Zegonak lana amaitu du
2015ean burtsan sartu zenetik pentsatzekoa zen egun batean Euskaltelek enpresa independente bat izateari utziko ziola. Ez zuen nahiko neurririk kontzentraziorako joera duen merkatu baten presioari aurre egiteko. Bera ere ibili da joko horretan, Galiziako R Cable eta Asturiasko Telecable erosita, baina azken horren eskutik sartu zuen Zegonaren azeria oilategian, eta, 2019az geroztik, zalantza bakarra zen nork eta noiz erosiko zuen.
Orange eta Vodafone izan dira gehien aipatu diren izenak, baina azkenean MasMovil izan da. Operazioak hainbat sektoretan sortzen duen tristura arintze aldera, MasMovil euskal enpresatzat jo du Jaurlaritzak, eta hala izan zen sorreran, baina gaur egun gutxi geratzen zaio horretatik: bulego huts bat Donostian. Bost urtez Euskaltel markari eta Derioko egoitzari eta lanpostuei eutsiko diela agindu du MasMovilek. Markak oraindik baduen pisua ikusita, izenak ez dirudi arriskuan; izana, ikusiko da.





