Tubacexen eguneko jarduna eten du pikete feminista batek
Lan jardunik ez zen egon, ezta enplegu erregulazio prozesuaren negoziazio epean aurreikusitako bilera ere. Dena den, enpresako zuzendaritzak eta langile batzordeak gaurko egin dute hitzordu berria. Egutegia betetzen bada, azken aurreko bilera izango da, bihar bukatzen baita epaileak agintzen duen negoziazio prozesuaren epea.
Bilduko dira, baina batzordeko kideek atzo jakinarazi zutenez, ez dira oso baikorrak. Orain arteko bileretan egindako urratsak oso txikiak izan dira. Enpresak, hasieran, 150 kaleratze iragarri zituen, eta, gero, 136 kaleratzera jaitsi. Enpresak erretiro aurreratuak eta ordainduriko kontratu etete batzuk egiteko aukera eskaini zuen, eta gaur jakingo da zenbat langilek onartu dituzten.


