PAI Partnersek Uvescoren akzioen % 70 erosi zuen 2021ean negozioa zabaltzeko asmoz. 2024ko ekainean, berriz, Uvescoren bere zatia Carrefourri saltzea negoziatzen hasi zen.
Intentsitate handiko partida jokatu dute Sadarren Osasunak eta Alavesek. Bi taldeak nor baino nor aritu dira, eta ahituta bukatu dute lehia. Alaves aurreratu da, margailua irauli du Osasunak, berriz ere berdindu dute bisitariek, eta, hirugarrenaren bila Osasuna gogo gehiagorekin aritu den arren, azkenean, puntu bat bakoitzarentzat. Bi taldeetan izan dira albiste garrantzitsuak azken orduetan. Osasunan epe luzerako lesioa du bere izarrak, Bryan Zaragozak, eta Alavesek, berriz, entrenatzaile berria zuen gaur aulkitxoan, Eduardo Coudet. Eta entrenatzaile argentinarraren aroak ezin izan du hobeto hasi: Kike Garciak 37 segundo behar izan ditu lehen gola egiteko. Buruz sartu du, Carlos Martinen erdiraketa bat baliatuta. Osasunari kosta zaio kolpe horri buelta ematea. Alavesek lan ona egin du presioan, eta zailtasun asko jarri dizkio etxeko taldeari. Pixkanaka nekatzen hasi dira babazorroak, eta arrisku gehiagorekin gerturatzen hasi da Osasuna. Epaileak, VARak deitu dion arren, ez du adierazi Budimirri egindako penalti bat, eta Kike Garciari beste gol bat ere baliogabetu dio jokoz kanpo zegoelako. Kike eta Sivera Bigarren zatia hasi bezain pronto aldatu dira kontuak. Siverak geldiketa ikusgarri bat egin dio Catenari, baina hurrengo jokaldian berdinketaren gola egin du Budimirrek, korner batean. Sei minutu geroago, faltaz, Ruben Garciak sartu du bigarrena. Eta Alaves okerren zegoenean, berriz agertu da Kike Garcia Carlos Vicenteren erdiraketa bat sareetara bidaltzeko. Minutu zoroak izan dira. Azken minutuetan Osasuna saiatu da gola egiten, baina bikain aritu da Sivera. Partidatzarra egin du atezainak, eta puntu garrantzitsua eman dio bere taldeari.
Lehen jardunaldian ez ziren ondo ibili iazko txapeldunak, baina gaur erakutsi dute aurten ere zergatik diren faborito. Elordik eta Zabaletak 3-22 irabazi diete Altuna III.ari eta Arangureni Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Neurketak ez du kontatzeko asko utzi. Arlo guztietan gehiago izan dira urdinak, eta etengabe baliatu dute atzeko koadroetan Zabaletak duen nagusitasuna. Horrela, Elordik ere errematerako aukera mordoa izan ditu. Altuna saiatu ahal zuen heinean bere atzelariari lana kentzen, baina ezinezkoa izan da. [articles:2134654]
Beste hiru puntu poltsikoratu ditu Athleticek. Zuri-gorriak laugarren postuan dira ligan, eta gaur aurrerapauso handia eman dute Vila-Real bosgarren sailkatuari irabazita (2-0). Bartzelona liderra sei puntura dute. Gaurkoa ez da azkenaldian Athleticek egin duen partidarik onena izan, baina berdin du. Ernesto Valverderen taldeak gutxi behar du golak egiteko, eta dena ondo irteten den une horietako bat ari da bizitzen. Giroa ere hotza izan da San Mamesen. Batetik, eguraldiagatik, eta, bestetik, Herri Harmailaren grebagatik. Zuzendaritzaren jazarpena salatu nahi izan dute modu horretan. Ez da aitzakia izan. Korner batean aurreratu dira, 15. minutuan; Paredes izan da golegilea. Eta bigarren zatian errematatu dute lehia, Iñaki Williamsek amaitu duen kontraeraso bati esker.
CCOOk (% 40ko ordezkaritza) eta CGTk soilik deitu zuten biharko greba eguna, eta UGTk eta SLTk ez zuten bat egin, administrazioei erretiro aurreratua eskatzeko akordioa adostu baitzuten patronalekin.
1980ko hamarkada erdialdean Irakeko agintariek islama hartu zuten kurduen aurka egindako sarraskia justifikatzeko aitzakiatzat, eta, haren ostean, Sherko Bekas poetak idatzitako Erantzuna poema hartu du gogoan Jil Swani idazle kurduak, Durangoko Azokan. Jainkoari kexu eskutitz bat bidaltzen diola kontatzen du poetak poema horretan, eta aingeru lanak egiten dituen euli baten bidez helarazten diola jainkoari. Egun bakarraren ondoren, ordea, haren idazkari laguntzaileetako batek bueltan bidaltzen dio eskutitza, ondorengo oharra gehituta: «Ergela!/ Idatzi arabieraz!/ Hemen inork ez daki kurdueraz!/ Ez diote jainkoari halakorik helaraziko!». Barre batzuk, eta Swaniren azalpena gero. «Ez dut uste poetak erlijioaren aurka egin nahi zuenik hor. Nire ustez, poema horrek adierazten du maiz guri buruzko ardurarik ez duen jendearen artean bilatzen ditugula lagunak eta kideak. Ez dugu guk aldatu behar gure hizkuntza, eskutitz hori bidali behar diogu ulertu nahi gaituen jendeari. Horregatik dira garrantzitsuak horrelako solasaldiak». BERRIAren elkarlanarekin, Suargi elkarteak Kurdistango, Amazoniako, Irlandako eta Euskal Herriko hainbat sortzaile bildu ditu gaur Durangoko Arte eta Historia museoan. Swani ez ezik, bertan izan dira Meral Simsek idazle, editore eta kazetari kurdua, Sevinaz Evdike zinema zuzendari kurdua, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarra, Amazonian jaiotako Roberto Awanari musikari euskalduna eta Joseba Sarrionandia idazlea ere. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak egin ditu gidari lanak, eta diglosiaz, kultur zapalkuntzaz eta herrien arteko elkartasunaz aritu dira hizlariak, besteak beste. Nork bere hitzekin Nork bere hitzekin hitz egitearen garrantzia nabarmendu du Awanarik, esaterako. «Gutaz mundu guztiak idazten du, baina guk historia kontatu nahi dugu gure eskutik, gure bizimodutik, gure hitzez, gure sustraietatik». Eta, horren erakusgarri, guaranieraz eman du azalpen hori bera lehenik, eta euskaraz errepikatu du gero. «Gutaz mundu guztiak idazten du, baina guk historia kontatu nahi dugu gure eskutik, gure bizimodutik, gure hitzez, gure sustraietatik» ROBERTO AWANARI Amazonian jaiotako musikaria Bitarteko espazio batean kokatu du Simsek-ek bere burua. Izan ere, kurdua da bera, baina turkieraz egin du bere ibilbidea literaturan. «Turkiar agintariek ez naute turkiartzat hartzen, eta kurduek ez naute kurdutzat hartzen ez dudalako kurdueraz idazten. Eta, horregatik, linbo moduko batean nago». Bere egoera pertsonalak harago, ordea, kurdueraz idaztea gaur egun galarazita dagoela ere gogoratu du. Denbora kontua baino ez dela ere esan du. «Kurdistan libre bihurtzen denean amaituko da egoera hori». Edonola ere, 40 milioi hiztun izanik, Simsekek behin baino gehiagotan nabarmendu nahi izan du kurduera ezin dela hizkuntza gutxitutzat jo. «Gutxiengoen ideia bera globalizazioak asmatu du». Konfederazio demokratikoa Haurtzaroko pasadizo bat hartu du gogoan Swanik, kurdueraren egoera deskribatzeko. 15 urterekin Danimarkara joan zen bizitzera bera, gogoratu duenez, eta, sorterrian bizi izandako debeku horiek ezagutu ostean, erabat harrituta geratu zen, han, eskolan, ume daniar guztiek danieraz egiten zutela ikustean. «Ezin nuen ulertu nolatan zen hori posible, euren etxeko hizkuntzan hitz egiten zuten denek eskolan ere, eta, denborarekin bakarrik ohartu nintzen hori ez zela beti gertatzen zen zerbait, baizik eta guri inposatu egiten ziguten zerbait». «Kurdistan, Palestina, Euskal Herria, Katalunia edo dena delakoa aske izan dadin suntsitu behar dugu garai hauetako estatu sistema» MERAL SIMSEK Idazle kurdua Nerabezaroan, kapitalismoaren aurka egitea «erroten kontra egitea» bezala zela iruditzen zitzaiola onartu du Simsekek. Fantasia moduko bat zen harentzat ideia hori. Denborarekin, ordea, kapitalismoa errealagoa zela ikusi, eta baikorrago bilakatu zela esan du. Eta, hain zuzen ere, beste sortzaile kurduek ere aipatutako bide bera aipatu du hari aurre egiteko: Konfederazio demokratikoa. «Kurdistan, Palestina, Euskal Herria, Katalunia edo dena delakoa aske izan dadin suntsitu behar dugu garai hauetako estatu sistema». Konfederazio demokratikoa izan du mintzagai Evdike zinemagile kurduak ere. Rohavan jaio zen bera, eta, azaldu duenez, 2012ko iraultzaz geroztik funtsezkoa da ideia hori euren egunerokoan. Are gehiago. Beste lurraldeetarako ere tresna erabilgarria izan daitekeela esan du. «Rohavan egon gara praktikatzen bide bat globalizazioaren aurkako konponbidea izan daitekeena». «Ni Rohavan, eta kurdueraz hitz egiten dugunok, egon gara praktikatzen bide bat globalizazioaren aurkako konponbidea izan daitekeena» SEVINAZ EVDIKE Zinemagile kurdua Globalizazioa bera «kapitalismoaren gezur bat» dela azaldu du McCoughanek. Idazle irlandarraren hitzetan, «ilunagoa» den zerbait ezkutatzeko jantzi moduko bat baino ez baita hitz hori, haren arabera, kapitalismoa eta kolonialismoa baitira termino horren atzean ezkutatzen direnak. «Garapen bidean goazela esaten dute, baina homogeneotasunerantz goaz». Zapingaren egiak Diglosia izan du mintzagai Sarrionandiak. Haren hitzetan, euskalduna «behartutako bilinguismo batean» bizi baita, eta, era berean, erabat desorekatua baita bi hizkuntza horien arteko botere harremana. Horren ondorioz, euskaldunek «eskizofreniaren antzeko zerbait» sufritzen dutela uste du idazleak, «modu kolektibo batean». Eskizoglosia deitu dio Sarrionandiak horri, eta beste hizkuntza ikasteko elebakarrek duten gogo faltari ere jarri dio izena: «supremazismo linguistikoa». «Nahikoa da telebista piztea, multikulturalismoa gezurra dela ikusteko, eta estatu-nazio batzuen kaiolan harrapatuta gaudela» JOSEBA SARRIONANDIA Euskal idazlea Sarrionandiaren ustez, gezurra da kultura aniztasunaren ideia bera ere. Eta lau hamarkadaz erbestean egon ondoren, Euskal Herrira bueltatu zen lehen gauko pasadizoa aipatu du horren frogatzat. Kuban, denek esaten ziotelako Euskal Herria zeinen multikulturala zen, eta, aldiz, erabat bestelako argazki batekin egin zuelako topo. «Bueltatu nintzen egunean, ama ohera sartu zen, eta ni zapping egiten geratu nintzen telebistan, eta kate bat topatu nuen euskaraz, eta 80 baino gehiago, denak gaztelaniaz. Nik pentsatu nuen hemengo telebista multikulturalean galegoz, alemanez, frantsesez hitz egingo zela, eta pilo bat ikasiko nuela». Handik hilabetera, Baionara joan, eta han ere berdin. «Hotel batean aspertuta hasi nintzen zapping egiten, 90 kate pasatu nituen, eta ez nuen frantsesa besterik entzun. Nahikoa da telebista piztea, multikulturalismoa gezurra dela ikusteko, eta estatu-nazio batzuen kaiolan harrapatuta gaudela». Liburua BERRIArekin Proiektu zabalagoaren parte izan da solasaldia. Egitasmo beraren parte da Kurdistan + 100 Etorkizuneko errepublika baten istorioak izeneko liburua ere, esaterako. Hamahiru idazle kurduren testuak biltzen ditu argitalpenak, eta BERRIA egunkariaren erakusmahaian lor daiteke doan. Eta kontzertua ere antolatu dute, bestalde, gaur iluntzean, Euskal Herriko zein Kurdistango zenbait musikari elkartuta. Gaurko kontzertua berriro ere egin nahi dute Kobanen (Kurdistanen) hilabete batzuk barru, baina Suargi elkarteko kideek «ardura» ere aipatu dute, jihadistak inguru horretara gerturatzen ari direlako.
Mendea eta segundoa gurutzatu nahi izan ditu Gerediaga elkarteak aurtengo Durangoko Azokan. Nestor Basterretxea jaio zenetik ehun urte betetzen dira aurten, eta, eguneko jendearen joan-etorri biziaren erdian, ordu erdiko tarte bat hartu nahi izan du azokak artistari esker on keinu bat egiteko larunbat goizeko lehen ekitaldian. «Azokaren historian dago Nestor», esan du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, «eta gure bihotzetan ere bai». 1936ko gerrak artistarengan izandako eragina hartu du gogoan, lehen-lehen hitzetik, Monika Basterretxea haren alabak ekitaldian. «Haurtzaroa zapuztu zion, eta ezaguna zuen hizkuntza suntsitu zuen. Leku berrietara goiz mugitu zen, baina haurtzaroko oihartzunetara itzuli nahi izan zuen beti, eta euskararen sonoritatearekin topo egin zuen hizkuntza hartan irakatsi zizkioten hitzetan eta kantetan. Askotan, bere lanak poetikoki izendatzeko erabiltzen zuen hizkuntza hori». «Euskal kultura berreskuratzeko, sortzeko eta transmititzeko banakako zein taldeko bide zail hori erresistentzia bidea da gaur egun ere» MONIKA BASTERRETXEA Nestor Basterretxearen senidea Eta, hain zuzen, «identitate bat berreskuratzea» izan zen haren obsesioetako bat, alabak gogoratu duenez. «Euskal kultura berreskuratzeko, sortzeko eta transmititzeko banakako zein taldeko bide zail hori erresistentzia bidea da gaur egun ere». Eta, haren hitzetan, Durangon sinbolizatzen da erresistentzia hori. Horregatik, Durangoko Azokak egindako omenaldiaren bidez, artistaren lana euskal kulturaren eraikuntzaren zatitzat aitortzen dela uste dute senideek, eta horrek «poz handia» ematen diela onartu dute. Artistak Durangaldearekin izan duen harremana ere nabarmendu dute ekitaldian Gerediaga elkarteko kideek. 2012an Durangoko 47. Azokarako egindako kartela da horren frogetako bat. Pixelak eta geometria uztartu zituen ordukoan. Eta obra hari buruzko artistaren azalpenak biltzen dituen bideoa ere proiektatu dute ekitaldian. Kartela «idazle berri guztien omenez» egin zuela esaten du bertan Basterretxeak. «Gauza originalak eta fundamentalak idazteko borroka ezin zailago horri eusten diotelako». Baina ez da kartela bakarrik. Eskualdean ere haren hainbat eskultura publiko daudela ere izan dute gogoan. Otxandioko bonbardaketen biktimen omenez sortutako Heriotza zerutik etorri jakun eskultura ez ezik, harena da Durangoko Tabira auzoko Hirugarren hilarria artelana ere. Erakundeetako ordezkariak Gerediaga elkarteak urtero kaleratzen duen Astola historia eta ikerketa aldizkariaren azala ere eskaini diote Basterretxeari, eta hari buruzko erreportaje zabala landu dute barruan. Eta, hain zuzen, aldizkari horren azal bana eman diote oroigarri familiako kide bakoitzari. Eñaut Zubizarreta Trigger txelo jotzaileak lagunduta, Basterretxearen argazki bilduma bat ere proiektatu dute saioan. Erakunde publikoetako hainbat ordezkari ere izan dira omenaldian. Besteak beste, bertan ziren Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea. Eta haiekin batera ikusleen artean zeuden Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendaria eta Guillermo del Olmo Eskuahaldunak eskultore elkarteko ordezkaria ere. Omenaldiaz gain, artistaren diseinu eta ilustrazio lanak biltzen dituen erakusketa ere antolatu dute Durangoko Arte eta Historia museoan, eta otsailera arte egongo da zabalik.
Beteranoak izan arren, lehiarako pronto daudela erakutsi dute Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Peio Etxeberriak eta Julen Martijak ederki hasi dute neurketa, erritmo bizian, baina eten luzearen ostean nahi bezala aritu dira Ezkurdia eta Rezusta. Bi partidak irabazi dituzte, eta sailkapenaren lehen postuan kokatu dira. Peio Etxeberria eta Martija, ordea, sailkapenaren zuloan daude, bi partidak galduta. Peio Etxeberriak eta Martijak izan dute ekimena neurketaren hasieran. Pilota azkarrak baliatu dituzte, eta haiek nahi zuten erritmoan jokatu dira lehen tantoak. Martijak agindu du, baina Peio izan da izarra. Aurrelariak oso deseroso sentiarazi du Rezusta hainbat sake zabalera aterata, eta lehen koadroetan ere asmatu egin du. Hala lortu dituzte lehen abantailak; 0-3 eta 3-8. Ezkurdiak ere ez du hasiera erosoa izan, baina behetik gorakoa egin du. Peiok bizi ibili du pilota alde batetik bestera, eta, hari aukerarik ez emateagatik, oso gutxi sartu da errematean. Martija nekatzen ahalegindu dira Ezkurdia eta Rezusta, errematean arrisku handirik hartu gabe, eta urdinen hutsegiteak baliatu dituzte partida berdintzeko: 9-9. Hala ere, Peioren bi tantori eskerrak aurretik iritsi dira urdinak etenaldira: 11-12. Partidako bigarren erdian, ordea, goitik behera aldatu da neurketa. Pilotak moteldu egin dira, eta Ezkurdia agertu da. Hamar tanto errenkadan egin dituzte gorriek, eta zuzenean iritsi dira 21era; erabat apurtu dute partida. Aurrez errematean askorik sartu gabe bazegoen ere, aurrerapausoa eman du Arbizuko aurrelariak. Nekea agertzen hasia zitzaien lau pilotariei pixkanaka-pixkanaka, eta orduantxe asmatu du Ezkurdiak. Lauzpabost egin ditu errematean, zein baino zein hobeak, baina 17.a izan da partidako tantorik ederrena; Rezustak egin du, seigarren koadroan paretaren ondoan zela. Horma-biko ikusgarria jo du zabaleraino, eta zaleak eserlekutik zutiarazi ditu Bergarakoak. Markagailua apaintzea besterik ez zaie gelditu Peio Etxeberriari eta Martijari, eta 22-15 amaitu da partida. Pozik agertu da Rezusta neurketa amaitutakoan: «Hasieran ezin izan dugu gure erritmoa ezarri. Baina erreakzioa azkarra izan da, eta partida gogortu denean hobeto eutsi diogu. Bitik bi ditugu, eta ezin genuen txapelketa hobeto hasi». Beste bat Lasok eta Iztuetak Bilbon, Unai Lasok eta Martxel Iztuetak 22-18 garaitu dituzte Erik Jaka eta Ander Imaz. Jakak partida hasiera ona izan du, eta errematean ohikoa duen distira erakutsi du. Iztuetak, berriz, hainbat pilota galdu ditu, eta lehen abantailak Jakarentzat eta Imazentzat izan dira: 12-6 eta 15-8. Hala ere, Iruñean gertatu bezala, markagailua irauli dute galtzen ari zirenek. Iztueta biziberritu egin da, partidari neurria hartuta, eta Lasok asmatu egin du errematean. Gainera, Imazek min hartu du, eta Jakak lagundu behar izan dio atzeko koadroetan. Urdinek baliatu egin dute; 16na berdindu dute lehendabizi, eta azkenerako 22-18 irabazi dute. Hala, Lasok eta Iztuetak jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte. Jakak eta Imazek, berriz, garaipen bat eta porrot bat bildu dituzte orain arte. Bestalde, Bihar jokatuko da txapelketako bigarren jardunaldiari dagokion azken-aurreko partida. Jokin Altuna eta Aitor Aranguren ligaxkako bigarren puntuaren bila kantxaratuko dira Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Azken horiek galdu egin zuten lehen jardunaldian, eta lehen garaipena lehen baino lehen lortu nahi dute. Atano III.a pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak (17:00, ETB1).
Lehiaketa sistema aldatu zenetik, Espainiako Kopako lehen kanporaketetan beti izaten dira ezusteak. Alaves, Osasuna eta Reala atzo Vila-real eta Girona kanpoan geratu zirela jakinda zelairatu dira. Arabarrek, ordea, ezin izan du ezustea saihestu. Eduardo Coudetek ez du oroitzapen gozoa izango Alaves zuzendu duen lehen neurketa. Izan ere, Deportivo Minerak kanporatu du penaltietan. Partida osoan kontrakarrean aritu da, eta etxeko taldea bitan jarri da aurretik. horietako bat luzapenean. Deportivo Minerak minutu gehiagotan izan du jokoaren ekimena, eta gehiago bultzatu du. Kike Garciaren bi goli esker, hala ere, penaltietan erabaki da kanporaketa. Hor ere ez da fin aritu Alaves. Izan ere, Adbek eta Protesonik euren penaltiak huts egin dituzte, eta etxekoek jaurti dituzten denak sartu dituzte. Hemendik aurrera arabarrek Ligan jarri beharko dute arreta osoa. Coudetek lan dezente du aurretik, taldea beheko postuetatik aldentzeko. Horretarako lehen aukera igandean izango du, Osasunaren aurkako derbian. Osasuna asko sufrituz sailkatu da, Ceutaren aurka. Horren seinale, Vicente Morenok zuzentzen duen taldea 2-0 ari zen galtzen 84. minutuan. Eta hurrengo 10 minutuetan kanporaketa irauli du. Budimirrek (84. min.), Raul Garcia de Harok (87. min.) eta Redruk bere atean sartu dituzte golak (93. min.). Etxekoak hobeto hasi dira, eta ekimena haiena izan da lehen mintuetan. Osasuna baloi luzeen bidez ahalegindu min egiten, baina Ceuta ondo jarrita zegoen berdegunean, eta gorritxoak minutuan igaro ahala deserosoago sentitu dira. Hala, 41 minutuan, etxekoek gola egin dute. Bigarren zatiari estutuz ekin diote nafarrek, eta 52. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Raul Garcia de Harok sartutako gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Osasuna argitasuna gattzen joan da, eta kanporaketa zailtzen ari zela kontuan hartuta Vicente Morenok Aimar Oroz eta Ante Budimir zelairatu ditu. Baina are maldan gorago jarri zaio Ceutak, kontraeraso batean gola egin duenean.Bikaina izan da Ruen Diezek sartutako gola. 20 minutu falta ziren neurketa amaitzeko. Bihotzarekin baino gehiago, Osasunak aurrera egin du eta azkenean 10 minututan emaitzari buelta eman, eta hurrengo knaporaketan izango da. Realak partida oso grisa jokatu du Cuencan. Lehen 20 minutuetan hainbestean aritu ostean, hortik aurrera, balio jabetza izan, baina apenas sortu duen arriskurik. Baloiari ezin izan dio erritmorik eman, eta ia ezin izan du zuzen jokatu. Conquense pare bat aldiz gerturatu da Marreroren atera, baina atezainak bi gelditu on egin ditu. Bigarren zatia bide beretik joan da, eta minutuak aurrera joan ahala, eta besteak besteak zelaiaren egoera tarteko, neurketa trabatzen joan da. Pare bat geldikako jokalditan baino ez da gerturatu Conquenseren atera talde txuri-urdina. Argitasunik gabe aritu da. Azkenean arauzko denbora 0-0 amaitu da. Horrenbestez, luzapenean erabaki behar izan du Realak neurketa. Hura hasi eta minutu batera sartu du gola Brais Mendezek, Sergio Gomezen pase on bat jaso, eta atzetik etorrita erremate ona egin du arearen balkoitik. Baina oraindik 29 minutu zituen aurretik. Gola kolpea izan da etxekoentzat. Hasiera batean Conquenseren atera gerturatu da Reala. Baina berriro ere arauzko denborako jokora itzuli da, baloia izanda, baina arriskurik sortu gabe. Hala, 0-1ekoarekin ezin lasai egon. Epaileak txistua jo zuzenean hartu ahala izan zuten arnasa Realeko jokalariek, eta zaleek. Izan ere, 118. minutuan Conquensek aukera argi bat izan du gola egiteko, eta neurketa etxekoen aldekoen korner batekin amaitu da. Asteleheneko zozketan izango ez dena Barakaldo da. Izan ere, 1-2 galdu du Racing Ferrolen kontra Lasesarren. Hala, zapuztu egin zaio hurrengo kanporaketarako sailkatu eta Lehen Mailako talde baten kontra jokatzeko ametsa. Pena izan da, Galiziako taldeak 85. minutuan sartu baitu gol erabakigarria. Partida lehiatua izan da, eta Barakaldo hobeto hasi da, eta saria jaso du 18. minutuan, Luis Bilbaok gola sartu baitu. Hurrengo minutuetan Imanol De la Sotak zuzentzen duen taldeak jokoaren ekimena izan du. Baina Beberen gola iritsi da Galiziako taldearentzat. Hortik atsedenaldira bitarte, partida asko parekatu da, eta abiadura galdu du. Hala, banakoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarrenean bisitariak hobeto hasi dira, baina pixkanaka Barkaldok indarrak parekatzea lortu du, eta neurketa luzapenera zihoala zirudiienean iritsi da Racing Ferrolen bigarren gola, eta hala amaitu da norgehiagoka. Astelehenan egingo da hurrengo kanporaketako zozketa, eta Osasunarekin eta Realarekin ekin batera Athletic ere zozketan egongo da, Espainiako Superkopa jokatzeagatik lehen bi kanporaketetatik salbuetsita geratu ostean.
Beste lehen ministro bat izendatu beharrean da Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Atzo, Asanblea Nazionalak Michel Barnier lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa onartu zuen, eta hura kargutik kendu. NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioak eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak bozkatu zuten gobernuburua kargugabetzearen alde. Macronek izendatzen duen lehen ministro berria bi bloke horietakoren batengana hurbiltzen ez bada, beste zentsura mozio bat izateko zorian egongo da —NFP eta RNren botoak batuta, Asanbleako gehiengo osoa dute —. Goizean, batzartu da Barnier Macronekin, eta bere dimisioa aurkeztu dio; jardunean arituko da gobernu berria osatu bitartean. Testuinguru katramilatsu horretan egin du agerraldia Macronek, gauean telebista bidez igorritako adierazpen batean. Bertan, Barnierren gobernua erorarazteko «eskuin muturrak eta ezker muturrak errepublikaren aurkako fronte bat» eratu dutela azpimarratu du. NFPren parte diren alderdiei «anabasa» eragiten duen koalizio bat sortu izana leporatu die presidenteak, eta Frantziako herritarrek Asanblea Nazionalerako bozetan hartutako erabakiak «aldaketa politiko bat» eskatzen duela ondorioztatu du. Horregatik, eta «Konstituzioak Asanblearako hauteskundeetara berriz deitzea galarazten duenez», Asanbleako kideei eskatu die «beren lana» egin dezaten; hau da, negozia dezaten gobernu bideragarri bat lortzeko. Gaur duela hiru hilabete izendatu zuen lehen ministroaren gobernua boterean ez mantentzean zenbait «erantzukizun» izan dituela onartu duen arren, nabarmendu du ez dituela bere gain hartuko «besteen ardurak». Gauzak horrela, presidentetza ez duela utziko jakinarazi du: «Ez dut kargua utziko. Bost urterako hautatu ninduzuen, eta epe hori guztiz beteko dut». Atzo RNko buruzagi Marine Le Penek eta NFPren parte den Frantzia Intsumisoko zenbait kidek adierazi zutenez, Macronek kargua utzi beharko luke. Adierazpen horiei lotuta, Macronen iritziz, orain arte oposizioa osatu duten bi talde horien helburua bakarra da: «Presidentetzarako hauteskundeetan pentsatzen dute soilik; horiek aurreratzen saiatzen ari dira». Egunak aurrera egin ahala, Frantziako zein nazioarteko hedabideek hamaika hipotesi kaleratu dituzte gobernuburuak eman behar zuen mezuaren inguruan. Gehien hau zabaldu da: Macronek lehen ministro berria izendatzeko erabiliko zuela agerraldia. Izan ere, atzo herrialdeko hedabideek argitaratu zutenez, ministro ohi batek —ez zuten zehaztu nork— esan zuen «hurrengo 24 orduetan» jakinaraziko zuela presidenteak lehen ministro berriaren izena. Hipotesi hori, ordea, Macronek hitz egin baino minutu batzuk lehenago hasi da desegiten: AFP Agence France-Press Frantziako berri agentziak aukera hori ezeztatzen zuen informazioa argitaratu du. Macronek hitzaldian baieztatu du lehen ministro berri bat izendatuko duela «datozen egunetan». Le Monde Frantziako egunkariak kaleratu berri duenez, estatuburuak bi izen ditu mahai gainean, PS Frantziako Alderdi Sozialistako kideak biak: Boris Vallaud eta Patrick Kanner. Haiekin biltzekoa da bihar. Lehen ministro berri horri helburu nagusi bat ezarri dio estatuburuak: «Asanblearen oniritzia jaso dezaketen aurrekontu batzuk egitea». Ildo horretatik, presidenteak jakinarazi du Frantziako Parlamentuan «aurrekontuentzako lege berezi bat» aurkeztuko duela «abendu erdialderako». Lego berezi horrek aurtengo aurrekontuak 2025era luzatzeko aukera emango du: «Behin-behineko lege horrek zerbitzu publikoek eta herrialdeak bere horretan jarraitzea ahalbidetuko du». Ezkerra zatitu Gobernu berriak bizirik irauteko aukera bat izan liteke Barnierren aurka egin zuten bi blokeak zatitzea. Eta hori babestu du gaur Sebastien Lecornu Defentsa ministroak, RTL irrati katean. Lecornu LREM Errepublika Martxan alderdikoa da, hau da, Macronen alderdi berekoa; eta Frantziako hedabideek lehen ministro izateko hautagai nagusitzat daukate. Defentsa ministroak, ordea, gezurtatu egin du: «Ni ez naiz ezertarako hautagai». Lecornuk ziurtatu du beraien eginkizuna dela PS «posizioz aldaraztea», eta horiek macronistengana gerturatzea. NFPk du aulki gehien Asanblea Nazionalean (182), eta horien artean 66 dira PSko diputatuak. 66 horiek ezkerreko blokea utziz gero, NFPk eta RNk gehiengo osoa galduko lukete. Hori horrela, Lecornuk esan du «ahal duten guztia» egin dutela sozialistak Frantzia Intsumisoarengandik urruntzeko. NFP koalizioaren barnean ordezkari gehien dituen alderdia da Frantzia Intsumisoa (71), baita Macronen aurkako jarrerarik gogorrena duena ere. Erabakia azkar hartzeko eskatu dio Yaut Brau-Privet Asanblea Nazionaleko presidente eta Macronen alderdikideak estatuburuari. Harekin batzartu da gaur goizean, eta France Inter irrati katean esan du alderdi guztiekin hitz egiteko gai den lehen ministro bat behar duela Frantziak. Mathilde Panot Frantzia Intsumisoko talde parlamentarioko presidentea ere mintzatu da gaur. LCI telebista katean ziurtatu du bere alderdiak ez duela babestuko NFPkoa ez den lehen ministrorik. Eta azpimarratu du Bernard Cazeneuve ez dela NFPkoa. Frantziako hedabideek Cazeneauve aipatzen dute lehen ministro kargua hartzeko hautagaien artean. 2016ko abendutik, 2017ko maiatzera lehen ministro izan zen. Orduan, PSko kidea zen, baina 2022an alderdi hori utzi zuen. Panotek uste du presidenteak bere inguruko lehen ministro bat hautatzen badu «lehenago edo geroago» kargugabetu egingo dutela. Horregatik, NFP gobernatzeko prest dagoela jakinarazi du; eta, aldi berean, Macronen dimisioa eskatu du: «Frantziak ezin ditu beste hiru urte igaro hiru hilabetean behin lehen ministroa aldatuz». Panotentzat, irtenbide bakarra presidentetzarako hauteskundeak aurreratzea da. Sozialistak, hitz egiteko prest Sozialistek, berriz, elkarrizketarako deia egin diote estatuburuari. Oliver Faure PSko idazkari nagusiak, eta PSko talde parlamentarioko eta senatarien taldeko buruek sinatutako gutunean, Macroni eskatu diote batzartu dadila gaur ezkerreko koalizioko alderdietako buruzagiekin. Ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egindako bozen ostean, alderdiek ez zuten egin gehiengo osoa osatzeko adinako akordiorik. Hori horrela, irailean, Macronek LR Errepublikanoak alderdi kontserbadoreko Barnier izendatu zuen gobernuburu. Orain, Barnier lehen ministro kargutik kendu ostean, LRk ez du hurrengo gobernuaren aurka egingo. Hori jakinarazi du LRko talde parlamentarioko presidente Laurent Wauquiezek gaur, France 2 telebista katean. Hartan parte hartuko ez balute ere, Wauquiezek ziurtatu du ez dutela gobernua osatzea «blokeatuko», ez dutela «[RNko buru] Marine Le Penek egin zuena» egingo.