetak beste biei (5-7), gutxirako izan bada ere: zazpi tanto egin dituzte segidan Altuna III.ak eta Arangurenek. Hormabiko ikaragarriarekin irauli du Amezketakoak partida, eta gantxoak egiten ere fin aritu da; Aranguren, berriz, partidak aurrera egin ahala hartu du sasoia. Lasok eskatutako atsedenaldiaren ostean, bikote gorriaren hamahirugarren tantoa ikusgarria izan da: Arangurenek hiru aldiz jaso du pilota atzetik, eta Altunaren beste hormabiko batek lekurik gabe utzi du Iztueta, tolosarra harmailetara igotzeraino. Hurrengo tantoan, atzelariek ondo eutsi diote, eta Altunaren gantxoak ez dio utzi aukerarik, beste behin, Iztuetari. 16-7 aurretik zirela, Lasok eta Iztuetak pare bat tanto egin dituzte, eta lehenengoan pilota aldatzeko aprobetxatu dute, partidaren hasieran ia tanto bakoitzeko bezala. Bigarren tanto hori pilota atzeraino bota diote Aranbururi, eta Aginagakoa ez da heldu txapa gainera. Gorriek pare bat tanto egin dituzten arren jarraian, urdinek ez dute amore eman, eta beste hiru tanto egin dituzte bata bestearen atzetik: 18-13. Lasok behin eta berriz eraman du pilota atzera, Arangurenengana, eta luze jo du hurrengo tantoak; azkenerako, indarrez jo du gantxoa Lasok, eta aukerarik gabe utzi du Altuna. Seigarren tantoa ere egin dute jarraian urdinek: 18-15. Joera hori eten dute Altunak eta Arangurenek berriro, eta hogeigarren tantora ere heldu dira errebotean sartu den pilota aukeratu berri batekin. Beste bikoteak ere markagailua puztu dute pare bat tantorekin —horietako batean, aurreraino joan behar izan du Arangurenek Lasok pilota motz utzi duenean; lurrera jaurti da, emaitzarik gabe, ordea—. Altunaren eta Arangurenen garaipenaren aurreko tantoa Iztuetaren oker batengatik izan da: eskuinera joan zaio pilota oker; jarraian, Lasok gaizki eman dio pilotari.
Astearterako deitutako bi aldeen arteko “bilera egin aurretik, lantegiaren jardueraren etorkizuna hipotekatu dezakeen erabakirik ez hartzeko” eskatu dio Jaurlaritzak enpresari. Langileek astelehen honetan erabakiko dute greba mugagabea hasi edo ez.
Ondo egin behar zion Realari etxean jokatzeak; ez da hala izan, ordea. Anoetatik kanpo jokatu dituen azken bi partidetan porrot egin ostean —Valentziaren kontra 1-0 galdu zuen aurreko asteburuan; Lazioren kontra 3-1 ostegun honetan—, Getafek txuri-urdinak garaitu ditu bigarren zatian erabaki den partidan. Realak goibel hasi du partida, eta ordu erdi igaro da Kubok iniziatiba hartu eta gola sartzeko aukera serioak sortu arte; horretan geratu dira jaurtiketak, aukeretan. Bigarren zati hasiera bare baten ostean, ekaitza etorri da Realarentzat: gol bat bestearen atzetik sartu du Getafek 72. minututik aurrera, eta beste bat azken minutuetan. Seigarren posturaino igotzeko balioko zuketeen hiru puntuak lortzeko aukera hutsaren hurrengoan geratu dira. Getafek erasokor hasi du partida, eta Millak izan du gola sartzeko lehen aukera, area kanpotik egin duen jaurtiketa kanpora joan zaion arren. Lehen minutuetan Reala ezinean aritu da aurkariaren zelaian sartzeko. Halako batean, baina, Kubok aurrera egin du markagailua estreinatzeko asmoz; ez du sortu arriskurik Getaferen atean. Apur bat bai, ordea, Solak: indarrez bezain oker eman dio baloiari, nahiz eta Yildrim ez den iritsi errematea ematera. Baloia kanpora. Getafek agintzen jarraitu du, eta txuri-urdinentzat ez dute urrundu baloia beren atetik; Alguacilen hamaikakoak ez du asmatu baloiaren jabetza hartu eta kontraerasoa egiten. Turrientesek min egin dio Djeneri takoekin, eta txartel horia atera dio epaileak. Etsaiek ere jaso dute beste txartel hori bat: Millak atzetik falta egin dio gogor Zubimendiri. Lehen ordu erdian galduta aritu den arren, 32. minutuan heldu da Realaren aldeko lehen kornerra: Kuboren tiroak errematea falta izan du, eta Solak zelaitik atera du baloia. Korner ostekoak ez du golik eman. Orduan hasi da Reala aurrera egiten, eta Getafe atzera. Ricoren tiro on bat geratu dute atzelari txuri-urdinek, eta jarraian sortu dute gaurko partidako lehen benetako aukera: Kuboren erdiraketa buruz jo du Oiarzabalek, baina Soria atezainak marraren gainean geratu du baloia, 38. minutuan. Kubo aritu da jaun eta jabe Realaren erasoetan, eta jokaldia errepikatu du: beste erdiraketa batekin erantzun du, eta oraingoan Zubeldiak eman dio buruarekin. Soriak hatz puntekin desbideratu ahal izan du baloia. Bi minutuko luzapenaren bueltan, beste txartel hori bat Getaferentzat, Yildrimek Pachecori atzetik falta egin eta gero. Azkenerako, markagailuak golik gabe amaitu du lehen zatia. Bigarren zatian Mendes zelairatu du Alguacilek, Turrientesen ordez. Lehen bost minutuetan beste aldaketa bat eman da Realean, Muñozek min hartu baitu aldaka aldean, eta Lopez sartu da zelaira. Eta hirugarren txartel horia Getaferentzat, oraingoan, Aldereterentzat. Realak lehen zati amaierako erasoekin jarraitu du, eta ondo defendatu da Getafe: Gomezek eta Kubok aurrera egin dute, baina atzelariek tinko eutsi diete. Hortik aurrera, aukera gutxi izan dira: Oiarzabalek aurrera egin du baloiarekin, baina jokoz kanpokoak zapuztu dio jokaldia. Olasagastik Ricori area barruan egindako faltagatik penaltia ateratzera erabaki du epaileak. Ondoren, VAR sistemarengana jo du, eta penaltia atera, ez atera deliberatzen egon da. Azkenean, bertan behera utzi du. Beste pare bat aldaketa txuri-urdinen hamaikakoan: Oskarsson eta Barrenetxea sartu dira Oiarzabal eta Gomezen ordez 70. minutuan. Orduantxe irauli du Getafek partida: Mayoralen jaurtiketa aldendu du Remiro atezainak, Uchek aurrea hartu dio Zubimendiri, eta erremate batekin sartu du norgehiagokako lehen gola. 0-1 Getaferen alde. Jarraian, gola asimilatzeko astirik utzi gabe, ezkerretik sartu da Rico, baloia erdiratu dio Perezi, eta hark sartu du bigarren gola. Tartean, Brais saiatu da aukera bat edo beste aprobetxatzen, Kubo eta Oskarsson ere bai, baina Soriak esku azkarrak izan ditu. Azkenean, Perezek berriro hartu du baloia, eta partidako hirugarren gola sartu du 85. minutuan. Neurketa erabakita geratu da ordurako, eta Realak ezin izan du askorik egin.
Sejournerekin bildu da Pradales “Europako industriaren hazkundean Euskadi giltzarri izateko” helburuarekin. Bilbon hasi du gaur lehendakariak Europako Batzordeko arduradunekin asteon Bruselan egingo duen bilera-sorta.
Binakako Txapelketako bi partida jokatu dira gaur arratsaldean. Markina-Xemeinen (Bizkaia), Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena nagusitu dira Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka, partida lehiatu batean: 22-18. Iruñean, berriz, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak aise irabazi dute Erik Jakaren eta Ander Imazen aurka: 22-13. Horiek horrela, 11 partida jokatuta, zazpigarren garaipena lortu dute Artolak eta Mariezkurrena II.ak, eta sailkapenean berdindu dituzte gaurko haien aurkariak: Elordi eta Zabaleta. Haien arteko lehia, gainera, irabazia dute, joanekoan ere 22-12 nagusitu baitziren. Partida hasiera gogorra izan da Bizkaikoa. Bikote ahaltsuak dira biak ala biak, eta neurrikoa izan da partida ere. Luzeak izan dira lehen tantoak, biziak, eta atzelariek pilotakada asko jo dituzte. Gorriak hasi dira, ordea, agintzen. Maila onean ekin dio bereziki Marriezkurrena II.ak, pilotari zartateko handiak emanez. 5-1 aurretik zirela, baina, min hartu du Baikoko atzelariak. Pilotakada bat bueltatu nahian irrist egin, eta ezker orkatila bihurritu du. Herrenka utzi du kantxa, baina sustoa izan da azkenean. Handik minutu batzuetara, korrika itzuli da aldageletatik. Halere, kostatu zaio berriro lehiari neurria hartzea; huts batzuk jarraian egin ditu. Aspeko bikoteak aprobetxatu du aukera, markagailuan aurretik jartzeraino: 8-9. Azkar itzuli da bere onera, ordea, Mariezkurrena II.a, eta konfiantza berreskuratu ahala, kantxaren jabe izaten segitu du. Hainbat pilota galdu ditu, baina ondo emandakoak ere asko izan dira. Hala, markagailuan pareko iritsi dira atsedenaldira: 12-10. Bueltan, erasokorrago aritu da Artola, eta asmatu du tantoak egiten. Lau-bost punturen aldea lortu du Baikoko bikoteak, baina ez diete utzi ihes egiten Elordik eta Zabaletak: 15-11, 17-13 eta 19-14 joan ondoren, 19-17ra gerturatu dira. Gero, bi tanto jarraian eskuratu dituzte gorriek, erabakigarriak, eta bideratuta utzi dute partida. Azkenean, 22-18 bukatu da. Estu hasi da eguneko beste partida, Ezkurdia eta Rezusta bikotearen eta Jakaren eta Imazen artekoa: 5-5 eta 11-11. Hortik aurrera, baina, nagusi izan da Aspeko bikotea, eta erraz irabazi dute: 22-13. Bederatzigarren garaipena eskuratuta, eta hiru jardunaldiren faltan, sailkapenaren buru dira Ezkurdia eta Rezusta, eta eskura dute finalerdietarako sailkatzea. Jakari eta Imazi, berriz, korapilatu egin zaie txapelketa. 11. jardunaldia ixteko, gaur jokatuko dute azken partida: Altuna III.ak eta Arangurenek parean izango dituzte Laso eta Iztueta. Eibarren izango da lehia, 18:00ak aldera hasita. Jokatutako hamar partidetatik zortzi irabazi ditu Baikoko bikoteak, eta hiru besterik ez Altunak eta Arangurenek. Erdizka egongo da, gainera, amezketarra, gastroenteritis bat pasatu berri. Ez du partida galdu nahi izan, ordea, jokoan puntu baliotsua izango dutela jakinda. Lehia estuak Ados klubaren binakakoan, berriz, garaipena garesti egon da. Lehen Mailako partidan, 22-21 nagusitu dira Barrokal eta Arrastia Iturriagaren eta Mendibururen kontra. Irurtzunen (Nafarroa) jokatu dute. Bigarren Mailakoan, berriz, Insaustik eta Bertizek irabazi dute Cresporen eta Perezen kontra: 22-20. Lamadriden ordez jokatu du Crespok. Bihar beste bi partida jokatuko dituzte; Azpeitian (Gipuzkoa) izango dira, 11:30ean hasita. Bigarren Mailan, Oskoz eta Agirre bikotea Arrietaren eta Galeanoren aurka lehiatuko da, eta jarraian, Lehen Mailan, Ruiz de Infante eta Orbegozo Barrokalen eta Arrastiaren kontra.
Adeslas aseguru-etxeak adierazi duenez, Mufacek zerbitzuaren lizitaziorako “proposamen egokia” aurkezten badu, ez aurkezteko hartutako erabakia “berriz aztertuko” luke, eta “Mufacen jarraitzearen aldeko beharrezko urratsak emango lituzke”.
Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) faxismoaren kontrako horma bat eraikitzera deitu du gaur arratsaldean Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan. Milaka lagun bildu dira bi martxetan, eta, haien aurrean, deitzaileek langile batasunaren beharra aldarrikatu dute: «Langile klaseko mugimenduen eta kolektiboen arteko lankidetza inoiz baino gehiago indartu behar da». Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute «kapitalisten gerra kulturalari aurre egitea». Izan ere, ikusi dute munduan bezala Euskal Herrian ere faxismoa zabaltzen ari dela, eta hura gelditzeko aurre egin behar zaiela oligarkiek zabaltzen dituzten mezuei. Moyua plazan argiago ikusten da manifestazioaren tamaina. @berria pic.twitter.com/ahlxeEJXBV — Imanol Magro (@Imagreto) January 25, 2025 Eguraldi makurra izan arren, Bilboko manifestazioak jendetza bildu du. Milaka pertsona elkartu dira Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora zioen pankartaren atzean. Jesusen Bihotzean hasi eta Kale Nagusia gurutzatu ondoren, udaletxean amaitu da. Burua udaletxeko plazara iritsi denean, martxaren beste muturra Kale Nagusian zen oraindik. Oihu orokor guztiak euskaraz izan dira, eta hauek errepikatu dira gehien: «Kapitalisten gerrari aurre egin», «Faxismoaren aurrean gazte batasuna» eta «Gazte langile, ez zaitez makurtu». Palestinaren aldeko aldarri asko ere entzun dira. NATOren aurkako pankarta bat Moyua plazan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU Ordubete pasatxoko manifestazioa izan da, eta esanguratsua izan da aurrean zuen ertzain kopurua. Hiru furgoi eta hiru auto zeuden, eta liskarren aurkako hainbat ertzainek oinez egin dute bidea. Ibilbidean hainbat pankarta zabaldu dituzte deitzaileek, deigarrienak bi. Aurrenekoa, Moyua plazan, «Gerraren negozioari ez, NATOri ez» zioena. Manifestari batzuek NATOren bandera bat erre dute plazan. Bestea, berriz, Buenos Aires kalean zabaldu dute. Aldamio handi baten behera bota dute, eta Elon Musk enpresaria ageri zen ikur nazia egiten. Gainean, «Faxismoa borrokatu» jartzen zuen, zenbait hizkuntzatan. Talde faxisten arriskua Bi manifestazioetako amaiera ekitaldietan, GKSk erreakzio faxistaren aurka borroka egitera deitu du, eta nabarmendu du erantzun horrek ezin duela itxaron: «Orain da joera faxista eta erreakzionarioei aurre egiteko garaia, eta gure indar eta inteligentzia guztiarekin egin behar diogu aurre», aldarrikatu du. «Denborak aurrera egiten du, baina historiak atzera egin dezake joera horiek indartu eta normalizatzen badira». Mendebaldean bezala Euskal Herrian ere eskuin muturra hedatzen ari dela ohartarazi du GKSk, eta haren barnean langileen interesei eraso egingo dieten talde biolentoak daudela GKS, izan ere, arduratuta dago faxismoa izaten ari den zabalkundearekin. Oligarkia ekonomikoen eskutik eskuin muturreko ideiak Mendebaldeko estatu guztietan zabaltzen ari direla ikusten ari da, eta ohartarazi du Euskal Herria ez dela salbuespena, talde faxistak ugaltzen ari direlako: «Nahiz eta hemen oraindik oso indartsuak ez izan, langileontzat dakartzaten arriskuen jabe izan behar dugu». Bilboko martxaren amaieran, Iker Apraiz eta Saioa Galarraga GKSko kideek hartu dute hitza, eta talde faxista horiek duten arriskuaz ohartarazi dute, indarkeria erabiltzeko prest baitaude: «Kapitalismo autoritario eta biolento baten aldeko taldeak dira, eta ez dute erreparorik izango langileria antolatuari bortizki eraso egiteko». Mehatxu horren jakitun, GKSk berretsi du «erreakzioari hortzak erakusteko» konpromisoari eutsiko diola. Langileen alderdia «berrosatu» Borroka horretan, langile klaseko kolektiboak bat egitera deitu dituzte, «langileriaren nazioarteko alderdi iraultzailea berrosatzeko». Azaldu dute GKSk bide horretan ulertzen duela «Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka». Dei horretatik kanpo utzi dituzte «ezker erreformistako alderdiak», irizten baitiote haiek zabaldutako austeritate politikak izan direla eskuin muturra elikatu duen bazka. Alde horretatik, nabarmendu dute PSOEren gobernua izan dela horren adibide nabarmena —hura izan da aipatu duten alderdi bakarra—. Bilboko manifestazioan, Moyua plazan, NATOren bandera bat erre dute, eta «Gerraren negozioari ez, OTANi ez» zioen pankarta bat zabaldu Manifestazioko beste ideia nagusia «ofentsiba kulturalaren» beharra izan da. Amaierako hitzaldian luze landu duten gai bat izan da. Kapitalista handiek finantzaturiko agenda kulturalaren bitartez «ideia arrazista, matxista eta autoritarioak» zabaltzen ari direla salatu dute, eta ideia horiek klase ertaineko eta langile klaseko hainbat geruzatan txertatu direla jada. German Rodriguezentzat justizia eskatu zuten Iruñeko manifestazioan. IÑIGO URIZ / FOKU Gerra horretan, GKSk zeregin bat jarri dio bere buruari: «Langilerian eta batez ere gazterian ideologia faxistaren aurkako kontzientzia sozialista hedatzeko apustua egingo dugu». Lan horretan txertatu dute, besteak beste, oligarkien agenda ekonomikoaren, «estatuak bultzatzen ari diren agenda autoritarioaren» eta mezu belizisten aurkako «gerra kulturala»: «Ezin dugu gerra agenda normalizatzen utzi».
Indarkeria matxistaren kontra nondik, norekin eta nola aritzea komeni den: hori izan dute aztergai gaur Atarrabian (Nafarroa), Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatutako jardunaldian. Ez zoriz. Urteak dira mugimendu feminista zorrotz jartzen ari dela auzitan egungo justizia eredua balekoa ote den indarkeria matxistari aurre egiteko; are, aspaldi du esana justizia sistemak nekez erdiesten duela, esaterako, biktimen erreparazioa bermatzea. Tesi horretan sakondu dute hainbat militantek, Euskal Herrian izandako hainbat prozesuren argi-ilunak izeneko mahai inguruan. Esperientziei tiraka aritu dira, tartea utzirik hala aitortzei nola interpelazioei. Minei ere bai. Hernaniko (Gipuzka) esperientziak ekarri dituzte sei hizlarietako bik. Izan ere, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako udal langile gisara aritu da Kattalin Artola, eta herriko koordinakunde feministaren ordezkari, berriz, Maitane Barrenetxea. Urteotan ikasitako zenbait lezio plazaratu dituzte biek ala biek. Artolak aipatu duenak salaketekin du ikustekoa: lanean ari delarik, sarri egokitzen zaio indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakume edo subjektu disidenteekin aritzea; ordea, pertsona horiek ez dute zertan sentitu bizitakoak inon salatzeko premiarik —«edo indarrik, edo gogorik»—, eta, Artolaren esanetan, halakoetan nola jokatu da gakoetako bat. «Ez diegu jartzen baldintzarik, eta, horretaz gain, haien kontraesanekin ulerkor izaten ere ahalegintzen gara beti». Kontatu duenez, Ertzaintzak sarri leporatu die Artolari eta lankideei «delitu zantzuak» ezkutatu izana. Ordea, haiek ez dute damurik batere: «Biktimak nahi eta behar duena aditzen dugu, besterik ez». Barrenetxeari ere ezagun zaizkio halako akusazioak. «Biktima bati laguntzen eta haren erritmoak errespetatzen ari ginenean, esan ziguten ea erasotzailea babesten ari ginen». Orain dela lauzpabost urte herrian gertatutako kasu baten harira heldu zitzaien kritika hori Hernaniko koordinakunde feministako kideei. Herriko gizon batek eraso egin ziola kontatu zuen emakume batek, eta beste hainbat emakumeren testigantzak ere azaleratu ziren gerora. Herrian izan ziren hainbat erreakzio aipatu ditu Barrenetxeak: «Izan ziren konplizitateak, izan ziren galderak, izan zen morboa; eta izan zen min handia». Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa jardunaldiak, Atarrabian, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU Deustuko Modulu Psikosozialeko kide Ane Navarro eta Carmen Garcia ere mintzatu dira mahai inguruan. Garciak «eredu asistentzialistaren» gaineko kritikak plazaratu ditu batik bat, baita zaintzaren garrantzia nabarmendu ere. Navarrok, berriz, diagnostiko hau egin du egungo egoerari erreparatuta: «Ez sistema patriarkal, arrazista eta klasista honek, ez eta sistema horretatik eratorritako instituzioek ere ez dituzte asetzen emakume eta bestelako gorputz minduen beharrak; justizia honen arrimuan, ezin da». Ez baita soilik matxismoa Egungo justizia ereduaren izaera arrazista ere kritikatu dute solasaldian. Hain justu, batik bat alderdi horri heldu diote Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Xiomara Caterine Suaza Herrerak eta Omra El Qrich Lamgharik —zehaztu dute jatorri kolonbiarreko migrantea eta Marokotik Euskal Herrira migratutako emakume baten alaba ermuarra direla, hurrenez hurren—. Mahai inguruan, gainerako solaskideek bezala, haiek ere adibideak baliatuta azaleratu dituzte justizia sistemaren gabeziak. Zehazki, Silvia izeneko emakume boliviarraren kasuari tiraka osatu dute hitzaldia. Azaldu dutenez, Silvia Poliziaren torturaren biktima da. Gainera, ustekabean atxilo eramana izan ondoan jasan zuen tortura; polizia bat etxegabe bati jazarri zitzaiola ikusi eta hura defendatzen ahalegindu eta gero. Suazak eta El Qrichek nabarmendu dutenez, bai atxiloketan, bai atxiloaldian eta baita ondoko auzibide osoan ere, bistan gelditu da justizia eta polizia instituzioen arrazismoa. Xehe esplikatu dituzte biktima horrek jasandako zenbait eraso eta bazterketa. Besteak beste, gogora ekarri dute polizia batek irain arrazistak egin zizkiola hasieratik —Suaza: «Poliziak literalki esan zion itzul zedila bere herrialde madarikatura»—, eta lau ukabilkada eman zizkiola. Horretaz gainera, zehaztu dute Silviari ez zizkiotela bermatu atxilotuek legez dauzkaten eskubideak. «Hori gutxi balitz bezala, Silviak eskatu zuenean torturaren biktimatzat har zezatela, traba mordoa izan zuen Istanbulgo Protokoloa ezarri ahal izateko», erantsi du Suazak. «Kolektibo feminista zuriei ari natzaie: emakume migranteren batek bizi duen prozesuetan haren akonpainamenduan laguntzeko eskatu dizuegun aldiro, absentzia izugarria izan da; kasik erabatekoa» XIOMARA C. SUAZA Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea Eta Silviarena adibide bat baizik ez dela azpimarratu dute hala Suazak nola Qrichek. Bestalde, azaldu dutenez, «emakume migranteen edo arrazializatuen kontrako biolentzia adierazpide mordoa» zerrendatzen ahalko lukete. Adibidez, «infantilizazioa» aipatu du Qrichek. «Askotan gertatzen da zernahi prozesu administratibo edo judizial egitekoa zarenean tuntuna bazina bezala tratatzen zaituztela. Sentitzen dute nahi bezala txoratu zaitzaketela, sentiarazten dizute ez duzula aski autonomiarik; oso mingarria da». Beste biolentzia kasu edo traba hauek ere aipatu dituzte: gizarte langileen eta abokatuen formakuntza espezializaturik eza, «auzibidean den pertsonaren errugabetasuna etengabe zalantzan jartzeko joera» eta informazio eskasia. Ohartarazpena egin du Suazak: «Eta horiek justizia sistemaren barreneko trabak dira, kanpoan ere badira, eta, bai, hau zuzeneko interpelazio bat da». Oholtzako solaskideei egin die so aurrena, publikoari begiratu dio gero, eta zera esan: «Kolektibo feminista zuriei ari natzaie: emakume migranteren baten prozesuetan haren akonpainamenduan laguntzeko eskatu dizuegun aldiro, absentzia izugarria izan da; kasik erabatekoa. Eta beste galdera batzuk ere sortzen zaizkigu: zergatik orain? Zergatik deitzen diguzue orain hitzaldiak emateko, ekitaldietarako? Zergatik orain, eta ez lehen?». Isilune txiki bat. Eta publikoaren txaloak, segidan.