Epaileak ez die deklarazioa hartu LABeko bost kideei, eta…
Atzo, LABek salatu zuen epailearen jarrerak «are handiago» egiten duela «operazioaren burugabekeria». Herenegun, LABeko koordinatzaile nagusi Imanol Karrerak salatu zuen Espainiako Poliziak iraganeko irudiekin lotu nahi izan zuela LABen ekintza sindikala, langileen artean desmobilizazioa eragiteko asmoz.
Atxilotuetako bi garbiketa sektoreko ordezkariak dira, eta besteak, LABen zerbitzu pribatuen federazioko ordezkariak. Alde batetik, apirilaren 9an ISN enpresako kamioi batera igo, Beriain inguruan errepidea moztu, eta trafiko arloko segurtasuna urratzea leporatzen diete; bestetik, CEN patronalaren egoitzan egindako protestan mehatxuak, bortxa eta kalteak eragitea leporatzen diete.
Txostena, «oso pobrea»
Defentsa abokatuak jakinarazi zuen Poliziaren txostena «oso pobrea» dela. Kamioiaren ekintzan, Foruzaingoak ofizioz hasi zituen diligentziak, baina ISN enpresak salaketa jarri, eta Espainiako Poliziak hartu zuen kasua. Haiek martxoaren 8ko ekintzarekin lotu zuten garbiketa sektoreko protesta hori. «Antzezlan handi hau muntatu du».
LABek berretsi du protesta horietan ez dagoela inongo deliturik, baina, Poliziak delitu zantzuren bat ikusi izan balu, nahikoa zuela jakinarazpen baten bidez deklaratzera deitzearekin: «Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa, parametro demokratikoetan, noski», kritikatu zuen. Horregatik, «Poliziaren gehiegikeria salatu eta ekintza sindikalaren alde egiteko asmoz», manifestaziora deitu du larunbatean, Iruñean. Baluarte jauregitik aterako da, 17:00etan.



