IEAren arabera, 2025erako berriztagarriak izango dira argindar iturri nagusia
Hori dela eta, ia erabat, energia berriztagarrien eta nuklearraren bidez erantzungo zaio datozen hiru urteetan izango den eskariaren igoerari. Argindar iturri garbiak ari dira pixkanaka erregai fosilen lekua hartzen; horrek esan nahi du CO2 isuriak mantendu edo jaitsi egingo direla, argindar gehiago ekoiztuko den arren.
Dena den, eskariaren igoera ez da oso handia izan aurten: Ukrainako gerrak eta munduko hainbat lekutako ezohiko klima gertakariek baldintzatuta, %2 soilik igo da, pandemia aurreko urteetan baino gutxiago. Batez beste %2,4 igo zen orduan.
IEAren aurreikuspenen arabera, ordea, eskaria gogotik igotzen hasiko da aurten: %9 hiru urtean. Munduko eskariari EB Europako Batasunak duenaren neurriko beste eskari bat gehitzearen parekoa da hori. Nagusiki Txinan, Indian eta Asiako hego-ekialdean gertatuko da igoera, eta argindarraren %70 kontsumituko da eskualde horietan. Aipagarria da Txinaren kasua: munduko argindar eskariaren herena herrialde horrena izango da hiru urte barru; %5ekoa zen 1990. urtean, eta %25ekoa 2015.ean. Motelago, baina EBko eta AEBetako argindar eskariak ere etengabe jarraituko du gora.
Eta zeri esker lortuko da handitze horri erantzutea? Iturri berriztagarriei esker gehienbat, eta, neurri txikiagoan, energia nuklearrari esker. Bi horien artean aseko dute datozen hiru urteetan izango den hazkundearen %90. Datuetan: gaur egun sortzen dena baino 2.493 terawatt-ordu gehiago ekoitziko dira 2025ean, eta, IEAren arabera, energia berriztagarriei esker lortutakoak izango dira horietatik 2.450.
Hainbat herrialde hasiak dira energia nuklearra ere berriz pizten; tartean, Txina, India, Japonia eta Hego Korea. Frantziak, berriz, azken urtean arazo teknikoengatik galdutako ekoizpena berreskuratuko du. Hori dela eta, energia garbiek erregai fosilen lekua hartuko dute pixkanaka argindar sorkuntzan, eskariaren igoera asetzeko adina baino gehiago handituko baita haien ekoizpena.
Hazkunde ikusgarri horri esker gaindituko dute berriztagarriek ikatza. Gaur egun, munduan, 10.325 terawatt-ordu ekoizten dira ikatzari esker, eta, hiru urte barru, gutxi gorabehera, bere hartan eutsiko zaio horri, IEAren txostenak dioenez. Iturri berriztagarriei esker, berriz, 8.349 terawatt-ordu ekoizten dira orain, eta 10.799 izango dira 2025. urtean. Munduan ekoitziko den argindarraren %35 da. Ikatzaren bidez ekoitziko da elektrizitatearen %33, gasaren bidez %21, eta energia nuklearraren bidez %10. Eboluzioaren ideia bat egiteko: 1990 eta 2010 bitartean argindarraren %20 ekoizten zen berriztagarrien bidez.
Kutsadura
Hazkundeari energia garbien bidez erantzungo zaionez, argindarraren sektoreak orain beste karbono dioxido sortuko du datozen urteetan. Edo gutxiago, berriztagarriek eta energia nuklearrak erregai fosilen lekua hartzen badute.
Azpimarratzekoa da, ordea, iaz sekula baino gehiago kutsatu zuela argindarraren sorrerak. 2021. urtea,n %6 handitu ziren emisioak, eta 2022an, %1,3. Beraz, datozen urteetan maximo historikoetan egongo dira emisioak. IEAk dioenez, erronka da 2025. urtetik aurrera joera hori beheranzkoa izatea. Horretarako gakoak bi dira, agentziaren iritziz: «Bezeroen eskariaren malgutasuna» areagotzea, eta biltegiratzeko gaitasuna handitzea.
Horrela izango da Belateko tunel berria 95 milioiko inbertsioarekin

Horrela izango da Belateko tunel berria 95 milioiko inbertsioarekin
Saltoki txikien mehatxu eta ahuleziak, indargune eta aukeren aurrean:…

Saltoki txikien mehatxu eta ahuleziak, indargune eta aukeren aurrean: zer nagusituko da? Denda txikien salmentak % 2,9 handitu dira 2022an aurreko urtekoen aldean. Gainera, txikizkako merkataritza sektorean enplegua % 1,7 hazi da Euskadi osoan.
Pentsioen erreforma bertan behera uzteko eskatu diote Macroni, eztabaida…

Pentsioen erreforma bertan behera uzteko eskatu diote Macroni, eztabaida parlamentarioa hasi berritan. Baionan, 12.000 lagun atera dira kalera, sindikatuek aho batez deituta. Deitzaileek beste manifestazio batera deitu dute larunbaterako.
Altxor-letrak, bonuak eta obligazioak: zer dira, non eros daitezke…

Errentagarritasun handiarekin ari dira saltzen Espainian altxor-letrak, bonuak eta obligazioak. Inbertitzaile txikiak trumilka mugiaraztea ekarri du horrek, Espainiako Bankuaren atarian herritarren ilara luzeak sortzeraino. Altxor Publikoa da saltzailea, eta hauek dira gakoetako batzuk.
Gipuzkoako enpresek baikor ekin diote aurtengo urteari, eta %…

Gipuzkoako enpresek baikor ekingo diote aurtengo urteari, eta % 1,5era arteko hazkundea espero dute. Erronka nagusiak: langile falta konpondu eta Europakoak ez diren merkatuetan salmentak handitzeko beharra eta marjinak berreskuratu eta lurralde lehiakorra izaten jarraitzeko beharra.
Nafarroako langile publikoak grebara deitu dituzte hilaren 15erako
Hauek dira sindikatuen aldarrikapenak: sektore publikoko pribatizazioa amaitzea eta orain arte pribatizatu dena iraultzea; gobernuak autogobernu eskumenak erabiltzea; enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea; arreta hobetzea, enplegua sortzea eta gazteak kontratatzea; eta, azkenik, prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordaintzea —soldatak igotzea, alegia—.
Soldaten igoerak garrantzia izan du greba antolatzeko orduan. Izan ere, 2022ko urtarrilean Nafarroako Gobernuak ordainsaria %2 igotzea onartu zuen. Inflazioaren urteko bilakaera ikusita, azaroan beste %1,5 igotzea onartu zuen, atzerako eraginez; beraz, osotara %3,5 gora egin zuten soldatek 2022an. Aurtengo urtarrilean, % 2,5 igo dituzte. Erosahalmenaren galera salatu dute sindikatuek. Izan ere, Nafarroak %6,4ko inflazioarekin bukatu zuen 2022. urtea.
Aldarrikapen horiek negoziatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, orain arte ez baitiote elkarrizketarako asmorik ikusi: «Mahai Orokorraren bilerara otsailaren 17rako deitzeaz gain, ezinbestekoa da gaiak sakonki lantzea», esan du Artiedak. Negoziazioetan hesi batekin topo egiten dutela salatu du.
Osasunbidearen azken asteetako egoerak sindikatuen egonezina areagotu du, eta deialdira bultzatu: «Gai ekonomikoez gainera, osasun publikoaren pribatizazioa bultzatu dute, eta gaia guztiz garrantzitsua da guretzat». Hori kontuan hartuta, ELAko Izai Bujandak «ezinbestekotzat» jo du otsailaren 15eko lanuztea: «Mobilizazio eguna garrantzitsua da, eta ekarriko diren gaiak sindikatuei eta langile publikoei interesatzen zaizkienak dira».
Egun esanguratsuak
Otsailaren 13an idatzi bat erregistratuko dute Nafarroako Funtzio Publikoaren aurrean. Greba egunean, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako jauregiaren aurrean, 11:30ean. Egun berean, 17:30ean, manifestazioa abiatuko da Iruñeko Geltokitik.
Gainera, greba baino lehen hiru batzar izanen dira 11:00etan, hiriko hainbat tokitan: otsailaren 8an, Kondestablearen jauregian; hilaren 9an, Hezkuntza Sailean; eta 10ean, Larrabide estadioko erabilera anitzeko aretoan.
«Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute»
1996an sortu zuten Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea. Garai hartan hiru bide zehaztu zituzten bazkideek egindako ekarpena berreskuratzeko: hileko errenta bidez; guztia aldi berean jasotzea, administrazio organoak ezarritako muga bateraino —6.000 euro garai hartan—; eta sistema mistoa. Baina 2001ean estatutua aldatu zuten, eta azken aukera hori ezabatu zuten.
Duela zortzi urte, 2015ean, Geroak beste behin aldatu zuen estatutua; 45.120 eurotan jarri zuten diru guztia aldi berean eskuratu ahal izateko muga. Kopuru hori gainditzen dutenek dirua soilik errenta bidez jaso dezakete —hilean 188 euro gordin—. Kopuru horretatik beherakoek, berriz, nahi izatekotan kobrantza bakarrean eskuratu dezakete euren diru guztia.
Bazkideek kasualitatez izan zuten aldaketaren berri. «Erretiroa hartu nuenean Geroara joan nintzen, urteetan egindako ekarpena berreskuratzeko. Esan zidaten nire dirua errenta bidez soilik eskuratu nezakeela, mugatik pasatzen nintzelako. Nire egoera berean zeudenekin harremanetan jarri nintzen, eta, pixkanaka, jendea batuz joan da», azaldu zuen Jose Mari Lazkanok. Plataformako kideek salatu dute inork ez ziela eman estatutuaren aldaketaren berri. «Ez zaigu informaziorik iritsi; ez Eusko Jaurlaritzatik, ez sindikatuetatik, ezta Geroatik ere», esan zuen Bittor Eskisabelek.
Txoko guztietara joan dira erantzunen bila, baina ez dituzte inon aurkitu. «Mundu guztiarekin hitz egin dugu: Jaurlaritzarekin, Geroarekin, patronalekin, sindikatuekin eta alderdi politikoekin —Voxekin izan ezik—. Guztiek gauza bera esan dute, ulertzen gaituztela, baina ezin dutela ezer egin», adierazi zuen Lazkanok. Jose Luis Zubeldiak uste du jarrera hori «ulergaitza» dela, «are gehiago, alderdi horietako batzuek erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiten dutenean».
Hain justu, euren dirua nola kudeatu erabaki ahal izatea aldarrikatzen dute Geroako kaltetuek. Bada, Zubeldiak gogora ekarri zuen orain hilabete Ulma eta Orona kooperatibetako bazkideek izan zuten batzarra: «Estatutua aldatu behar bada, abisatzea da gutxienekoa. Bozketa bat egin behar litzateke, Mondragon taldearekin egin zen bezala; enpresaz enpresa, eta, gero, ateratzen dena onartu».
Gipuzkoan bakarrik aldatu zuten estatutua; ez Bizkaian, ez Araban. Juan Mari Perez Txurdo-ren arabera, langileekin kontsultatu zuten aldaketa bi lurralde horietan, eta ezezkoa atera zen. Orain, Gipuzkoako bazkideek gauza bakarra eskatzen dute: errenta bidez ala kobrantza bakarrean, baina norberak nahi duen bezala bere dirua eskuratu ahal izatea.
Sindikatuak dituzte «etsai»
Federico Lopezek hala aitortuta, badago ulertzen ez duten zerbait, hots: «sindikatuen onespena». Berretsi zuten sindikatuak direla haien «aurkari eta etsai handienak». Egun, sindikatuetako 44 ordezkari dituzte Geroan, baina ez dute bat bera ere ezagutzen. Eskisabelen arabera, askotan galdetu die ordezkari horien inguruan, baina ez dute izen-abizenik eman. «Nik jakin behar dut nork defendatzen nauen, ezagutu nahi ditut nire ordezkariak. Iluntasun handia dago», zioen ataundarrak.
«Bozketa horien tartean sindikatuak daude, hori da larriena», esan zuen Txurdok. Plataformako kideen arabera, sindikatuek bazkideen iritzia kontuan izan gabe hartu zituzten erabakiak. Bada, salatu zuten ez zietela estatutuaren aldaketen berri eman, eta «garbi ez jokatzea, egia ez esatea eta adarra jotzea» egozten diete: «LABi, CCOOri eta tarteko beste guztiei». Harekin bat egin zuen Eskisabelek: «Trintxera bat eginda daude. Enpresariak enpresariak dira; politikariak, politikariak, baina sindikatuek horrela jokatzea… ezin sinetsita gaude».
Azken urteotan birritan bildu dira sindikatuak eta Geroako kaltetuak. Baina estatutuaren aldaketari eta 45.120 euroko mugari buruz jasotako erantzunek ez dituzte bazkideak konbentzitu. «Sindikatuek esan ziguten beren filosofia errenta dela. Erraza da hori esatea besteen diruaren inguruan ari zarenean», adierazi zuen Lazkanok. «Ez zuten uste 25 urteren ondoren bi jubilatu borrokan hasiko zirenik, atea jo eta azalpenak eskatuko zituztenik».
Osasuna, jokoan
Bi bidetan zentratu dute borroka: mobilizazioak eta protestak, batetik; eta epaiketak, bestetik. Oraingoz, izan dituzten hamabi epaiketetatik guztiak galdu dituzte: «Asufin elkartekoek hasieratik ohartarazi ziguten, esan ziguten lehenengo epaiketak galdu egingo genituela. Geroak indar handia du». Hala ere, Lazkanok uste du bide judiziala «ondo» doala; «borroka luzea da», dio.
Bada, borrokak luze joko duela aintzat hartuta, zenbait horren amaierara iritsiko ez diren beldur da Lopez. Lau urte bete ditu Geroako Kaltetuak plataformak, eta kideek nabari dute urte horien joan-etorria. «Lau urte hauetan, egunero, esnatu eta buruan dudan lehenengo gauza Geroa da. Horrekin egiten dut amets. Dugun adinarekin, lasai egoteko eskubidea dugu», dio Lazkanok. Egoerari irtenbidea aurkitu nahi diote, lehenbailehen, baina argi dute ez dutela etsiko euren dirua, nahi duten moduan, berreskuratu arte. Izan ere, diru kantitateaz harago doa kaltetuen haserrea: «Ez da bizimodua konponduko digun diru kantitate bat, hori ez da kontua. Okerrena da adarra jo digutela. Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute».
LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILASek otsailaren 15ean grebara…

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILASek otsailaren 15ean grebara deitu dituzte Nafarroako 29.000 langile publikoak