Eusko Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu du langile…

Eusko Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu du langile publikoentzat. Neurri hori otsaileko nominan aplikatuko da, eta urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du.



Sindikatuak asaldaturik daude ikusita urtero-urtero exijitzen dituzten ikuskaritza zorrotzak ez direla nahikoak lan istripuen jario odoltsua eteteko, behar bezainbeste egiten ez direlako edo ez direlako beharko luketen bezain eraginkorrak. LAB sindikatuak aldamioekin lotutako araudiaren benetako aplikazioa jarri du miran: «Zalantza handiak sortzen zaizkigu: aldamioen araudia aldatu zenetik, babes perimetrala dutenak erabili behar dira, eta, hala ere, altuerako erorikoak behin eta berriro gertatzen ari dira. Prebentziozko arduradunaren lana guztiz desitxuratu du patronalak, Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker, eta, egiazki, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten diren ala ez segurtasunaren ikuspegitik». Egoera horrek sortzen du, LABen arabera, lan istripuetan «egun dagoen emaitza beldurgarria».
Larunbata ez da lan eguna
37 urteko eraikuntzako langile bat aldamiotik erori zen joan den larunbatean, 6. solairuko altueratik, eraikin bateko zaharberritze lanetan ari zela, Bilboko Deustun. Otsailaren 8an, berriz, beste lan istripu hilgarri bat gertatu zen eraikuntzan, Barakaldon. 62 urteko behargin bat zendu zen makina handi bat gainera erori zitzaionean.
Euskadiko CCOOk «zigor eredugarriak» eskatu ditu, eta ohartarazi du Deustuko istripua gertatu zela «laneguna ez den egun batean, Bizkaiko eraikuntzaren lan hitzarmenaren arabera». Ikerketa zorrotz bat egin dezaten nahi du CCOOk, «irregulartasunak» agerian gelditzeko, «egon badira». Halaber, Euskadiko UGTk jakinarazi du «ikerketa zorrotzena» egitea exijituko diola Osalani. CCOOk protesta bat egingo du gaur, goizeko hamaiketan, Deustuko lan istripua gertatu den eraikinaren parean, Sancho Azpeitia kalean. UGTk Bilboko bere egoitzan egingo du elkarretaratzea, eguerdian.
Gehiengo sindikalak, berriz, 11:30erako deitu du protestara, baina biharko, Botika Viejako 17.ean. LABek salatu du zailtasunak izaten ari dela istripuaren inguruko «informazio teknikoa jasotzeko». Osalanek ez dio inongo txostenik iritsarazi, sindikatuak esan duenez. Istripua larunbatez gertatu zela eta, «gehiegizko ordu eta lan kargen arriskua» nabarmendu du LABek: «Kontrolatzen al du administrazioak lan orduak errespetatzen ote diren? Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?», galdetu du sindikatu abertzaleak.
Aurreko astean, Arabako Batzar Nagusietan izan zen Emi Sanchez, eta han, federazioko bazkide ugarik «ezinegon handia» dutela azaldu zien batzarkideei. Elkarteak hamabi sektoretako 861 bazkide ditu, eta oro har lurraldeko negozioen %10 inguru ordezkatzen du. Batzar Nagusietan egin bezala, Sanchezek hasieratik BERRIAri argi utzi nahi izan dio ez daudela Ticket Bai-ren aurka. «Iruzurraren aurkako sistema bat da, eta Europan jada ezartzen ari dira. Bagenekien goizago edo beranduago etorriko zela. Gardentasunaren alde gaude, eta ez dugu inongo eragozpenik, baina hau ez da garairik hoberena inbertsio ekonomiko hori egiteko».
Inkestaren emaitzak
Haren ustez, «ez da garairik aproposena» sistema indarrean sartzeko. Bazkideen artean egindako inkesta baten emaitzak islatu du kezka hori. Galdetegia bidalitakoen artean, %30ek erantzun dute, eta horietatik %95ek epea urtebete eta 5 urte artean atzeratzeko nahia agertu dute. Halaber, %61ek oraindik ez dute aurrekonturik eskatu, eta ez dute ezagutzen horretaz arduratuko den enpresa hornitzailerik. Aurrekontua eskatua dutenen artean ere %8k soilik finantzatu dezakete inbertsio hori baliabide propioekin. «Ezjakintasun handia dago eta aurrekontua eskatu dutenen artean ere, ez dakite nola egin», laburbildu du Sanchezek.
Horren zergatiaz galdetuta, pandemiak sektore ugaritan eragindako anabasari egotzi dio errua. «Gure negozioaren iraupenak kezkatzen gaitu, eta gaur egun gure lehentasunen zerrendan azken tokian dago zein izan behar duen fakturazio sistema berria», azaldu du. Haren esanetan, ostalaritzan, esaterako, nahikoa esfortzu eskatu die murrizketen nondik norakoak ezagutu behar izateak ondoren fakturazio sistema berri baten xehetasunak ezagutzen hasteko.
Ticket Bai sistemak helburu bera badu ere, sektorez sektore hainbat aplikazio ditu, eta informazio orokorraz harago, negozioetako arduradunek zalantza ugari dituzte euren egunerokoan aplikatzeko orduan.
Fakturatzeko software aldaketak sektore guztien artean batez beste 500 euro eta 1.500 euroko kostua du, Sanchezen arabera. Ostalaritzaren kasuan, zenbait kasutan 2.000 eurotik gorakoa ere izan daiteke. «Ostalariek fakturazio programa osoak dituzte, eta inbertsio handiak egin dituzte azken urteetan. Askok ez dute oraindik amortizatua. Orain, inbertsio horrek ez die balio, eta aldaketak diru asko balio du». Diputazioak argudiatzen du luzarora sistema berriak zerga aholkularietan aurrezteko aukera emango diela enpresei; aldiz, Arabadendak federazioaren arabera, etorkizunean programa garatu eta biltegien gaineko kontrola ezartzean etor daiteke hobekuntza: «Orduan, bezeroak kontrolatu ditzakezunez, BEZa likidatu ahalko dugu, baina bitartean ez du abantailarik».
Kostu hori finantzatzeko ezarritako 200.000 laguntzak ez dira nahikoak, Sanchezen arabera. Orotara, batez beste enpresako 40-50 euro banatuko direla aipatu du, eta ohartarazi du ezarritako laguntza ez zaiela negozio guztiei iritsiko, eskaerak iristen diren ordenaren arabera banatuko delako dirua. Federazioak gaineratu du deialdi guztiok telematikoak direla, eta negozio askotako jabeak ez daudela digitalizatuta. Hori baita beste arazoa. Fakturazio sistema berriak negozioen digitalizazioa eskatuko du, eta sektore askotan ez daude oraindik prestatuta: inkestaren arabera, negozioen erdiek-edo oraindik kutxa irarleekin funtzionatzen dute.
Negozio txikien kexak entzuteko eskatu dio diputazioari Arabadendak-eko ordezkariak. Alta, salatu du orain arte eskaera horiei Itziar Gonzalez de Zuazo Finantza eta Ogasun diputatuak entzungor egin diela. Haren ustez, hiru foru lurraldeen artean epeak bateratu beharko lirateke, eta Bizkaiko epemugak trantsizio epe zabala eskaintzen duela deritzo: 2024ko urtarrilaren 1erako. Zazpi hilabete izan beharrean, bi urte.



Metalgintza sektoreko Arabako negoziazio kolektiboko azken bileretan ez da hurbilketarik izan sindikatuen eta SEA patronalaren artean. Horregatik, ugazaben «immobilismoa» salatu dute langileek gaur Gasteizen, ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako manifestazioan.
15.000 bat langileri eragiten die Arabako hitzarmenak, eta azkena 2017. urtearekin iraungi zen. Hitzarmen berrirako sindikatuek KPIren gaineko soldata igoerak, eta lan orduen murrizketa eskatu dituzte, besteak beste. SEArekin hurrengo bilera martxoaren 4an izango dute, eta patronalak jarrera aldatu ezean, sindikatuak grebara jotzeko prest agertu dira.
Zientzialarien ikerketetan oinarrituta Europak ezartzen dituen arrantza kuotak gorabehera, eragile gehienek aitortzen dute arraina badagoela euskal kostaldetik gertu, eta «asko» gainera, «duela 15-20 urteko kopuruetan», Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Zuzendaritzaren arabera. Hala ere, ontzi jabeek erretiroa hartzen dutenean nekez topatzen dute lema hartu nahi duenik. Adituen arabera, errelebo falta da arazo nagusia. Sektoreak, baina, berezitasun ugari ditu, eta, horrekin batera, aspalditik askatu gabeko hainbat korapilo.
Kostako herrietako postala erabat aldatu da azken urteetan. Portu batzuetatik desagertu egin da ia baxurako arrantza, eta ez da izan, askok uste zutenaren kontrara, alturakoaren mesederako, horretan dabiltzan barkuen kopurua ere nabarmen murriztu baita. Ondarroa (Bizkaia) da horren adibidea. Hango biztanleek datozen asteetan aurpegi ezezagun eta ez hain ezezagunak hasiko dira ikusten herriko kale eta ostatuetan. Iaz inauguratutako lonjan kanpotik eta bereziki Galiziatik etorritako baxurako barkuak hasiko dira deskargatzen, eta haiengatik ez balitz, berdelaren kostera hasi denik ere ez lukete nabarituko bertakoek. Bermeon (Bizkaia), Getarian eta Hondarribian (Gipuzkoa), berriz, bestelakoa da egoera. Baxurari eusten diote, baina hango bizilagunentzat gero eta urrutiago dago kaia, gero eta arrotzagoa zaie portuan gertatzen dena: patroiak, makinistak eta arrantzale gutxi batzuk kenduta, han dabiltzan langile gehienak kanpokoak dira, itsasoan lan egitera espresuki etorritakoak.
«Arrantzak gurean izan duen bilakaera datuetan dago, eta errealitate hori ezkutaezina da», azpimarratu du Leandro Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Azaldu du sektorea «beste berregokitze fase batean» dagoela, eta hamar urte barru ikusiko dela zein den bere benetako tamaina eta izaera. «Ontzi gutxiago izango ditugu, baina eraginkorragoak izango dira. Hori da helburua». Azken urteetako arrantzaldietako emaitzak «oso onak» izan arren, kofradiek «kezkaz» begiratzen diote etorkizunari; sektorea «ordenatu» behar dela diote. «Errentagarriagoak izateko, kudeatzeko modua ere aldatu behar da», azpimarratu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak.
Batekin zein bestearekin oso kritikoa da Leo Belaustegi arrantzale ohia eta Ondarroa 12 Milia taldeko kidea. Baxurako arrantza defendatzeko sortu zuten elkartea; Jaurlaritzari leporatzen diote «benetako planifikaziorik» ez egitea etorkizunari begira, eta kofradiei, planteatzen dutenarekin, «sektorea kanpoko ontzi jabe pribatuen eskuetan uztea» eta, horren bitartez, orain arteko enpresa eredu eta teknika tradizionalak «amaitzea».
Kuotekin bueltaka
Arrantza metodo horiek erabiltzen dituzten baxurako ontziak aste honetan ziren hastekoak berdelaren kanpainan, arraina kostara gerturatu ahala, eta inguraketa arrantza egiten dutenak, berriz, hil amaieran itsasoratuko dira. Dena ondo bidean, martxoan eta apirilean abiatuko dira antxoaren bila. Horiek dira baxuraren jarduera nagusiak, uda partean egiten duten hegaluzearen kanpainarekin batera.
Sektoreko arduradunek aitortzen dutenez, koronabirusak baldintzatu ditu azkenengo bi urteak, baina «oso onak» izan dira emaitzak. «Barku batzuek gelditu behar izan zuten, baina kasu puntualak izan ziren, batez ere antxoaren kosteran, eta diru laguntzekin-eta ondo salbatu zuten. Gainera, merkatuak ere erantzun zuen, bertako produktuak lehenetsi ziren, eta oro har prezio onean saldu zen», nabarmendu du Azkuek.
Aurtengo kanpainetarako aurreikuspenak ere onak dira. Bruselak murriztu egin ditu Kantauri itsasoan berdela eta legatza arrantzatzeko kuotak: %6,7 eta %8,2, hurrenez hurren; baina txitxarroarena %11,6 handitu du, eta antxoarena, erakundeen berrespenaren zain, berdin mantenduko dela espero dute arrantzaleek, biomasa ondo dagoelako, txosten zientifikoek baieztatu dutenez. Hegaluzearen kuotak aurki jakinaraziko ditu Europak, eta horretan ere ez dute aldaketarik aurreikusten. Ezarritako kopuruekin konforme daude; Kantauri itsasoan dabilen flota guztientzat «sobera» dagoela diote. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien arabera, arazoa ez da kuota, hori banatzeko modua baizik.
Berdelarena —txitxarroarena bezala— ontzi bakoitzeko banatzen da, eta ezarritakoa amaitzen denean, ezin dute gehiago harrapatu. Antxoarentzat —eta hegaluzearentzat—, berriz, kuota bakarra dago eremu jakin batean dabiltzan barku guztientzat, eta muga horren barruan nahi adina arrantza dezake bakoitzak. Baxuran duela hamarkada bat hasi zen ezartzen sistema hori espezie jakin batzuekin, biomasari eusteko neurri gisa, baina eztabaida askoren iturri izan da, eta da oraindik.
Eta nola banatzen dira kuotak barkuen artean? Bruselak estatuei ematen die eremu bakoitzeko bat; Espainiaren kasuan, kopuru hori banatu egiten da autonomia erkidegoen artean, eta haiek, gero, kofradien bitartez, besteak beste, bakoitzak duen flota eta harrapaketa kopuruen historikoa kontuan hartuta. Azkenik, kofradiek ontziei kuota bat ematen diete. «Duela ez asko, pentsaezina zen baxuran banakako kuotak izatea. Hori dela eta, beharrezkoa izan da gure kudeaketa politika eta enpresa kultura aldatzea», azpimarratu du Garmendiak. Azkuek ere defendatu du banaketa sistema hori. «Mugatzeak on egin die gure barkuei».
Dena den, kofradiek eskatu dute baxurako espezie guztietara zabaltzea banakako kuotak, eta, bereziki, antxoarentzat eta hegaluzearentzat. «Beharrezkoa ikusten dugu. Orain hogei urte ezin genuen imajinatu egungo egoera». Garmendiak azken urteetan gertatzen ari dena jarri du adibide modura. «Lehia batera eraman gaituzte, ea nork lehenago eta gehiago arrantzatu». Horrek eragina du deskargetan eta, beraz, prezioetan, merkeago saltzen baita. «Aste gutxitan agortzen da kuota, eta Kantauriko antxoa, adibidez, berehala desagertzen da merkatutik. Guk uste dugu Europak Kantauri itsasoan gabiltzan guztiontzat ezarritako kuotak egokiak direla guztion beharrak asetzeko, baina modu ordenatuan banatu behar dira, eta, gure ustez, banakako kuotak ezartzea da biderik egokiena».
Kofradietako arduradunak uste du baxurako ontzi bakoitzak espezie bakoitzean bere kuota propioa izango balu arazo hori eta beste batzuk konponduko liratekeela. «Barku bakoitzaren autogestioa defendatzen dugu guk, planifikatzeko eta sektorea ordenatzeko. Besteak beste, ontzi bakoitzak hobeto zehaztuko luke bere jarduna —arrantzara noiz irten eta nora—, produkzio gastuak murriztuko lituzke, lan baldintzak hobetuko lirateke, prezioen lehia saihestuko litzateke, eta kontsumoa denbora luzeagoan bermatuko». Garmendiak gogoratu duenez, azken urteetan kofradiek egindako eskaera nagusietako bat da hori, eta Jaurlaritzak haiekin bat egin badu ere, onartu du Espainiako Gobernuak duela giltza. «Erantzun baten zain gaude oraindik», dio Azkuek.
Lizentzien «negozioa»
Izan ere, interes asko eta kontrajarriak daude afera horren atzean. Kantauriko ontzidi guztiak ez dira berdinak; alde handiak daude enpresa ereduari dagokionez eta erabiltzen dituzten arrantza metodoetan. Eta sektoreaz hitz egiten denean kontuan hartu behar da atzean dauden industriak eta haien interesak: antxoa eta atun kontserben sektorearenak, esaterako. Espezie horietan banakako kuotak ezarriko balira, ontzidi batzuentzat ez litzateke aski izango, Galiziakoentzat eta Asturiaskoentzat, adibidez, baina bai Bizkaiko eta Gipuzkoakoen beharrak asetzeko. Ondarroa 12 Milia elkarteko Leo Belaustegik, hala ere, ez du horren argi ikusten. «Egia da barkuen araberako kuotak ezartzen ez badira oihanaren legearen menpe geratzen garela, baina kuotak ezarrita ere berdin-berdin gertatzen da; berdelarekin eta txitxarroarekin ikusi dugu».
Haren iritzian, «beste interes» batzuk daude banakako kuoten eskaeraren atzean, eta uste du lotura zuzena dutela errelebo faltak eragin duen arazoarekin. «Zer gertatzen da lizentziekin ontzi jabeek erretiroa hartzen dutenean? Bada, kanpoko armadoreei saltzen dizkietela, eta banakako kuota onak badituzu, gehiago irabaz dezakezu. Baina orduan beste arazo batekin egiten dugu topo: zer-nolako arrantza teknikak erabiltzen dituzte jabe berriek?».
Belaustegik gogoratu du Europako araudiak esaten duela kuoten banaketa egiteko «irizpide gardenak eta objektiboak» erabili behar direla, ekonomikoak, bai, baina baita sozialak eta ingurumenekoak ere, zeintzuek tokiko ekonomiari egindako ekarpena aintzat hartu behar duten eta ingurumenean inpaktu txikiagoa eragiten duten ontziak lehenetsi behar dituzten. «Baina hemen irizpide ekonomikoak erabiltzen dituzte gehienbat, baita gure kofradiek ere», salatu du.
Kofradiek nagusiki barku batek urteetan egindako harrapaketak hartzen ditu kontuan hari kuota bat ezartzeko. Horrek sektorearen etorkizunari begira ondorio latzak dituela azpimarratu du Belaustegik. Batetik, ezinezkoa bihurtzen duelako hutsetik ontzi bat itsasoratzea, kuota eskasa izango lukeelako eta ez litzatekeelako errentagarria izango. Beste aukera izango litzateke erretiroa hartzera doan ontzi jabearen lizentzia erostea, baina kasu horretan ere, oso zaila dela dio, gaitasun ekonomiko handiagoa duten enpresekin lehiatu behar delako. «Banakako kuoten gaia erabiltzen ari dira lizentziekin espekulatzeko. Kuotak pribatizatzen ari dira, eta gure portuetara iritsi beharko lukeen arraina galtzen».
Bi eredu aurrez aurre
Garmendiak ez du bat egiten ikuspuntu horrekin. Dena den, aitortu du Euskal Herriko bandera duten ontzi batzuen atzean kanpoko ontzi jabeak daudela, kanpoko lantaldeekin. Eta badirela, halaber, lizentzia horiek erosi ondoren horietaz baliatzen direnak arrantza eremu jakin baterako zehaztutako kuotak beste eremu batzuetakoekin aldatzeko. Hala ere, sistemaren aldekoa da. «Banaketa barkuen arabera egiten bada, lehia orekatuagoa da, eta ontziek planifikatzeko tarte handiagoa dute: badakite zenbat harrapa dezaketen, zenbat irabaz dezaketen, eta, horren arabera, aurreikus ditzakete inbertsioak, teknologian eta lan baldintzetan, adibidez».
Belaustegik zalantzak ditu horrekin. Haren ustez, kofradiek beraiek kontrolatu beharko lukete kuotekin ere zer egiten den. «Barku bakoitzari zenbat arrantzatu erabakitzeko gaitasuna emateak ez du esan nahi ordena bat egongo denik, bakoitzak nahi duena egingo duelako, arrantzan itsasoan dagoen arrain kopuruak agintzen duelako». Adibidez, haren iritzian, denek nahi dute irten gertu arraina dagoenean, produkzio kostuak txikiagoak direlako; kasu horretan ere lehia handia sortzen dela gogoratu du. «Azken urteetan ikusten ari gara garai jakin batzuetan behar baino arrain gehiago sartzen dela lonjetan eta gero ezinean dabiltzala prezio onean saltzeko. Kosteren hasieran gertatzen da bereziki; denak batera joan dira, eta berehala agortzen dituzte kuotak». Horrek, halaber, badu beste ondoriorik: ingurumenean. «Antxoa berehala hartzen dute, eta txikia gehienbat. Txosten zientifikoek diote biomasa suspertu dela, baina adin txikikoa dela. Horrela jarraituz gero, ito egingo dugu, eta duela urte batzuetako arazo berbera izango dugu [2005etik 2009ra antxoaren harrapaketa debekatu zuen Bruselak]».
Belaustegi ez dago ados kofradiek azken urteetan jarraitutako ildoarekin; haien egitekoa «berrikusi» behar dela uste du, «jatorrian zuten izaerara itzultzeko». «Kofradietara itzuli behar dira kuotak; adibidez, kofradiek beraiek lizentziak erosiz, modu horretara haiek antolatuko lukete zenbat eta noiz harrapatu, eta modu horretara bultza daiteke erreleboa. Baina lizentziekin negozioa egitea lehenetsi dute». Kofradiek «eredu kooperatibo baterantz» jo beharko luketela uste du, baina salatu du ez dagoela horretarako borondaterik, eta are gutxiago Jaurlaritzaren partetik. «Dudan jartzen dut sektoreari jarraipena eman nahi dioten. Eredu jasangarri bat genuen, baina ez dute ezer egin nahi horrek iraun dezan. Europan dena da arraste-arrantza. Hori nahi dute hemen?».
Haren ustez, baxurako arrantzaren etorkizunari buruzko eztabaida ez da soilik sektoreko arduradunen esku utzi behar; «gizarte osoari» dagokiola dio, arrantza eredu batek ala besteak askotariko eraginak dituelako, ingurumenetik hasi eta elikaduraraino, ekonomikoak eta politikoak.
Etorkizuna jokoan
Arrantza metodo tradizionalak eta enpresa eredu familiarra aldatzen ari dira; denek aitortu dute hori. Hori dela eta, azken urteetan kanpoko inbertitzaileak ugaritu egin dira. «Hori gertatzen ari da, ez da oso orokortua, baina gertatu beharko du, ez dagoelako jarraipen familiarrik», azaldu du Azkuek. Jaurlaritzarentzat, gainera, «positiboa» da. «Ulertzen ditugu beldurrak, baina guk ez dugu arazotzat jotzen. Etxekoak animatu behar ditugu, baina kanpokoak gureganatzea aukera gisa ikusten dugu, sektoreari eusteko, lehiakortasuna indartzeko eta gure lonjetan diru sarrerak uzteko». Azkueren arabera, honako hau izan beharko litzateke formula: «Kanpoko inbertsioa, bertako lidergoa». Alegia, bertakoak izatea kudeatzaileak, patroiak eta langile espezializatuak, eta kanpokoak armadoreak.
Garmendiak ere «aukera» gisa ikusten du inbertitzaileak erakartzea. «Baina daukagun arazo nagusia da barkuak erosi eta kanpora eramaten dituztela, eta, ondorioz, bertako kudeatzailerik, patroirik eta langilerik ez dutela hartzen». Haren ustez, Azkuek aipatzen duen eredua garatu ahal izateko sektorearen lema hartu nahiko luketen gazteak «lagundu» beharko lirateke; adibidez, ardura postuetarako ikasketak «sinplifikatuz» eta «baxuraren beharretara egokituz». «Praktikak egiten zaitu patroi; barkuan gaztetatik aritzeak». Aitortu du instituzioak ahaleginak egiten ari direla bide horretan, baina «motelegi» doazela. Belaustegiren iritzian, formakuntzari baino gehiago lan baldintzen hobekuntzan jarri beharko lirateke indarrak. «Bestela, nekez erakarriko dugu inor arrantzara».
Aurrera begira ere badago beste gako bat, trantsizio ekologikoarekin lotuta. «Europako baxurako flotarik modernoenetako bat dugu», nabarmendu du Azkuek, baina gogoratu du aldaketa handiak datozela, motorren alorrean bereziki —hidrogenozkoak, elektrikoak—, eta inbertsio handiak egin beharko direla. Ohartarazi du horri begira ez dela diru laguntzarik egongo Bruselaren partetik, ez behintzat 2030era arte, gutxienez. «Hamarkada honetako helburua argia da: egun dugun ontzidia berregokitu beharko dugu, eta urte horiek pasatu ondoren, geratuko dena berrituko dugu. Gutxiago izango ditugu, baina horrek eraginkorragoak egingo gaitu». Garmendia kezkatuta dago Brusela jada «muga gehiegi» jartzen ari delako, eta uste du laguntzarik gabe nekez egin ahalko diotela aurre datorrenari. Belaustegik, berriz, argi du zein den Azkueren iragarpenaren atzean dagoen asmoa: «Baxura, orain arte ulertu den moduan, desagertzen uztea».
Baxurako arrantzak garai gozoa bizi du gaur egun, emaitza ekonomikoei dagokienez behintzat, baina urte erabakigarriak ditu aurretik. Egungo portuak, barkuak eta langileak, kostaldeko herriak bezala, ez dira garai batekoak, eta hogei urte barru nolakoak izan diren dago jokoan.