AEBek Venezuelako eta Irango ateak jo dituzte, petrolio eske
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak baieztatu dute bi gobernuetako ordezkariak asteburuan bildu zirela Caracasen, «agenda bateratu» bat adosteko, «segurtasun energetiko globalaren alde». Ez da xehetasunen berririk, baina onartu dute zehazki petrolioaz hitz egin zutela. Eta Maduro laguntzeko prest agertu da: «Petrolioaren merkatua egonkortzeko ekinaldietan parte hartuko dugu». Horren harira, esan du herrialdeak ahalmena izango lukeela bere ekoizpena eguneko hiru milioi upelera igotzeko. AEBek 2019tik ezartzen dizkioten zigorrak direla medio, eguneko 800.000 upel inguru ekoizten ditu orain.
Venezuelako Gobernuak ez du gaitzetsi Errusiaren inbasioa, baina Madurok bere azken agerraldian nabarmendu du «diplomaziaren, hitzaren eta egiaren garaia» dela, eta ezin dela egon «bakeari eragiten dion gerra baten alde».
Irango aukerari buruz, berriz, aurreko astean jakin zen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren buruak herrialde horretako goi funtzionarioekin bildu direla, 2018an ezarritako debeku batzuk etetea aztertzeko. Akordioa lortuko balitz, Iranek 4,5 milioi petrolio upel ekoitziko lituzke eguneko; orain, 2,5-3 milioi ekoitz ditzake gehienez.
Shell, barkamen eske
Shell konpainiak, berriz, iragarri du «berehala» utziko diola Errusiako petrolioa erosteari, ez dituela eperako kontratuak berrituko, eta Errusiako konpainietan dituen aktibo guztiak salduko dituela. Joan den astean petrolio erosketa bat egin eta horren harira kritikak jaso ondoren hartu du erabakia.



