Egiturazko auzi bat
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iragarri dituzten deialdi berezien bidez —behin bakarrik egingo dituzte— beste 14.000 langile gehituko dituzte multzo horretara. Egun dauden behin-behinekoen %25 baino ez, sindikatuen arabera. Horrekin batera oposizio libre gehiago iragarri dituzte, baina azken urteetan eskaini dituzten lanpostuen kopuruei erreparatuta, aurreikus daiteke datozen urteetan erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko baino ez direla izango. Horiek hala, arriskua egon daiteke egun dauden hiru lanpostu publikotik bat desagertzeko 2024an. Eta datua izugarria litzateke, horrela nekez erantzun ahalko zaiolako hezkuntzaren arloan, osasunarenean eta beste batzuetan egongo diren beharrei.
Lanpostuak egonkortzeko orduan gobernuek uzkur jokatu ohi dute, puztutako administrazio batek kostu handia dakarrelako. Horregatik unean-uneko beharrak behin-behineko langileekin bete dituzte. Baina gehienek egoera horretan hamar urte baino gehiago egin izanak erakusten du beharrak egiturazkoak direla.
Iceta legeak behin-behinekotasuna mugatu nahi du, baina ez dizkio ateak ixten azken urteetako beste joera batzuei: azpikontratazioari eta pribatizazioari. Zaintzaren alorrean gertatu da: langile publikorik ez dago ia. Orain, hezkuntzaren eta osasunaren txanda izan daiteke.




