Argindarraren prezioa % 44 garestitu da urtebetean

Elektrizitatearen prezioa % 44 garestitu da urtebetean, 2020ko eta 2021eko iraileko datuak alderatuta. Orduan argiaren prezioak % 0,1eko jaitsiera izan zuen.


Larrialdia mugatzeko garai erabakigarrian, Glasgowko COP26 bilkuraren aurreko egunetan, eta munduko ekonomia energia krisia nozitzen ari den honetan, IEA Nazioarteko Energia Agentziak atzo emandako mezua garbia izan zen: energia garbiak dira bidea; gauzak aldatzen ari dira, baina munduak hobetu dezake; konpromiso gehiago eta haiek betetzeko inbertsio gehiago behar dira, beroketa 1,5 gradutan gelditzeko.
IEAk urtero argitaratzen duen World Energy Outlook txostena aurkeztu zuen atzo; hainbat berritasun dakartza, garai erabakigarriaren erakusle. Esanguratsua da, esaterako, txostenaren aurkezpena aurreratu izana, COP26a baino lehenago egiteko. Esanguratsua da lehen aldiz txostenean energia balioak exajouletan (EJ) adieraztea, eta, hala, orain arte erabilitako neurria, petrolio milioi tona baliokidea (Mtoe), ordezkatzea ere. Berritasunik handiena, hala ere, txostenean munduko ekonomiarentzat landutako agertokietan dago. IEAren agertoki normatiboa Net-Zero da, beroketa 1,5 gradura mugatuko lukeena. Agertoki horretarako baldintzak beteko balira, erregai fosilek 2025. urtean goia joko lukete.
Gasa ez da bidea
Alde horretatik, IEAko zuzendari Fatih Birolek argi utzi nahi izan du egungo energia krisiaren eragileak ez direla energia garbiak: «Batzuek esan dute energia garbietarako trantsizioaren lehen krisia dela hau. Hori ez da zuzena. Ez gaude ados horrekin. Loturarik izatekotan, arazo hau ez daukagu energia garbi gehiegi daukagulako, baizik eta gutxiago daukagulako». Eta ezbaian jarri du zenbait sektoretan gas naturalari trantsizioko energia gisa ematen ari zaion garrantzia. «Gas naturala energia fidagarri eta energia garbiaren osagarri gisa irudikatzen ari dira, baina haren prezio aldakorrak ez dira albiste ona».
IEAren arabera, erregai fosiletan egindako inbertsioen geldotzea adierazten du egungo krisiak; eta irtenbidea energia garbietan gehiago inbertitzea dela uste du. «Ez gara behar adina inbertitzen ari etorkizuneko energia beharrak asetzeko, eta ziurgabetasun horren ondorio dira egungo prezioak». Desoreka horri aurre egiteko modua argia da, IEAren arabera:«Energia garbietan inbertitzeko bultzada handiagoa eta azkarragoa behar da».
Urtero 3,5 bilioi euro inbertitu beharko direla aurreikusten du. Eta ahalmen txikiagoa duten herrialdeei lagundu beharko zaiela. IEAren arabera, 2050ean neutraltasuna lortzeko, gobernuek egun jartzen duten diruaren halako hiru bideratu beharko dute hamarkada honetan. «Trantsizioarekin lotutako inbertsioak pixkanaka handitzen ari dira, baina gutxiegi dira oraindik», azpimarratu du.
Ekonomia berri bat
Ekonomia global berri bat agertzen ari dela ere esplikatu du Tim Gould IEAko Energia ekonomistak. «Elektrifikatuagoa, efizienteagoa, lotuagoa, digitalagoa, eta garbiagoa» izango den ekonomia bat, hazkunderako eta enplegurako potentzial ikusgarriarekin. Munduak 2050erako deskarbonizaziorako bideari jarraitzen badio, industriarentzako aukerak handiak izango dira. Hala, agertoki horretan, bost sektorek soilik —erregai pilak, elektrolizagailuak, bateriak, turbina eolikoak, eta modulu fotovoltaikoek— gaur egun petrolioak duen adinako merkatua izango lukete mende erdirako.
Urriaren 31n hasiko den Glasgowko bilerara begira, mezu argia eman du IEAk. «Energia trantsizioak hainbat talderen mende daude: komunitateak, konpainiak, gizarte zibilak, inbertsiogileak… baina haietako inork ez du gobernuek bezainbesteko ahalmenik eta eraginik gure energia patuari forma emateko. Horregatik, han bilduko diren liderrei eskatzen diegu seinale nahasezina eman dezatela teknologia garbi eta erresilienteen hazkunde bizkorrerako».
Iberdrola eta beste lau konpainia handiak sumindu egin ditu zentral nuklear, hidrauliko eta eolikoengatik jasotzen duten gainsaria itzuli beharrak, zerutik eroritako irabaziak deitzen zaien horiek, eta erreakzio bortitza izan dute 2.600 milioi euroren murrizketa izango zena zekarkielako; orain askoz handiagoa izan daiteke kopuru hori, argindarraren prezioen gorakada itzela dela eta. Horregatik, Pedro Sanchez estu hartzeko mugimenduak errenkadan iritsi dira azken hilabetean, eta gaur ikusiko da PSOEk argindarra merkatzeko neurri guztiei eutsiko ote dien.
Azken ordura arte gutxieneko adostasun bat bilatu baitu gobernuak argindarraren oligopolioarekin. Sektoreko aktore nagusi Iberdrola izan zuen atzo iluntzean negoziakide. Ignacio Sanchez Galan Bizkaiko konpainiako presidentearekin batzartu zen Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa. Sanchez Galani mehatxuen estrategia bukarazteko arrazoi sendoak eman ote dizkion jakiteko dekretuari begiratu beharko zaio gaur.
Izan ere, Sanchezen gobernua estu hartzeko, industria erabili du Iberdrolak, kalibre handiko munizio gisa. Konpainiak ez die eutsiko bezero handiekin dituen luzerako kontratuei, industriari alegia, eta horrek bete-betean harrapatu du euskal altzairugintza. Sidenor hogei egunez geldituko dela jakin eta gero, Eusko Jaurlaritzan alarmak piztu dira, eta EAJko kongresukide Aitor Estebanek abisu argia eman zion atzo Pedro Sanchezi, dekretua doitu dezan: «Ekonomia dago jokoan, eta zure gobernua ere bai». Zergak Bizkaian pagatzen dituen konpainiarekin eta sektoreko beste lauekin kritiko azaldu zen Esteban: «Ez da onargarria elektrikoek enpresak erabiltzea beren interesen alde»; baina dekretuak ekarriko dien irabazien murrizketa doitzea eskatu zuen, «soluzio sakonagoak behar direlako».
Ezkerreko botoak
Estebanek ez zuen aurreratu EAJren botoa zein izango den, baina gobernuak murrizketa osoari eutsiz gero —zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt-orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia itzultzea—, ez dirudi aldeko botoa emango duenik. Hala ere, espero da Espainiako Kongresuak argindarraren faktura merkatzeko helburu duen erreforma berretsiko duela, ezkerreko taldeen botoekin. Ez alferrik haserrea piztu du alderdien artean konpainia elektrikoen jarrerak azken hilabetean.
Lehenik eta behin, zentral nuklearrak dagokien baino lehenago itzaltzeko mehatxua egin zuten. Gero, iragarri zuten energia berriztagarrietan egin beharreko inbertsioak eten egingo zituztela. Baina bezero handiekin zituzten luzerako kontratuak bertan behera uzteak eragin du presiorik handiena Madrilgo gobernuan, industriaren martxari eta susperraldi ekonomikoari berari eragiten dielako. Iberdrolako presidenteak «izugarrizko interbentzionismoa» ikusi du dekretuan, ordea, eta jokoa ez da amaituko erreforma bere horretan berresten badute.
Baina, gaur, PSOEn dago arreta. Harrapaturik dagoelako konpainia elektrikoen aurrean hein batean amore ematea eskatzen ari zaienen eta dekretuaren koma bat ere ez mugitzeko exijitu diotenen artean. Gobernuko bazkide Podemos oso argia izan da: «Ez dugu milimetro bat ere mugitu behar, interes orokorraren alde ari garelako». Sanchezi ohartarazi dio elektrikoen gainsarien murrizketan aldaketak eginez gero ez duela aldeko botorik emango.
Euskal patronala, aurka
Iberdrolarekin beste era batera jokatu behar dela uste dutenen artean, EAEko patronala dago. Confebaskek, SEAk, Cebekek eta Adegik gutun bat igorri diote Teresa Ribera ministroari, esateko dekretua onartzeak «oso ondorio negatiboak» izango dituela euskal industrian. «Gure argindar kostuak okertuko ditu, eta energia kostuak oinarrizkoak dira lehiakor eta bideragarri izateko».



Printzipioz, esportaziorako izango dira erreaktore txikiak, baina ez da baztertu behar Frantzian bertan jartzea. Izan ere, Macronek energia nuklearra aldarrikatu du deskarbonizazioan laguntzeko, eta atzerapen eta gainkostu handiak pilatu ditu belaunaldi berriko erreaktorearen eraikuntzan, Flamanvillen (Normandia).
Igoerak lotura du Brent upelaren garestitzearekin, baina inondik ere ez da automatikoa, hura oraindik ez delako iritsi 2012ko martxoan izan zuen mailara —eta ordukoa da petroliorik garestiena, eurotan neurtuta—. Hilabete horretan, batez beste, 95,84 euroan salerosi zen Europan erreferentzia den petrolio upela; aste honetan, berriz, 72,5 euroan dago. Hau da, ia %25 merkeago.
Brent upela laurden bat merkeagoa dagoela gasolina garestiago egoteak ez du derrigorrez esan nahi petrolio konpainien irabazi tartea ere %25 handitu denik. Dibisen arteko gorabeherak gertatu dira —dolarretan egiten dira gastu batzuk, eurotan besteak—, zerga igoera bat izan da, eta kostu batzuk handitu egin zaizkie —soldatak, tarifak…—. 2012ko martxotik, esaterako, inflazioa %10,1 handitu da Hegoaldean.
Konfinamenduen ondoren ekonomiak berriro martxa hartu zuenetik ari da gora egiten petrolioaren prezioa, ekoizle nagusiek iturria erabat irekitzen ez dutela baliatuta. 2020. urteko udaberrian 30 dolarretik behera salerosi ondoren, azken astean 80 dolarreko marka hautsi du, lehen aldiz 2018az geroztik. Atzo arratsaldean 83,5 dolarretan salerosten ari ziren.
Nazioarteko merkatuetan petrolioaren prezioa dolarretan zenbatzen den arren. Euskal Herrian prezioak alderatzeko ariketa egokia da eurotan duen balioari erreparatzea, euroaren eta dolarraren arteko truke tasaren aldaketa dela medio. Dibisen arteko gorabeherak oso ongi atzematen dira petrolioaren merkatuan ere. Horrela, dolarretan, Brent upelak 2008ko maiatzean jo zuen goia, upela 140 dolarrean salerosi baitzen. Baina ahul zegoen orduan dolarra, eta indartsu euroa: ondorioz, upel horrek 81 euro balio zuen.
Lehman Brothersen porrotak eta Atzeraldi Handiaren hasierak hondoratu zuen petrolioaren prezioa, baina indarrez suspertu zen 2010ean, ekonomia shock egoeratik atera zenean. Europan, ordea, W itxurakoa izan zen krisi handiaren irteera: Greziaren egoerak bultzatuta, EB krisi ekonomiko eta existentzialean sartu zen berriro, eta euroaren balioa amildu ahala, petrolioaren benetako kostua handitu egin zen. 2012. urteko martxoan goia jo arte: hilabete horretan, Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioaren arabera, batez beste, 1,445 euroan salerosi zen gasolina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,369 euroan gasolioa. Nafarroan, berriz, 1,429 eta 1,342an, hurrenez hurren.
Berez, erregaien preziorik garestienak ez ziren orduan etorri, handik hilabete batzuetara baizik. Nafarroan irailaren 5ean iritsi zen —1,498 euro gasolinak, 1,411 euro gasolioak—, eta egun bat geroago Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan —1,484 euro eta 1,411 euro—. Kopuru horietako batzuk gainditzen ari dira azken egunotan. Igandean, batez beste 1,51 euro balio zuen gasolinak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,466 euro Nafarroan.
2019ko zerga igoera
Nafarroak izan zuen, ordea, berezitasun bat: 2012an Iruñeko gobernuak 2,4 zentimoko gainsaria ezartzen zion erregaiari, osasun gastuak finantzatzeko. Osasunerako zentimoa deitutako neurri hori baliogabetu egin zuen Europako Batasuneko Auzitegiak, eta Nafarroako Parlamentuak kendu egin zuen 2014ko urtarrilaren 1ean.
Baina 2014an kendutakoa 2019ko urtarrilaren 1ean itzuli zen, Espainiako Gobernuak harmonizatu egin zituelako hidrokarburoen gaineko zergaren tasak, erkidegoen arteko lehia eteteko. Horren ondorioz, 2019ko urtarrilaren 1ean gasolina eta gasolio litroa 4,8 zentimo garestitu ziren Hego Euskal Herri osoan.
Espainiako Gobernuak gasolioaren gaineko zerga igotzeko asmoa du, erregai horrek gasolinak pagatzen duen zergarekin parekatzeko. 2020an egiten saiatu zen, baina aurrekontuak onartzeko EAJren botoa behar zuen, eta jeltzaleek baldintza gisa jarri zuten halakorik ez egitea, Euskal Herriko autogintzari kalte handia egingo ziola argudiatuta.
2018ko urrian izan zen Brent upela oraingo mailan, 73 euroan. Baina orduan erregaiak ez ziren oraingo kopurura iritsi: gasolina 1,341 eurora heldu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 1,303 eurora Nafarroan.
