Argindarrak inoizko preziorik handiena izango du ostegun honetan, orduko…

Argiaren prezioak urteko markarik altuena lortuko du ostegunean, 141,7 euro ordainduko baitira megawatt orduko.



Tubacexek bere garaian indarrean jarri zuen aldi baterako erregulazioa etzi bukatuko da, eta hura berritzeko eginiko bilerak gatazkaren tenperatura neurtzeko aukera bikaina ziren. Eta oso bero jarraitzen du, edo hotz, nondik begiratzen zaion. Atzo izan zen azken bilera, eta, batzordearen iritziz, zuzendaritzak ez du gatazka konpondu nahi: «Gure lehentasuna gatazka konpontzea da, aldi baterako erregulazioarekin eta neurri estruktural ez-traumatikoekin». Batzordea indartsu sentitzen da, sei epaileek arrazoia eman ziotelako, eta konponbidearen bila jarraituko du, greban egotea «atsegina» ez dela jakinda. Gaur goizean, autokarabana egingo dute Laudio piketetik Deriora (Bizkaia). Enpresak han du egoitza nagusia.
Altzairuzko hodien enpresaren diskurtsoa erabat ezberdina da, eta 129 kaleratzeak ezinbestekoak direla dio, edo haren ordez diru kopuru bera aurreztuaraziko dion aldaketa bat lan baldintzetan. Herenegun eman zuen bere jarreraren berri, tonu gogorrean idatzitako ohar batean. Eginiko eskaintza guztiei muzin egitea egotzi zion batzordeari, eta bere eskubideen defentsari uko egiteko eskatu diola enpresari. Bien bitartean, Tubacexek alde bakarrez erabakiko du nola luzatu aldi baterako erregulazioa. Azken eskaintzan %70eko lanaldi murrizketa proposatu zuen langile guztientzat, kaleratu asmo zituen eta EAEko Auzitegi Nagusiak behartuta onartu zituen 129ak barne. Oraingoz, eragin txikiko neurria da, langile guztiak greban baitaude.
Urtebete greban?
Korapiloa estutuz doa, eta, auziko abokatuen arabera, Gorenak zortzi-hamar hilabete behar izaten ditu helegitearen inguruan ebazteko. EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena uztailaren 6an izan zen; beraz, horrek, goiz jota, otsail edo martxo aldera kokatuko luke. Alegia, balitekeela langileek urte oso bat egitea greban —otsailaren 15ean hasi ziren—. Erreferentzia moduan, aurretik Aernnova eta ITP-PCBko ebazpenen helegiteak aztertu behar ditu Gorenak. Azken hori Tubacexekoa baino bi hilabete lehenago egin zuen enpresak.
Bitartean, Tubacexek onartu die langileei urte bukaerarako espero duela hidrokarburoen merkatua pandemia aurreko mailetara iristea, eta Araban egin beharreko lan batzuk Austriako planta batera bideratu dituela jada. Han ezin du prozesu osoa egin, baina bai zati bat. Batzordearen ustez, erabaki horrekin greba eskubidea urratzen ari da. Enpresak emaniko beste xehetasun bat grebaren eraginez soldatetan aurreztu duen dirua da: lan erregulazioarekin batera proposatu zituen kontrol neurriei zazpi urtean eusteko adina.
Horiek hala, negoziazioen inguruko iturriek konponbide aukera gutxi ikusten dituzte. Ez litzateke harritzekoa Gorenaren ebazpenera arte luzatzea eta hark askatzea korapiloa. Beste aukera bat da artekari bat sartzea. Uda hasieran, Jaurlaritza saiatu zen —Tubacexeko akziodun nagusietan laugarrena du, akzioen %3,2 baititu Itzarri funtsaren bitartez—, eta berriz ere begi guztiak gainean ditu. Langileek muga bakarra jarri dute: epaileen ebazpena osorik onartzea; hortik aurrera, edozer gauza negoziatzeko prest daude. Hori bai, langileen eta zuzendaritzaren arteko hurrengo bilerak ez du datarik.



Udalak eta Ekhilur kooperatibak sustatzen dute ‘ekhi moneta’ sozialaren ekimena, eta Berriak Elkartearekin elkarlanean jarriko da martxan.
Izan ere, Yolanda Diaz Lan ministroak ez zuen presarik erakutsi atzo bere helburu nagusietako bat den edukia lotzeko, nahiz eta aurreko astean, mahai sozialaren bileraren bezperan, esan zuen «beharbada» bigarren saioan (atzo) itxiko zela. Batera edo bestera, Diazek hamabi eta hemeretzi euro arteko tarteari eutsi dio 2021. urtea amaitu arteko igoera zehazteko. UGT eta CCOO sindikatuentzat ez da nahikoa, eta 25 euro inguruko igoera eskatzen dute; patronalak ez du aldatu bere jarrera: «Ez da garai egokia gutxieneko soldata igotzeko».
Gauzak horrela, Espainiako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak berea eman du, eta aurrerantzean kontsulta epea zabaldu du gobernuak negoziazioari fokurik gabeko bideak emateko. Horregatik da erraza aurreikustea gutxieneko soldataren igoera irailean bertan adostu dezaketela exekutiboak eta sindikatuek, eta ez dela ibiliko hogei eurotik urrun; oraingoan, oso zaila ematen du Diazek patronalaren oniritzia lortzea. Aurreko igoeren eta aldi baterako erregulazioen akordioetan CEOEk gobernuari emandako baietzak nahikoak direla ematen du, are gehiago eskuinak eta eskuin muturrak Antonio Garamendi presidentea estu baino estuago hartu ondoren.
Hegoaldean, oso urrun
Orain arte gutxienekoaz plazaratu diren kopuruak hauek dira: hamabi eta hemeretzi euro arteko igoera 2021. urtea amaitu arte, eta 1.027 euroko gutxieneko soldata 2023. urterako, datozen bi urteetan beste 46 euro igota. 2020 hasieran lortu zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 euroraino; hamalau ordainketa dira: 13.300 euro urtean. Akordio berriak 970 euro inguruan utziko du gutxienekoa; Madrilek bide orria betez gero, 1.027 euro ingurukoa izango da 2023rako.
Eragile sozialek Espainiako lan merkatuaren errealitatea ardatz hartuta mahairatu dituzten kopuruak oso urri geratzen dira Hego Euskal Herriko lan merkatura ekartzean. Confebask patronalak garrantzia kendu izan die gutxieneko soldataren igoerei, «oso gutxi» ei direlako lan hitzarmen baten aterkirik gabe aritzen diren euskal beharginak; baina, datuek berresten badute ere ia 1,3 milioi langileen artean gutxiengoa direla, zenbaki absolutuek igoera horren garrantzia islatzen dute, 64.000 langile inguru baitira lanbide arteko soldata txikienarekin ari direnak gaur egun, prekaritateak jotako sektoreetan.
Bada, legezko soldata txikienarekin aritu behar duten langile horiek ez dute jasotzen batez besteko soldata dutenen sariaren erdia ere, eta errealitate gordin hori ez du aldatuko Madrilen adostuko duten igoerak. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.332 eurokoa da batez bestekoa, eta 2.217 eurokoa Nafarroan, INEk 2019. urterako emandako datuen arabera. Beraz, ia 1.400 eurokoa beharko luke gutxienekoak Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, Espainiako Gobernuaren aditu taldeak gutxieneko soldata dela-eta gomendatutakoa betetzeko: batez bestekoaren %60 ingurukoa beharko lukeela. Nafarroan, 1.330 eurokoa beharko luke, gomendio horri jarraituz.
Eta inflazioa zer?
Baliteke Espainiako Gobernua %60ko helburu horretatik hurbil gelditzea legegintzaldia amaitu aurretik, baina Hego Euskal Herriko lan merkatuari dagokionez, oso urrun geratuko da. Hain urrun, ezen aurtengo igoera egin arren gutxieneko soldata 1.166 eurora ere ez baita iritsiko, hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldataren erdira. Nafarroako batez bestekoaren erdia ere (1.108 euro) Espainiako gutxienekoa baino dezente gehiago izango da.
Gainera, ezin da ahaztu inflazioak hartu duen gorako bidea. Madril %1,6ko igoera proposatzen ari da gutxieneko soldatarentzat, eta ez da zaila Espainiako eta Hego Euskal Herriko KPIak %3tik gorakoak izango direla aurreikustea; beraz, gutxieneko soldataren igoerak ez luke estaliko inflazioa. Espainiako sindikatuak, ordea, prest daude igoera handienak 2022. eta 2023. urteetarako uzteko.
Maiatzean abiatu zen Petronorren aldi baterako erregulazioa. Beste malgutasun neurri batzuk agortuta, 965 langileetatik 364 erregulazioan jarri zituen findegiak, erregaien kontsumo jaitsierak haientzako nahiko lan bermatzerik ez zuela argudiatuta. Urrian zen amaitzekoa. Sindikatuek kontra egin zioten enpresari, besteak beste langile askoren faltak enpresan segurtasun arazoak sortuko zituela adierazi baitzuten, eta auzitegietara jo zuten.
CCOOk langileen borroka «ausarta, kementsua eta bateratua» goraipatu du, eta zorionak eman dizkie langileei. Enpresari, berriz, eskatu dio epaia berehala betetzeko.
Alba filialaren sorrera
Hain zuzen ere, Petronorrek jakinarazi zuen atzo enpresa bat sortu duela deskarbonizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako jarduera guztiak biltzeko. Alba Emission Free Energy SA izena izango du enpresak, Petronorren filiala izango da %100ean, eta Bizkaian izango du egoitza.
Hidrokarburo enpresa gehienak bezala, Petronor ere bere burua prestatzen ari da erregai fosilek energiaren alorrean orain baino askoz leku gutxiago izango dutenerako. Eguzki energiaren arloan hasi da, hidrogenoaren inguruan hainbat proiektu ditu abian, eta erregai sintetikoak garatzen ari da. Arlo horiek guztiak Alba adarrean bildu ditu Muskizko findegiak.