Tubacexek helegiteari eutsi dio, eta langileek greban jarraituko dute
Sindikatuek «ideia-sorta batekin» azaldu ziren bilerara, enpresak egin asmo dituen 129 «nahitaezko kaleratzeak» saihesteko. Helburua da «neurri traumatikorik» ez hartzea: hala nola, aurretiazko erretiroak edo «borondatezko beste formula» batzuk proposatu dituzte. «Azken helburua da kaleratzerik ez egotea». Horrekin batera, zuzendaritzari eskatu diote enpresen azpikontratazioari uko egiteko. «Batzordearen lehentasuna greba berehala bertan behera uztea da; aipatutako helburuak beteko balira, hala egingo genuke», adierazi zuten sindikatuek ohar batean.
Zuzendaritzak, berriz, esan zuen borondatezko bajak eta aurretiko erretiroak adosteko prozesu bat irekitzeko asmoa duela, lan erregulazioren ondorioak murrizteko. Baina Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegiteari eutsiko diola azpimarratu zuen. Sindikatuentzat ezinbesteko baldintza da hori kentzea.
Uztail hasieran, EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zituen Amurrioko eta Laudioko plantetako kaleratzeak, baina zuzendaritzak erabaki zuen soldatak ordaindu bai, baina langileak ez zirela lanpostuetara itzuliko. Legez auzibidea amaitu arte behintzat egin zezakeen hori, baina, aurreko astean, batzordeak grebari eutsiko ziola erabaki ostean, enpresak beharginak modu mailakatuan lanean astea onartu zuen. Haietako batzuek atzo zuten lehen lan eguna, baina haien itzulera bermatu nahi dute sindikatuek. Gogoratu dutenez, irailetik aurrera enpresak ezarri nahi duen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea negoziatu behar dute oraindik.



