Maiatzaren 1eko mobilizazioak tokikoak izatearen alde egin du Eusko…

“Oinarrizko eskubidea” izanda ere, “logikoena” nor bere herrian manifestatzea litzateke Zupiriaren ustez. LABek eta CCOOk ez dute mugikortasun mugarik onartuko.



Baldintza batzuk bete beharko dituzte Elkargiren parte hartzea duten enpresek: errentagarriak izatea, burtsan ez kotizatzea, eta helburu gisa neurria handitzea, nazioartekotzea, edo dibertsifikazioa izatea. Elkargik 500.000 eta 1,5 milioi euro artean inbertituko ditu, eta ezingo du akziodun nagusi izan. Bost eta hamar urte arteko inbertsioak agindu ditu.
Navalen orubearen eta makineriaren jabe berria, ordea, Belgikako VGP taldea izango da, epaileak adjudikazioa berresten duenean, eta VGPk logistika proiektu handi bat dauka esku artean, baina jarduera industrialik ez. Harekin lortu behar dute akordio bat ontziolan ontziak egiten jarraitu nahi dutenek. Izan ere, Navalek duen 300.000 metro koadroko azaleratik 120.000 metro koadroko orubea beharko luke A&M taldeak ontziola martxan jartzeko. Alemaniako taldeak urtero hiru edo lau ontziko lan karga ekar dezake Sestaora, Itsas Foroak dioenez, modua izango luketelako, besteak beste, Italiako eta Turkiako ontziola batzuen lan karga Euskal Herrira ekartzeko.
Korearra, «lehen mailakoa»
Navalen konkurtsoa eta likidazioa kudeatu duen epaileak ez du oraindik berretsi eskaintzarik onenaren egile VGPk jabe berria izateko eskubidea duenik. Euskal ontziolen patronalaren presidente Javier Lopez de la Callek dio eskaintza apalagoak egin zituzten talde bik helegiteak jarri dituztela, eta biek dituztela ontzigintzarekin aurrera jarraitzeko proiektuak. Itsas Foroko presidenteak badaki ez dela erraza izango VGPrekin akordio bat egin eta industriari bide emango liokeen proiektu bat aurrera ateratzea, «baina borroka egin behar da horren alde».
De la Callek jakinarazi du Hego Koreako «lehen mailako ontziola bat» litzatekeela A&Mk Naval suspertzeko izango lukeen bazkidea: «Aukera hori benetakoa da; 25 urteko kontratu batez ari gara, 300 lanposturen sortzeaz, eta beste proiektuekin batera garatu daiteke, hemen, logistikaren esparrukoak izan edo hidrogenoarenak». Hori dela eta, berriro laguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, «eragile desberdinen arteko elkarrizketak» sustatu ditzan, «Euskadi industria erkidego bat delako».
Itsas Foroko burua bat dator Bilboko Merkataritza Ganberako presidente Jose Angel Corresekin esatean «Euskadirentzat luxu bat» dela Naval bezalako instalazioak galtzea: «1.500 metroko itsas moila da hau, eta Euskadin ez dago beste lekurik baldintza horiekin; ezin da desagerrarazi». Belgikako VGP taldearen logistika proiektuak, ordea, ez du jasotzen jarduera industrialik azpiegitura horrentzat. «Ez du ez hankarik ez bururik hori guztia txatarra bihurtzeak, Euskadin ez dagoelako beste lekurik horrelakorik egiteko», gaineratu du De la Callek.
Jaurlaritza deseroso dago
Eusko Jaurlaritzak lehen eskutik ezagutu du Alemaniako A&Mren proiektua, baina Lakua ez dago prest Navalen truke eskaintzarik onena egin duen konpainia estu hartzeko, industria jarduera berreskuratu nahi dutenek nahiko luketen moduan; beste kontu bat da eragileen arteko harremanak sustatzea, eta horretan ariko litzateke Gasteiz. Navalen hartzekodunak boteretsuak dira, eta ehun milioi eurotik gorako zorra utzi zuen enpresak; VGPren 36 milioi euroak hartzekodun handienei zorra itzultzeko balioko dute, zati bat besterik ez bada ere.
«Ez da posible harriak jaurtitzea milioi euro asko inbertitzera eta jarduera ekonomiko bat garatzera datorrenaren aurka», esana dauka Jaurlaritzako Ekonomiako Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak. Ez dago eroso Euskal Herriko ontziolen sektoreak izan duen erreakzio bortitzarekin VGPren aurka. Sailean bada uste bat: ontziolen jarduera berreskuratu nahi dutenek erakundeak erabili nahi dituztela VGP estu har dezaten, behar bezainbeste zoru saldu edo alokatu dezan ontziola historikoan, industria proiektu baten alde.

