ACB Sestaok ekoizpena etengo du, gaurtik hasi eta urtarrila…

ACB Sestaok ekoizpena etengo du, gaurtik hasi eta urtarrila bitartean. Enpresaren arabera, lan batzuk egiteko beharrak eta argindarraren prezio altuak bultzatuta etorri da etenaldia.


Horren ordez, gehiegizko behin-behinekotasuna txikitzeko beste ildo bati heldu dio: aldi baterako kontratuak egiteko arrazoiak gutxitzeari, eta haien etengabeko luzapena galarazteari. Eskaini du enpresek «aldian aldiko kanpainetarako» kontratatu ahal izatea aldi baterako langileak, baina gehienez 90 egunekoak izatera behartuko du. Gobernuak iragarri du proposamen gehiago egingo dituela hurrengo bileran, etzi. Erreforma urtea amaitu aurretik onartuko duela agindu du.
Liraren amiltzea hasi zenetik, truke tasa elkarrizketarako gai arrunta da Turkiako kafeetan, azoketan eta etxeetan. Urtea hasi denetik, bere balioaren %45 galdu du euroarekiko eta dolarrarekiko, eta galera %30ekoa izan da azaroan soilik. Ondorioa latza da langileen soldatetan. «Duela hilabete, nire soldata 340 euroren adinakoa zen; orain, 250 euro eskas dira», kexu da Ceylan.
Turkiako Banku Zentralaren hainbat erabakik, Recep Tayyip Erdogan presidentearen presiopean hartutakoak, eragin dituzte Liraren etengabeko gorabehera hauek. Presidentea makroekonomiari buruzko bere ikuspegi heterodoxoa inposatu nahian dabil, eta, horren eraginez, banku zentralak azken hiru hilabeteetan portzentajean lau puntu txikitu ditu interes tasak, %19tik %15era. Inflazioa nabarmen handiagoa da %21,3 azaroan, jakin berri denez, eta ekonomista gehienek uste dute interes tasek inflazioaren mailan edo gorago egon behar dutela, bestela interes erreala negatiboa delako, eta horrek maileguak neurri gabe haztea eta inflazioa bera puztea ekarri ohi duelako.
Bere erabakiak justifikatzeko, banku zentralak argudiatu du diru politika zorrotzak «uste baino gehiago» jaitsi dituela mailegu komertzialak —hori da berez interesak igotzearen arrazoietako bat—, eta kontuan hartu behar zuela ekonomia errealaren «sufrimendua».Neurri horiek, baina, liraren balio galera bizkor bat eragin dute, merkatuak ez baitira fio inflazioari diru merkearekin erantzuten dion politika batez. Eta lira ahuldu ahala indartzen ari da inflazioa.
Korrontearen aurka
Kontrako eragina espero zuen Erdoganek. Interes tasei «gaiztoa den guztiaren sorburu» deitu die, eta behin eta berriro aldarrikatu du interes tasak jaisteak prezioen igoera etengo duela. Halaber, ziurtatu du lira merkeagoari esker gehiago esportatu ahal izango dutela Turkiako enpresek, nahiz eta ez duen kontuan hartu haietako askok kanpotik ekarritako —eta debaluazioaren ondorioz garestiago ordaindutako— lehengaiak eta osagaiak behar dituztela beren ekoizpenerako.
Argi antzematen da presidenteak zer presio egin duen banku zentralaren buruzagitzan, azken urte eta erdian hiru gobernadore izan baititu. Erdoganek dekretu bidez aldatzen ditu gobernadoreak, baita zuzendaritzako beste kide batzuk ere; horietako azkena, aurreko astean, merkatuen arduradun.
Erdoganen esku hartzeak merkatuen mesfidantza ekarri du, eta, ekonomiaz hitz egiten duen bakoitzean, lira gehiago ahultzen da. Azken jaitsiera handia azaroaren amaieran iritsi zen: Erdoganek adierazi zuen ez zuela utziko interes tasa handiek« geure jendea zapaltzen», eta, saio bakar batean, lirak bere balioaren %11 galdu zuen ziztu bizian.
Turkiako ekonomistek uste dute oraingo krisia Turkiak 2018an jasandakoa baino okerragoa dela. Gatazka diplomatikoa izan zuen orduan Ankarak AEBekin; Washingtonek zigor komertzialak jarri zizkion, eta lirak balioaren %34 galdu zuen aste gutxiren buruan. «Oraingo arazoa ez da soilik debaluazio larria dagoela, baizik eta gorabeheratsua dela. Enpresek ez dute erantzuteko denborarik, ezta beren prezioak egokitzeko tarterik ere. Gainera, ekoizpenari ere eragiten dio», azaldu du Emre Deliveli ekonomistak. «Azken egunotan ikusi dugu zer gertatu den Applerekin. Liraren gorabeherak direla eta, bi egunez dendak itxi behar izan zituzten, ez baitzuten astirik izan beren produktuen prezioak egokitzeko».
Gainera, egunotan, gasolindegietan eta supermerkatuetan ilara luzeak izan dira, herritarrak erosketa orgak eta autoetako erregai deposituak bete nahian dabiltzalako prezioak igo aurretik.
Ekonomista gehienek uste dute Turkiako Gobernuaren asmoa dela lirak balio galtzea esportazioei eta turismoari bultzada emateko. «Eredu ekonomiko berriak ez du zentzurik. Uste dute esportazioak lehiakorragoak izango direla eta, ondorioz, kanpo merkataritzaren defizita eta inflazioa txikituko direla», azaldu du Delivelik, «Paperean, teoria horrek funtziona dezake, baina errealitatean, ez. Turkian, asko inportatu behar dugu zerbait ekoitzi ahal izateko, eta, lira erortzen bada, orduan ekoiztea ere garestiagoa da. Gainera, enpresa askok atzerriko dibisetan dituzte zorrak, eta gero eta garestiago eta zailago zaie zor horiek kitatzea».
Egia da Turkiaren esportazioak %34 handitu direla iaztik, baina Delivelik adierazi du haiekin lortutako irabazia oso eskasa dela, ekoizpen kostuak ere handitu direlako, eta atzerriko dibisetan dagoen zorra BPGaren %40 delako.
Pobrezia hedatzen ari da
Enpresentzat egoera latza bada, zer esanik ez herritar arruntentzat. Aurrezkiak zituztenek ikusi dute inflazioak gordetako diruaren balioa gutxitzen ari dela, eta herritar guztiak ohartzen ari dira gero eta diru gehiago behar dela erosketa saskia betetzeko. Estatistika ofizialak aintzat hartuta, azaroan inflazioa %21,3ra iritsi zen, baina azterketa independente batzuek ohartarazi dute benetakoa inflazio hori halako bi izan daitekeela.
Sevval Senerrek, Pobrezia Sakona gobernuz kanpoko erakundeko kideak, salatu du azken urtean prezioak bikoiztu egin direla, eta gero eta nekezagoa dela pobreziaren mugan dauden familiei laguntza ematea. «Familia baten hilabete bateko beharrak asetzeko, barazkiak, garbiketarako produktuak eta pixoihalak dituzten saskiak egiten ditugu: 2020ko martxoan, 250 lira behar genituen saski bakoitzerako; orain, 500 lira dira».
Senerrek ohartarazi du gero eta ohikoagoa dela familiek auzoko dendan zorrak izatea, eta gero eta gutxiago erostea. «Batzuetan, edalontzi bat olio erosten dute, botila bat erosi beharrean. Edo hiruzpalau pixoihal erosten dituzte, supermerkatuan pakete osoa erosi beharrean».
Istanbulgo denda txiki baten jabe da Umit Azcan, eta Senerrek dioena baieztatu du. «Lehen, auzotarrei uzten nien zorretan egotea, baina, orain, dozena bat familiari bakarrik uzten diegu, larrien dabiltzanei. Jabetu gara derrigorrezkoak ez diren gero eta produktu gutxiago erosten dituztela. Saiatzen gara prezioak askorik ez igotzen, baina oso zaila da; guk ere sufritzen dugu inflazioa».

Berez karbono eskubideen merkatuaren azken buruko helburua horixe da: orain arte ordaindu gabeko prezioa (garestia) jartzea kutsatzeari, argindarra edo beste gaiak ekoizteko modurik zikinenei gauzak zailtzeko eta garbiagoei bidea errazteko. Gainera, isurtzea garesti izanda, epe luzean, karbono harrapaketa edota hidrogeno berdea ekonomikoki bideragarriago bihurtzen dira. Helburu horregatik, Batasuneko herrialdeek merkaturatutako eskubideen kopurua murriztu egiten da urtetik urtera. Eta horregatik Alemaniako koalizio gobernu berriak adostu du karbono eskubideari gutxieneko prezioa 60 eurotan ezartzea herrialdean.
Urte askotan karbonoa isurtzeko eskubidearen prezioa oso apala izan da, baina azkenean karbono isuriak murrizteko Europako Batasunaren asmoak serioak eta sinesgarriak direla erakusten du, neurri batean, eskubideen garestitzeak.
Baina udazken honetan gas natural garestiak hankaz gora jarri ditu asmo onak. Gasa urri, Europako herrialde asko, Alemania tartean, jo eta ke ari dira ikatza erretzen argindarra sortzeko; hots, modurik zikinenean ari dira elektrizitatea sortzen. Eta horretarako, argindar konpainiek karbono eskubideak behar dituzte, euren isurien kontuak emateko orduan, eta horrek eskubideen prezioa are gehiago igotzen du.
Badira beste arrazoi batzuk azken asteetako igoerarako. Eskubide horietarako erosketa aukerakabenduaren 15ean iraungitzen dira, eta haiek kitatzeko inbertsiogileak urte amaiera arteko eskubideen gerokoak erosten ari dira. Horrez gain, abenduaren 20an egingo da isurketa eskubideen azken enkantea, eta ez da izango eskubide gehiago gobernuak berriz urtarrilean eskubideak saltzen hasi arte.
Baliteke, gainera, eskubideak are gehiago garestitzea. Clean Energy Transition LLP estaldura funtsekoburuak Bloombergi ostiralean esan zion eskubideek 100 euroak gainditzea espero dutela, argindar konpainiek ikatza erretzen jarraituko duelako.
Eta gas garestiak, nazioarteko hornikuntza kateak inflazioaren mamua berpiztu dutenean, karbono eskubide garestiek ere gorantz bultzatzen dituzte beste prezioak. Adibidez, Frans Timmermans Europako Batzordeko Klima buruaren arabera, argindarraren prezio igoera horren bosten bat dagokio karbono eskubide garestiei.
Argindar garestia sufritzen ari diren herrialdeetatik bik, Espainiak eta Poloniak, bakoitzak bere aldetik, espekulazioa eteteko neurriak hartzeko eskatu diote Europako Batzordeari; besteak beste, muga jarrita egunean salerosi daitezken eskubide kopuruari. Bi herrialdeen aburuz, espekulazioa dago eskubideen garestitze horren atzean.
Gauzak horrela, energia iturriak, argindarraren prezioak eta karbonoa isurtzeko eskubideak ere hizpide izango dituzte, zalantzarik gabe, Europako Batasuneko gobernu buruek abenduaren 16tik 17ra egitekoa duten goi bileran.

Lanean ari zela behargin bat hil da bart gauean Bergaran, Fagor Ederlanek duen lantegian, «lan istripu ez traumatikoan». LAB sindikatuaren afiliatua zen langilea, B.O.M. 44 urteko markinarra.
Sindikatuak azaldu du heriotza honekin aurten jada 59 langile zendu direla euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian, eta haietatik hamabost hil direla lan istripu ez traumatiko deiturikoetan. «Gaurko heriotza ezin diogu halabeharrari egotzi», gaineratu du LABek. «Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta psikologikoa».
Ildo horretan, LABen iritziz, «lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez dira jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak, eta beraz, ez da lan osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten. Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil-isilean eta inor konturatu gabe langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak». Sindikatuak osasuna eta bizitza aintzat hartuko duen prebentzio politika eraginkorrak eskatu ditu, «hor uste dugu administrazio publikoek erantzukizun handia dutela».
Duela gutxi arte, itsasoko parke eolikoak fotomuntaketak ziren. Errealitate bihurtu al dira dagoeneko?
Bai, itsas zabaleko energia eolikoa maila handiko errealitate eta negozio iturri da dagoeneko. Europan milaka sorgailu daude jarrita; hori bai, sakonera txikiko uretan: 30 metro, 50 metro… Iparraldeko Itsasoan daude gehienak. Lehenbizikoak 1990eko hamarkadan jarri zituzten, eta garatuz joan dira. Benetako negozio bat den zantzurik argiena sartuta dauden enpresen tamaina da. Euskal Herrian, esaterako, Iberdrola eta Siemens Gamesa ditugu, liderrak biak.
Sektorearen jauzi kualitatiboa itsasoko haize errotekin iritsi da.
Ados nago. Azpiegitura flotagarriekin, askoz leku gehiagotan jar daitezke sorgailuak. Orain arte Europako teknologia Iparraldeko Itsasoan garatu bada, kostaldetik urrunduta ere sakonera txikiko itsasoa delako da. Kostaldetik 300 kilometrora egonagatik, 30 metro inguruko sakonera du, eta errotak itsas azpiko lurrean iltzatu daitezke. Sakonera handiagoko uretan, berriz, teknologia horrek ez du balio, eta gailu flotagarriak garatzen hasi dira. Horrela, itsas eremu gehiagotan baliatu daiteke haizearen indarra, eta batez ere haize gehiago eta egonkorragoa dagoen eremuetan. Horrek, era berean, sorgailuen tamaina handitzeko modua eman du. Lurreko sorgailuek lau edo bost MWeko energia sortzen dute, eta itsasokoek, berriz, hamabosteko neurketak ere eman dituzte. Gainera, itsasoan haize errotak jartzea lur gainean baino askoz merkeagoa da.
Euskal industria leporaino sartu da sektorean.
Euskal Herrian itsasoko energia eolikoaren hornikuntza katearen ia %100 aurki daiteke. Batetik, aurretik energia eolikoan ari ziren enpresak ditugu. Bestetik, ontzi- gintza ere ezagutzen dugu, eta aukera ona da sektore tradizionalean negozioa aurkitzea kostatzen ari zaien ontziolentzat. Horri gehitu beharko zaio osagai elektrikoen sektorea, funtsezkoa. Eta, noski, altzairutegiak ere bai.
Zuei, Tecnalian, zer eskatzen dizuete enpresek?
Batzuetan, erronka tekniko teknologikoak ezagutzea. Adibidez, zer baldintza ditu itsasoko haizeak palak diseinatzeko garaian? Enpresek ondo ezagutzen dute lur gaineko energia eolikoa, baina itsas zabalekoak beste ezaugarri batzuk ditu, batez ere olatuek ere eragiten dietelako. Ezagutza hori eskaintzen dugu, itsas zabaleko sistemen dinamika. Hori alde bat da, eta bestea ingurune berriaren baldintzen eragina da: korrosioa, herdoila, hezetasuna…
Patente batzuk ere badituzue.
Jakinduriaz gain, konponbideak eskaintzen saiatzen ari gara. Nautilus plataforma flotagarria garatu genuen, hainbat euskal enpresarekin partzuergo bat eginez, eta Subsea 7 Ingalaterrako enpresa egitasmoan sartu da. Hura mundu mailako liderretako bat da. Nautilus mugarri bat izan da Tecnaliarentzat. Baina ez da bakarra; esaterako, Ditrel deitzen den Gasteizko enpresa batekin lanean ari gara. Ur azpiko konexio elektrikoko sistema bat patentatu dugu, eta enpresa horren esku utzi dugu. Beste patente bat ere badugu, kablea zabaltzeko urpeko robota. Kable elektrikoen loturari buelta asko ematen dizkiogu, estatistiken arabera kable elektrikoa delako gehien kale egiten duen elementua.
Kablea da ahulgunea, beraz?
Ahulguneetako bat. Aseguru konpainien arabera, gorabehera parte gehien eragiten dituen elementua da. Pentsa, haize errotak kableekin lotuta daude, gero subestaziora doaz, eta handik, lurrera. Eta hori guztia, itsas zabalean.
Itsasoak dena baldintzatzen du.
Bai. Erronka ingurunea da: korrosioa eta olatuak. Olaturik ez balego eta herdoila hain larria ez balitz, garapena lurreko energia eolikoa bezalakoa litzateke. Olatuek karga handia igortzen diete elementuei: kableei, konexioei, dorreari, barruan dauden osagai elektrikoei… Olatuek etengabe jotzen dute azpiegitura. Probak, haizearengatik bainoago, olatuengatik egiten dira. Sorgailua azpiegitura egonkorra izatea lortu behar duzu, eta ahalik eta gutxien mugitzea. Pentsa, 300 metroko egitura bat hamar metro gora eta behera… Bada, itsaso-ingeniaritza hain dago garatuta, sorgailuak ia ez baitu nozitu ere egiten. Horregatik, Nautilusen entseguak egitean, maketarekin, hogei metroko olatuak simulatzen genituen.
Zenbateraino dago ikertuta itsasoko haize erroten teknologia?
Lehenbiziko sorgailua Norvegian jarri zuten. Equinorrek eraiki zuen, herrialdeko petrolio enpresa nazionalak. Gero, AEBetako enpresa batek prototipo bat jarri zuen Portugalen, eta horiek bidea ireki zieten lehen bi parkeei: bat Eskozian dago, eta bestea, Portugalen. Batek bost haize errota ditu, eta besteak, hiru. Haien emaitzak aztertzen ari dira, eta datuek diote energia ekoizpena espero zen baino handiagoa dela. Datuak oso onak dira: lurreko edo itsas gaineko haize errota finkoek baino %20-30 energia gehiago sortzen dute. Arazoei dagokienez, berriz, ikusten ari dira egitura flotagarrietan kableak ere asko mugitzen direla; beraz, kable dinamikoak behar dira. Haize erroten kableek ikerketa handia eskatuko dute hurrengo urteetan.
Noizko orokortuko dira itsas zabaleko parkeak?
Hamarkada honetan garapen prozesu bat egongo da, baina ez zabalkunde oso handirik. Nire ustez, jauzi kualitatiboa 2030-2040ko hamarkadan iritsiko da. Hamarkada honetan, mundu guztian jarriko dira abian proiektuak, baina agian energia eoliko guztiaren %1 sortuko da bakarrik itsas zabalean. Egitasmo pila bat daude aztergai: AEBetan, Taiwanen, Vietnamen… baina sorkuntza elektrikoaren inpaktua hurrengo hamarkadan iritsiko da.
Euskal kostaldean egongo al da haize errotarik?
Nik baietz uste dut. Saitec enpresak dagoeneko aurkeztu du Geroa egitasmoa. Lehenbizi haize errota prototipo bat jarriko du Armintzan [Bizkaia], ondo bidean hurrengo urtean. Eta gero, urte batzuk barru, hiru errota jarriko ditu zona berean, baina pixka bat urrunago. Hamabost MWekoak izan daitezke, handietakoak alegia, 150 edo 200 metroko diametrokoak. Beraz, ikusiko al ditugu? Baietz dioen euskal enpresa bat dago, eta hasi ditu baimenak lortzeko tramiteak.
Toki aproposa al da euskal kostaldea?
Muga batzuk daude. Batetik, sakonera, kostaldetik pixka bat urrundu bezain laster asko handitzen delako; eta, bestetik, haizearen abiadura. Gure haize lekuak interesgarriak dira, baina, esaterako, Galizian haize biziagoa dute. Toki bat aztertzean, ufaden abiadura neurtzen dute lehenbizi, eta gero, haize hori erregularra den ala ez. Euskal Herria agian ez da tokirik onena hasteko, baina bai teknologia probatzeko.
Logistika ere buruhauste handia izango da, ezta? Palek, dorreek… toki handia eskatzen dute: 50 metroko eraikin baten tamaina dute.
Bai, logistikak eta muntaketak. Arazo handia da, baina alde teknikotik ez zait zaila iruditzen: gizakiak arazo zailagoak konpondu ditu. Itsas zabaleko errotetan ez dago garapena eragotzi dezakeen jakinduria mailako trabarik. Mugak dira leku aproposa aurkitzea, osagaien tamaina, finantzaketa… Beste buruhauste bat ainguratzea izango da, batez ere sakonera handiko kokaguneetan. Nola? Kateekin bakarrik? Kateak eta beste material batzuk? Lehengaiek itsasoan izango duten jokaera ikertu behar dugu, horrelako haize errota batek 20, 25 edo 30 bat urte iraun beharko duelako, betiere ekaitz handirik ez badago.
Errota erraldoiak lur lehorrean muntatzen dira, ala itsasoan?
Haize errota finkoak itsasoan eraikitzen dira. Flotagarriak, aldiz, teknologiaren arabera. Sakonera txikiko tokietan lurrera finkatzeko ahalmena duen garabiontzi batekin eraikitzen dira. Zein da arazoa? Sakonera handiko itsasoetan ontzi horiek ez direla bideragarriak. Errota flotagarrien abantaila oinarria da, ez delako hondoratzen; beraz, asmoa da hura ontziola batean eraikitzea eta beste guztia portuan lotzea: dorrea eta turbina. Gero, ontzi batekin itsas zabalera eramaten duzu, eta kokagunean kateak eta kableak lotzen dizkiozu.
Industria horrek kostaldean behar du, beraz.
Bai. Logikoena da palak portutik gertu eraikitzea, hain pieza handiak lurretik garraiatu behar ez izateko. Eolikoen ferietan postu asko daude lursailak eskaintzen. Urrunago joan gabe, Haizea Wind Bilboko portuan dago.