Budimirren gol batek eman dio lehen garaipena Osasunari
Sadar, Budimir eta garaipena. Ohiko konbinazioa da. Osasunak bigarren jardunaldian lortu du denboraldiko lehen garaipena, aurrelari kroaziarrak bederatzigarren minutuan egindako gol bati esker. Partida azkar jarri zaie maldan behera gorritxoei, 21. minutuan txartel gorria ikusi baitu Jose Luis Gaya Valentziako kapitainak, baina ez dute ixten asmatu. Etxeko taldearen lehen minutuak bikainak izan dira. Valentziak erdialdean elkartu ditu jokalari asko, eta horrek zuloak utzi ditu hegaletan. Gainera, presioan ere lan ona egin du Alessio Lisciren taldeak. Testuinguru horretan nabarmendu dira Osasunaren fitxaketetako bi: Victor Muñoz ezkerretik eta Valentin Rosier eskuinetik. Gola sartzeko erdiraketa frantziarrak eman dio Budimirri: Moi Gomezek bidali dio pasea hegalera, baloia irten aurretik erdiratu du Rosierrek, eta buruz bikain errematatu du aurrelariak. Epailea Gayari txartel gorria erakusten, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE Emaitza ona zen, baita sentsazioak ere; ez zegoen eroso Valentzia. Korner batean baloia urrundu du Osasunak, Gayak gaizki jo du baloia toki arriskutsuan, eta inor baino azkarrago ibili da Muñoz. Valentziako kapitainak falta argia egin dio atezainaren aurrean bakarrik geratzekoa zela, eta txartel gorria erakutsi dio epaileak. Ez du protestarik ere egin. 21. minutua zen. Itxi ezinda Hortik aurrerakoa gazi-gozoa izan da. Osasunak ez du neurketa behar bezala itxi, eta ia bi puntu galdu ditu bidean. Jokalari bat gutxiago izan arren, Valentzia osatu da zertxobait bigarren zatian, eta indarrak parekatu egin dira. Ustekabekoa 89. minutuan heldu da: Diakhabyk buruz erdiratu du, lo harrapatu du Osasunaren defentsa, eta Danjumak sareetara bidali du baloia. Zentimetro gutxi batzuengatik, ordea, jokoz kanpo zegoen aurrelaria. Arnasa hartu dute Osasunako zaleek, baina epaileari ordua eskatuz amaitu dute. Baita Liscik ere. Osasunak argialdiak izan ditu, baina baita itzaldiak ere. Garrantzitsuena, ordea, poltsikoan du: sasoiko lehen garaipena.