‘Rider’ legea onartu dute, eta plataformek kontratua egin beharko…

Espainiako Gobernuak ‘rider’ deituriko plataforma digitalen banatzaileei kontratua egitera behartzen duen legea onartu du.



Xede horrekin, hiru kontratu mota bakarrik utzi nahi ditu Espainiako Gobernuak: mugagabeak, aldi baterakoak (aldi baterako jarduerei lotutakoak) eta praktika kontratuak. Hauek izango dira erreformaren beste zutabeak: ABEE aldi baterako erregulazioen araudi egonkor bat sortzea eta behin-behineko kontratuak mugagabe egiteko sariak mugatzea.
Gazteen aldeko neurriak ere agindu ditu Diazek, haiek pairatzen dutelako gehien prekaritatea: «Garaia iritsi da sakrifizioekin eta min handiarekin lapurtu zaiena eskubide gisa berreskuratzeko».
Aurreko astean, Bilboko Gizarte arloko auzitegi batek Glovoko 285 langileren aldeko epaia eman zuen, eta, rider-en legea gaur bertan onartuko den arren, Nafarroan beste salaketa kolektibo baten prozedura aurrera doa. 208 banatzailek salaketa kolektiboa jarri diote enpresari, Bilbokoen eskaera bera eginez: autonomoak ez baizik beste batentzat lan egiteko kontratuarekin aritzea. LABeko sektoreko arduradunak Nafarroan, Berta Garciak, berretsi du legeak lege aurrera doala prozedura, Gizarte Segurantzak Glovori exijitu dion dirua —soldatapekoak behar zuten langileen kotizazioak— «ez duelako borondate onez itzuliko».
Lan hitzarmenaren zain
Hamasei afiliatu babesten ari da sindikatu abertzalea prozedura horretan. «Adar sindikala sortu genuen Glovoren barruan, eta langileek kontratua lortu eta gero, enpresak beste biderik ez duenean gurekin negoziatzea baino, lan itun baten bila hasiko gara». Rider-en legeak ez baitu zehazten zein sektoretako langileak beharko luketen plataforma digitaletako banatzaileek. Garraioan kokatu nahi dituen saio bat ere aurreikusi du Garciak, eta LABek ostalaritzaren lan hitzarmenaren barruan egon daitezen nahi du: «Behin kontratua lortzean, ostalaritzaren itunean sartzeko borroka abiatuko dugu».
LABeko ordezkariak uste du rider-en legea lagungarria izango zaiela Glovo eta antzeko plataformetako banatzaileei, baina «motz» geratu dela «autonomo faltsuen auzia konpontzeko». Izan ere, legearen izenak berak garbi uzten du soilik banatzaileei erreparatzen diela. «Auzitegiek lehendik garbi utzi dutena gauzatzea baizik ez dute egin. Kontua da prekaritate eredu bera zabaltzen ari dela beste sektoreetara, autonomo faltsuen bidez, abokatuak direla, aseguruen ataletako langileak direla… Legeak ez du bide hori moztu, banatzaileen arlora mugatu delako».
Berta Garciak gogorarazi du Gizarte Segurantzari eta langileari egiten ari zaiela iruzur autonomo faltsuak erabiltzen dituzten enpresak. «Legea harago joatea nahi genuen, plataforma digitalen bidez hedatzen ari baita eredu prekario hori, baina ez da horrela izan, eta funts bereko borroka gehiago hasiko direla aurreikus daiteke».


Aernnova eta ITP Castingen egoera ekonomikoa ez zen berdina, baina deigarria da kasu bakoitzean epaileek zer argazki egiten dioten sektoreari. Aernnovakoan diote erregulazioaren arrazoia, «frogatua gelditu denez», egiturazkoa dela, eta «zeharka bakarrik izan da indartua» pandemiarengatik. Kasu horretan, zehazten dute enpresa 2014tik ari zela ekoizpena gutxitzen. ITPri dagokionez, berriz, kaleratzeak erabaki neurrigabea direla diote, eta enpresak aurkezturiko arrazoiak «ez direla ekonomiko-produktibo estrukturalak. Eta, izatekotan, martxoaren 20tik aurrera liratekeela».
ITP Castingeko ebazpenean, epaileek gehitu dute egiturazko edo behin-behineko krisia den zehaztea ez dela «garrantzitsua»; pandemiaren legediaren arabera, egoera guztiak «behin-behinekoak» izango baitira, «pandemiatik kanpo dagoen tesitura batean ematen direnak izan ezik». Beraz, arrazoiak egiturazkoak edo pandemiak eragindakoak diren argi uztea kontakizunaren gudatik haratago doan zerbait da, horren arabera aplika baitaiteke Espainiako Gobernuak pandemiak eragindako arrazoiengatik eginiko kaleratzeak debekatzeko onarturiko araudia.
Epaileak, beharturiko igarle
ITP Aeroren eta Aernnovaren kasuan, abokatuek epaiketan azaldu zuten komeriak pandemiaren aurretik zetozela. Orokortzea inoiz ez da ona, baina horrek talka egiten du Hegan aeronautika euskal klusterrak 2019an sektorearen inguruan eginiko analisiarekin. Haren arabera, pandemiaren arrastorik ere ez zegoenean, aeronautikaren euskal enpresen fakturazioa %4 igo behar zen 2020an, eta munduan aire trafikoa urteko %4,5 igo behar zen «hurrengo bi hamarkadetan». Abokatuak etorkizunera begira ere jarri ziren, eta sektoreak 2026ra arte aurrekora itzuliko ez dela dioten JP Morganen eta Deloitteren txosten ustez independenteak aipatu zituzten. Alde horretatik, sindikatuek ere beste iragarpen batzuk hautatu zituzten, IATArena kasurako, eta, haren arabera, aire konpainiek irabaziak izango dituzte berriz 2022. urte amaieran. Horri cherry picking [gereziak biltzea, ingelesez] deitzen zaio ekonomian; alegia, norberaren tesia sendotzen duten frogak bakarrik aukeratzea.
Lan erreformak ere ez die laguntzen epaileei, haren arabera aski baita erregulazioa martxan jartzeko hiru hiruhilekotan aurreko urtean baino irabazi gutxiago izatea, edo hurrengoetan izango direla aurreikustea. Haiek, gainera, ezagutzen dute gerezien teknika; beraz, toga erantzi eta igarle, epidemiologo eta analista ekonomiko janztera behartzen ditu legeak. Alde horretatik, interesgarria da ITP Castingi buruzko bere boz partikularrean Maite Alejandro epaileak idatzitako hausnarketa: «Enplegua babesteko legedia iraupen mugatuko behin-behineko egoera bati aurre egiteko jaio zen, baina dagoeneko ezin da horrela izendatu, aplikatzen hasi zenetik urtebete igaro delako, eta ziurgabetasun egoera handia dago planeta osoan». Alegia, behin-behineko krisi gisa jaiotakoa noiz bilakatzen da egiturazko?
Sindikatuek argi dute, eta kaleratzeak neurri ez hain traumatikoengatik aldatu daitezkeela aldarrikatu dute. Neurri garantistak nahi dituzte, enplegua nola edo hala babestuko dutenak, eta aldi baterako erregulazioak neurri aproposa izan daitezkeela uste dute. Kanpotik ikusita ere, horrelako bideak errazteak logikoa dirudi, hainbat kasutan, epe motzean behintzat, aldi baterako erregulazioak merkeagoak baitira. Esaterako, hala azaldu zuen ELA sindikatuko abokatuak ITP Castingeko epaiketan.
Korapilo zaila da, hari mutur asko dituena, baina askatzea erraztuko luke urtebete pasatuta pandemia behin-behineko edo egiturazko krisia den zehazteak.
EAEko Auzitegi Nagusian, eta aeronautika enpresei dagokienez, 2-1 ari da irabazten behin-behinekoa dela, baina ezin dira langileak eta enpresariak aldagai horren menpe izan. Irizpide garbi batekin testuingurua argitzeak ziurgabetasuna aldenduko luke, eta enpresariek zein langileen ordezkariek argiago ikusiko lukete egoera mahaiaren inguruan esertzean.
Orain erabaki behar dena zera da: nori dagokio irizpide hori legez ezartzea, epaileei edo erakundeei?