Gometeguik 30 langile kontratatuko ditu
Duela 40 urte baino gehiago sortutako enpresa da Gometegui Industrial, eta osagai metalikoak egiten ditu industria astunerako eta energia sektorerako. Kinka zailean izan berri da enpresa, eta, 2018ko urrian, hartzekodunen konkurtso baten ondoren, Diego Sanchez Moreno enpresaburuak erosi zuen, eta merkatu gehiagotara zabaltzeko estrategia abian jarri.
Horri esker, sektore eolikoko, hidroelektrikoko eta meatzaritzako nazioarteko bezero handien kontratu ugari lortu ditu. Horiek egiteko, hamar langile finko hartu ditu azken hilabeteetan, eta aldi baterako beste 28.
Productos Tubulareseko lehen grebaldiak erantzun zabala izan du
420 langilek dihardute TPn, eta, ELA sindikatuaren arabera, lehen greba eguna arrakastatsua izan zen. Enpresa hitzarmenaren negoziazioa berriro hasteko ekin diote grebari PTn, aurrekoa duela lau urtekoa baita. Sindikatuek uste dute lan itun horrek hiru baldintza bete behar dituela: langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea, lantaldea berritzeko neurriak hartzea eta zuzendaritzak bere industria proiektuaren berri ematea, «langileen ordezkariek askotan eskatu arren, susmagarriki ezkutatu egiten baitu».
PTko langileek badute beste eskaera bat: indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa bertan behera geratzea. Sindikatuek uste dute ez dela beharrezkoa, eta lantegi barruan malgutasuna ezartzeko tresna bat baizik ez dela. Iazko azaroan ezarri zuen enpresak, eta 382 langileri eragiten die.
Tubos Reunidos egoera zailean dago, pandemiak are gehiago okertu baitu haren aurreko egoera ahula. Bosgarren urtez jarraian, galerekin amaitu zuen 2020. urtea: 101,3 milioiko zuloa iaz, 2019an izandakoa halako bi. Horregatik, erreskatea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Sindikatuak kexu dira zuzendaritzak Tubos Reunidosen kinka txarra argudiatu duela lan hitzarmenari buruzko negoziazioak ez hasteko: «Zuzendaritzak ez du esaten talde horren barruan Productos Tubularesek gaur egun bideragarritasuna eta etorkizuna duela».
Gainera, kexa azaldu dute enpresako presidente berriari ordainsari «neurrigabea» emango diotelako —urtean 450.000 euro ingurukoa, 160.000 euroko hobariarekin—, noiz eta langileek azken lau urteetan soldatak izoztuta eduki dituzten honetan: «Aitzitik, administrazio kontseiluak %81 igo ditu ordainsariak 2019an jasotakoarekin alderatuta».
General Mills, Aernnova…
Negoziazio eguna izan zen atzokoa enpresetan, eta General Millsen, esaterako, lan hitzarmena berritu zuten ELA, USO eta UGTren babesarekin. LABek eta CCOOk, berriz, ez zuten sinatu. Enpresa San Adrianen (Nafarroa) dago, eta Nafarroako Erriberan langile gehien dituenetako bat da: 955. Elikadura industrian dihardu, eta Old El Paso markako gari tortillak eta beste produktuak egiten dituzte.
Hitzarmen berriak %1,8ko soldata igoera aurreikusten du, eta KPI gehi %0,5 berrituko da urtero. Enpresak 50 kontratu mugagabe gehiago egingo ditu, horietatik hogei antzinatasunaren araberakoak. Era berean, ezabatu egingo da azken bi hitzarmenetan langile berrientzat indarrean egon zen soldata eskala bikoitza. Azken hori puntu garrantzitsua da, aurten 300 langile berri kontratatu baitituzte.
General Millsen azken hilabeteetako giroak zerikusi gutxi du Aernnova Aeroestructuras Alavak duenarekin. Aeronautika sektoreko enpresak 82 langile kaleratu ditu aurten Berantevillan (Araba), eta EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo zuen neurria. LABek salatu duenez, baina, enpresaren luze gabeko aurreikuspenak ez dira epaitegietan azaldu zituen bezain txarrak.
Aernnovak, izan ere, %13 murriztu du egun indarrean duen aldi baterako erregulazio espedientearen iraupena. LABek dioenez, hasieran 69 egunerako erregulazioa beharko zuena bederatzi egunetan laburtuko diete langileei. Are gehiago, egun 370 langilek dihardute Berantevillan, eta hamazazpiri 38 egunetan laburtuko diete aldi baterako neurria.
Sindikatua «ziur dago» azken aurreikuspenak ez direla hobeak izango, eta aldi baterako erregulazioa are gehiago laburtuko duela zuzendaritzak. Egoera ikusita, LABek berretsi egin du kaleratzeen aurreko negoziazioan izandako jarrera, alegia, «trantsizio neurrien» aldekoa: «Hasieran aurreikusitako aldi baterako erregulazio egunak aski zitezkeen kaleratzeak eragozteko».
Bi emakumezko hautagai diskriminatu zituzten sexu joeragatik Arkautin

Gasteizko auzitegi batek ebatzi du Ertzaintzaren 27. promozioko ebaluazioan bi emakumezko hautagai diskriminatu zituztela sexu joeragatik.
Pentsionistek EAEko eta Nafarroako Parlamentuetara eraman dituzte beren eskariak

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan izan dira beren aldarrikapen nagusien dokumentua eramateko.
Lan eta Enplegu Sailak 100.000 euro bideratuko ditu aurten…
EAEk helmuga seguru, askotariko eta jasangarri gisa aurkeztuko du…

FITUR, 2021eko maiatzaren 19tik 23ra. EAEk helmuga seguru, askotariko eta jasangarri gisa aurkeztuko du bere burua turismo azokan, pandemiaren bigarren udan.
Erriberako merkatutik, hornidura polo izatera
Bilboko Erriberako udal merkatuko beherengo solairuan egoten ziren arrain saltzaile handizkarien postuak; besteak beste, Jose Crespo SA handizkari enpresako ugazaba, Alma Cresporen aita Jose Crespo. Inguruko Erronda, Goienkale eta Artekale kaleetan, berriz, fruta eta bazkarien alorrekoen eta bestelakoen biltegiak; tartean, Ortiz Ciges SL enpresako Ruperto Ortiz Ciges eta bere anaia. «Francisco Francoren erregimenak handizkarien merkatuak sortzea erabaki zuen: lehena Salamancakoa izan zen [Gaztela eta Leon, Espainia] eta ondoren etorri ziren gainontzekoak; besteak beste, Bilbokoa. Zazpikaleetan geunden handizkari guztiok Basaurin eraikitako azpiegitura berrira joatera behartu gintuzten». Astelehenean, maiatzaren 10ean, 50 urte bete ziren MercaBilbo inauguratu zela.
Ortizek aitortu du ez zitzaiela aldaketa gustatu: «Bilboko biltegia gurea zen, ordaindua genuen. Basaurin, berriz, tarifa bat ordaindu behar genuen: lokalaren alokairuagatik eta zerbitzuaren gastuengatik. Hasieran esan ziguten laster amortizatuko zirela inbertsioak, eta tarifa jaitsiko zela, baina ez zen halakorik gertatu». Crespo garai hartan ez zegoen aitarekin beharrean, baina ez du gogoan aitak kexarik izan zuenik. Berak uste du arrain saltzaileentzat, behintzat, hoberako aldaketa izan zela: «Erriberan zegoena baino leku gehiago eta hobea dugu Basaurin».
MercaBilbaoko zuzendari nagusi Aitor Argoteren esanetan, saihetsezina izan zen aldaketa, handizkariak Zazpikaleetan egoteak eragiten zuen kamioien joan-etorria jasangaitza zelako auzoarentzat. Esaterako, beren saltokietarako erostera joaten ziren Bizkaiko merkatariena. Basauriko merkataritza eremuak hamahiru hektarea baino gehiago ditu, 71 handizkari enpresak egiten dute han lan, eta egunero 3.000 ibilgailutik gora joaten dira, hura hornitzera eta ondoren handik elikagaiak banatzera. Mugimendu gehiegi Bilboren bihotzerako. Horrez gainera, beste onura bat ikusi dio MercaBilbaoren sorrerari: «Merkatu hori prezioaren arautzaile bihurtu zen, gardentasuna eta lehia errazteko».
Argoteren esanetan, Iberiar penintsularen iparraldeko jaki biltegia da MercaBilbao. Euskal Herritik kanpo ere badituzte bezeroak: Kantabria, Asturias, Errioxa, Burgosko zati bat, Valladolid iparraldea aipatu ditu Espainian; baita Frantzia hego-mendebaldea ere. 258 mila tona merkaturatu zituzten 2020an, eta hamabi milioi tona, berriz, 50 urteotan.
Produktua baino gehiago
Sorreratik asko aldatu da funtzionamendua. «Lehen, enpresa operadoreek beraien lokaletik saltzen zituzten produktuen mugimendua kudeatzen zuten. Ez ziren existitzen, orain bezala, banaketa kate handiak. Genero guztia MercaBilbaotik sartzen zen Bizkaira, hemendik dendetan banatzeko. Gaur egun, enpresek bezeroak bilatu behar dituzte, barruan eta kanpoan, eta beste zerbitzu mota bat eskaini behar dute, produktuez harago». Esan du produktuei balio erantsia ematen dieten zerbitzuak eskaintzen direla gaur egun. Esaterako, produktu ontziratuak, zurituak, zatituak edo, arrainen kasuan, garbituak saltzen dira. «Leku txikia dugulako, bestela ziurrenik gurean janari prestatuen enpresak ere izango genituzke».
Crespok eta Ortizek, biek azpimarratu dute euren bezeroak asko aldatu direla. «Lehen familia janari dendetakoak etortzen ziren gurera. Denda horietan, belaunaldi aldaketarik ez da egon, eta desagertu ez direnak edo sortu diren berriak migratzaileek kudeatzen dituzte gaur egun», azaldu du Crespok. «Fruta dendei begiratuz gero, nabarmena da», gehitu du Ortizek. Haren esanetan, eurei fruta eta barazkiak hornitzen dizkieten ekoizleen artean ere igarri dute aldea: «Garai batean familia ustiategiak izaten ziren. Orain, elkartuz joan dira, kooperatibetan biltzen edo enpresa handiak sortzen».
Fruta eta barazkien alorrean, hornitzaile gehien-gehienak Bizkaitik kanpokoak dira. «Betidanik Mediterraneo aldetik eta penintsula hegoaldetik ekarri izan dira», esan du Ortizek. Argotek eman du datua: tokiko produktuak MercaBilbaotik merkaturatutakoaren %0,1 dira, frutari eta barazkiei dagokienez. «Edonola ere, Bizkaiko biztanle guztiok tokiko produktuak kontsumituko bagenitu, herrialdeko ekoizpena ez litzateke nahikoa izango gu hornitzeko, ez dugulako ekoizpen eremu handirik». Arrainen kasuan, freskoaren jatorri nagusia Bizkaiko portuak dira; ondoren, Santanderko portutik [Kantabria, Espainia] eta Galiziakoetatik ekartzen dituzte.
Ohartarazi dute elikagaien saltoki handien lehia ere badutela gaur egun. «Gero eta handiagoa», azpimarratu du Ortizek, gaur-gaurkoz negozioa ondo doakiela esan arren. Esaterako, iaz, fruta eta berduren salerosketan markak hautsi zituen MercaBilbaok, pandemiagatik. Arrainetan ere «oso urte ona» izan dutela aitortu du Crespok, nahiz eta Gabonetako kanpainarako berandu iritsi zen produktua: «Itxiera perimetralak direla eta, jendea auzoko arrandegian erostera itzuli da. Ezin izan da saltoki handietara joan. Beraz, horrek guri mesede egin digu. Dena den, hasi da lehengoratzen». Denda txikien aldeko aldarria egin die erosleei: «Auzoan zenbat eta gutxiago kontsumitu, auzoko dendak ez ezik, handizkarion negozioak ere arriskuan egongo dira».
Argoteren esanetan, gizartearen bilakaerari aurrea hartzeko gai izatea da gakoa: «Merkatu hobi berriak aurkituko ditugu, aurreko 50 urteetan egin den bezala. Elikagaien industriaren oinarrietako bat logistika dela ikusita, eta, Atlantikoko ardatzean produktua berriz bidaltzeko leku ezin hobean egonik, hazteko bidea egon badago». Elikagaien Euskal Herriko «poloa» izan nahi du MercaBilbaok.
Zailtasunak zailtasun
Erronkak ez zaizkie inoiz falta izan. Aurretik ere une zailak gainditu dituzte. Ortizek, bereziki, 1983ko uriolak azpimarratu ditu: «Dena geratu zen urpean. Baina Bizkaiko Diputazioak San Mamesen zegoen erakustazoka utzi zigun, eta bizpahiru egunetan han geunden gure produktuak saltzen. Ez genion Bizkaia hornitzeari utzi». Bilboko portuan izaten ziren grebak ere gogoratu ditu; kontatu du grebalariak MercaBilbaora joaten zirela euren hornitzaileei sarbidea galaraztera.
Lana, berez, ez dela zaila esan du Crespok. «Ordutegia da gogorra: 04:00etan esnatzen naiz ni». 06:00etatik 12:00etara egiten dute salmenta han. Bezpera arratsaldean jasotzen dituzte produktuak, eta biharamunerako dena txukunduta uzten dute. Orain, teknologia berriei esker, errazagoa da salmenta. «Nik WhatsApp bidez erakusten dut produktua eta handik edo telefonoz jasotzen ditut enkarguak. Bezeroa datorrenerako, dena prest izaten dut, berak nahi duen eran», esan du Crespok. Halere, Ortizek esan du oraindik bezeroei gustatzen zaiela produktua bertatik bertara ikustea, eta tratuan ibiltzea.
Cresporen negozioan Gabon aurrea izaten da lan gehien duten sasoia. Itsas denboraleek ere asko eragiten diote: «Arrantzaleak ez badira itsasoratzen, ez dago arrainik». Ortizek urte osoan berdintsu saltzen du. «Hemen ez bada sasoia, munduaren beste puntan izango da. Gaur egun frutak eta barazkiak beti ditugu eskura. Ez dago hornidura arazorik».
Oposizioak bidesariekin «tematzea» egotzi dio Gipuzkoako Aldundiari
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 eta A-15 autobideetan kamioiei jarritako bidesariei eusteko hirugarren arau bat iragarri izana kritikatu dute oposizioko taldeek. Epaitegiek lehen bi arauak baliogabetu ondoren, ordainsariekin «tematzea» eta «jarrera arduragabea» izatea aurpegiratu diote Markel Olanoren gobernuari. Beldur dira garraiolariei dirua orain ez itzultzeak kostuak handituko dituela.
Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, hitz gogorrak erabili ditu aldundiaren jarrera epaitzeko. «Txapuza, harrokeria eta kudeaketa txarra» leporatu diote Juan Karlos Eizagirre eta Estitxu Elduaien batzarkideek. Haien ustez, EAJren eta PSEren gobernuak alde batera utzi beharko lituzke «arduragabekeria, inprobisazioa eta inposaketa», eta ordainsariak berehala eten beharko lituzke. Gainera, kobratutako dirua itzuli beharko lieke 2018az geroztik N-15 eta A-15 erabiltzeagatik pagatu duten kamioilariei. 35 milioi euro dira, koalizioak kalkulatu duenez.
Antzeko hitzak erabili ditu Arantza Gonzalez Elkarrekin Podemoseko batzarkideak ere: «Erabat ulertezina da foru gobernua ordainsariekin tematzea, badaezpada ere logikoena izango litzatekeelako [ordainsaria] etetea, eta ez hainbat milioiren itzulketari aurre egin behar izatea». Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak «segurtasun juridikorik gabe» beste arau bat iragarri izana gaitzetsi du Gonzalezek, «kalte handia egin diezaiokeelako foru kutxari».
PPko batzarkide bakarrak, Juan Carlos Canok, «egia judizialari egokitzeko» eskatu dio Olanoren gobernuari., «ez baita nahikoa arrazoia duela pentsatzea».
Hiruk dirua bueltan nahi du
Ordainsarien aurkari historikoa izan den aldetik, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak gustura hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak aldundiaren azken helegitea onartu ez izana. Eta, gaizki, berriz, aldundiak hirugarren arau bat iragartzea. «Hiruk ez du ulertzen foru aldundiaren jokabide temati eta zentzugabe hori, auzitegiek behin eta berriz baliogabetutako sistemari eustea, jakinik interesak, errekarguak, zehapenak eta kostu bidegabeak sortuko dituela, guztion diruarekin ordaindu beharko direnak. Administrazioa arduragabe ari da, argi eta garbi».
Horregatik, bi eskaera egin ditu Hiruk: behin-behinean sistema bertan behera uzteko, eta garraiolariei «bidegabeki» kobratutakoa berehala itzultzeko ofizioz, eskaeren zain egon gabe. «Sistema automatikoa da, zuzenean kobratzen zaie garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen den aldi bakoitzeko, eta itzulpena automatikoki egiteko zailtasunik ez dago; datu guztiak dituzte, eta erabiltzaileak ondo identifikaturik; beraz, ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik».
Bidesarien aurkako bere argudioak gogorarazi ditu Hiruk. «Bide-azpiegiturak ondasun publikoak dira, denok ordaintzen ditugu zergen bidez, guztiok gara horien erabiltzaileak. […] Bidesariak garraiolariei bakarrik ezartzea baztertzailea da, errepideen berrordainketa azkenari kargatzea, katearen zatirik ahulenari. Azken finean, errepideen erabiltzailea produktua bera da, kontsumitzailearengana iritsiko dena. Garraiolaria bitartekaria besterik ez da».