Etxebizitzen salmenta %17,2 jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian
Etxe gutxiago saltzeak prezioen beherakada ekarri ahal du, eskaintzaren eta eskaeraren arteko desorekaren ondorioz. Oraingoz, ordea, halakorik ez da gertatu. Hori bai, prezioen igoera moteldu egin dela erakusten dute azken datuek, 2020ko hirugarren hiruhilekoek: batez beste, urtebete lehenago baino %1,8 garestiago zeuden etxebizitzak. Urtebete lehenago, berriz, %4,8 garestitu ziren.
Etxebizitzen merkatuak 2007an jo zuen goia, 35.000tik gora bizitegi salerosi baitziren urte horretan. Atzeraldi Handiak %60 jaitsi zituen salmentak 2013rako, eta horren zati bat berreskuratu du azken urteetan, hazkunde ekonomikoa dela eta. Joera hori 2019an eten zela iragarri zuten INEren lehen datuek (-%4,8), baina datu horiek zuzendu ditu Espainiako estatistika erakundeak, %0,2ko hazkundea erakutsi arte. Alegia, igoera ia eten egin zela, baina ez zela jaitsierarik izan. 2020ko datuen zuzenketak ezingo du halako aldaketarik ekarri.
Salmenten murrizketak mota guztietako etxebizitzei eragin die. Bizitegi berriena %16,5 gutxitu da, eta %17,4, berriz, bigarren eskukoena. Etxebizitza berriak ozta-ozta ez dira iristen bostetik bat izatera —2007an, ia bitik bat ere izan ziren—.
Aldaketa izan da, ordea, erositako etxebizitzen sustapenean. Azken urteetan saldutakoen %10 inguru izan dira etxebizitza babestuak, baina 2020an kopuru hori %13,3ra heldu da. Izan ere, gutxitu ez, ugaldu egin dira saldutako babes ofizialeko bizitegiak, %10,7 hain zuzen ere.



