Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen migrazio politikaren kontrakoek protestei eutsi diete Los Angelesen, eta han jarraitzen dute Guardia Nazionaleko soldaduek ere, Trumpen erabakiz. Baina ez han bakarrik. Texasen Guardia Nazionala San Antoniora bidaltzeko agindu du Greg Abbot gobernadore errepublikanoak, hiri horretan gaurko deitutako protesten harira. Gobernadorearen bozeramailearen arabera, soldaduak «esperoan» daude, zer gerta ere. Goizaldean sare sozialetan idatzi duenez, «estatuan zehar» ere hedatuko ditu soldaduak, «bakea eta ordena» bermatzeko. Izan ere, datorren larunbaterako protestak antolatu dituzte 1.800 hiri eta herritan; tartean, Austin, Dallas, Houston eta San Antonio hirietan. «Protesta baketsuak legalak dira; pertsonei edo jabetzei kalte egitea, berriz, ilegala da, eta atxilotzeko arrazoia». Horrela argudiatu du Abbotek Guardia Nazionalari dei egin izana, eta ohartarazi du «tresna eta estrategia guztiak» erabiliko dituztela soldaduek. Kontuan hartu behar da larunbatean 79 urte beteko dituela Trumpek: hori eta armadaren 250. urteurrena ospatzeko, desfile militar bat egingo dute Washingtonen. Protestak egongo direla jakinda, Trumpek mehatxu egin zuen atzo: «Protestaren bat badago, indar handi bati egin beharko diote aurre». Joan den ostiralean Los Angelesen hasi ziren protestak beste hainbat hiritara hedatu dira dagoeneko; esaterako, manifestazioak egin dituzte Atlantan, New Yorken, Chigagon eta Seattlen. Etxeratze agindua Los Angelesen Los Angelesko alkate Karen Bassek etxeratze agindua ezarri du erdigunean; hiriak 1.300 kilometro koadro ditu, eta 2,5 kilometro koadroko eremu batera mugatu du. 20:00ak eta 06:00ak artean egongo da ezarria —Euskal Herrian baino bederatzi ordu gutxiago dira han—, baina ez dute zehaztu noiz arte egongo den indarrean. Los Angelesko Polizia Departamentuaren arabera, «atxiloketa masiboak» egin dituzte etxeratze agindua ezarri duten lehen gauean. Karen Bass Los Angelesko alkatea, ezkerretik hasita bigarrena, atzo, agerraldi bat egiteko pronto. ALLIDON DINNER / EFE Dena den, ez dirudi papergabeak atxilotzeko sarekaden aurka ostiraletik protestan ari direnek etxerako bidea hartu dutenik; are gutxiago aintzat hartuta epaile federal batek uko egin diola Guardia Nazionalaren hedatzea blokeatzeari, Kaliforniako gobernadore Gavin Newsomek eskatu bezala. Polizia indarren eta manifestarien arteko liskarrak izan dira azken egunetan Los Angelesen, eta, Bassek goizaldean egindako agerraldi batean nabarmendu duenez, gertatutako «bandalismo ekintzek» bultzatu dute neurria hartzera. Zehaztu du astearte goizaldean 23 denda arpilatu zituztela. Poliziak 197 pertsona atxilotu zituen atzo, eta, datu ofizialen arabera, larunbataz geroztik 377 dira guztira atxilo hartutakoak. Etxe Zuriko nagusiaren aginduz, Guardia Nazionalaren 4.000 kide inguru eta 700 marine daude hedatuta Los Angelesen. Newsomi kontsultatu gabe hartu zuen neurri hori Trumpek, eta orduan, Kaliforniako gobernadore demokratak eskatu zion epaile federal bati urgentziaz blokeatzeko AEBetako presidentearen agindua. Charles Breyer epaileak, baina, muzin egin dio eskaera betetzeari. Biharko entzunaldi batera deitu du, eta aldeek modua edukiko dute beren jarrera justifikatzeko. Eta Trumpek, bien bitartean, segitzen du bai Guardia Nazionalaren hedatzea defendatzen, bai migranteak jopuntuan jartzen. Armadaren 250. urteurrena ospatzeko, ekitaldi batean parte hartu zuen atzo gauean Fort Bragg base militarrean (Ipar Karolina). «Los Angeles munduko hiri eder eta seguruenetako bat zen lehen, eta zabortegi bihurtu da; auzo batzuk nazioarteko banden kontrolpean daude». Eta AEBetako presidentearen hitzetan, «kontrolik gabeko immigrazioak» eragiten du «kaos eta ordena gabezia» hori. Bide batez, ohartarazpen bat egin zion Europari. «Europan ere hori nozitzen ari dira; hori gertatzen ari da Europako herrialde askotan. Ez zaie gustatzen nik hau esatea, baina esango dut: hobe da zerbait egitea berandu baino lehen». 141 Zenbat lagun iritsi diren Venezuelara AEBetatik deportatuta. Venezuelako iturri ofizialek atzo jakinarazi zutenez, AEBek beste 141 venezuelar deportatu dituzte, eta atzo iritsi ziren Venezuelara. Donald Trumpek urtarrilean AEBetako presidente kargua hartu zuenetik, 5.616 venezuelar deportatu dituzte. Kalifornia da munduko zortzigarren ekonomia, eta, hango gobernadorearentzat, Trumpek berak bere ekintzekin «sutu» du Los Angeles, eta horrek bultzatu du alkatea etxeratze agindua ezarri behar izatera. Hori adierazi du goizaldean, telebista kate batean egin dioten elkarrizketan. Horrekin lotuta, administrazio zentrala estu hartzeko asmoz, Guardia Nazionalaren hedatzea justifikatzeko eskatu diote Alex Padilla eta Adam Schif Kaliforniako senatariek Pentagonoari. Trumpek AEBetako armadaren araudian jasotako lege federal bat baliatu du horretarako. Eta protestekin lotuta, hain zuzen, migranteen defentsan lan egiten duten hainbat erakundek azken orduetan esan dute ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarretako kideek 300 papergabe inguru atxilotu dituztela Los Angelesen azken egunetan egindako sarekadetan. Aintzat hartu behar da AEBetan hamahiru estatuk ez dutela kolaboratzen ICErekin, eta babesa ematen dietela papergabeei. Gaur eman duen prentsaurreko batean, Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak esan du denera 61 mexikar atxilotu dituztela Los Angelesko protestetan.
Aurrerabidearen izenean, «atzerapauso bat». Bilboko itsasadarraren azpiko autobidearen proiektua gizartearen beharren kontrakoa dela uste du Subflubiala Ez plataformak, besteak beste trafikoa handitu eta berotegi gasen isuriak areagotuko dituelako, klima larrialdi betean egin ere. Talde horrek egitasmoaren aurka antolatu duen kanpaldia aurkeztu du gaur, Leioako Artatza parkean egin duen prentsaurrekoan. Toki horretan bertan egingo dute kanpaldia asteburuan. Hain justu, autobidearen proiektuaren barruan, aurreikusia dute Artatza parkearen ondoan tunela egiteko leherketak egitea, eta plataformak adierazi du leherketak mehatxu bat direla herritarrentzat. Batetik, «bibrazio arriskutsuak» eragingo dituztelako inguruko eraikinetan, besteak beste Artatza-Romo institutuan. Bestetik, herritarren osasunari kalte egingo dielako, aireko partikulen kutsadura dela eta. Zaratak legezko mugak gaindituko dituela ere salatu dute. Plataformak gogorarazi du Artatza inguruan egin asmo ziren leherketak baztertu egin zituztela proiektuaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenean, baina aldundiak adierazpen hori moldatu egin duela gerora, eta, aldaketa horietan, hobekuntza tekniko gisa txertatu dira aurrez debekatu diren jarduera batzuk. Hala, plataformak salatu du ibilbidearen beste tarte batzuetan ere leherketa gehiago egitea proposatzen dela, «azterketa zorrotzik egin gabe». «Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera apaltzeko» SUBFLUBIALA EZ PLATAFORMA Taldeak esana duenez, enpresa sustatzailearen azterketetan aitortzen dute ibilbide osoa zulaketen bidez egin daitekeela, hau da, eragin txikiagoa sortuta. Hala, uste du arrazoi ekonomikoak daudela lehergaiak erabiltzeko erabakiaren atzean: lanak bizkortzea eta kostuak merkatzea. Aldundiari egotzi dio irizpide ekonomikoak lehenestea osasun publikoaren aurretik. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak espero du hilabete honetan onartzea autobidearen lanen proiektua. Bizkaiko oposizioko taldeek ere gaitzetsi dituzte proiektuaren azken aldaketak. Joan den astean, aldundiari eskatu zioten ingurumen eraginari buruzko beste adierazpen bat egiteko. Batzar Nagusietako azpiegituretarako batzordean adierazi zuten egitasmoari egin zaizkion aldaketak ezin direla txertatu adierazpenaren moldaketa huts baten bidez. Aldundian agintean diren taldeek, hau da, EAJk eta PSE-EEk eskaeraren aurka bozkatu zuten, eta, beraz, batzordeak baztertu egin zuen eskaera. Autobideak badu beste berritasunik ingurumen eraginari buruzko adierazpen moldatuan: 300 metro luzeko zubibide bat, Portugaleten, Ballonti ibaiaren ibarrean. Plataformak nabarmendu du ingurumen eraginari buruzko lehen adierazpenak baztertu egin zuela zubibide hori, ingurumenean sortuko lituzkeen kalteengatik. Plataformak salatu duenez, aldundiak «justifikaziorik gabe» gehitu du berriz proiektura, eta inguruko «azken eremu berdeak» suntsituko ditu. Subflubiala Ez taldeak gaineratu du aldaketa horiek ez direla modu gardenean egin. «Ingurumen eraginari buruzko adierazpena aldatzeko eskaera ez zaie jakinarazi kaltedun guztiei, eta, beraz, legea urratu da». Eredu zaharkitua Itsasadarraren azpiko autobidea «logika zaharkitu batekin» lotu du Subflubiala Ez taldeak: autoen joan-etorrietan ardaztutako garraio eredu batekin, eta ez pertsonen eta salgaien mugimendua ardatz duen batekin. Azterketa sakon bat egitea galdegin dio aldundiari. «Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko». Gaineratu du norabide horretan pausoak ematea ez dela aukerakoa, betebeharra baizik. «Hala ezartzen dute aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Energiaren eta Klimaren Plan Integratuaren (PNIEC) eta Europako Batasuneko jarraibideen helburuek». Plataformak nabarmendu du badirela beste eredu batzuk ezarri dituzten lurraldeak, eredugarri izan daitezkeenak. Paris jarri dute adibide, «Bilboko metropolia baino askoz ere eremu konplexuagoa». Hori dela eta, beste mugikortasun eredu baterantz jauzi egiten hasteko eskatu diete erakundeei. «Ez dago aitzakiarik». Ohartarazi dutenez, «hala egin ezean, ondorengo belaunaldiak lurralde kutsatuago, zaratatsuago eta latzago batera kondenatuko ditugu». Asteburuko kanpaldirako askotariko ekintzak prestatu dituzte. Larunbatean, azoka, kontzertuak eta umeentzako jolasak izango dira, besteak beste. Igande goizerako, berriz, Frantziako A-69 autobidearen aurkako borrokari buruzko hitzaldi bat antolatu dute. Kanpaldia eguerdian amaituko da, protesta kalejira batekin.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari onartu behar zaio —zeharka baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere— gauzak beste modu batera egiten ari dela. Gutxienez, ez ditu arazoak ukatu eta ezkutatu, Iñigo Urkulluk eta Gotzone Sagarduik egin zuten moduan. Hitzez ez du auzitan jarri Urkulluk eta Sagarduik egindakoa, baina ekintza batzuek irauli egin dute jasotako herentzia. Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuarena da horren adibide garbia. Arazoak aspaldikoak eta jakinak ziren ikusi eta konpondu nahi zituenarentzat, baina administrazioek zerbitzuak azpikontratatzen dituztenean sarritan gertatzen den bezala, azpikontratazioa aitzakia moduan erabili zuten, herritarrei esateko zerbitzuaren ardura ez zela haiena, enpresena baizik. Martinezek, ordea, bertan behera utzi zuen La Pau enpresak eskaintzen zuen zerbitzua, eta beste enpresa batzuen bidez eskaintzen hasi zen. Ausartagoa ere izan zitekeen: anbulantzia zerbitzua publiko bihur zezakeen, Nafarroako Gobernuak egin duen moduan. Osasun sistema publikoaren egoera eta herritarren kezkak eta iritziak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen osasun sistemari buruzko itun bat lortzeko prozesua. Etorkizuneko osasun sistemaren oinarriak definitzeko ariketa. Arazo bat badagoela onartzea. Ez da kasualitatea halako zerbait kolaborazio publiko-pribatuari buruzko batzordean gertatzea. Diru asko dago jokoan eta, funtsean, baita politika egiteko modu bati eustea ere Txalotzekoa da Osakidetzari buruzko gogoeta prozesu bat abiatzea. Zalantzak eta kezkak eragiten dituzte, ordea, ituna lortzeko prozesuaren metodologiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien zenbait mezuk. Prozesuaren hurrengo fasera pasatzeko aurrekoaren ondorioak onartu behar izan dira, adostasunaren izenean. Eusko Jaurlaritzak jarri ditu batzordeen dinamizatzaileak. Dinamizatzaile… batzuetan bideratzaile eta epaile. Ondorioak ez desbideratzeko. Lankidetza publiko-pribatuari buruzko batzordeko kide batzuek salatu zutenez, batzordeko dinamizatzailea batzordeko gehiengoak —sindikatuak eta ezkerreko alderdiak— onartutako iritzia urardotzen saiatu zen, Confebasken eta lankidetza publiko-pribatuaren aldekoen mesedetan. Ez da kasualitatea halako zerbait kolaborazio publiko-pribatuari buruzko batzordean gertatzea. Diru asko dago jokoan eta, funtsean, baita politika egiteko modu bati eustea ere. Eta denek dakite paperean idatzitakoak interpretatu egin daitezkeela: batzuentzat «indartzea», «modernizatzea», «kalitatea», «balio erantsia» eta «pazienteak ardatz izatea» gauza bat direla, eta besteentzat beste zerbait Desadostasunak hor dirauenez, Eusko Jaurlaritzak alperra pasatu nahi du: batzordean gailendu den iritzia onartu beharrean, proposamen «integratzaile» bat aurkeztu die, aztertzeko. Umetan, jolasean, jostailuaren jabeak egin ohi zuen moduan, arauak eta erabakiak baldintzatu nahi ditu. Akordioak, berez, ez dira onak. Adostasuna lortzeak ez du esan nahi aurrera egiten denik edo neurri anbiziotsuak indarrean jartzen direnik. Sarritan adostasunaren izenean multiplo komun txikiena hitzartzen baita, eta posible da txikiena txikiegia ere izatea. Osasun itunaren aldeko prozesuak fase bat amaituko du ekainean. Osasun sistemaren oinarriak definituko dituzte. Paperean. Eta denek dakite paperean idatzitakoak interpretatu egin daitezkeela: batzuentzat «indartzea», «modernizatzea», «kalitatea», «balio erantsia» eta «pazienteak ardatz izatea» gauza bat direla, eta besteentzat beste zerbait. Hori hasieratik zekiten, denek. Prozesuan parte hartu dutenek, Eusko Jaurlaritzak batez ere, kontsekuenteak izan beharko dute: ondorioak erabaki bihurtu beharko dituzte, eta erabakiak, diru eta baliabide. Kontsekuente izan beharko dute baldin eta benetan Osakidetza indarberritu nahi badute eta prozesuaren helburua ez bada izan hasieratik pentsatuta zeuzkaten premisa batzuk ondorio bihurtzea, eragileen konplizitatearekin.
Langileak greban daude martxoaren 26az geroztik, eta enpresaren eta sindikatuen artean beste bilera bat egin ondoren, ez da adostasunik izan eta hiriko berdeguneek mantentze lanik gabe jarraituko dute.
Mobilizazio eguna dute ekainaren 11n Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, negoziazioaren “blokeoa” salatzeko. ELA sindikatuak egun osoko greba egitera deitu ditu langileak, LABek lau orduko lanuztea deitu duen bitartean. Halaber, bakoitzak bere aldetik, manifestazioa egingo dute, 11:00etan, Donostian.
Euskadiko Industria Plan berriak 15.900 milioi mobilizatuko ditu, kalitatezko enplegua sortzeko asmoz. Euskal industria bultzatzeko baliabide publiko-pribatuak % 50 haziko dira, baina laguntza programak erdira murriztuko dira.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Kalifornian migratzaileen kontra abiarazitako sarekadek ez dute etenik, ezta horien kontra herritarrek egindako protestek ere. Eta, hori ikusita, badirudi sua are gehiago hauspotzea dela Donald Trump presidentearen estrategia: beste 2.000 soldadu bidali ditu Los Angelesera, eta, orotara, 5.000 inguru dabiltza Kaliforniako hirian protestak amatatu nahian. Gehienak Guardia Nazionaleko kideak dira, baina 700 marine ere igorri ditu Trumpek, Kaliforniako agintarien iritziari muzin eginda. Trumpek, ordea, ez du nahi soldaduak handik joatea. Bulego obalean egin duen agerraldi batean, mehatxu egin du Matxinada Legea aplikatuko duela, haren arabera, «balitekeelako» bart gaueko protestak «matxinada bat» izatea. Eta, hala balitz, «seguruenik» lege hori martxan jarriko lukeela esan du Etxe Zuriko maizterrak. Horrek bide emango lioke AEBetako armadako soldaduak Los Angelesera bidaltzeko protestak amaitzeko xedez, inori baimenik eskatu gabe. Izan ere, larunbatean, dekretu bidez agindu zuen Trumpek lehenbiziko 2.000 soldadu bidaltzea, betiere Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteak eta gobernuko langileak eta egoitzak babesteko; Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak «legez kontrakotzat» jo zuen soldaduak bidaltzea. Atzo protestak izan ziren berriro Los Angeles hirian, Gobernuaren migrazio politikak eta migratzaileen kontrako sarekadak salatzeko. Protesta gehienak baketsuak izan ziren, nahiz eta zenbaitetan Trumpen aldekoak agertu manifestariei buru egitera. Hiriko erdigunea zeharkatu zuen manifestazioa izan zen jendetsuena; iluntzean, mobilizazioa amaitu eta gero, Polizia jazarri zitzaien kalean gelditzen ziren manifestariei. Los Angelesen gertatzen ari denak lotura zuzena du Trumpek ezarri nahi dituen migrazio politikekin; baina, adituen arabera, AEBetako presidentearen herrarekin eta asmo pertsonalekin ere badu zerikusia. Izan ere, historikoki Kalifornia demokraten gotorleku izan da aspaldi luzean; Los Angelesko alkate Karen Bass eta Kaliforniako gobernadore Gavin Newsom demokratak dira, eta azken horrekin Trumpek liskar eta tirabira handiak izan ditu. Horregatik, askok uste dute Trumpek bere arerio demokratei jotako erronka ere badela migratzaileak atxilotu eta tropak bidaltzeko erabakia. Newsomek ez du begi onez ikusi Etxe Zuriaren neurria: haren iritziz, «zuhurtziarik gabea» eta «alferrikakoa» da tropa gehiago bidaltzea, eta afera ez da «segurtasun publikoari» buruzkoa: «Presidentearen egoa lausengatzeko ahalegina baizik». Hain zuzen, Newsomek urgentziazko mozio bat aurkeztu du gaur estatuko epaitegi federalean, Guardia Nazionaleko kideek eta marineek Los Angeles utz dezaten. «Trump estatubatuarren kontra jartzen ari da AEBetako armada», idatzi du Newsomek gaur sare sozialetan: «Epaitegiek berehala blokeatu behar dituzte ekintza ilegal horiek». Salaketa Trumpen kontra Newsomek behin eta berriro kritikatu du soldaduak Los Angelesera bidali izana, eta badirudi Kaliforniako agintari demokratek erabaki dutela adierazpen hutsetan ez gelditzea. Kaliforniako fiskal Rob Bontak iragarri du salaketa jarriko duela Trumpen kontra, tropak bidaltzeko erabakiari «legez kanpokoa» iritzita. Haren ustez, Trumpek «gehiegikeriaz» erabili zuen gobernu federalaren agintea erabaki hori hartzeko, eta AEBetako konstituzioa urratu egin zuen. Kaliforniako agintari demokraten adierazpen eta iragarpenek, ordea, ez dute Trump kikildu, eta Newsomen aurka abiarazi duen norgehiagoka horretan, orain arte ikusi gabeko urrats bat egiteko aukera iradoki du. Asteburuan, Newsomek AEBetako migrazio politiketako arduradun Tom Homanekin izandako ika-mikan, Kaliforniako gobernadoreak erronka jo zion, eta bera ere atxilotzeko poliziak bidaliko ote zituen galdetu. Enbidoari hordagoarekin erantzun dio Trumpek: «Nik atxilotu egingo nuke», esan die kazetariei, Etxe Zurian egindako agerraldi batean. AEBetako politikan, orain arte, presidente batek inoiz ez du estatu bateko gobernadorea atxilotzeko mehatxu egin. AEBetan behin baino gehiagotan erabili dute armada protestak eta istiluak isilarazteko, baina, normalean, tokian tokiko agintariek eskatzen diote gobernu federalari neurri hori har dezan. Gobernu federalak tokiko agintarien iritziaren kontra tropak bidaltzea, ordea, ez da hain ohikoa, eta duela 60 urte gertatu zen azkeneko aldiz. Izan ere, 1965eko martxoan, Lyndon B. Johnson presidenteak Guardia Nazionala bidali zuen Alabamara, estatuko gobernadore George Wallaceren iritziaren kontra.
Euskal Editoreen Elkarteak haren Kataluniako, Valentziako eta Galiziako homologoak hartu ditu Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan: AELLC Katalan Editoreen Elkartea, AEPV Valentziako Argitaletxeen Elkartea eta AGE Galiziako Editoreen Elkartea, hurrenez hurren. Agerian jarri ostean katalanak, euskarak eta galegoak zer-nolako desoreka pairatzen duten gaztelaniarekin konparatuz, hiru hizkuntza horietako irakurketa eta liburu erosketa sustatzeko ideiak proposatu dituzte Editoreen Galeusca biltzarrean. Liburuaren eta Irakurketaren Kataluniako Plana izan dute etsenplu. Lurralde bakoitzaren egoerari begiratzea izan da biltzarreko lehen lana. Joan Mari Larrartek, EEEren izenean, ahotan hartu du ELEN Europako lurralde hizkuntzen aldeko nazioarteko erakundeak aho batez onartutako ebazpena, euskal hiztunen «larrialdia» nabarmentzeko. Erabilera sozialaren ahulezia aipatu du, besteak beste: «Egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak hiztunen %17,5 baino ez dira». Euskararen hizkuntz komunitatearen estatusari lotu zaio gero, bai eta hizkuntzaren ofizialtasunaren ukazioari eta normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialari ere. AELLC elkarteko kide Anna Sagristak katalanaren indarguneak azaldu ditu; besteak beste, «ekonomian eta lan munduan daukan eragina» eta « bai literaturan, antzerkian eta irratian bai tokiko komunikabideetan duen presentzia zabala». Ahulguneen artean, Sagristak hauek aipatu ditu: inguru sozial, profesional eta geografiko batzuetan presentzia aski murritza izatea eta nerabe askok katalanarekin duten harreman bakarra eskola eremukoa izatea. Esan du, gainera, azken hogei urteetan jaitsi egin dela katalanaren erabilera: %48,5ekoa zen 2003an, eta %41,8koa 2018an. Osasungintzan eta merkataritzan gertatu den atzerakada ere nabarmendu du, baita Bartzelonako egoera ere: 2022ko datuen arabera, %28,4k eusten diote katalanari, eta %62,1 gaztelaniaz aritzen dira. Elkar argitaletxeko Julen Arrizabalagak Hego Euskal Herriko zenbait datu nabarmendu ditu. Esanguratsuena salmentari dagokio: %6,9 apaldu da euskal liburuen salmenta, eta %16,7 handitu gaztelaniazkoena. AGE Galiziako Editoreen Elkartea elkarteko kide Silvia Bellok galegoaren azken urteetako amiltzea hartu du hizpide. Galegoz aritzen direnak populazioaren %16 baino ez direla azaldu du, eta gaineratu du egoera okerragoa dela idatzian, %40 ez delako galegoz irakurtzeko gai. «2003. urteaz geroztik nabarmena da galegoa ordezkatzeko joera, eta kolapsora hurbiltzen ari da», esan du Bellok, baina baikor amaitu nahi izan du hitzaldia. Galdegin du galegoari hezkuntzan eta material didaktikoetan ezarri zaizkion murrizteak bertan behera uztea, hizkuntzaren ondoriozko jazarpenik ez izateko protokoloak sortzea, justizian eta administrazioan erabiltzea, ikus-entzunezkoen sailean eta arlo sozioekonomikoan erabili ahal izateko mekanismoak sortzea eta hizkuntza eskubideen urraketari soluzioa ematea. Liburuen salmenta Elkar argitaletxeko Julen Arrizabalagak Hego Euskal Herriko zenbait datu nabarmendu ditu, 2021etik 2024ra bitarteko bilakaera kontuan hartuta. Esanguratsuena salmentari dagokio: %6,9 murriztu da euskal liburuen salmenta, eta %16,7 handitu gaztelaniazkoa. Valentziako Balandra Editions argitaletxeko kide Africa Ramirezek esan du bertako hizkuntzan irakurtzen duten erosleen kopurua handitu dela: «Liburu saltzaileak konturatu dira liburuak saltzen direla, ikusgarri eginez gero». Egoera politikoan jarri du arreta: «PPk eta Vox agintean daudenetik, hizkuntzaren erabilera konfliktiboa den irudipena sortu da». Editors.cat argitaletxeko Josep Lafargak Liburuaren eta Irakurketaren Kataluniako Plana hartu du hizpide. Goraipatu ditu, besteak beste, plana ontzeko erabilitako metodologia, parte hartze zabala, neurriak eta, Kultura saila ez ezik, Osasun eta Hezkuntza saila ere bertan sartu izana: «Sorkuntzarako laguntzak ematen dira, baina baita marketinerako eta sustapenerako laguntzak ere». Lafargak onuragarritzat eta «kopiatzeko modukotzat» jo du plana, hura aurrera eramateko oztopoak hainbat diren arren: besteak beste, aurrekontu falta. Galiziako, Valentziako eta Euskal Herriko editoreen elkarteek euren produkzioa ikusgarriago egitean jarri dute arreta. ZENBAIT DATU Galizian , azken hamabi hilabeteetan irakurritako azken liburua: Galegoz %6,6, Gaztelaniaz %91, 5. Valentzian, 14 urtetik beherakoen artean, %67,8k erosi dute valentzieraz idatzitako liburu bat azken 12 hilabeteetan. Katalunian, %34,5ek sarri irakurtzen dute katalanez, eta %78,3k noizbehinka. Hego Euskal Herrian, 2021etik 2024ra bitartean, gaztelerazko liburuen salmenta %16,5 handitu da, eta euskarazkoena %6,9 murriztu.
Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu berri duen honetan Iratxe Sorzabalek torturak jasan zituela, Peio Dufauk horren harira hartu du hitza gaur Frantziako Asanblean, Justizia ministroari galdegiteko zer asmo duen Sorzabalen atxilotzeko euroaginduari begira, kasua zehazki aipatu gabe. Eta erantzun laburra jaso du: «Ez dagokio gobernuari, ezta Justizia ministroari ere, dosier indibidualen esparruan aginduen ematea: botereak zatituak dira eta aginte judiziala independentea da». Bi galdera egin ditu Dufauk: lehena, Sorzabalen kasuari lotua; bigarrena, orokorragoa, torturaren joera sistemikoaz eta Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidean hartzekoak liratekeen neurriez, tortura kasuei dagokienez. Erantzun bakarra eman dio François-Noel Buffet ministroak. 2020ko abenduan, lehen aldiz, Parisko Dei Auzitegiak torturagatik bota zuen atzera Sorzabalen kontrako euroaginduetarik bat, lauren gain laugarrena; aitzineko hirurak onartu egin zituen Frantziako justiziak.