Arriagako atean bizi da Samira, baina Gasteizko Udalaren erregistroetan ez da ageri. «Iruzur egin zigun etxejabe batek, gure zaurgarritasuna aprobetxatuta. Haren etxean gonbidatu gisa bizi gara, eta hori ez da nahikoa errolda agiria lortzeko Gasteizko Udalarentzat», kontatu dio BERRIAri itzultzaile baten laguntzaz. Udaletxeak jarritako baldintzen arabera, bizitoki bat behar da erroldan izena emateko; etxebizitza jabetzan izan behar da, edo alokairua frogatu. Udalaren eskutitzak iristen zaizkiola azpimarratu du. Samirak 500 euro ordaintzen du logela bakarreko etxebizitza batengatik; aurretik, lau hilabetetako kuota aurreratu zuen. Hiru bizi dira; tartean, nerabe bat. Erroldarik gabe, bizitzea «ezinezkoa» zaiela kontatu du. «Gizarte laguntzak ukatu egiten dizkigute, osasun txartelik ez daukat, bankuan ezin izan dugu konturik ireki…». Haren semea behin baino gehiagotan saiatu da ikastaroren batean izena ematen, prestakuntza jaso eta lanean hasteko, baina ezinezkoa izan zaio. «Gizarteratzeko zailtasun bat gehiago da. Are gehiago baztertzen gaitu erroldarik ez izateak». Instituzioek jaramonik ez diotela egin salatu du. «Gizarte zerbitzuetako langileek ez digute batere lagundu, eta manifestazio bat antolatu behar izan genuen Alokabiderekin hitz egin ahal izateko». Auzoan Bizi kolektiboarentzako esker oneko hitzak izan ditu. «Euren lanari esker, errolda soziala lortu berri dut, bi urte baino gehiagoren ondoren». Etxerik ez duten edo bizigarriak ez diren tokietan bizi diren pertsonentzako erdibideko agiri bat da. Rajaeren kasua alderantzizkoa da: errolda agiria galtzeko arriskuan dago. «CEARen bidez, asilo eskaera batekin iritsi nintzen, eta hotel batean bizi naiz. Asilo eskaera ukatu egin zidaten, eta esan zidaten hotel batean bizi naizenez ezin dudala errolda eskuratu», kontatu dio BERRIAri, honek ere itzultzaile baten laguntzaz. Bi adingabe ditu bere ardurapean, 2 urtekoa bata eta 10 urtekoa bestea. «Psikologikoki oso gaizki ari dira pasatzen, beldur handia dute. Bizilagunek mehatxatu egiten gaituzte». Are, umeetako batek alergia arazoak ditu, baina botikak lortzeko zailtasunak dituzte. «Ia ez dut esperantzarik. Errolda agiririk gabe uzten bagaituzte, hutsetik hasi beharko dugu berriz». Bost toki, bost aldarri Bi adibide dira, baina Erroldarik Gabe Bizitzerik Ez sarearen arabera «ehunka» dira horrelako kasuak. «Zapalkuntza eta esplotazio egoera handienean dauden pertsonak dira: atzerritarrei buruzko lege kriminalaren ondorioz egoera administratibo irregularrean eta lan baimenik gabe daudenak, higiezinen eta etxejabeen aurreiritzi arrazistengatik etxebizitzaren merkatura sartu ezin direnak, lan eta lan aritu behar dutenak…», zehaztu du Aitor Agiriano bozeramaileak. Egoera salatzeko, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Gasteizko erdigunean. Plaza Berritik abiatu eta arazoa irudikatzen duten bost toki kateatu dituzte: Espainiako Gobernuaren azpidelegazioa, Santiago Apostol ospitalea, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, eta Hezkuntza eta Urgentziazko Gizarte Zerbitzuen bulegoa. Puntu bakoitzean, egoeraren inguruko pankarta bat erakutsi dute. Esaterako, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren atarian, lanerako eskuak espero zenituzten eta pertsonak etorri ziren zioen kartel bat erakutsi dute; Osasunerako eskubidea bermatzeko errolda guztiontzat, Inor ez da ilegala, Hezkuntza eskubideak bermatzeko errolda guztiontzat eta Elikadura eskubidea bermatzeko errolda guztiontzat izan dira beste leloak. Txalo eta oihu artean erantzun diete manifestariek. Hainbat gizarte eragile izan dira bertan: Auzoan Bizi sarekoak, Herrizomakoak, Errekaleorreko bizilagunak, Batutakoak edota pentsiodunak. Mobilizazioak ia 50 eragileren babesa jaso du, eta beste zenbait norbanako ere izan dira. «Gizarteratzeko zailtasun bat gehiago da. Are gehiago baztertzen gaitu erroldarik ez izateak» SAMIRA Errolda eskaera ukatu diote Errolda «eskubide eta betebehar» bat dela azpimarratu du Agirianok. Udalerri batean bizi diren pertsona «guztiak» jaso behar dituela gaineratu du, bizitokia edozein dela ere. Horregatik, Gasteizko Udalaren jokabidea «legez kanpokoa» dela ohartarazi du. Are, errolda ukatuta «oinarrizko eskubideak» ukatzen ari dela salatu du. «Erroldatzea jabeen esku uzten duten politikak bertan behera» uzteko exijitu dio udalari, eta herritarrei mobilizatzeko deia egin die. «Antolatu gaitezen eta egin diezaiegun aurre politika arrazistei, okupazioaren aurkako erasoei, txiroen aurkako gerrari eta eta errentarien eta jabeen zigorgabetasunari». Manifestua irakurri aurretik Korda espazioaren desegitea gaitzetsi dute. Horrelako tokirik gabe mobilizazioak antolatzea «ezinezkoa» dela esan du. Erlazionatuta Udal errolda: giltza eta giltzarrapo Salatu dute Gasteizko Udalak errolda «oztopatzeko» jarraibideak eman dizkiela bere langileei
Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak mozio bana onartu dute gaur Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzesteko. Bi ganberen gehiengoak «modu irmoan eta ñabardurarik gabe» salatu dute palestinarren aurkako erasoa, eta berehalako su etena eta giza laguntza sartzen uztea exijitu dute. Horrekin batera, erakunde guztiei, baina bereziki Europako Batasunari, dei egin diote berrikusi ditzatela Israelekin dituzten merkataritza eta politika alorreko akordioak. Gasteizko ganberan, Jon Hernandez Sumar taldeko legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena. Hamalau puntuko testuak EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesa jaso du; aurka bozkatu dute, berriz, PPk eta Voxek. Berehalako eta behin betiko su etena eskatzeaz gain, legebiltzarrak exijitu du laguntza humanitarioa sartzeko «bide seguruak» bermatzeko, eta «blokeoa» eta «okupazioa» behingoz amaitzeko. «Garrantzitsua da ekimen hau gehiengo osoz onartu izana, hauxe baita mezua: nahikoa da», adierazi du Hernandezek, proposamena aurkezteko garaian. Sumar pozik azaldu da lortutako akordioarekin, baina urrunago joan eta Israelekin harreman oro eteteko eskaera onartzea galdegin du. PPk, ordea, ez ditu testuko puntu guztiak ontzat eman; izan ere, ez dago ados genozidio hitza erabiltzearekin, eta Hamasen aurkako gaitzespenaren falta sumatu du. Nafarroako Parlamentuak ere urrats bera egin du, aintzat hartu baitu Zurekin taldeak aurkeztutako proposamena. Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa gaitzetsi du Iruñeko ganberak, eta EBri eskatu dio eten ditzala Israelekin duen merkataritza akordioa. Zurekin taldearekin batera, bi mezu horiek babestu dituzte EH Bilduk, Geroa Baik, PSNk eta UPNk. Aurka bozkatu dute, berriz, PPk eta Voxek. Berehalako su eten iraunkorra eskatu ez ezik, Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari, eta aitortu du palestinarrek eskubidea dutela «autodeterminaziorako, bakerako eta estatu propio eta subirano batean bizitza duina izateko».
Europako Banku Zentralak gidoia bete du eta oinarrizko 25 puntutan jaitsi ditu tasak, % 2raino. “Inflazioa, gaur egun, Gobernu Kontseiluak epe ertainera ezarritako % 2ko helburuaren inguruan dago”, eta horregatik jaitsi dute diruaren prezioa.
LAB sindikatuko 26 militantek, buzo gorriak soinean, urtea hasi denetik Euskal Herrian lan istripuz hil diren langileak irudikatu dituzte Bilbon, “Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, non zeundeten langile hauek hiltzen ari ziren bitartean?” zioen pankartaren ondoan.
Ikurrina bizkarrean batzuk, eta astinduz beste batzuk; eta zutik, oihuka eta txaloka guztiak. Harrera beroa egin diete Jai Alai pilotalekuan bildutako ikusleek euskal selekzioko pilotariei. Agertokia ez baita nolanahikoa. Euskal selekzioa lehenbiziko aldiz ari da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean, eta gero eta gertuago du helburua. Jokatu bakarrik ez, irabazi ere egin nahi du. Asmo horretan, bide onean egin ditu lehen urratsak. Emakumezkoak finalerako sailkatu dira —ostiralean jokatuko dute, 21:00etan, Espainiako selekzioaren aurka—. Pauso bat gehiago eman beharko dute gizonezkoek. Espainiaren aurka jokatuko dituzte finalerdiak, bihar, 22:00etan. Eta, irabaziz gero, AEBak edo Frantzia izango dute aurkari finalean. Dena ondo bidean, finalean izango dira haiek ere; izan ere, euskal selekzioa da faborito nagusia gizonezkoetan. Gaurkoa ez zen beste edozein partida bezalakoa. Euskal selekzioa eta Espainiakoa parez pare zeuden lehenbiziko aldiz; euskal ordezkariak, elastiko berdea soinean zutela; eta urdinez jantzita Espainiakoak, ohiko kolore gorria baztertuta. Partidaren aurkezpenean, zaleek txalo artean egin diete harrera lau pilotariei, baina askoz ozenagoak izan dira animoak Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea euskal selekzioko ordezkarientzat. Frontoian nabari zen ilusioa. Harmailak lepo, eta emozioa borborka; eta, ondorioz, giro aparta. Emakumezkoetan, finalaren atarikoa jokatu dute euskal selekzioak eta Espainiak, proba. Izan ere, partida hasi aurretik biak sailkatuta zeuden finalerako. Kale egin du euskal selekzioak, nagusitasunez irabazi baitio Espainiak: 2-0. Halere, lehia erabakigarria ostiralean jokatuko dute. Eta hor, zergatik ez, baliteke guztiz bestelakoa izatea jokoa eta emaitza. Honela esan du Gogenola aurrelariak partida amaitutakoan: «Gauzak ez zaizkigu nahi bezala atera, eta gure lekua ezin topatuta ibili gara. Uste dut finaleko partidak ez duela izango zerikusirik». Hori berretsi du Goikoetxea atzelariak ere: «Ea ostiralean hobeto aritzen garen eta gure onena erakusten dugun». Haiek jokatu dute gaur euskal selekzioaren elastikoarekin, eta Erika Mugartegik eta Arai Lejardik Espainiakoarekin. Ondo ezagutzen dute elkar, bizkaitarrak baitira kantxan izan diren laurak. Euskal selekzioan, oraingoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek soilik parte hartu ahal dute; oraingoan, ordea, bi puntisten hautua izan da Espainiako selekzioarekin aritzea. Ondo ekin diote bi bikoteek lehiari, eta gogorrak izan dira lehen tantoak, pilotakada askokoak. Espainiako selekzioak hartu du aurrea, ordea, markagailuan, eta aldea zabalduz joan da apurka-apurka. Ez dute apenas huts egin Mugartegik eta Lejardik, eta horrek eman die modua tantoak pilatzeko. Izan ere, Gogenolak eta Goikoetxeak gehiagotan egin dute kale. 1-2 hasi dira, baina, ondoren, Espainiako selekzioak sei tanto segidan egin ditu. «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» kantuan hasi dira zaleak, euskal selekzioari indarra eman nahian. Ordurako, baina, hautsita zegoen lehen seta. Nagusi izan dira, eta, azkenean, 5-15 amaitu da. Euskal selekzioaren tanto bakoitza gogoz ospatu dute zaleek. Berdintsuagoa izan da bigarren setaren hasiera. Ez dira hain fin aritu Espainiako selekzioko puntistak, eta hori aprobetxatu dute euskal selekziokoek. Aurretik ere jarri dira markagailuan: 5-4. Eta ez edonola, gainera; Gogenolak erremate ikusgarria egin du zabalera, ezinezkoa aurkarientzat. Kontua bestelakoa izan da hortik aurrera. Bederatzi tanto segidan egin ditu Espainiak, eta partida erabakita utzi: 7-15 bukatu da. Halere, txalo zaparrada batekin agurtu dituzte euskal selekzioko bi puntistak. Irmo eta nagusi Gizonezkoek jokatu dute jarraian, eta multzoen fasean lehen tokia ziurtatu dute, Filipinei erraz irabazita: 2-0. Bihar jokatuko dituzte finalerdiak, eta Espainia beste multzoko bigarren sailkatuaren kontra ariko da. Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikak jokatu dute Filipinen aurkako lehia, eta haiei ere harrera goxoa egin diete zaleek. Urreistiren horma-biko apart batekin ekin dio partidari euskal selekzioak. Eta hortik aurrera, nahieran aritu dira. Hobeak izan dira, eta erraz irabazi dute. Filipinarrek 6-1ekoa egin dutenean, gogoz egin diete txalo ikusleek, haiei ere animoak emateko. Ez du misteriorik izan lehen setak: 15-5 bukatu da. Ezta bigarrenak ere, hasiera estuagoa izan den arren. Lehen tantoa filipinarrentzat izan da, Robin Floresi esker. Tanto on batzuk egin ditu aurrelariak; gehiago sufritu du atzelariak. 6-4 joan dira, baina, orduan, serio jarri dira euskal selekziokoak, eta erreskadan egin dituzte tantoak, ia bukatu arte. 14-4 jarri dira markagailuan. Txapelketari agur esan aurretik, Floresek azken tanto on bat egin du. Eta kito: 15-5 bukatu da. Finala eta finalerdiak dauzka orain begiz jota euskal selekzioak. Helburua eta nahia, irabaztea. Hori ere historikoa litzateke.
Gasteizko Korda gunea desegin dute. Epaileek gaur arteko epea eman zieten Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduei eraikina uzteko, eta, azkenean, Poliziak indarrez atera ditu eguerdirako. «Asko galdu dugu», aitortu dio Haize Agirre Herrizomako kide eta Kordako erabiltzaileak BERRIAri. «Kale gorrian utzi gaituzte». 13:00etan, bi behargin atea hormaz estaltzen ari ziren, hainbat ertzainen zaintzapean. 10:00 aldera, atzeko atetik, epaitegietako ordezkariak eta Zabalgunea 21eko arduradunak iritsi dira. Azken orduan akordioa lortzen saiatu dira, baina bakoitzak bereari eutsi dio. Kordako erabiltzaileek salatu dute baldintza «onartezinak» jarri dizkietela. Hortaz, Polizia eraikina husten hasi da, 10:30ean. Gauerditik zeuden ertzainak Korda inguruan. Husteko ezarritako eguna hasi eta berehala, Alde Zaharreko Pintore kalea alderik alde hartu dute, eta atarian gunea babesten ari ziren gazteak kanporatu egin dituzte. Halere, beste dozena bat lagun eraikinaren barruan gelditu dira. Furgoi eta ibilgailu ugari mobilizatu ditu Ertzaintzak, eta agenteek jendearen joan-etorria kontrolatu dute. Soilik auzoko bizilagunei utzi diete mugitzen, betiere ertzain bat alboan zutela. Dena dela, gaua «lasaia» izan dela kontatu dute Kordakoek. Ertzaintzak ez du eraikinera sartzeko ahaleginik egin. 10:30 aldera eraitsi dute atea, eta barruan zeuden lagunekin topo egin dute. Horiek pintura zuria bota dute burutik behera, eta eseri egin dira. Agirrek deskribatu duenez, «oso modu bortitzean» erantzun diete poliziek. Are, gazteetako bat lurrera bota dute, eta buruan kolpea hartu du. Odoletan hasi da, eta osasun larrialdiek artatu behar izan dute. Erietxean egon da, baina, arratsaldeko mobilizazioan jakinarazi dutenez, etxean dago jada. Atxilotuta ere egon da, eta 17:00 aldera aske utzi dute. Agirrek kontatu du goizean hainbat lagun ospitalera joan direla bisitan, baina ez dietela utzi hura ikusten. Halaber, salatu du ez dietela informaziorik eman, eta ez zekitela zehatz-mehatz zer zuen, ez eta zer leporatzen zioten ere. Beste bi lagun atxilotu dituztela ere zabaldu da, kanporatzen ari ziren gazteetako batek hala oihukatu duelako. Agirrek zehaztu du eskuburdinak jarri eta ibilgailu baten barruan atxiki dituztela, baina azkenean joaten utzi dietela. Korda barruan zeuden gainerako kideak banan-banan atera dituzte, eta kale bazter batean askatu. Bizilagunak zain zituzten Protestan zeuden gasteiztarren artean galdu dira. Korda erabiltzen duten kolektiboek 08:00etarako zuten egina deialdia, eta, apurka-apurka, jendea batzen hasi da kalearen bi aldeetan. Ehun bat lagun izango ziren denera. Okupazioaren aldeko aldarriak egin dituzte, eta barruan zeuden gazteei babesa adierazi. Kafea, galletak eta fruta ere banatu dituzte elkartutakoen artean, bazekitelako eguna luzatu egingo zela. Ibilgailuak ezkutu gisa erabilita, Kordako ataria estali dute tokia husteko. Protestan zirenak asaldatu ditu horrek, eta ezkutatzeko zer zuten galdetu diete behin eta berriz. Halere, ez da istilurik izan. Ertzaintza, Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean. Kordako ataria ezkutatu dute ibilgailuekin. BERRIA Orain hiru urte okupatu zuten Korda Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek. Alde Zaharreko jaien barruan, urtero, eremu bat okupatu izan zuten, eta 2022ko ekainaren 27an Korda hartzea erabaki zuten. «Urteetan hutsik egon zen eraikina, eta guk behar genuen toki bat elkartzeko», azaldu du Agirrek. «Pozik eta harro gaude okupatu izanaz». Elkarren jarduna osatzeko erabili dute tokia urte hauetan — Zaharraz Harro-k Gasteizko Alde Zaharreko jaiak antolatzen ditu, Herrizoma elikadura burujabetzaren aldeko elkartea da, eta Auzoan Bizik auzoko bizilagunak elkartzen ditu—, eta zabaltzeko asmoa ere izan dute. Besteak beste, sukalde bat, jantokia, bilera gela eta jolastoki bat atondu dituzte. «Eraikina oso egoera txarrean zegoen. Lan asko egin dugu». Ikastaroak, kultur emanaldiak, aisialdi ekintzak eta beste ere egiten zituzten. Tarte honetan ez dutela arazorik izan esan du Agirrek. Baina, halako batean, martxoan, eraikina husteko agindua jaso zuten. «Zergatik? Batek daki. Gauza bakarra esan digute: okupatutako tokiak hustu egin behar direla». Gasteizko Udalaren menpeko Zabalgunea 21 enpresaren jabetzakoa da eraikina. Etxebizitza alorreko politikak garatzeaz eta gauzatzeaz arduratzen dira. «Esaten digute zeregin soziala dutela, baina desberdin ulertzen dugu kontzeptu hori», azpimarratu du Agirrek. Salatu du Zabalgunea 21 enpresa Alde Zaharreko 370 guneren jabe dela eta ia erdiak hutsik daudela. «Urteetan hutsik egon zen eraikina. Pozik eta harro gaude okupatu izanaz» HAIZE AGIRRE Herrizomako kidea Zabalgunea 21ekin bilera bakarra izan dutela ere salatu du Agirrek. Astelehenean elkartu ziren, hainbat saiakeraren ostean. «Idatzi egin genien, deitu… Azkenean, egoitzara bertaratu ginen, eta esan genien ez ginela joango bildu arte. Orduan eman ziguten ordua». Bilera «fundamentu gutxikoa» izan zen. «Susmoa dugu haien jarduna zuritzeko saiakera bat izan zela, esan ahal izateko gurekin bildu direla eta saiatu direla akordio bat lortzen. Baina ez zuten nahi». Gorrotoa eta amodioa Hustea salatzeko manifestazioa egin dute arratsaldean Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek, Auzodefentsaz lotu Korda auzora lelopean. Antolatzaileen esanetan, mobilizazio jendetsua izan da; Farol Handitik abiatu eta Korda parean akitu da, eta «indarra erakusteko» balio izan du. «Gaur berriz diogu ez dagoela erdibiderik haien jabetzen eta guren bizitzen artean: haien jabetzek gure bizitzari etengabe erasotzen dioten bezala, guk ere haien jabetzei erasotzen jarraituko dugu», esan dute mobilizazioaren akaberan. Zauritutako gazteari elkartasuna adierazteko ere baliatu dute. Esplikatu dute gaur gorrotoa eta amodioa sentitu dituztela. Gorrotoa «Poliziari, Polizia bidaltzen duten horiei eta jabetza pribatua indarrez eta errepresioz defendatzen dutenei»: «Gure kide eta lagunak jipoitzen dituztenei, gure bizilagunak etxegabetzen dituztenei eta gure miseriak gure arteko gerra izan daitezen nahi dutenei, gorrotoa». Amodioa, berriz, «auzo antolakuntzari, Korda defendatu duten kideei, gaua bertan igaro zuten auzokideei eta jatekoa eraman dutenei»: «Gaurkoan berriz ikusi da auzoa gatazketan eraikitzen dela, gatazketan dakigulako zeintzuk garen auzokide eta zeintzuk ez, gatazketan posizioa hartzen dugulako; eta gaur argi dugu auzokidez inguratuta gaudela».
Essityren Alloko fabrikak bilakaera teknologiko handia izan du mende erdian, eta horri buruz eta biharko erronkez mintzatu da BERRIArekin Antonio Martinez Brau. Logistika arloan ibilbidea egin ostean, lantokiaren ardura hartu zuen 2023ko urtarrilaren 1ean. [articles:2142830] Azken hamar urteetan 75 milioi euro inbertitu ditu Essityk. Zertan zehazki? Fabrikaren pabiloietako batzuek 50 urte dituzte. Egin genuen bisita instituzionalean galdetu zidaten ea alde hau berria zen. Ez, baina asko inbertitu behar da gaur egungo estandarren arabera funtziona dezaten makinek, eta ez 1975ekoen arabera. Makinak berritu behar al dira? 1975ean instalatutako makinetako batek funtzionatzeari utzi zion 2018an, eta ez genuen gerarazi zaharkituta zegoelako. Baditugu beste bi makina, bata 1992koa eta bestea 2007koa. Berritzeko, merkatuaren beharrei ere erreparatu behar diegu. Guk hemen hazten jarraitzeko egiten dugu borroka, eremuaren eta lantokiaren alde. Multinazional bat gara, eta ezin dugu hemen bakarrik erabaki hori, kar, kar. Horrelako makina bat jartzeak inbertsio ikaragarria eskatzen du. Taldeak barne lizitazioko sistema konplexua du, bost urrats bete behar baitira; besteak beste, proiektua aurkeztea, bideragarria den ikustea eta CO2 emisioak murrizteko helburuarekin bat datorren aztertzea. Logistika automatizatua izan al da lantokian egin den azken inbertsio handia? 2016an aurkeztu genuen, eta 18 milioi euro inbertitu genituen. Biltegi hori erabat automatizatuta dago. Hain zuzen ere, Allon, logistika automatizatuaren arloan hasi nintzen lanean. Paletak automatikoki sartzen dira biltegian, eta batetik bestera mugitzen dira langileen kontakturik izan gabe. 2030erako emisioen %35 murrizteko helburua jarri duzue. Noiz beteko duzue? Jada lortu dugu hori. Zuntzen tratamenduan, energiaren kontsumoan… Adibidez, paper produkzioan erabiltzen den beroaren hondarra baliatzen dugu produktuak eraldatzen diren arloko eraikinak berotzeko, eta horrekin murriztu egiten dugu gas galdaren erabilera. Multinazional bat garenez, dena oso egituratua dugu; praktika onen ekintza sorta bat dugu, eta ikusten dugu zein aplika ditzakegun eta kostu apalagoa edo handiagoa izango duten. Zenbaitetan, onura ekonomikorik ez izan arren, CO2 isuriak murriztea lortu dugu. Deskarbonizazio prozesu horretan, 2050erako neutralak izateko helburua duzue. Urrats asko geratzen zaizkizue? CO2 emisioak murriztea lortu badugu ere, beste hori erronka itzela da. Enpresa batzuek esan dute ez dutela hori lortuko; guk, berriz, ez dugu hori esan. Asko falta da zehazteko. Teknologia oso azkar garatzen ari da. Orain bideragarria den prozesu bati bat-batean beste aukera erakargarriago bat ateratzen zaio, eta hori ere kontuan izan behar dugu. Papergintzaren sektorea, gainera, energia kontsumitzaile intentsiboa da. Argindar eta gas kontsumo handia du, bai. Energia hori sortzen lan egin daiteke, baina gasa, gaur-gaurkoz, beharrezkoa da. Oso zaila da hori ordezkatzea. Gure negozio atalean, kontsumo ondasunen atalean, Essityren barruan liderrak gara eraginkortasun energetikoan. Ekoitzitako kilo bakoitzeko kontsumitzen den energian liderrak gara. Hilero, Vallseko (Katalunia) eta Alloko fabrikak hiru fabrika eraginkorrenen artean daude. Gauzak ondo egiten ari gara, baina bide luzea daukagu egiteko.
Hauteskunde aurreratuak egin dituzte gaur Hego Korean, presidentea aukeratzeko, eta Lee Jae-myung DP Alderdi Demokratikoaren presidentegai liberalak irabazi ditu. Orain arteko oposizioko burua zen garaipena lortzeko hautagai nagusia, eta botoen %49,3 eskuratu ditu —botoen %99 baino gehiago zenbatuta dago—. Haren atzetik geratu da Kim Moon-soo ofizialista kontserbadorea, botoen %41,3 eskuratuta. Behin bozak eginda, beste ziklo politiko bat abiatzekoak dira Asiako ekonomia nagusietan laugarrena den horretan. Yoon Suk-yeol estatuburua kargutik kendu izanak eragin zuen aurreko zikloa amaitzea. Auzitegi Konstituzionalak hartu zuen erabaki hori, apirilean, argudiotzat hartuta hilabete batzuk lehenago, abenduan, 2022ko martxotik presidentea zenak gerra legea ezarri izana herrialdean, oposizioa «matxinada bat» prestatzen ari zelakoan. Gerra legea bizpahiru orduz baino ez zen egon indarrean. Batetik, Asanblea Nazionalak presidentearen neurriaren kontra bozkatu zuelako, Herriaren Boterea talde kontserbadoreak ganberan gehiengorik ez duenez gero; eta, bestetik, kaleko presioa ere izan zelako tartean. Baina, halere, Yoonen hautuak krisi instituzional betean sarrarazi zuen herrialdea. Leek irabazita, egoera baretu egingo da. Izan ere, DP Alderdi Demokratikoak gehiengoa du Asanblea Nazionalean, eta, orduan, gobernua eta ganbera hori elkarri trabarik egin gabe aritu ahal izango lirateke lankidetzan. Hori izan da ohikoena Hego Korean; hau da, gobernuan dagoen alderdiak edukitzea Asanblea Nazionalaren kontrola ere. Azken hiru urteotan, ordea, ez da halakorik gertatu. Lee, epai baten zain Lee (61 urte) giza eskubideen aldeko abokatua izandakoa da duela hamar urte pasatxo arte. 2022tik da DPren liderra —2022ko presidentetzarako bozetara aurkeztu zen, eta Yoonek puntu bakarrez irabazi zion—, eta kanpainan zera iragarri du, berrikuntza teknologikoa bultzatuko duela, ekonomia suspertzeko neurriak hartuko dituela, indar handiagoa eman nahi diola Genero Berdintasuneko Ministerioari, eta, besteak beste, elkarrizketak hauspotu asmo dituela Ipar Korearekin. Halere, Auzitegi Gorenaren epai baten zain dago. Iazko azaroan, Seulgo auzitegi batek bi urteko inhabilitazioa ezarri zion, 2022ko bozen atarian egindako adierazpen batzuengatik hauteskunde legea urratzea egotzita. Gorenak inhabilitazioa berresten badu, ikusi beharko da presidentearen immunitatearen estatusa gailentzen den edo krisi konstituzional bat pizten den. Kimek (73 urte), bestalde, agenda kontserbadoreagoa du. Yoonen gobernuan Lan ministroa izan zen (2024-2025), eta «malgutasunean» oinarritutako erreforma bat proposatu du esparru horretarako. Atzerri politikari dagokionez, AEBekin bat eginda jokatu nahi du.