Baliabideak eta errespetua eskatzeko, Seaskak mobilizazio bat deitu du…
Baliabideak eta errespetua. Horixe eskatzen ari da Seaska, eta aldarria ozenago entzun dadin maiatzaren 23an Baionan mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Herri Urratsen hasierako ekitaldian egin du deia ikastolen elkarteak, eta jaiaren aurkezpenean egin zuen moduan, Frantziako Hezkuntza Ministerioari adierazi dio «ele ederrak» ez direla aski. Azken bileran, Bordeleko Akademiako errektore berria «prest» agertu zen euskarazko irakaskuntzari buruzko hobekuntza batzuk lantzeko, baina Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak adierazi zuen ez zutela «deus zehatzik lortu». 2022tik iraungia da Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena, eta horri buruz ez zutela ezer esan gaitzetsi zuen Etxartek: «Laster maiatzean izanen gara, eta oraindik ez dakigu irailean zenbat irakasle postu izanen ditugun». «Kezka» agertu zuen formazio eta inklusio arloetan dituzten beharrei buruz ere. Integrazio Batzordeak behin baino gehiagotan salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela baliabide nahikoa ematen behar bereziak dituzten haurren inklusiorako. Gaur egun 200.000 euroren beharra dute. Herri Urrats Senperen, gaur. PATXI BELTZAIZ Ikastolak ekonomikoki sostengatu eta zinezko hizkuntza politika bat martxan jar dezaten eskatzeko, Herri Urratsera deitu zituzten herritarrak, eta horretan behintzat zorteko izan direla dirudi: aurreikuspenak ez ziren onak, baina gaur Senperen (Lapurdi) elkartu diren milaka euskaltzaleek lagun izan dute eguzkia. Oparoa izan da Senpereko lakuaren bueltan antolatutako egitaraua. Jende gehien Nafarroa-Badok guneko kontzertuetan elkartu da. Hango oholtzan eman du kontzertua Duplak, aurtengo abestiaren egileak, eta haiekin batera heldu da eguneko ezuste nagusia: Pantxoa eta Peiok abesti batzuk abestu dituzte han ekartutako publikoaren gozamenerako. Eremu berean aritu dira Kode, Mirabe, Karena, Maskak, P.I.L.T. eta Marte Lasarte. Karena izan da Herri Urratseko II. Musika Maketa Lehiaketako garailea. Herri Urrats Senperen, gaur. PATXI BELTZAIZ Goizean goiz hasi da mugimendua gainontzeko zazpi guneetan ere. Lapurdi eta Bizkaia guneetan haurrei bideratutakoa izan da eskaintza; pailazoak eta ikastolen arteko erronka, esaterako. Araba-BERRIA eremuan ere musika izan da nagusi, baina beste ikuskizun batzuk ere baziren egitarauan. Hango oholtzara igo dira Sune, Olatz Salvador, Ezpalak eta Frigo. Herri Urrats: goizaren laburpena Bertsolariek ere izan dute bere lekua, Gipuzkoa gunea. Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Patxi Iriart eta Aitor Servier aritu dira kantuan, Ortzi Idoatek gaiak jarrita. Jarraian, Baiona Kantuz taldearen ikuskizuna izan da, besteak beste. Azkenik, Xiberoa gunean, dantza izan da protagonista nagusia. Han aritu dira Estitxu Robles eta Dantzaz konpainia, Ligiko dantzariak eta Kukai. Arratsaldean, Elepunto DJak girotu du ingurua. Gune horrek berezitasun bat izan du aurten, lehen aldiz: Tokiko gunea. Jatekoa eta edatekoa tokikoa eta kalitate onekoa izan da, inguruko etxaldeei zuzenean erosia. Herri Urrats: arratsaldearen laburpena [articles:2141530] Zazpi gune horietaz gain, Kattalin Elizalde Ikastegia izeneko gunea ere jarri dute: jatekoa izan da, edatekoa, eta txartelak hartzeko aukera, baita herri kirolak eta umeen pilota partidak ere, espresuki antolatuak. Edozein gunetatik abiatuta, aintzirari bira osoa emateko aukera eduki dute bisitariek. Bidean, gainera, ikuskizun ugari izan dira ikusteko: joaldunak, gaiteroak, Punttu Kakotx, Dizkobolo, Hots kolektiboa… [articles:2141386]



