Tubos Reunidosek uztailean SEPItik 112 milioi euro jasotzea espero…

Tubos Reunidosek uztailean SEPItik 112 milioi euro jasotzea espero du. Datozen hilabeteetan ekoizpena handitzea espero dute, eta ERTEei uko egingo diete.


Gaur-gaurkoz, parke bakarra dago martxan: Ekian. Araba hegoaldean dago, Erriberabeitian, eta 55 hektarea ditu denera. Ekimen publikoz eta pribatuz sortutako gunea da, Jaurlaritzaren eta 26 enpresen artean, eta parkea osatzen duten 67.000 eguzki panelak iazko urtarriletik ari dira energia ekoizten. Handik gertu ari dira egiten Ekienea parkea ere. 200 hektarea izango ditu parkeak, eta horietatik erdiak eguzki plakez betetakoak izango dira. 100 megawatteko potentzia instalatua izango du, hots, urtean 160.000 pertsona hornitzeko gaitasuna izatea aurreikusten dute bultzatzaileek.
Baina bi horiez gain, beste bost proiektu asmo iragarri dituzte. Solaria enpresarenak dira bi: Arratzua-Ubarrundian egingo litzateke bata, eta Burgu eta Barrundia artean bestea; 50 MW sortzeko 100 hektareako bi parke lirateke. New Circle Energy enpresak ere 40 hektareako parke bat jarri nahi du, lautadan, Agurain inguruan. Herrialdearen hego-mendebaldean, Lantaronen, ipiniko lukete Repsolek eta Aldeamayor enpresak. Bi horien parkeak txikiagoak dira, nolanahi ere: 30 eta 18 hektareakoak, hurrenez hurren.
Horietako batzuek hasiak dituzte elkarrizketak kontzejuekin eta lursailen jabeekin, eta litekeena da aurki zirt edo zart egin behar izatea, proiektuarekin aurrera egin edo ez erabakitzeko.
Nekazarien protestak
Testuinguru horretan, Arabako hainbat herritako bizilagunak kexu azaldu dira energia berriztagarria ekoizteko nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak baliatu nahi dituztelako. Hainbatek salatu dute, gainera, proiektu zehatzik gabe erabakitzera behartu nahi dituztela.
Arratzua Ubarrundiako herritarren kasua da hori, esaterako. Proiektu honi ez! izeneko elkartean batu dira herritarrak, eta salatu dute «presioak» eta «mehatxuak» jasan dituztela parkea egin nahi duen enpresaren aldetik: Solaria. Bada, erakundeei eskatu diete energia berriztagarrien lurraldeko plan sektoriala eguneratzeko, eta hori egin artean proiekturik ez onartzeko.
Landa Garapenaren Lege proiektua onartu du Jaurlaritzak, zeinaren bitartez estrategia berri bat ezarriko duen bere politiketan, lurralde garapenaren kontzeptuan ikuspegi berri bat txertatuz. Izan ere, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuaren hitzetan, aldaketa garrantzitsuak izan dira azken hogei urteetan, eta horiek eragin zuzena izan dute landa eremuarengan, bai eta landa inguruaren eta hiriaren arteko harremanean ere. Legebiltzarrera eramango dute lege proiektua orain, han onartzeko.
Tapiaren hitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eremuak «ez daude hutsik», eta hori «orekari» eusteko egin den lanaren ondorio da, hein handi batean. Oraintxe bertan, EAEko biztanleen %8,3 bizi da landa eremuko herri txikietan, hots, kilometro karratuko 150 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan. Sailburuaren arabera, datua ez da hain kezkagarria; are gehiago, nabarmendu du pandemia garaian «igoera oso nabarmena» izan dela zenbait herrietako erroldetan. Araban eman da aldaketa hori, batez ere: Mendialdean, esaterako, %7 handitu da biztanle kopurua azken urtean; %2,5 inguru handitu da Añanako eskualdean, eta %3 Zuian.
Organo berri bat
Hala ere, administrazioak landa ingurunea bizitzeko leku erakargarria izatea nahi du, eta herrialdearen ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen garapenerako eta kohesiorako «funtsezko faktore» izatea. Horretarako, funtsezkotzat jo du landa eremuan bizi direnen garapen aukera hirietan dagoenaren maila berekoa izatea, nola bizi kalitateari dagokionez hala ekonomia eta lehiakortasunari dagokionez ere. Hau da, landa eremuan ere berrikuntzari, modernitateari eta ekintzailetzari garatzeko aukera ematea nahi du, nekazaritzaren «zeregin estrategikoa» baztertu gabe.
Horretarako, egun martxan dauden laguntza programak indartzeaz gain, Euskadiko Landa Garapeneko Sarea sortzea proposatu du. Landa garapenean inplikatutako erakunde eta eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea izango luke zeregin nagusitzat. Organo berri hori osatuko lukete, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, Eudelen, Arabako Kontzejuen Elkartearen, Kuadrillen, Haziren, Landa Garapenerako Elkartearen, Tokiko Ekintza Taldearen eta lurraldeko eta sektoreko beste erakunde batzuen ordezkariek.
Familien gastuari buruzko inkestaren arabera, familien gastu orokorra %7,75 jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian: 40.167 milioi eurotik 37.054 milioira.
Jaitsiera igarri da etxeetako batez besteko gastu kopuruetan ere. Pandemiaren eragozpenekin, 2020an familiek aurreko urtean baino 2.925 euro gutxiago gastatu dituzte EAEn (-%8,5), hots, 31.498 euro. Eta 2.130 euro gutxiago gastatu dituzte Nafarroan (-%6,3): 31.780 euro batez beste.
Azkenean, COVID-19ari aurre egiteko murrizketa guztiek aldatu egin dute etxeetako gastuaren banaketa. Etxebizitzari lotutakoek (etxebizitza, argindarra, gasa…) 2019an gastuen herena hartzen zuten Hego Euskal Herrian; iaz, baina, familiek beren aurrekontuaren zati handiagoa bideratu dute horiek ordaintzera, derrigorrez: %37,4. Eta berdin gertatu da elikagaiekin: gastuaren %13,9 hartzen zuten, eta iaz, berriz, %16,4.
Iaz Hego Euskal Herrian janarian gastatutako guztian, deigarriak dira bariazio batzuk. Esaterako, arrainetan egindako gastu osoa %20,5 handiagoa izan da; haragitan egindako gastu orokorra %8 igo da; barazkietan egindakoa %14; eta fruituetakoa, berriz, %9,8.
Pandemiak etxe askotako bizimoduan eragindako aldaketen adierazle dira beste bi epigrafe: komunikabideena, eta alkoholdun edariena eta tabakoarena. Azken horietan Hego Euskal Herriko etxeek guztira egindako gastua modu ikusgarrian igo da, 527 milioi eurotik 631 milioira (%19,7). Garagardoa izan da nagusi; hain zuzen, 72 milioi eurotik 108 milioi eurora handitu da iaz Hegoaldeko euskal herritarrek etxerako garagardotan egindako gastua: %49,5 gehiago gastatu da. Ardoa erosten ere %29,5 gehiago gastatu dute, 187 milioi euro.
Komunikabideek etxeko aurrekontuaren %2,6 hartzen zuten, eta %3,1era pasatu dira iaz. Prentsan egindako gastua %11,5 handitu da, orotara.
Jaitsiera, etxetik kanpo
Aldiz, beste gastu batzuek pisua galdu dute. Adibidez, etxeetako gastuen zati handi bat garraiora joan ohi da (%11,1 2019. urtean), eta, nola ez, pandemiarekin jaitsi egin da, %9,6ra.
Galera handienetakoa, dena den, jatetxe eta hoteletan egindako gastuak izan du: 3.537 milioi eurotik 2.038 milioira jaitsi da horretan egindako gastu osoa. Pakete turistikoetan %57 gutxiago gastatu da, eta diru gutxiago bideratu da jantziak (-%24,2) eta oinetakoak erostera ere (-%18).
Internet bidezko erosketentzat ere urte oparoa izan da iazkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeen %38,8k egin dute erosketaren bat bide horretatik.



Mendebaldeko herrialde eta lider batzuen diskurtso berritzailea, eta itxurazko jokamolde aldaketa hobeto uler daiteke, beharbada, fokua haien kezka eta beldurretan jarrita. Ekonomia eta (geo)politika, noizbait bereizita egon badira, elkartzen diren puntu horretan.
Askoren ustez joanak dira neoliberalismoaren garai onenak. Merkatu askea, globalizazioa, diziplina fiskala, liberalizazioak… Washingtongo Kontsentsu izenarekin ezagututako errezeta ekonomikoak eta hari lotutako jokaera politikoak jada ez zaizkie baliagarri agintariei, ezta haien bizitza artifizialki luzatu nahian azken urteetan hedatutako lehiakortasun, egiturazko erreforma eta abarrak ere.
Izan ere, arazo handiegia bihurtu dira eredu horren ondorioetako batzuk, hala nola merkatu aske horrek batzuentzat eta besteentzat ekarri duen etekinen banaketa gero eta bidegabeagoa. Teorian garatuak diren herrialdeen barnean sakonduz doazen desberdintasun sozialek erantzunak piztu dituzte; Donald Trump, eskuin muturrak, populismoa… Gillian Tett zutabegileak orain gutxi Financial Times-en esaten zuen moduan, «Mendebaldeko liderrak sarde politikoen [altxaldi populisten] beldur dira gaur egun».
Pandemiak ezinegon horiek areagotu egin ditu. Eta agerian utzi du globalizazioaren eta merkatu askearen beste ondorioetako bat: ekoizpen jakin batzuen kontzentrazio geografikoak zaurgarri egin ditu herrialdeak hornikuntza kate globalekiko. Ikusi da nola kate horiek jausi daitezkeen bat-batean. Lehen uda pandemikoan jada «independentzia ekonomiko handiagoa» aldarrikatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta bere herrialdearen eta Europaren dependentziak azaleratu. Beste arrazoi indartsu bat pentsamoldeak eta jokaerak aldatzeko.
Herensugearen itzala
Baina gauzak aldatzen hasteko pisuzko beste arrazoi bat ere badago. Ingelesez «elefantea gelan» esaten diote agerikoa den baina inork zuzenean aipatzen ez duen horri. Beharbada, kasu honetan egokiago litzateke «gelako herensugeaz» hitz egitea, Txina dagoelako hor, Mendebaldeko liderren gogoan, haien hitzen eta ekintzen unean.
Ez da soilik konturatu direla Txinan egiten direla txip gehienak, edota zenbait puntako teknologietan Asiako erraldoiak aurre hartu diola Mendebalde delakoari. Tentsioa gero eta agerikoago da Mendebaldeko demokrazien eta Txinaren artean, eta batez ere AEBen eta Txinaren artean, nor gailenduko: AEBen ustez, giza eskubideen urratzailea, autoritarioa eta lehiakide desleiala den Txina; edo Txinaren ustez, erretorika eta moral bikoitza dituen, hainbat akats egin dituen eta gainbeheran dagoen Mendebaldea.
Horretan, Europako Batasuna, oraingoz behintzat, ez dago erabat lerratuta Atlantikorantz. Baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik kezkatuta, adibidez, bere lidergo eta eragin ahalmenaren galerarekin. Ez dagoenik kezkatuta herensugearen itzala gero eta handiagoarekin.
Eta nondik dator Txinaren arrakasta? Hein handi batean, arrakasta ekonomikotik, zeinak estatuak bultzatutako, bideratutako eta babestutako industria politikan duen oinarria. Garapen horretarako Txinak erabilitako tresnetako batzuk— egile eskubideen urraketa, atzerriko lehia mugatzea…— pentsaezinak dira Europako Batasunean erabiltzea. Kapitalismo eredu autoritarioa da Txinakoa, Branco Milanovicek definitu duenez. Baina une honetan, ikuspegi ekonomikotik eta geopolitikotik, eztabaidaezina da haren arrakasta. Eta arazo handiak eta erronka handiak dituen beste kapitalismoan, kapitalismo eredu demokratikoan, Txinaren adibideak, ezinbestez, gogoeta egitera behartu ditu ez soilik ekonomistak, baita agintari politikoak ere, industria politikari eta estatuak jokatu behar duen rolari buruz. Derrigorrez.
Neoliberalismoak, Friedmanen eta Fiedrich Hayeken ideietan oinarritutako pentsaera ekonomikoak eta haren errezeta nagusiek erabateko nagusitasuna izan dute munduan 1970eko urteez geroztik, salbuespenak salbuespen. Merkatu askea, liberalizazioa, zerga diziplina, estatuaren ahalik eta esku hartzerik txikiena… Horri deitu zaio Washingtongo Kontsentsua.
Haren aurretik, paradigma nagusia Depresio Handiaren eta II. Mundu Gerraren ostean gailendutako keynesianismoa zen herrialde garatuenetan, besteak beste, estatuari ardura eta botere gehiago aitortzen ziona, ez soilik merkatuaren akatsak zuzentzeko, baita norabideak ezartzeko ere. Keynesianismoak, esaten dute historialariek, 30 urte loriatsu ekarri zituen, hazkunde ekonomikoarekin, enpleguarekin eta toki batzuetan ongizate estatuarekin. Baina 70eko hamarkadan ez zen gai izan irtenbidea emateko petrolio shock-ekin inflazioa, moteldutako ekonomia eta langabezia handia bateratzen zituen egoerari.
Friedmanen eta enparauen ideiek ongarritutako lurra topatu zuten Ronald Reaganen eta Margaret Thatcherrengan. Urteak aurrera, globalizazioarekin batera, haien errezetak zabalduz joan ziren, eta eskuinetik dena blaitu zuten, baita gobernu demokratak AEBetan eta sozialdemokratak Europan ere.
2008ko krisia
Inflazioa kontrolatu zen, defizit publikoak murriztu ziren, baina milurteko berriak erakutsiko zuen merkatu askeak zer aje zekartzan, nola areagotzen ziren desberdintasun sozialak, eta gehiegikeriak. 2008ko krisiak errezeta neoliberalen gabeziak bere gordinean azalarazi zituen, eta Davosko eta antzeko foroetako inklusiorako eta pobreziarekiko ardura deiak ez ziren gai arrakala haiek alfonbra azpian ezkutatzeko.
Oraingoa ez da neoliberalismoa lurperatzen den lehen aldia. Krisialdi guztietan, neoliberalenek ere, politikak keynesiarrak eskatu izan dituzte, estatu salbatzailea behar zuten; hori bai, gero errekuperazioko unean berriz haiek arbuiatzeko. 2008ko garai larrienetan, Frantziako orduko presidenteak, Nicolas Sarkozyk berak, ere esan zuen kapitalismoa irauli beharra zegoela, igaro zela merkatu askeak beti arrazoia zuela sinesteko garaia.
Baina, ez. Europan austeritatea nagusitu zen, eta ordura arteko errezeta neoliberalei —zerga jaitsierei, desregulazioei, globalizazio araugabeari— ordoliberalismo alemaniarretik beste estualdi bat gehitu zitzaion, defizitak murriztu behar ziren bai ala bai: estatuek gerrikoa estutu behar zuten.
Neoliberalismoa oraindik bizirik zegoen, eta austeritateak krisia luzatu besterik ez zuen egin Europan. Jean Claude Junckerrek aitortuko zuen hori 2019. urtean, oraindik Europako Batzordeko presidente zela. Eta murrizketa haiek guztiak gogotik ordaindu dituzte batasuneko herrialdeek. Pandemiak gobernu eta sistema publiko batzuk ahul eta beste batzuk are ahulago topatu ditu, gabeziez josiak bat-bateko eta itzelezko krisiari aurre egiteko.
Dena den, pandemiaren aurretik jada pitzatuz zihoan paradigma neoliberala. Pobrezia, globalizazioa eta desberdintasun sozialak aztertu eta kritikatzen zituzten ekonomistak indarra hartzen ari ziren, baita gobernuaren esku hartze handiagoa eta zerga politika bidezkoak proposatzen zituztenak ere. Thomas Piketty, Dani Rodrik, Mariana Mazzucato, Emmanuel Saez, Gabriel Zuckman…
Paradigma aldaketa
Dirudienez, pandemiarekin iritsi da paradigma aldaketa, eta ideia horietako batzuk iritsi dira gobernuetara. Estatuaren eta sektore publikoaren protagonismoa aldarrikatzen duen olatu horretan, industria politika moda-modan jarri da, batez ere Txinaren estatutik gidatutako industriaren erreferentzia gero eta agerikoagoa delako.
Joe Bidenek AEBetarako presidentetza hartu, eta estatuaren protagonismoa, sindikatuen garrantzia eta halakoak defenditu ditu, industria eta azpiegiturak berpizteko itzelezko dirutza jarri duenean. Europako Batasuna ere bere eredua bilatzen ari da, arrastaka, beti bezala, baina Next Generation funtsetarako zor bateratuaren jaulkipenak gehiago du industria politiketatik pandemiaren zauriak sendatzetik baino.
Dena den, belatzak ez dira desagertu. Austeritatearen liderretako bat, Woflgang Schaueble Alemaniako Ekonomia ministro zena, jada hasi da gerrikoa estutu behar dela esaten. Beharbada orain ere goizegi da Washingtongo Kontsentsua behin betiko lurperatzeko. Baina astindu ederra jaso du, eta etorkizuneko eredu kapitalista hegemonikoa asko baldintza dezakete, besteak beste, zer helburu eta zer estrategia hautatzen diren moda-modan jarri den industria politika horietarako.