Confebaskek «segurtasun falta» zabaltzea egotzi dio EAEko Auzitegi Nagusiari
Zubiaurrek atzo astindu zuen eztena epaileen aurka, Confebasken urteroko bileraren osteko agerraldian. Kazetarien galderei erantzunez egin zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia «ulertezina» dela nabarmendu. Luze azaldu zuen zein den bere iritzia: «Enpresek baliabideak behar dituzte krisi egoeretatik ahalik eta bizkorren irteteko. Legediak baliabide batzuk ematen ditu enpresaren osasuna berreskuratzeko, eta haiek aplikatzea da bidea. Epaitegiek horrelako irizpideak izatea larria da».
Confebaskeko presidenteak ez zuen ezkutatu Espainiako Auzitegi Gorenak Tubacexek jarritako helegitea onartzea espero duela, eta halako kasuetan zein irizpide erabili behar den argitzea. Are gehiago, aditzera eman zuen hala izan ezean hodigintza enpresa neurri zorrotzagoak hartzera «behartuta» egon daitekeela, haren iritziz Tubacexen arazoak egiturazkoak direlako. EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, bere garaian aurkakoa esan zuen. Lan arloko sei epailek aztertu zituzten enpresaren eta langileen ordezkarien txostenak, eta seiek ebatzi zuten ez zegoela erregulazioa egiteko arrazoi objektiborik.
Gai berean, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen sailburuak Tubacexek herenegun emaniko pausoa txalotu zuen, eta bere saila gatazkari «konponbide bat aurkitzen» saiatu zela azaldu. Dena den, zehaztu zuen ez zela bitartekaritza lana izan, ardura hori beste sail bati dagokiolako. Enpresak, herenegun, esan zuen kaleratu asmo zituen 129 langileak apurka hartzeko prest dagoela, eta, Tapiaren iritziz, hori aurrerapauso bat da: «Enpresak gaur egun lankarga du, eta uste genuen planta berriz ere lanean hasteko modua erraztu behar genuela».
Tubacexeko langileek zer egin erabaki behar dute orain. Adierazi dute enpresaren eskaintzaren inguruko argibide gehiago behar dituztela, eta bilera bat egiteko hitzordua lotu nahi dute zuzendaritzarekin. Dena den, korapilo nagusia Tubacexek Auzitegi Gorenean jarritako helegitea izango dela dirudi. Hura askatzen ez den bitartean zaila dirudi horrelako negoziazio batek behar duen konfiantza giroa sortu ahal izatea. Langileek grebari eustea erabaki zuten astelehenean, eta protestaldiaren 163. eguna dute gaur.




