2026rako EAEko aurrekontuak “neurrizko” hazkundea izango du eta funtsezko arloak indartuko ditu. EAEko kontuen lehentasunak osasuna, enplegua, hezkuntza, etxebizitza eskuratzea, segurtasuna eta zerbitzu sozialak izango dira.
200 langile inguruk protesta egin dute BSHk Eskirozen duen lantegiaren aurrean, eta zuzendariari sarrera galarazi die. Bien bitartean, langileen ordezkaritza bat Bruselan Industria komisarioarekin eta Enplegu komisarioarekin bilduta dago, enpresaren etorkizunaz hitz egiteko.
«Lotsa emango lidake familia bat kaleratzeak» oihukatuz egin dute protesta Bilboko Zurbaranbarri auzoan. Etxegabetze bat gauzatu dute han: idazkari judiziala bertaratu ez den arren, Udaltzaingoak bi haur dituen familia bat kaleratu du. Poliziak bertan protestan ari zirenei onartu die hori irregulartasun bat dela. Etxebizitzara sartu dira polizia agenteak, bertan zeuden ekintzaileak indarrez kanporatuta. Etxegabetzea eragozteko asmoz, goizetik protestan aritu dira dozenaka lagun, AZET etxebizitza sindikatuak eta auzoko zenbait eragilek deituta. Sindikatuko kideek itxaropena zuten aukera izango zutela idazkari judizialarekin negoziatu eta etxegabetzea bertan behera uzteko. Izan ere, Bizkaiko Auzitegiak ontzat jo du familia «zaurgarria» dela adierazten duen helegite bat. Idazkari judiziala 12:00etan zen heltzekoa. Azkenean, ordea, ez da bertaratu. Horrek, baina, ez ditu geldiarazi udaltzainak, eta, etxea husteko agindua zutela argudiatuta, familia etxegabetu dute. Sindikatuko kideek jarrera hori gaitzetsi dute; are, salatu dute etxea husteko era «guztiz irregularra» izan dela. «Familia zaurgarria dela adierazten duen helegite bat dugu prest, epaileek onartutakoa, gainera. Baina idazkari judiziala ez denez agertu, ez dugu aukerarik izan familiaren eskubideak defendatzeko», salatu du Peio Almagro AZET etxebizitza sindikatuko kideak. AZETeko kideek salatu dutenez, Bilboko Instrukzioko 5. Epaitegiaren jarrera «bereziki oldarkorra» izan da prozesua abiarazi zenetik. Etxegabetzeak izaten direnean, ohikoa izaten da idazkari judiziala bertaratzea, kasuaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Horrela jardun ez izanak harrabotsa eragin du etxegabetzearen aurka batu diren lagunen artean. Izan ere, 12:00etarako zegoen aurreikusia familia etxetik kanporatzea; azkenean, poliziak 13:30 inguruan hasi dira etxebizitzan sartzen. Eta, azkenean, ordubeteren buruan gauzatu dute etxegabetzea. Birtartean, bai AZETeko hainbat kide eta bai auzoko eta Bilboko dozenaka lagun protestan aritu dira. Almagrok nabarmendu du polizia «indarkeria handiz» oldartu zaiela «era baketsuan» protestan ari ziren horiei. Erakundeen laguntzarik ez Etxebizitza sindikatuak egunak zeramatzan Auroraren eta haren familiaren egoeraren berri ematen. Ekintzaileek salatu dutenez, bi ume ditu emakumeak, 2 urtekoa bata eta 3koa bestea. Familia etxean geratzeko ahaleginak egin dituzte, baina ez epaitegiek eta ez gizarte zerbitzuek ez diete jaramonik egin. Sindikatuko kideek nabarmendu dutenez, erakunde publikoekin harremanetan jarri dira azken egunetan «alternatiba bat» bilatzeko, eta «ezezko biribila» jaso dute. «Bilbon pobreen aurkako gerra bat dago, dudarik gabe», azpimarratu dute. Sindikatuko kideek azaldu dutenaren arabera, familiak sei hilabete daramatza auzoan, eta «guztiz integraturik» daude. Adibidez, jakinarazi dute haurrak datorren ikasturtean Zurbaranbarriko eskolan hastekotan direla. Gainera, AZETek adierazi duenez, emakumea indarkeria matxistaren biktima da. «Idazkari judiziala ez denez agertu, ez dugu aukerarik izan familiaren eskubideak defendatzeko» PELLO ALMAGRO AZET etxebizitza sindikatuko kidea Poliziak, hustu behar zuten etxebizitzaren aurrean, Bilbon. BERRIA Ertzaintzak errepidea itxi du goizean goiz, eta tentsioa nabarmena izan da Poliziaren eta manifestarien artean. Etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek, eta eserialdia ere bai. Ekintza hori, ordea, bertan behera utzi behar izan dute, eta lekuz mugitu dira, Ertzaintzak mehatxu egin baitie. Horiek horrela, kalearen bi aldeetan kokatu dira manifestariak, eta etxegabetzearen aurkako aldarriak oihukatzen jarraitu. Etxebizitza ez da negozioa; ez, ez, ez, kaleratzerik ez; negozioa bada, ez da eskubidea; gora erresistentzia eta antzeko leloak oihukatu dituzte bertaratutakoek. Bestelakoak ere bai: Horko horiek jendea etxegabetzen dute eta Lotsa emango lidake familia bat kaleratzeak. Azken lelo horiek ez dira polizien gogokoak izan: ertzainburu batek kargu hartu die protestan ari zirenei, eta ohartarazi «errespetu falta guztiak» bideoz grabatzen ari zirela. Kalean ez ezik, hustu duten etxean ere bazegoen jendea: hamar bat lagun. Horiek kalera irten dira Udaltzaingoa etxebizitzara sartzen hasi denean, eta atarian paratu dira, pankarta batekin. Banan-banan kendu dituzte sarreratik, arrastaka eta indarrez, inguruan zeuden auzokideek «eutsi gogor, zuekin gaude» oihukatzen zuten bitartean. Eraikineko atarian zeuden guztiak identifikatu eta kanporatu dituzte poliziek, eta gero, libre utzi. Txalo eta besarkada artean hartu dituzte protestan ari zirenek. Eraikineko sarrera libre utzi dutenean, bi udaltzain sartu dira, eta atea bota dute mazo batekin. Etxebizitzan zeudenak identifikatu eta kanporatu ostean, bukatutzat eman dute etxegabetzea. Etxegabetzea bera eta Poliziak etxea hustean gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea antolatu du AZETek: Bilboko Iturriondo plazan egingo dute, 19:00etan.
Urtebete beteko du laster Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak karguan. Hain justu, joan den urteko ekainaren 20an izan zen inbestidura saioa eta, bertan, Pradalesek esan zuen euskararen biziberritze prozesuan «herri gisa jauzi kualitatiboa» eman beharra zegoela. Urtebete beranduago, esaldi hori berretsi du lehendakariak Bilboko Azkuna zentroan egindako agerraldian. Eta iragarri du Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an, «datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala» lortzeko. Pradalesen esanetan, «euskara bidegurutze» batean dago, «beste norabide eta bultzada baten premian». Azpimarratu du azken hamarkadetan «lan andana» egin dela, baina «gizarte, komunikazio eta teknologia eraldaketek» erronka berriak sortu dituztela. Horiek horrela, ezinbestekotzat jo du erronka horiei «erantzun gaurkotuak eta egokiak» ematea: «Horren araberakoa izango da euskararen etorkizuna, neurri handi batean». Horregatik erabaki dute biltzarra egitea, 1956ko agintaldian antolatutako Munduko I. Euskal Biltzarra erreferentzia hartuta. 2027ko biltzarra, baina, bide berri baten amaiera izango da. Izan ere, ekitaldi hori lantzeko dinamika aurtengo irailean abiatuko dute, Jauzia gara lelopean. Hainbat dinamika, prozesu, ekimen, ikerketa eta eztabaidaren bitartez, «euskararen geroa» irudikatzea izango dute helburu. «Asmoa da bi urteko epean lanketa zabala eta plurala egitea, eta nazioarteko biltzar handi, heterogeneo eta esanguratsu bat eginda amaitzea», zehaztu du Pradalesek. Hainbat arlotako 270 lagun bildu dira gaurko ekitaldian, eta lehendakariak gonbidapena egin die dinamikaren parte izan daitezen. Besteak beste, erakunde publikoetako, enpresetako, komunikabideetako, sindikatuetako, osasungintzako, kultur arloko, euskaltegietako eta euskalgintzako ordezkariak elkartu dira. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi duenez, horietako askorekin bildu dira legegintzaldiaren lehenengo urte honetan: «600 eragilerekin baino gehiagorekin eseri gara, 350 erakunderekin baino gehiagorekin egon gara, eta 800 bilera baino gehiago egin ditugu». Herri erronka estrategikoa Bilera horietan, bost ardatz nagusi identifikatu dituzte: ezagutza, teknologia eta digitalizazioa, giza harremanak, lan mundua eta euskararen prestigioa. Ardatz horietan guztietan «urratsak» egin dituzten arren, Pradalesek esan du oraindik ez dela nahikoa. Hori dela eta, bertaratutakoei esan die euren «laguntza» behar dutela «aurrez aurre» duten «herri erronka estrategikoari erantzuna» emateko. Eta zera erantsi du: «Herri gisa jauzi kualitatibo bat egiteko, guztion atxikimendua eta inplikazioa behar dugu; kontsentsua behar dugu». Soziolinguistikaren begiradatik helduko diote irailean martxan jarriko duten bideari, «euskararen erronka nagusiak erabilerari eta gizartean gertatzen diren aldaketei estuki loturik baitaude». «Emaitza ezberdinak» lortzeko, Pradalesek ezinbestekotzat jo du «gauza ezberdinak» egitea. Horregatik, «lanketa arrakastatsua» izan dadin, esan du euskararen munduarekin eta euskalgintzaren egitura klasikoekin harremana ez duten sektoreak, eragileak eta norbanakoak erakarri beharra dagoela. «Herri gisa jauzi kualitatibo bat egiteko, guztion atxikimendua eta inplikazioa behar dugu; kontsentsua behar dugu» IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Lehendakariak adierazi du gobernuak bere esku dagoena egingo duela jauzia egiteko, hizkuntza politikak indartuz eta jauzirako gizarte baldintzak sortuz. Horrez gain, gogoratu du azken hilabeteotan administrazio publikoko hainbat lanpostutako hizkuntza eskakizunen aurkako hainbat epai jaso dituztela, eta horretan ere lanean ari direla, epai horiek «funtzio publikoaren egonkortasuna» zalantzan jartzen dutelako eta administrazioaren euskalduntzeko bidean «beste harri batzuk» jartzen dituztelako. Legebiltzarreko talde nagusiak «irtenbide adostuak» lortzeko lanean ari dira. «Aukerak badaude, eta dei egiten diet gaurkoan alderdiei arduraz joka dezaten eta euskara eztabaida politiko instrumentalerako erabili ez dezaten», esan du. Bestalde, Bengoetxeak esan du azken urte honetan mugarri batzuk ezarri direla. Besteak beste, adierazi du datorren ikasturtean doakoa izango dela euskarazko A2 maila lortzea, eta euskarazko hedabideentzako diru laguntzak handitu dituztela, «tokikotan azpimarra jarrita»: «Konfiantzaren aldeko apustua da, gertuko informazioaren aldekoa». Erantsi du ofizialtasuna Europako agendan ere kokatu dutela. Pradales eta Bengoetxea ez ezik, zenbait arlotako ordezkari batzuk ere igo dira oholtzara. Amaia Uribe aurkezleak bakoitzari eskatu die hitz bat aukeratzeko, euskara eta euren esparrua lotuko dituena. Janire Atxurra Lekanda eduki sortzaileak, esaterako, «beharrezkoa» hitza aukeratu du, hartzaile askok mezu bidez helarazten diotelako beharrezkoak direla horrelako edukiak euskaraz. Itziar Idiazabal Gorrotxategi hizkuntzalari, ikertzaile eta ohorezko euskaltzainak, berriz, «euskal irakaskuntza» aipatu du etorkizuneko itsasargi gisa. Eta Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidenteak «garapena» hitza aukeratu du, euskara eta enpresaren mundua lotzeko.
Israelek iragarri zuen ez ziola biderik emango Askatasunaren Flotillari Gazara heltzeko, eta mehatxua bete du: Euskal Herrian goizaldeko laurak zirenean atzeman du Israelgo armadak Greta Thunbergek eta nazioarteko beste zenbait ekintzailek Gazara laguntza humanitarioa eramateko asmoz gidatzen zuten Madleen ontzia. Askatasunaren Flotillak bere webgunean zabaldu dutenez, itsasontzia nazioarteko uretan zegoen atzeman dutenean, Gazako kostaldetik 200 kilometro ingurura; droneekin inguratu dute, eta komunikazioak blokeatu. Ondoren, militarrak ontzira igo dira, eta haren kontrola hartu dute. Erakundearen arabera, nazioarteko 11 boluntario eta kazetari bat daude Madleen ontzian. Ontzia Israelgo Ashdod hiriko portura heldu da Euskal Herrian 20:00ak zirenean, Israelgo Poliziaren arabera. Hamabi ekintzaileak beren herrialdeetara bidaliko dituztela jakinarazi du Israelgo Atzerri Ministerioak, sare sozialetan. Hori egin aurretik, ordea, Ramla hiriko atxilotze gune batera eramango dituzte hamabiak, Israel Hayom egunkariak Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroa aipatuz kaleratu duenez. Ekintzaileek sare sozialetan eman dute gertatzen ari zenaren berri. Rima Hassan LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko europarlamentaria da ontzian zihoazenetako bat. Israelgo armadak atzeman aurretik zabaldu duen azken mezuaren arabera, drone batetik likido zuri bat isuri dute ontziaren gainera. Hurrengo mezuan, Hassanen taldeak jakinarazi du kontaktua galdu dutela Europako Parlamentuko diputatuarekin. Atzeman ostean, aurretik grabaturiko bideoak zabaldu dituzte ekintzaileen sare sozialetan. Israelek bahitu dituela salatu dute guztiek, eta herritarrei eskatu diete beren herrialdeetako gobernuak estutzeko, atxilotuak askatzeko eska dezaten. Erakundeak 11 ekintzaileren bideoak zabaldu ditu; tartean daude Thunberg suediarra eta Hassan frantziar-palestinarra. Frantziako Gobernuari presio egiteko eskatu diote Reva Viardek, Pascal Maurierasek, Yanis Mhamdik eta Baptiste Andrek; Espainiakoari mintzatu zaio Sergio Toribio, Alemaniakoari Yasemin Acar, Herbehereetakoari Mark van Rennes, Turkiakoari Huseyin Suayb Ordu, eta Brasilgoari Thiago Avila. Askatasunaren Flotillak «munduko gobernuen isiltasuna» salatu du. Erakundearen webgunean kaleratu dutenez, Israelek ez zuen zigorrik jaso Conscience itsasontziari eraso egin zionean, eta horrek «adorea» ematen dio zibilen, langile humanitarioen eta nazioarteko zuzenbidearen aurka egiten jarraitzeko. Erakundearen arabera, Israelek «desobeditu» egin du Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazara laguntza humanitarioa oztoporik gabe eraman ahal izateko emandako agindua, baita nabigazio zibila babesten duen nazioarteko legedia ere. Gertakaria gaitzetsi du Turkiako Gobernuak. Israelek «nazioarteko legedia urratu» duela salatu du Turkiako Atzerri Ministerioak, ohar batean. Gaineratu duenez, Netanyahuren gobernuak «beste behin» erakutsi du «estatu terrorista» gisa jarduten duela. Iritzi berekoa da Hamas. Palestinako erakunde islamistak zabaldutako ohar baten arabera, «estatu terrorismoko ekintza bat» izan da gaurkoa. Gazako setioa «sinbolikoki» hausteko asmoa zuten ekintzaileak atzematea nazioarteko legedia urratzea dela ziurtatu du erakunde islamistak ere. Ekintzaileentzat esker hitzak izan ditu Hamasek, eta uste du horrelako ekintzek erakusten dutela Gaza «ez dagoela bakarrik». Era berean, PAN Palestinako Aginte Nazionalak ere Askatasunaren Flotillaren lana eskertu du. PANeko Atzerri Ministerioak kaleratutako komunikatu batean, ekintzaileek gazatarrei laguntzeko hartutako arriskua balioetsi dute, eta nazioarteari eskatu dio «babesa» eman diezaiela atxilotutako ekintzaileei. El País egunkariak Espainiako Atzerri Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu duenez, ministerioak bilera batera deitu du Israelgo enbaxadako diplomazialari bat, Madleen ontziaren atzematearen inguruan kexatzeko. Eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak EB Europako Batasunari exijitu dio «erantzun irmoa» eman diezaiola, sare sozialetan zabaldu duen mezu batean. Frantziak Israelen duen kontsuletxeak Tel Avivi esan dio ekintzaile frantziarrekin hitz egin nahi duela, «ondo daudela ziurtatzeko eta etxera laster itzuliko direla bermatzeko». Hala jakinarazi du Frantziako Atzerri ministro Jean Noel Barrottek, ohar batean. Maria Malmer Sternergard Suediako Atzerri ministroak gogorarazi du ministerioak ez duela gomendatzen Israelera joatea, eta Thunbergek bere «erantzukizun» pean erabaki duela abisuari kasurik ez egitea; horrela jaso du Suediako Aftonbladet egunkariak. «Ez dugu uste [Suediak Israelen duen] kontsuletxearen laguntza behar duenik», esan du Malmer Sternegardek, nahiz eta atzera ere egin duen: «Laguntza behar badu, noski, ahal dugun guztia egingo dugu». Kexatu ere egin da, Atzerri Ministerioko telefono lineak erori direlako Thunbergek Suediako Gobernuari «presio» egiteko eskatu eta gero. Urriaren 7ko bideoak ikustera behartuta Ontzia atzeman baino lehen, Israelgo itsas armadak norabidea aldatzeko agindu die ekintzaileei. Israelgo Atzerri Ministerioak sare sozialetan zabaldutako bideo batean, itsas armadako kide bat ageri da ekintzaileei ohartaraziz Gazako kostaldea «itxita» dagoela itsas nabigaziorako. Horregatik, laguntza humanitarioa banatu nahi badute Ashdodeko portura joateko agindu diete, eta handik bideratuko dutela banaketa. Geroago, ministerioak ohar bat kaleratu du esanez «celebrity-en selfietarako yatea onik» dagoela, eta Israelgo portu batera eramango dutela jakinarazi du. Ministerioak gehitu du ekintzaileak beren jatorriko herrialdeetara bidaliko dituztela, eta ontzian zeramaten laguntza «ñimiñoa» Gazara eramango dutela. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak atzo sare sozialetan iragarri zuen armadari agindu ziola Madleen ontzia Gazara iristea eragozteko neurriak hartzeko. Gaur, armada zoriondu du Gazako blokeoa haustea eragozteagatik. Eta, gaineratu duenez, itsas armadari agindu dio ekintzaileei 2023ko urriaren 7ko bideoak erakusteko: «Ikus dezaten Israel noren aurka ari den borrokan». Egun hartan, Hamaseko eta beste zenbait milizia palestinarretako kideak Israelen sartu ziren, 1.200 lagun hil zituzten, eta berrehun pertsonatik gora gatibu hartu. Horren ostean areagotu zuen Israelek Gazaren aurkako erasoaldia, eta ordutik 54.000 palestinar baino gehiago hil dituzte. Elkarretaratzea egin dute Baionan Baionan elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, eta Madleen ontziko ekintzaileak askatzeko eskatu dute. Palestinako banderak astindu bitartean, ontziko hamabien «atxiloketa ilegala» salatu dute manifestariek; honako galdera ere bota dute kartel bateko mezu batean: «Nazioarteko legea hil ote da?». Gazako genozidioa ere salatu dute gaur, baita hura geratzeko eskatu ere. Askatasunaren Flotillakoen aldeko manifestazioa, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU Laguntza jasotzeko zain zeuden HAMALAU palestinar hil dituzte gazan Gutxienez 51 palestinar hil ditu gaur Israelgo armadak Gazan. Al-Jazeera hedabidearen arabera, hamalau pertsona hil dituzte laguntza humanitarioa hartzera zihoazenean, Rafahn, zerrendako hegoaldean; laguntza hartu zain zegoen jende multzoaren aurka egin dute tiro soldaduek. Joan den astean, Gazako Gobernuak —Hamasen esku dago— Tel Avivi leporatu zion «goseak jotako herritarrak erakartzea», eta gero horiei «nahita» tiro egitea. Gobernuaren arabera, laguntza jasotzera joandako 130 palestinar baino gehiago hil dituzte azken bi asteetan, GHF Gaza Humanitarian Foundationi zerrendan laguntza humanitarioa banatzeko baimena eman ostean; GHF AEBetako militar ohiek osatzen dute, eta Blackwater talde mertzenarioaren babesa dauka. Gutxienez beste hamahiru pertsona hil dituzte Gaza hegoaldeko Khan Yunis hiriaren inguruan. Al-Jazeerak jakinarazi duenez, droneekin egin dituzte eraso horiek. Eta, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, beste hiru lagun hil dituzte Gaza Hirian. Zisjordanian, Israelgo armadak 35 palestinar hartu ditu atxilo, Tulkarem hirian egindako sarekada batean. Armadak zabaldu duen oharraren arabera, «lehergailuak egiteko materiala» atzeman dute bertan.
Alderdiek elkartasuna helarazi diete BSHko langileei, eta neurriak eskatu dituzte industria sektorean. UPNk irtenbiderik ez ematea leporatu dio Chiviteri, PSNk dio oraindik ez dela amaitu prozesua, eta EH Bilduk bide horretan jarraitzea eskatu dio.
Etxetresna fabrikatzaileak abenduaren 16an iragarri zuen Eskirotzeko lantegia ixteko asmoa zuela, eta hilabeteetako negoziazioaren ondoren, astelehen honetan jakinarazi die langileei ez duela aurreikusitako epea luzatuko.
Sexu-erasoa Beasainen (Gipuzkoa) gertatu da, goizaldean 02:30ak aldera. 20 urteko gazteak emakumea heldu eta astindu egin du baimenik gabe musu emateko asmoarekin. Ondoren, alde egin du. Jarraian, Beasaingo Udaltzaingoa eta Ertzaintza agertu dira. Hainbat lekukotasun jaso ondoren, gizona atxilotu dute, sexu-erasoa egitea egotzita. Ondoren, poliziak Oriako ertzain-etxera eraman du biktima, salaketa jartzeko. Atxilotua ere bertara eraman dute, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera. Goierriko Itaiak elkarretaratzea egin du Beasaingo plazan, arratsaldean, eta irmoki salatu du emakumeak jasandako sexu-erasoa.
Aurreko astearteko hauteskundeak Lee jae-myung ezkertiarrak irabazita, bira politikoa dator Hego Korean; demokraten itzulera. Abenduan Yoon suk-yeol kontserbadoreak gerra legea inposatzeko saiakera hondamenditsua egin ondoren, Asiako laugarren ekonomiak sei hilabete pasatu ditu krisi politikotik irten ezinda. Asteroko protesta jendetsuak, parlamentuan kargugabetzearen inguruko bi bozketa eta hainbat saiakera egin ondoren, azkenean, apirilean, Auzitegi Konstituzionalak Yoon kargugabetu zuen, eta horregatik egin dituzte aste honetan hauteskunde presidentzialak. Partaidetza normalean baino handiagoa izan da, %75 ingurukoa; azken finean, hauteskunde horiek Yoonen kargugabetzearen inguruko erreferendum moduko bat izan dira. Eta gehiengoak argi utzi du Yooni ez diola barkatzen eragin duen nahasmena. Presidente ohiaren alderdiko lider Kim Moon-sok ez du lortu Herriaren Boterea kontserbadorea agintean mantentzea: botoen %48 inguru lortu ditu, eta Leek %50,5 inguru. Emaitzak jakinda, Leek zera agindu du, besteak beste, egin dituen lehen adierazpenetan: Ipar Korearekin negoziatuko duela, penintsulara bakea ekartzeko. Azken urteotan Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko harremanak tentsioz bete dira Yoonen agintaritzapean; orain ikusteko dago Lee promesa betetzeko gai izango den. Promesa zaila Leek hauteskundeak irabazi dituen arren, DP Alderdi Demokratikoak ez du gehiengo erosoa parlamentuan, eta aldaketa ekartzea ez zaio erraza egingo. Parlamentuko oposizio kontserbadoreak saiakerak oztopatuko dizkiola espero da. Hain zuzen ere, Yoonek gerra legea deklaratzean eman zuen aitzakia nagusia izan zen batez ere Ipar Korearen mehatxuak behartuta hartu zuela erabakia; presidente ohiak ziurtatu zuen Ipar Korearen infiltrazioak zeudela parlamentuan, eta hegokorearrak babestu behar zituela. Parlamentuan oztopoak izateaz gain, kanpotik ere presio handia jasoko du bake politika aurrera eramateko, batez ere Mendebaldetik; Ameriketako Estatu Batuetatik, zehazki. Ipar Korea bizilaguna den arren, Mendebaldea aliatu estrategikoa da, eta azken urteotan elkarlan militarra eta segurtasun itunak areagotu dituzte. Nahiko ohikoa bihurtu da estatubatuarrek eta hegokorearrek elkarrekin ariketa militarrak egitea, eta Trumpek ez du ondo ikusiko arlo horretan aldaketarik, eroso baitago Asiako alde horretako ateak irekita izanda. Ipar Korea, prest? Bestalde, Leek presioei aurre eginda Kim Jong-unengana gerturatzeko saiakera egingo balu ere, ez dago argi benetako bakea lortzea posible izango den. Horretarako, Ipar Korearen borondatea ezinbestekoa da, eta azken urteotan lider iparkorearrak erakutsi du bere lehentasuna sistema politikoa bere horretan mantentzea dela, noizean behin indar erakustaldia eginez, arma nuklearren garapena baliatuz. Parlamentuan oztopoak izateaz gain, kanpotik ere presio handia jasoko du bake politika aurrera eramateko, batez ere Mendebaldetik; Ameriketako Estatu Batuetatik, zehazki. Kim Jong-unek ez du atzerapausoa erraz emango, are gehiago 2018ko eta 2019ko saiakerek huts egin ondoren. Orduan, Trumpen lehen agintaldian, eta Hego Korean Moon Jae-in demokrata agintean zela, Ipar Korea eta Hego Korea inoiz baino gertuago egon ziren azkenean benetako bakea sinatzetik. Hainbat goi bilkura egin zituzten, baita Trumpek eta Kim Jong-unek ere, Vietnamen eta Singapurren, baina azkenean ez zuten adostasuna lortu, eta bai bata eta bai bestea nazioartean kritikatu zituzten, guztia propaganda gisa erabili izanagatik. Oraingo agertokia antzekoa da berriz: Trump dago Ameriketako Estatu Batuetan, eta ikuspegi bakezalea duten demokratak Hego Korean. Ipar Koreari dagokionez, badago aldaketa bat: Errusiarengana gerturatu izana. Ukrainako gerraren harira, bi liderrek batak bestea defendatzeko ituna sinatu dute. Lee Hego Koreako presidente berria keinu bat egiten asteazkenean, karguaren zina egiteko ekitaldian. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE Hala ere, Kim Jong-unek ere deskantsua behar du. Asiako herrialde isolatuaren egoera ez da erraza. Mendebaldearen zigorrak alde batetik, pandemiaren urteak bestetik… Inoiz baino isolatuago egon da azken urteotan, eta gosetea eta halako arazoak izan dituzte. Gainera, erregimena oso itxia den arren, Piongiangek lehenago erakutsi du hitz egiteko eta negoziatzeko gai dela. Lee Jae-myungek Kim Dae-jung presidente ohiaren oinordeko ideologiko gisa ikusten du bere burua, eta hori esanguratsua da oso. Kim Dae-jung ek 1998an Eguzkiaren politika izeneko estrategia abiatu zuen Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gertutasuna bultzatzeko helburu nagusiaz. Ideologia horren arabera, bakea eraikitzeko konfiantza eraiki behar da, eta horretarako elikagaien laguntza, komunikazioa hobetzeko zubiak eta Mendebaldearekiko autonomia behar dira. Denbora beharko da, ikusteko dago.