EAEko ogasunek ia 16.000 milioi bildu dituzte 2021ean, inoizko…

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek ia 16.000 milioi euro bildu dituzte 2021ean, inoizko daturik altuena. 2020an baino % 14,4 gehiago da, eta pandemia aurreko urtean, 2019an, baino % 3,2 (ia 500 milioi gehiago).
EH Bildurentzat “premiazkoa” da udal finantzazioaren sistema berri bat…

EH Bildurentzat “premiazkoa” da udal finantzazioaren sistema berri bat lantzea. Koalizioak uste du udalek diru-sarrera gehiago behar dituztela, “geroz eta eskumen gehiago” dituztelako. Zerga sistema aldatzea ere eskatu du, zerga zuzenak gailen daitezen zeharkakoen gainetik.
Adinekoak dira, ez inozoak
Adinekoak, baina, aspaldian ez daude lo. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak askotan salatu du joera hori, eta iazko irailean manifestazioak egin zituen hainbat bankuren aurrean, besteak beste, haiengandik jasotzen duten tratu kaskarra salatzeko. Kausa horren heroia, baina, Herrialde Katalanetan agertu da, Valentzian zehazki. Carlos San Juan 78 urteko erretiratuak sinadura bilketa bat hasi zuen Adinekoa naiz, ez inozoa lelopean. Adineko bezeroei tratu hobea emateko eskatu die bankuei, besteak beste bulegoetako irekiera ordutegiak luzatuz eta aurrez aurreko arreta indartuz. Hilabete batean 700.000 sinadura bildu ditu, eta, garrantzitsuagoa dena, hedabideen arreta bereganatu du.
Arreta mediatiko horrek zalaparta eragin du, eta banku askok erreakzionatu egin dute. Espainiako Gobernuak ere errefera eman dio San Juanen sakeari, eta oraingoz borondatezkoa den arau sorta bat bidali die finantza erakundeei. Hiru dira oinarriak: bulego ordutegiak handitzea, adinekoei arreta eskainiko dieten langileak izatea eta telefono arreta hobetzea. Deigarria da erakunde publikoek horrelako eskaerak egitea haietako asko hiritarrekiko arreta azpikontratatzen eta eremu digitalera bideratzen ari diren honetan. Urrunago joan gabe, aste honetan bertan EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du zergapekoak ezin direla behartu errenta aitorpena Internet bidez aurkeztera. Hiritar batek Bizkaiko Aldundia salatu zuen aurretik.
Banku batzuek berehala erreakzionatu dute, eta jakinarazi dute halako neurri batzuk hartuko dituztela, batez ere ordutegiei dagozkienak. Arreta mediatikoa gainean izateak erabaki horiek hartzera behartu dituzte. Ikusteko dago zenbat iraungo duten, ea marketin keinu hutsa diren eta ea langileen baldintzei eragiten dien ala ez. Adinekoek kolektibo gisa presio ahalmen handia dutela erakutsi dute beste behin, eta garaipen txiki bat lortu dute.
Paradoxikoa da, baina, Internet bidezko sinadura bilketa batek azaleratu izana agerikoa zen eta teknologiarekin harreman zuzena duen arazo bat. Izan ere, bankuek aspaldi ekin zioten arreta zuzenarekin harremana duten gastuak murrizteari: bulegoak itxi, kutxazain automatikoak kendu, ordutegiak murriztu… Milioiak mugitzen dituen sektorea izan arren, erabaki oinarrizkoenak hartzen ditu datuak hobetzeko.
Adinekoek errespetua eskatu dute, urtez luzez kontu korrontearen komisioak ordaindu ondoren duin tratatuak izatea. Arrakala handia da, eta, gertuko sendikoengatik ez balitz, are agerikoagoa litzateke: «Seme edo alabak egingo dit Internetez» ia etxe guztietan entzun den esaldi bat da. Baina adineko guztiek ez dute seme-alabarik, ez Internetik, eta, zorionez, ezta pazientziarik ere.
Aferaren beste erpin bat komisioak dira, eta ez bakarrik kontu korronteen mantenukoak. Gutxieneko zuzeneko arreta mantentzen duten banku batzuek komisioak kobratzen dituzte leihatilan eragiketak egiteagatik. Eta asko ez dira legezkoak. Herenegun Arabako Lurralde Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen Bankinterrek bi euro kobratzea bezero ez direnei dirua leihatilan dirua sartzeagatik. Epailearen ustez, ageriko «oztopoa» dira. Noizbait ordaindu dituztenak joan daitezela orain eskean. Antzeko sententzia ugari daude.
Epaileak, Espainiako Gobernuak… Eudelek ere bilera eskatu die bankuei. Bihotz pixka bat izatea eskatzen diete guztiek. Baina tratu duin hori ez da errentagarria: soldatak eta alokairuak ordaindu behar izatea dakar. Herri txiki eta auzoetan banku bulegoak desagertzen ari dira. Baina bankuei bihotza eskatzea alferrikakoa da; legez behartu ezean, kostata hartuko dute mozkinen aurkako erabakirik. Eta legez horrelakoak behartzea oso zaila da.
Beraz, erakundeek tratu duina bermatu eta komisioak puztuko ez dituen banku bat nahi badute, haren sorrera bultzatu beharko lukete. Aukera aproposa da banku publiko baten edo erakundeek kate motzean lotuko luketen banku baten beharraren gaineko eztabaida mahai gainean jartzeko. Lehiakortasun legediak zorrotzak dira, eta Europak ez du erraztasunik emango, baina bide hori urratzeko zirrikitua aztertu beharko litzateke. Ez da utopia bat. Adinekoek markatu dute jarraitu beharreko bidea.
«Kalte ordaina merkatu da, baina beste leku batzuetan merkeagoa…
Confebaskek erreforma hau nahi zuen. Gustura?
Bai, Confebaskek negoziazioan parte hartze handia izan duelako, gainera; ordezkariak gertu-gertutik izan ditugu. Egonkortasuna ekartzen duen akordioa da: demokrazian lehen aldiz gertatu da sindikatuek, patronalak eta gobernuak adostea lan erreforma bat.
Aurreko erreformaren muinari eutsi zaio; zer diozu egon diren aldaketei buruz?
Onargarriak direla; malgutasun bideak bermatzea zen gure ardura. Helburu hori lortu da. Behin-behineko tasa altuak jaistea sindikatuen ardura zen, eta lan kontratuetan aldaketa batzuk egin dira, mugagabe berriak sortuz. Oreka joko bat izan da, eta orokorrean ados gaude, onuragarria delako guretzat.
PPko diputatu bat nahasi delako onartu da, transfugismoa tarteko. Hausnarketarik bai horri buruz ?
Hemen bi eremu egon dira: lehena, eragile sozialena eta gobernuarena, eta, bigarrena, baliozkotze parlamentarioarena, eremu horretakoak diren interes guztiekin, zilegiak, baina beste eremu batekoak.
Bigarren eremuan jazo denari buruzko iritzirik bai?
Eztabaida bat egon da, eta hura iritsi aurretik guk oso garbi utzi dugu adostasunaren balioa zer handia den. Horregatik eskatu dugu aldaketarik ez egiteko. Zorionez, horrela izan da, uste baino gorabehera handiagoz izan bada ere. Gobernuak ikusi zuen zirrikitu bat bazela testua bere horretan onartzeko, eta gero, ezusteak egon dira.
EAJ enpresarien eskaerekin lerrokatu da sarritan; oraingoan, ez. Nola hartu duzue EAJren ezezko botoa?
Alderdi bakoitzak zilegitasun eta eskubide guztia dauka bere irakurketa egiteko. PP, adibidez, askoz ere argudio eta arrazoi itxiagoekin aritu da; EAJk bertako hitzarmenen lehentasuna jarri du ezinbesteko gai potolo gisa. Beste batzuek ikusi dute arlo horretan ez zela ezer aldatu behar, eta hori ukitu gabe aurrera atera behar zela erreforma.
Eta zuek non kokatu zarete eztabaida horretan?
Ba, erdian geratu gara. Zergatik? Bertako hitzarmen lehentasuna bermatuta dagoelako. 2017ko Lanbide arteko esparru akordioak bertako itunak estatukoen aurrean jartzen ditu. Langileen Estatutuaren 83. artikuluak dio horrelako akordioak egin daitezkeela; hori ez da aldatu. Eragileen artean, egia esateko, ez da sekula arduratzeko gai bat izan.
EAJk ez du horrela ikusi.
Ez, beste era batera ikusi du, eta zilegi da horrela ikustea, baina guretzat ez da arrazoi nagusi bat erreforma osoaren aurka egiteko.
Zuk bermatzen duzu estatuko patronalaren edo sindikaturen batek ez duela berriro epaitegira joko euskal esparru akordioaren aurka, 2018an gertatu zen moduan?
Esparru akordioa Langilearen Estatutuaren arabera egindakoa da: legezkoa da.
Baina bermatzen duzu euskal hitzarmen bat estatuko hitzarmen baten aurretik aplikatuko dela kasu guztietan?
Epaitegira jotzeko arrazoiak behar dira aurrena, eta argia da legeak hitzarmenei eta lehentasunei buruz dioena.
Eroritako euskal itun bat estatuko baten barruan sartu bada, zer gertatuko da horrekin?
Lehentasunak, esparrukoak baino gehiago, kronologikoak dira, gai batzuetan izan ezik. Dena den, oso hitzarmen gutxik egin dezakete talka, hemen estatuko oso itun gutxi daudelako. Negoziazio kolektiboa lurraldeka eta sektoreka egiten dugu. Erkidego mailakoak zortzi besterik ez dira.
Sukaldaritza kolektiboan patronalak ukatu berri die ELAri eta LABi negoziazio mahaira deitzeko gaitasuna, ordezkaritzaren %83 eduki arren. Ituna estatu mailakoa dela argudiatu dute…
Gu ez gaude hor ordezkaturik; ez dut kasu horren berri. Baina seguru nago eragileek lurralde mailako akordio bat lortuko balute hori aplikatuko litzatekeela.
Euskadiko CCOO haserre dago, EAJk elkarrizketa soziala ahuldu omen duelako. Ahuldu da mahaia EAEn?
Loli Garciari galdetu behar zaio zergatik dagoen haserre, baina berriro diot: guk bi eremuak desberdintzen ditugu. Batzuetan, lerrokatuta daude, eta, beste batzuetan, ez.
Confebask erreformaren negoziazioan egon dela esan duzu. Ez duzue bitartekari lanik egin itunen lehentasunak aldatu eta EAJ baiezkora erakartzeko?
CEOEren barruan egon ziren eztabaida batzuk Langilearen Estatutuan aldaketa batzuk egiteko, baina guretzat lan itunen lehentasuna bermatuta dago. Testua ez zen aldatu; eduki hori bigarren mailakoa zen. CEOEren barruan 350 erakunde daude, eta gu horietako bat baino ez gara.
Confebaskek aldatuko zuen eduki hori, EAJk nahi zuen moduan, ahal izan balu?
Guretzat ez zen izango arazo bat hori aldatzea, eraginkortasun gutxikoa litzatekeelako, baina dagoen moduan egotea ere ez da arazo bat, inondik inora. Etorkizunean bermatuko balira euskal itunak berme juridiko berriekin, ba, oso ondo, baina hori gainditutako gai bat da guretzat. Azkenean, honek guztiak gehiago du eztabaida politiko-filosofikotik, eguneroko errealitatetik baino.
Malgutasun neurriei eustea oinarrizkoa izan da Confebaskentzat. Zergatik da hain garrantzitsua zuentzat kaleratzeak egiteko erraztasunak edukitzea?
2012ko erreformaren aurretik, oso egoera okerrean zeuden enpresek ezin zituzten neurriak hartu ez bazen adostasunik langileekin. Erreformak ekarri zuen egoera larria duen enpresak neurriak hartu ahal dituela, adosturik bada, hobeto. Kalte ordainak merkeago dira orain, baina oraindik ere beste herrialde batzuetan merkeagoak dira.
Gehiago merkatuko zenituzke?
Bai; zenbat eta merkeagoa gertatu doikuntza bat egitea, orduan eta errazagoa izango da berriro enplegua sortu eta kontratazioak egitea. Zailtasunak jartzen badira doikuntzak egiteko, kontratazioa mehatxu eta arazo gisa ikusiko du enpresariak. Arrisku jarduera bat da enpresa, eta aurreikusi behar du zer-nolako aukerak dituen arazoak gainditzeko. 2012 aurretik oso aukera gutxi zituen, adostasuna lortzea ia ezinezkoa zelako doikuntzak egiteko. Galga bat zen kontratatzeko.
Kaleratze objektiboak hogei eguneko kalte ordaina dauka, hamabi hilabeteko mugarekin. Merkeagoa izan behar du?
Beste herrialde batzuetan errazagoa da doikuntzak egitea. Zenbat eta errazago izan, orduan eta kontratazio gehiago egongo da susperraldiak iristen direnean. Nahi duguna da gure lehiakideek eta Europako herri aurreratuenek dituzten araudiak eta baldintzak edukitzea, hori besterik ez.
Kaleratze librea eta doakoa nahi du Confebaskek?
Kaleratzeak egin behar direnean enpresak egin ahal izatea nahi du. Orain ere bada librea kaleratzea: ordainketa bat eginez.
Ordainketa hori apalagoa izatea eskatzen ari zara orduan?
Aldagai hori beste herrialde batzuek dituzten baldintzetara gerturatuko bagenu, askoz errazagoa litzateke doikuntzak egitea.
SMI gutxieneko soldata mila eurora igo dute. Zer diozu?
Zorionez, Euskal Herrian, langileen %4k besterik ez dute jasotzen soldata hori. Soldata horiek balio erantsi gutxiko jardueretan daude. Baldintza hobeak eskaintzeko, balio erantsia eta lehiakortasuna handitu behar dira aurrena, eta, zoritxarrez, badaude jarduera batzuk non zailtasun handiak dauden hori baino gehiago ordaintzeko. Dena den, azken urteetan igoera handiak egon dira. Azken bost urteetan %40 igo da SMI.
40.000 langilek jasotzen dute SMIa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Langile pobre izateari utzi ahal zaio mila euro gordin jasota hilero?
Jarduera horietan gehiago ordaintzeko ahalmena handitu egin behar da soldatak hobetzeko; ez ahaztu soldatak norbaitek pagatzen dituela. Jasotzen duenarentzat oso gutxi izan daiteke, baina pagatzen duenak ahalmen bat behar du hori hobetzeko, eta, batzuetan, ez du, jarduerak, berez, ez duelako gehiagorako ematen. Guk, esaterako, ez dugu inolako hitzarmenik egiten horrelako kopuruekin.
Ez zenuke SMIa igoko?
Diodana da logikoena dela balio erantsi gutxiko jarduera horiei eusteko aukera ematea, orain gastu guztia igotzen ari delako, eta SMIa igotzeak ere trabatu egiten duelako jarduerei eustea. Negozioek beren ahalmenaren arabera egokituz joan beharko lukete, ez gobernuak aginduta. Denok eduki nahi ditugu ahalik eta soldatarik onenak, baina arlo hori lehiakortasunarekin eta balio erantsiarekin dago lotua.
2022ko KPIa %6,5ekoa izan da. Enpresek modu orokorrean ez badituzte soldatak KPIaren arabera igotzen, baliteke lan gatazkek gora egitea?
Gerta daiteke. Izugarrizko arazoa da enpresentzat KPI hori. Enpresa askotan zailtasunak daude igoera horri erantzuteko, eta presioa denontzat da, kostuak denontzat igo direlako, ez bakarrik norbanakoentzat, baita enpresentzat ere. Badakigu enpresa guztiak ez daudela egoera berean, eta inflazio horren ezustearen aurrean malguak izatea baino ez zaigu geratzen. Adegik egitasmo gisa proposatu du inflazio hori bi urtean banatzea. Urteko batez besteko KPIa ez da abenduko urte artekoa bezain beste igo. Enpresa bakoitzaren egoeraren arabera erabaki beharko da.
Zein da orduan Confebasken proposamena?
Malgu jokatzea, egoerak ulertzea, eta enpresaren egoeraren arabera erabakiak hartzea; enpresak ez badu aukerarik kostuak hainbeste igotzeko kolpe batez, benetan zaila izango delako erantzun egoki bat ematea.
Adostasunik ez bada aldeen artean, lan gatazkak aurreikusi dituzte sindikatuek.
Bai, eta ikusi beharko da zer ondorio dituzten gatazka horiek. Enpresa ez dagoenean ondo, gatazkak sortu baino gehiago, enpresaren geroa bermatu behar da, enpresarik gabe oso zaila baita soldatei eta lanpostuei eustea. Errealitatea kontuan hartu eta adostasunerako jarrera edukitzea komeni da inflazioaren egoera hau gainditzeko.
Auzitegiak ebatzi du Bizkaian ezin dela behartu Errenta aitorpena…

Auzitegiak ebatzi du Bizkaian ezin dela behartu Errenta aitorpena Internetez egitera. Erabiltzaile batek jarri zion salaketa Bizkaiko Foru Aldundiari. Aldundiak helegitea iragarri du, ez duela bat egiten Auzitegiak egin duen “interpretazioarekin”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak errefusatu egin du “huts egin…

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak errefusatu egin du “porrot egin duen erreforma”. Berriro atera dira kalera erreformaren aurka, izan ere, “promesak urratzen”, “aldarrikapen gehienak baztertzen” eta “murrizketei atea irekitzen” dielako.
Petrolio erreserba, azken zazpi urteetako txikiena
NEAren urtarrileko txostenaren arabera, arrakala handia dago OPEPen ekoizpen errealaren eta bere buruari ezarritako helburuen artean. Horren eraginez, upela 90 dolarretik gora dago egun. 2014az geroztik langa hori igarotzen duen lehen aldia da. Urtarrilean %15 garestitu da, eta, NEAren iritziz, gorako bidean jarraituko du.
NEAren ustez, baina, egoerak badu konponbidea,: horretarako, Saudi Arabiak eta Arabiako Emirerri Batuek gehiago ekoitzi beharko lukete, eta badute ahala. OPEPen murrizketak desagertuko balira, erakundeak 6,3 milioi upel gehiago ekoitzi ahalko lituzke egunean, egoera baretzeko adina.
Petronorreko batzordeko sindikatu guztiek lau eguneko grebara deitu dute
ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k bat egin dute eskaeran. Azaldu dutenez, elkarrizketa mahaia batzeko ahalegina egin dute, baina, haien iritziz, «Petronorrek eta azpikontratetako arduradunek ez dituzte langileen lan baldintzak hobetu nahi». Azken urtea gatazkatsua izan da findegian. Hainbat greba egun izan dira, baita salaketak eta epaiketak ere, eta, talka horien ondorioz, bi aldeen arteko harremana ez dago bere onenean.
Azpikontrataturiko langile guztien lan baldintzak erregularizatzeko balioko duen kontratu lotesle bat nahi dute sindikatuek. Akordio horren bitartez, bi helburu lortu nahi dituzte: batetik, lanpostu gehiago ez galtzea; eta, bestetik, langile finkoen eta azpikontratatuen baldintzen arteko ezberdintasunak ezabatzea. Subrogazioaren aldarria ere egin dute sindikatuek, lan baldintzei eutsiz, eta langintza bakoitzeko sektore lan ituna errespeta dadila eskatu dute.
Greba egiten bada, egun horietan findegia bere ahalaren %50ean arituko da, hilaren 15ean urteroko mantentze etenaldia hasiko baitu. Petronorrek mila langile ditu, eta 1.400 ere izaten dira lan askoko egunetan. Grebek, normalean, ez diote eragiten mantentze arloari, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen baititu.
Hori gertatu zen, besteak beste, iragan ekainean eginiko bederatzi eguneko grebaldian. Protesta hartan, liskar ugari izan ziren, eta Ertzaintza langileei oldartu zitzaien. Enpresak deituriko aldi baterako erregulazioa legez kanpokoa zela salatu zuten langileek, eta gero arrazoia eman zieten epaitegietan. Langile batzordeko kideak Eusko Legebiltzarrean egon ziren iazko azaroan, egoera salatzeko.
58 milioi euro
Mantentze lanen etenarekin batera, Petronorrek berritze lanak egingo ditu azpiegituran. 58 milioi euro gastatuko ditu, besteak beste, energia gutxiago erabiltzen duten sistemak instalatzeko. Era berean, bigarren aldiz ikuskatuko du koke planta osoa —2011n jarri zuen martxan—. Eteneko lanetarako 40 enpresa kontratatuko ditu Petronorrek.
Bien bitartean, Petronorrek azpiegitura berrietan lanean jarraitzen du. Jakina da Abantoko (Bizkaia) energia parkera eramango dituela bulego nagusiak. Bilboko portuan ere orube bat erosi du, erregai fosilen hidrogeno bidezko findegia eraikitzeko. Gaur egun, portuko bezero nagusia da Petronor, eta, enpresaren datuen arabera, %9,7ko pisua du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoizpenean.
Makina-erreminta hazi egin da berriro: ekoizpena %15,4 handitu du…
Makina-erreminta oinarrizko sektorea da euskal industriarentzat, eta pandemiaren gordinenean lurrikara handi bati aurre egin behar izan zion. Autogintzaren geldialdiak aurrena eta COVID-19aren krisiak ondoren, ataka larrian utzi zuen sektorea, ia eskaririk gabe geratzeraino. Ari da suspertzen, edonola ere, eta iazko emaitzak dira horren erakusgarri.
Sektoreak 1.528 milioi euroren salmentak izan ditu 2021ean, eta horietatik 1.204,38 milioi esportazioak izan dira. Hain zuzen, kanpoko salmenta horiei esker hazi da hainbeste: %19,72 egin dute gora. Hauek dira euskal enpresen produktu gehien jaso dituzten herrialdeak: AEBak (%10,6), Txina (%9,8), Alemania (%9,7), Italia (%8,5), Frantzia (% 5,8), India (%5,5), Turkia (%5,1), Mexiko (%4,3), Portugal (%3,9), eta Erresuma Batua (%2,9).
Azpisektoreka, ordea, badira aldeak. Hau da, susperraldia ez da berdin antzeman enpresa guztietan. Esaterako, harroketa makineriarekin aritzen diren enpresek %19,82 handitu dituzte salmentak, 670,27 milioi euroraino, eta pandemia aurreko datuak gainditu dituzte. Bereziki, fresaketa sektorearen datu onak azpimarratu ditu patronalak, liderra bilakatu baita, nola teknologian hala merkatu kuotan
Aldiz, deformazioan aritzen diren enpresen fakturazioa % 3,53 apaldu da, eskaera kopurua hobetu duten arren. Autogintza eta aeronautika guztiz lehengoratu ez izanak moteldu du susperraldia, Ortuetak azaldu duenez.
Ziurgabetasuna atzerrian
Mundu zabaleko merkatuetan zalantza eta ziurgabetasun handiak daude oraindik ere, eta, AFMk ohartarazi duenez, horrek sektorearen bilakaeran eragin dezake. Ukrainako krisi geopolitikoa, zenbait osagai falta, eta energiaren eta garraio kostuen garestitzeak aipatu ditu horien artean. «Orain, jarduerari eta marjinei eutsi behar diegu, berrikuntzan eta digitalizazioan inbertitzen jarraitu ahal izateko, testuinguru nahasi eta inflazionista batean: hori da gure erronka nagusia», iragarri du Cesar Garbalena AFMko presidenteak.
Euskal Herriko eta Espainiako merkatuei dagokionez, berriz, galdutakoaren zati bat berreskuratu bada ere, patronalak aitortu du oraindik bere ahalmen osotik «urrun» daudela. Halere, baikor azaldu da aurreikuspenei begira, eta uste du zenbait alorretan pandemia aurreko emaitzak ere hobetuko dituela. Izan ere, sektoreak nabarmen handitu du eskaera zorroa iazko urtearen amaieran: % 29,42 handitu da 2019ko datuekin alderatuz gero, eta %69,20 «ezohiko» 2020 urtearen aldean. Uste dute aurten ere joera horri eutsiko diotela.
Biurtekoaren zain
Barne merkatua suspertzeko itxaropen guztiak makina-erremintaren biurtekoan ditu jarriak sektoreak. Ekainaren 13tik 17ra egingo dute, Barakaldoko BECen (Bizkaia). 2020an ziren egitekoa, baina, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten azkenean. Aurten berreskuratuko dute. «BECeko eta AFMko talde bateratua lanean ari da BIEMH 2022 azoka industria berriz biltzeko gunea izan dadin», adierazi du Ortuetak: «Erakusleiho bikaina dugu salmentei bultzada emateko».