Txinak tasak jaitsi ditu, moteltzen ari den ekonomiari eutsi…
Txinako Herritarren Bankuak egindako jaitsiera txikia izan da, oinarrizko 10 puntukoa, %2,75eraino, urte beterako maileguentzako interes tasetan. Eta ustekabean harrapatu du jende asko; besteak beste, hiru egun lehenago horrelako jaitsierak baztertu zituelako Txinako Alderdi Komunistako Batzorde Zentralaren egunkari ofizialak.
Baina iritzia aldatu dute agintariek, ziurrenez, ikusita ekainean hainbat aldagaitan ikusitako suspertzea uztailean ezerezean gelditu dela. Atzo jakindako datuen artean, industria ekoizpenarena: uztailean %3,8ko igoera izan zuen (urte artekoa), ekaineko %3,9ko gorakadaren azpitik, eta analistek inkestetan uztailerako esperotako %4,6ko igoeraren oso behetik.
Esportazioen datuak, berriz, onak dira: %18ko urte arteko hazkundea izan dute, baina kezka hor dago, esportazioak ere apaldu egin daitezkeelako, munduko ekonomiak atzeraldian sartuz gero. Beherakada hori konpentsatuko lukeen barne kontsumoa oso ahula da orain Txinan.
Ez dira garai onenak Txinaren jardun ekonomikoarentzat, ezta txinatarren poltsikoentzat ere. Hilabete gutxi batzuk igaro dira martxoan hainbat hiritan konfinamendu zurrunak ezarri zituztenetik; besteak beste, Shanghain. Kutsaturik gabeko estrategiak produkzioan ez ezik, salmentetan ere izan du eraginik. Txikizkako merkataritza aurreikusitakoa baino gutxiago goititu da; uztailean %5eko hazkundearen esperoan, salmentek %2,7 besterik ez dute egin gora, ekainean baino 0,4 puntu gutxiago.
COVID-19ari aurre egiteko politikek ekonomiaren balazta zapaldu dute, eta Txinari abiadura hartzea kostatzen ari zaio. Ekainetik uztailera 0,1 puntu egin du behera langabeziak, %5,4ra. Ordea, 16 eta 24 urte arteko gazteen artean, tasa hori inoizko altuena da egun: %19,99koa.
Higiezinen arazoa
Txikizkako salmentek apur bat gora egin bai, baina etxebizitzenak dezente erori dira uztailean: %28,8. Martxo aldeko konfinamenduen ostean, bazirudien higiezinen sektorea berreskuratzeko bidean zela. Txinako eraikuntza enpresa handienetako baten arabera, hondoa jo ostean hobera besterik ezingo zukeen egin, nahiz eta horretarako denbora behar izan.
Goiz da aurreikuspen horiek egia diren esateko, baina etxebizitzen salmentak laurden bat baino gehiago jaitsi dira ekainetik uztailera bitartean. Hilabete horretan, ekainean baino gutxiago saldu ohi da, baina halako beherakadak erakutsi du erosleak jada ez direla fida eraikuntza enpresetaz.
Izan ere, gauza bat da etxebizitza bat erostea, eta bestea izatea. Erosle askok denbora dezente daramate itxaroten enpresa eraikitzaileek eraikinak noiz amaituko —eta, bien bitartean, berdin-berdin ordaintzen jarraitu behar dituzte bankuko maileguak—. Batzuk erabaki dute nahikoa denbora daramatela ez duten zerbaitengatik ordaintzen, eta kalera irten dira, boikot egitera.
Ekainaren amaieran ekin zieten protestei Txina hego-mendebaldeko Jiangxi probintzian. Baita zabaldu ere: hilabete baten buruan, herrialdeko ehunka lagun batu zitzaizkien. Bankuei zor dietena ez ordaintzea da horien mehatxua; Eraikuntza geratzen da eta hipoteka geratzen da!, zioten Hubei probintziako Wuhan hiriburuko protesta bateko hainbat kartelek, joan den uztailaren amaieran.
Turismoa sasoi betean da berriro
Norberak eduki ditzala bere lehentasunak: itsasoa ala mendia den hobea, kanpina hotela baino erosoagoa den, hiriko iskanbilatik ihes egiteko txoko lasairen bat behar duena, edo alderantziz. Nahi dutena nahi dutela, askok Euskal Herrian topatzen dute bilatzen dutena. Aurtengo uda sasoian ez da gutxiago izan: tenperatura ez da izan, eskerrak, gorantz egin duen bakarra; estereotipoak estereotipo, galtzeta-zuri-eta-sandaliadunen kopuruak bera egin du. Sasoi batzuk eri igaro ditu turismoak; aurten, ordea, guztiz berreskuratu eta osatu da.
Goizegi da uztaileko eta abuztuko datu orokorrak jakiteko, baina uda hasierako datuak heldu dira: Hego Euskal Herrian izan diren udatiarrak duela hiru urteko kopuruetara itzuli dira, INEren arabera. Kanpinen kasua da deigarria: 2019an baino %10,6 kanpinzale gehiago egon dira ekainean —gaitz famadun batek eragindako ohitura aldaketa edo—. Hotelek eta landetxeek bidaiari kopurua 2019kora berdindu dute, orokorrean.
IRUÑEKO HOTELAK
Hasiera «ikaragarri ona»
Solasaldia telefonoz izan bada ere, badirudi han-hemenka dituela bezero batzuk Sara Martinezek, Iruñeko Hotelen Elkarteko eta El Toro hoteleko zuzendariak (Berriobeitia, Nafarroa). Elkarrizketari ekin aurretik, gertutik pasatu zaizkion batzuk agurtu ditu; solasaldi erdian, beste bat ere bai. «Ohiko bezeroak dira; kasu egin behar zaie», dio barre artean.
Udako martxa hitz bitan laburtu du: «Ondo, ezta?». Azken sasoietan txarrera ohituta, egoerari buelta eman dio Iruñerriko turismoak. Aste Santua %90eko okupazioarekin hasi zuten hiriburuko hotelek, eta Iruñerrikoek, %80rainokoarekin. Berdintsu jarraitu dute sasoia: 2019ko datuak gainditu dituzte maiatzetik uztailera bitartean, Martinezen arabera. Hala, ulergarria da zergatik dioen urtea «ikaragarri ona» izaten ari dela. Jendea berriro mugitzen hasia da, atzerritarrak gero eta gehiago dira, ezkontzak bueltan dira, enpresen bilerak ere egin dira…
Gorantz doanak ere beherantz egin behar izaten du batzuetan; abuztuan, erritmoa apurtxo bat moteldu dela dio. Iaz, %95-98ko okupazioa izan zuten Iruñerriko hoteletan. Aurten, ez dira halako zenbakietara heldu, baina trankil: abuztua «ederki» itxiko dute.
Ederki gogoratzen du zuzendariak sanferminetan bere hotelean geratu ziren batzuekin gertatutakoa ere, zur eta lur geratzeko modukoa: «Aste horretan datorrenak badaki zertara datorren. Bada, bi gauerako batzuk etorri, eta ez zekiten sanferminak zirenik. Nafarroak eskaintzen zuenagatik etorri zirela, zuen xarmagatik. Ez nukeen inoiz imajinatuko halako zerbait». Horiek ez, gainontzeko bezeroek sobran jakingo zuten zer zen Iruñean egun horietan. Jaiei esker, «bultzada» izan du turismoak, nola ez.
Logelen okupazioa ez da guztia; prezioak ere kontuan hartu behar dira. Iaz, dezente merkatu behar izan zituzten egonaldiak, eskaririk ez zegoelako. Aurten, behintzat, prezioak lehengoratu dituzte. «Prezioak, ez errentagarritasuna. Kostuetan izandako igoera eta bizkarrean ditugun bi urtetako galerak ere kontuan hartu behar dira», gogoratu du hoteleko zuzendariak. Tamalez, Iruñerrian sei hotelek ezin izan die aurre egin pandemiari, eta itzalkinak jaitsi behar izan dituzte.
Datorrenaz galdetuta, zaila egiten zaio imajinatzea. Ez du ez pesimistegia, ez optimistegia izan nahi: «Ea bueltan zerekin egiten dugun topo. Oxala kristalezko bola bat izango banu». Oraingoz, «kontent» dira hoteletan, hein batean «jendea oraina bizitzeko irrikaz» baitago. Iraila eta urria onak izaten dira, izan oporren azken txanpagatik, izan asteburuetako bidaiengatik, izan enpresen ekitaldiengatik. Urteroko dinamika jarraituko dutela uste du Martinezek.
Urtearen hondarra, ordea, beste kontu bat dela deritzo. Negukoak, noski, hilabeterik lasaienak izaten dira; «urteko beste hilabeteetan berreskuratu behar dugu galdutakoa», azaldu du Martinezek. «Unean uneko koiuntura ekonomikoak zuzenean eragiten digu; sentikorrak gara». Ekonomiari, enpresei, familiei zer gertatu, «atzetik» doaz hotelak.
A. BERRI LANDETXEA
Dena gertu izatea
Getarian (Gipuzkoa), herritik gorantz doan bidea hartu, eta kurbaz jositako bidean ibili ostean, Meaga auzora irits daiteke. Bertan da A. Berri landetxea. «Kanpotik etortzen den jendeak esaten dit: ‘Errepide honetan ibili behar gara kotxez?’». Maria Jesus Arangurenek bere bezeroei harrera egitean entzuten dituen hitzak dira. «Inguru honetatik ez da kasik inor ibiltzen. Gero konturatzen dira di-da batean iristen direla hona». Landetxera oporrak pasatzera joaten direnak ezin dira kexu izan: Getariako herrigunetik igo bezain laster, mahasti ugari daude bide bazterretan. Behin baino gehiagotan bista ere ezkerrerantz joaten da bakarrik, itsasorantz. A. Berri, ordea, mendi artean geratzen da, jendetzatik urrun.
Horixe bera eskatzen eta eskertzen dute udatiarrek: lasaitasuna. Familian zein lagunartean, deskonektatzera doaz astebete inguru. «Zalaparta eta mugimendua nahi izatekotan, Zarautz bost minutura daukazu; Donostia ere bertan dago». Kanpotik etorri ohi dira landetxeko bezero gehienak; asko, Kataluniatik, Valentziatik, Madriletik, Murtziatik… Mordoak sei ordu inguruko bidaia egiten du Getariara iristeko, eta Euskal Herrian txokoz txoko mugitzea ez da eragozpena. «Harrituta geratzen dira. ‘Bilbora arte zenbateko bidea dago?’. Ordubete besterik ez», erantzuten die askotan Arangurenek.
Izan ere, Euskal Herria «txikia eta polita da; hurrean dago dena». Elkarrizketaren egunean, landetxean ziren udatiar batzuk eguna pasatzen ari ziren: Hondarribian hasi, Donibane Lohizunetik igaro, eta Miarritzeraino heldu ziren. Jabeak ez die gutxitan azaldu behar izan turistei zeintzuk diren galdu ezin dituzten Euskal Herriko txokoak.
Erritmo inbidiagarriarekin ekin zioten A. Berrin denboraldiari: Aste Santua, ondorengo asteburuak, maiatzekoak eta ekaina. «Eta, orain, uztailean eta abuztuan, betikoa: beteta». Arazorik ez dute izan, landetxeko bi etxebizitzen erreserbak gainezka izateko. Uztail amaieran herbeheretar batzuk izan ziren bertan. Gabonen aurretik ate joka ziren; «kristoren interesa zuten». Errege egun ostean kasu egiteko esan, eta jarraian bidali zuten posta elektronikoa. «Etorri egin nahi zutela, etorri egin nahi zutela. Etortzeko esan beharko!», azaldu du landetxekoak.
Gertuagotik edo urrunagotik etorri, bada denak mugiarazten dituen pisuzko arrazoi bat, Arangurenen ustez: klima. «Hor beheko berotik ihesi» etortzen dira asko. «’Ea lo egiteko freskura apur bat baden’, esaten didate. Uda honetako eguraldiarekin, ez dakit, ba!». Uztaileko bero sapa bete-betean landetxean izan ziren valentziar batzuei gertatutakoa gogoratu du Arangurenek. «Heldu ziren, eta batek: ‘Jo, Maria Jesus, jertse potoloa ekarri dut, txaketa bat eta galtza luzeak’. Erantzun nion ea zer pentsatzen zuen, hemen goian ere berorik ez al zuen egiten edo!».
Uda amaituz joan heinean, kanpotik gero eta jende gutxiago joango da A. Berrira. Iraileko lehen bi asteak beteta dituzte, eta, hortik aurrera, lasaituz joango da kontua; jendea lanera itzuliko da, eta umeak, eskolara. «Gero zer gertatuko den? Gehienbat asteburuetan etortzen da jendea». Kanpotarrak baino, euskal herritarrak gehiago mugitzen dira behin udazkena heltzean, gertutasunagatik.
Urtea ondo hasi dute, eta ondo joan da orain arte, baina zalantzak ditu nola amaituko duten: «Udazken txarra izango omen dugu. Prezioen gorakada horrekin… Denean eragiten badu, hemen ere bai». Jendeak, ordea, badu udazken aldera mugitzeko ohitura. Pandemiaren eraginez, gutxitu egin da jendearen joan-etorria, baina «orain irteteko gogoa du, eta horretarako daude landetxeak: etor daitezen».
ARTAZAKO KANPINA
Naturaguneak, «altxorrak»
«Jendeak espazio irekiak baloratzen ditu orain; okupazio aldetik, pandemiak igoera nabarmena ekarri du kanpinontzat». Joseba Ossa Artaza-Urederra kanpineko jabekideak begi onez ikusten du azken urte gutxiotan turismoak izan duen aldaketa. Orain, naturaguneak inoiz baino gehiago estimatzen dira. Pandemiak eragindako joera ez da aldatu gaurdaino, Ossaren arabera: «Jarraitu egin du, eta aurten ondo hasi dugu urtea, inoizko okupaziorik handienarekin».
Aste Santutik hasiera bikaina izan badute ere, udako hilabeteetan ez dira iritsi iazko kopuruetara. «Bereziki autokarabanekin eta furgonetekin nabaritu dugu hori. Errezeloa dugu erregaien garestitzeengatik izan ote den. Bestela, bungalowak-eta beteta ditugu», erantsi du jabekideak.
Kanpinetik gertu badute «altxor» bat: Urederra ibaiaren iturburua. Naturguneak kanpinera erakartzen ditu «argazki bila datozen turistak». Kanpotik etortzen direnek egiten dute hori gehienbat: egun bat Artaza inguruan, bestea Gaztelugatxen, hurrena Hondarribian… «Paradisu bezala saltzen dute, Nafarroako Karibea», eta horrek arreta ematen die udatiarrei.
Alde horretatik, euskal herritarrek ingurua «gehiago baloratzen dute, eta denbora gehiago hartzen»: Urbasa, Andia, Loki, Lizarraldea… Egun batzuk behar izaten dira horiek bisitatzeko.
Horiexek dira kanpinera gehien joan ohi direnak; gero, katalanak eta madrildarrak. Herbehereetatik ere asko izaten dira uda aldean, baita Frantziatik eta Alemaniatik ere. Ossak kontatu duenez, herbeheretar ugari «auto garestietan» joaten dira, baina kanpinetan lo egiteko arazorik ez dute. Euskal herritarrak, katalanak eta espainiarrak, berriz, «aberats berrien modura» heltzen dira kanpinera; nahiago izaten dute gaua autokarabanetan edo bungalowetan pasatu.
Enperadore modernoa
Bezosek ez zuen Internet asmatu, eta haren ekarpenak ez zirudien, itxura batean, hain berritzailea: 1994an, liburuak Internet bidez erosteko denda bat sortu zuen, MacKenzie Scott emazte idazlearekin batera. Denda fisiko baten kostuak ez izateak —eta liburuak batzuetan kostu azpiko prezioetan saltzeak— abantaila bat eman zion Amazoni, eta haren arrakastaren lehen biktimak liburu dendak izan ziren.
Baina liburuen merkatua txiki geratu zitzaion Amazoni, eta, biltegiak eta banaketa bazituenez, beste motatako produktuekin betetzen hasi zen. Gaur egun, hamabi milioi produktu eskaintzen ditu bere denda birtualean, eta 353 milioi, berriz, marketplace-aren bidez; hau da, Internet bidezko denda propioa ez duten milaka denda txiki eta ertainen banatzaile gisa. Sektore ia guztietara hedatu denez, AEBetako Kongresuak ikerketa zabaldu du erabakitzeko Amazon monopolio bat ote den.
Handiak dira Amazonen zenbakiak: 2021ean, AEBetan egindako erosketa elektronikoen %42 egin ziren Amazonen bidez —horietatik %60 marketplace-aren bidez, eta bestea, salmenta zuzenean—. Gailu elektronikoetan, %44ko kuota du, eta %43koa jantzietan, %39koa etxerako artikuluetan, %33koa liburuetan, eta %15koa janarietan.
Ehunekoak txikiagoak dira AEBetatik kanpo, baina handitzen ari dira, ia herritar guztiengana iristen delako Amazon. Horrela, 2021ean, italiarren %90k erabili zuten Amazon, estatubatuarren %87k, indiarren %86k, eta britainiarren %85ek. Kopuru hori asko jaisten da Txinan (%17), han Alibaba baita jaun eta jabe.
Sareko erosketek gero eta pisu handiagoa dute, eta, estatistikak nahasiak diren arren, erosketen %25 ere izango dira aurki.
Amazon edonon dagoela eta erosketetarako lehen aukera dela erakusten duen beste datu bat: Internet bidez erosketa bat egin aurretik, AEBetako kontsumitzaileen %82k Amazonen prezioa begiratzen dute.
Presentzia horren ondorioz, iaz 450.000 milioi euroren salmentak egin zituen Amazonek, munduko BPGaren %0,5. Horietatik, ia 30.000 milioi irabaziak izan ziren, 2020an baino %56 gehiago.
Azken erosketa, Roomba
Berez, denda elektronikoak Amazonen irabazien zati bat baizik ez ditu ematen orain. Haren inguruan inperio bat eraikitzen aritu da Bezos azken hogei urteotan, inbertsioak egitea hobetsi baitu mozkinen banaketaren kaltetan.
Azken erosketa joan den astean bertan egin zuen Amazonek: iRobot enpresa erosi zuen, Roomba xurgagailuen egilea, ia 1.700 milioi euroren truke. Duela hiru aste 3.500 milioi askatu zituen One Medical AEBetako osasun zerbitzu pribatuen enpresa erosteko.
Inperioaren zatirik errentagarriena, ordea, ez da denda, baizik eta AWS Amazon Web Services. Plataforma informatiko hori erabiltzen dute milioika enpresa, herritar eta administraziok, beren datuak eta zerbitzuak lainoan izateagatik.
Zenbaki horiek guztiek aberats egin dute Bezos: 175.000 milioi euroren ondasunak ditu gaur egun —Euskal Herriko barne produktu gordinaren halako bi ia—. Horren zatirik handiena Amazonen akzioak dira: enpresak 1,4 bilioi euro balio ditu gaur egun burtsan, azken urtean balioaren %15 galdu arren; horren %10 da Bezosena. Haren parte hartzea txikituz joan da, zati bat dibortzioarekin, eta bestea akzioak saltzen ari delako beste proiektu batzuetan inbertitzeko, eta orain arte ahaztuxea izan duen filantropia deskubritzeko. Amazonen akzioak ez ezik, enpresaren kudeaketa zuzena ere utzi du Bezosek, joan den uztailean, Andy Jassy AWSko buruaren esku.
Sindikatuen aurka
Ikusteko dago buruzagia aldatzeak aldaketa ekartzen ote duen Amazonen lan politikan ere. Inperio handiak ez dira hitz goxoekin eta eskuzabaltasunarekin eraikitzen, eta Bezosen inperioa ere ez. Are gehiago, Bezosek bete egiten ditu enpresaburu gupidagabearen estereotipo franko.
The Everything Store liburuan, Brad Stone kazetariak ziurtatu du bere langileekin hizkera oso bortitza eta erasokorra erabiltzen duela Bezosek. «Barkatu, ergela izateko pilulak hartu behar ditut gaur, ala?»; «Alferra zara, ala inkonpetente hutsa?»; «Zergatik ari zara nire bizitza hondatzen?», eta halako esaldiak jarri dituzte Bezosen ahotan. Amazonen barne funtzionamendua ikertu dutenek nabarmendu dute elkarren arteko lehia bultzatu duela, eta horrek tentsio handia eragiten diela langileei.
Ezaguna da, gainera, Bezosek ez dituela sindikatuak maite. Europan ez du onartu beste erremediorik, legearen babesa dutelako, baina AEBetan errazagoa du bere langileen antolaketa zapuzteko. Baita lortu ere: martxoan, Bessemer herriko banaketa zentro handian (5.000 langile) galdeketa egin zuten sindikatua bultzatu nahi zuten langileek, baina galdu egin zuten. Irabazi egin zuten, ordea, Staten Islanden (New York), Joe Biden presidentearen txalo artean: «Amazon, bagatoz! Adi egon».
Soldata ez da langileen eskaera nagusia —2018an, polemika handi baten ondoren, AEBetako gutxieneko soldata federala baino gehiago ordaintzea onartu zuen—, lan erritmoa, atseden falta, eta lan osasuna baizik. Gaur egun, 1,6 milioi langile ditu Amazonek.
EAEko taxilariek uste dute 2023rako tarifak % 13 igo…

EAEko taxilariek uste dute 2023rako tarifak % 13 igo litezkeela, KPIaren gorakadaren ondorioz. Taxiaren Euskal Federazioak bilera eskatu du 2022ko irailerako Eusko Jaurlaritzarekin, tarifa horien berri izateko.
Jaurlaritzak «masiboki» bultzatu nahi du energia berriztagarria
Irailetik aurrera, neurri gehiago iragarriko ditu Madrilek, Bruselara bidali behar duen planaren barruan, Europako Batasunak zehaztutako %7ko energia kontsumo murrizketa gauzatu ahal izateko. Ordura arte, autonomia erkidegoek izango dute aukerarik beren proposamenak egiteko. Jaurlaritzak uztailaren amaieran jakinarazi zuen lanean ari zela «plan propioarekin». Zertzelada batzuk eman zituen orduan; orain, Madrilera bidaliko dituen proposamenen lehen zirriborroa aurkeztu du.
Zirriborroa, oraindik ere hainbat eragileren proposamenak biltzeko asmoa baitu: enpresenak, bereziki. Hilaren 25era arte zabalik izango du postontzia, «alde guztien ekarpenak» jasotzeko. Gero, abuztua amaitu aurretik, Madrilera bidaliko du, han kontuan har dezaten .
Oposizioko buruak, EH Bilduk, Jaurlaritzari leporatu dio «ez dagoela ez planik, ez ideiarik» aurkeztu berri duen lehen zirriborroan. Koalizio horrek adierazi duenez, egungo energia krisiak «egiturazko aldaketak eskatzen ditu, eta ez neurri kosmetikoak».
Atzo egindako aurkezpenean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu zuen Jaurlaritzaren eskakizunek hiru «oinarri» dituztela: administrazioak, enpresak eta erabiltzaile partikularrak. Haren ustez, energia aurreztea eta berriztagarrien kontsumoa areagotzea izan behar du xedea, baina neurriak betetzen ez dituztenak zigortzearen aurka azaldu da.
ADMINISTRAZIOAK
Tapiaren arabera, hiru herrialdeetako administrazioek «nahitaezko konpromiso boluntarioa» erakutsi beharko lukete energia aurrezteko helburuarekin: eraikin publikoetako argiztapenean, tenperaturan, langileen joan-etorrietan, eta ur eta paper kontsumoan, besteak beste. Horretarako, Madrilen partetik «laguntza teknikoa beharrezkoa eta ezinbestekoa» izango dela uste du, batez ere herri txikietan eta tokiko eragileen artean, izan ditzaketen «zailtasunak» tarteko.
INDUSTRIA ETA ENPRESAK
Tapiak azpimarratu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria sektorean eta enpresa guztietan, oro har, lan handia egin da azken hamarkadetan energia kontsumoa murrizteko, baina uste du ahaleginak «areagotu» behar direla. Jaurlaritzak legegintzaldi honetan eman dituen laguntzen laburpen bat egin du, baina ez du berririk iragarri. Adierazi du garraioaren alorrean Renove plan bat egitea aztertzen ari direla.
Madrilera igorriko dituen eskakizunen artean, berriz, bat nabarmendu du Tapiak. «Hornidura arazoak izatekotan», Jaurlaritzak zera proposatuko dio Espainiako Gobernuari: energia asko kontsumitzen duten enpresek borondatez jarduera etenez gero konpentsazio ekonomikoak jasotzeko aukera izatea.
PARTIKULARRAK
Erabiltzaile partikularrei dagokienez, sentsibilizazio kanpainak funtsezkoak direla uste du, kontsumo ohiturak hobetzeko, autokontsumoa sustatzeko, joan-etorri jasangarriagoak areagotzeko… 700.000 euro iragarri ditu horretarako.
Petrolioa, atzeraldiaren usainean
Brent upelaren prezioa amildu egin da azken asteetan. Ukrainako gerraren hasieran ia 129 dolarreraino iritsi ondoren, beheraka hasi zen, eta azken bi asteetan joera hori areagotu egin da. Uztail amaieran, %14 egin zuen behera aste bakarrean. Abuztuaren 4an, 94,38 dolarrera egon zen, eta Ukrainako gerra hasi aurretiko prezioetara bueltatu da.
Aste hasieran LPEEk esan zuen ez duela ekoizpena handituko, merkatuan petrolio gehiegi zegoela uste duelako, eta %4 egin du zuen gora prezioak. Atzokoan, baina, berriz ere %1 egin zuen behera, eta 98 dolarren inguruan gelditu zen. Eta itxura guztia du prezio horren bueltan ibiliko dela aste batzuetan. Eta merkatze hori zergatik ez da hain nabarmena gasolindegietan? Besteak beste, prezio jaitsieren eragina ez delako berehalakoa izaten, eta euroak indarra galdu duelako dolarrarekiko. Ekainaren 7an, dolarra 1,07 euroan zegoen, eta, atzo, 0,98ra zegoen. Ia %10eko balio galera izan zuen, eta horrek eragin handia du petrolioa erosteko garaian.
Atzeraldiak baliteke kontsumo jaitsiera bat eragitea, eta, horri aurre egiteko, litekeena da petrolio eskaria jaistea. Eskaria, bai; baina eskaintza, ez, oraingoz, Ukrainako gerrak ez baitio eragin Errusiak egunero merkaturatzen duen petrolio kopuruari —ekoizpen osoaren %12,2—. Uztailean sei milioi upel esportatu zituen egunean. Gerrak ez dio kopuruari eragin; bai, aldiz, bezeroei. Orain AEBetara ez du esportatzen, eta %30 gutxiago Europari, baina hutsune horiek Indiako eta Txinako eskariekin bete ditu.
Errusia, baina, ez da jarioa bermatu duen herrialde bakarra. AEBek erreserba estrategikoen zatia askatu dute, eta egunean milioi bat upel gehiago merkaturatu dituzte. Horri Libiaren ekoizpen erregularra gehitu behar zaio. Azken hilabeteetan egunero 1,2 upel merkaturatzearen batezbestekoari eutsi dio. LPEEk aste hasieran esan zuen egunean 100.000 upel gutxiago ekoitziko zituela egunean, baina oso kopuru txikia da eragina izateko. Beraz, ekuazioa erraza da, eskaintza bera izanik eta balizko eskaera txikiagoa batekin, ulertzekoa da prezioa jaistea.
2023an, berriz gora
Eta zenbat iraungo du joera horrek? Ba, zaila da aurreratzen, azken hilabeteetan petrolioaren prezioak erregulartasun gabezia agerikoa izan delako. Esaterako, LPEEek hurrengo urterako bere iragarpenak mantendu ditu. Hurrengo hiru hilabeteetan petrolio gehiegi merkaturatuko dela uste du, baina 2023an aurten baino %3 gehiago kontsumituko dela iragarri du. Hurrengo urtean 102,72 milioi upel ekoitziko ditu egunean —egun 99,9 ekoizten ditu—. Igoera esanguratsuak espero ditu Txinan, Indian eta Errusian, eta leunagoak AEBetan eta Europan. Alde horretatik, petrolio ekoizleen elkarteak iragarri du mundu mailan ekonomia «modu osasuntsuan» haziko dela
Bestalde, eta eskariarekin lotuta, Sinopec Txinako petrolio konpainia nazionalak jakinarazi duenez, putzu erraldoi bat aurkitu du Xinjiango (Txina) probintzian. 1.700 milioi petrolio tona leudeke bertan, herrialdearen bi urtetako beharra asetzeko adina. Txinaren faktorea oso garrantzitsua da merkatuan, atzerriko petrolioarekiko menpekotasun handia duelako. Munduko petrolioaren %4,4 ekoizten du, eta %16,6 kontsumitu. Azken urteetan Sinopecek akordioak sinatu ditu Afrikako hainbat herrialderekin bertan oliobideak eraiki eta kudeatzeko.
Industria energia berriztagarriak “modu masiboan” erabiltzen hastea nahi du…

Eusko Jaurlaritzak gaur, 2022ko abuztuaren 12an, aurkeztu du bere Kontingentzia Energetikorako Plana. Erakundeei, enpresei eta herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eta energia aurrezteko jarduteko proposamenak bildu ditu Jaurlaritzak egitasmoan, eta ekarpenak egiteko epea zabalduko du.
EAEko aireportuek pandemia baino lehenagoko datuak gainditu dituzte, bidaiarien…

Euskadiko aireportuen balantzea 2022ko uztailean. Zenbat bidaiari izan diren Bilboko, Donostiako eta Gasteizko aireportuetan 2022ko uztailean.
Riberak ziurtatu du zortzi hilabeteren buruan egon daitekeela martxan…

Trantsizio Ekologikoko ministroak onartu du MidCat eraikitzeko “inbertsio oso handia” egin beharko dela, eta defendatu du beharrezkoa dela azpiegitura hori 30 eta 50 urte arteko bizitzarako planteatzea.