Legatzaren kuota % 5 murriztea adostu dute Europar Batasuneko…

2021eko arrantza kuotak: Legatzaren kuota % 5 murriztea adostu dute Europar Batasuneko (EB) estatu kideek. Berdelaren eta txitxarroaren kuotak ere hitzartu dituzte.
‘Brexit’-erako akordioa gertuago dagoela esan du Europako Batzordeak
Von der Leyenek eurodiputatuei esan zienez, tresna bat adostu dute bi aldeek lan, ingurumen, eta estatu laguntzen araudietan atzerapausorik izan ez daitezen. Bruselaren eskaera nagusietako bat da hori, ez baitizkio bere merkatu handiaren ateak zabaldu nahi araudi malguagoekin merkeago ekoitziko lukeen bazkide bati. «Ez dakit ituna izango den ala ez, baina esan diezazuket badela akordiorako bide bat, meharra bada ere».
Tonu baikor hori apalagoa izan zen Londresen. Boris Johnson lehen ministroak «zentzuz» jokatzeko eskatu zien EBko «adiskideei», eta haren bozeramaile batek errepikatu zuen akordio bat ez izateko aukera handia zela. Aldi berean, Erresuma Batuko Gobernuak ohartarazi die diputatuei prest egoteko, Eguberrietan parlamentuko saio bereziak egon daitezkeelako itun bat bozkatzeko.
Itun horretarako oztopo nagusia arrantza dela iradoki zuen Von der Leyenek, gai horretan eztabaida «oso zaila» delako. Reutersen arabera, Bruselak ez du onartu Londresen azken proposamena, hots, hiru urteko epe batean EBko ontziak Ingalaterrako eta Eskoziako ur aberatsak uztea.
Hain zuzen ere, brexit-erako akordiorik ez egoteak trabatu egin du EBko Arrantza ministroak ados jartzea kuoten banaketari buruz. Izan ere, legatz, oilar eta zapo kuoten zati handi bat Londres menpeko uretan egiten da. Euskal itsasontzi gutxi dabiltza hango uretan —Ondarroako hiru baizik ez—, han dituzten kuotak gertuagoko uretakoekin trukatzen dituztelako. Baina, akordiorik ez badago, orain batez ere Ingalaterran ari diren asko Bizkaiko golkora etortzea da euskal arrantzaleen kezka.
Bazkide handia
Erresuma Batua aurten atera da ofizialki Europako Batasunetik, baina haren merkatu bakarrera lotuta jarraitzen du, behin-behinean. Trantsizio hori, ordea, abenduaren 31n bukatuko da, eta luzatzeko aukerarik ez dago jadanik. Bi aldeak hilabeteak daramatzate negoziatzen zer-nolako merkataritza harremana izango duten urtarrilaren 1etik aurrera. Johnsonen gobernuak baztertu egin dituenez Erresuma Batuak merkatu bakarrean jarraitzeko aukerak, merkataritza itun bat da orain mahai gainean dagoen aukera bat. Lortuko balitz, muga zergarik ez litzateke izango bi blokeen artean, eta horrek bidea emango luke gaur egungo harreman estuak eta produkzio kateak neurri handi batean jarraitzeko. Hori bai, mugetan kontrolak izango lirateke, eta burokrazia handituko litzateke esportatzaileentzat.
Beste aukera da akordiorik ez egotea; kasu horretan, MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauen araberako harremana izango lukete EBk eta Erresuma Batuak. Horrek muga zergak ekarriko ditu, ekoizpen kateak urratzea, bien arteko harremana txikitzea eta, agian, finantza astindu bat ere.
Berri txarra izango litzateke euskal enpresentzat, Erresuma Batua bazkide komertzial handienetan hirugarrena delako. Iaz, Hego Euskal Herrien esportazioen %8,4 joan ziren hara, ia 3.000 milioi euro; inportazioak gutxiago dira, %2,9 edo 750 milioi euro.
Euskaltelek 25 milioi banatuko dizkie akziodunei
Dibidendu hori ongi etorriko zaio Kutxabanki, banku negozioan irabaziak zailagoak diren garai batean. Ia bost milioi euro patrikara ditzake, Euskaltelen akzioen %19,8 baititu. Akziodun nagusia, berriz, Zegona funts britainiarra da (%21).
Telekomunikazioen sektoreari ezer gutxi eragin dio koronabirusaren krisiak. Are gehiago, itxialdiak indartu egin du zerbitzuen kontratazioa eta erabilera, eta horri etekina ateratzen ari dira. Euskaltelek, esaterako, iazko irabaziak (62 milioi euro) gainditzekotan dago aurten, urteko lehen hiru hiruhilekoetan jada 53 milioi euroko irabazi garbia izan duelako.
Emaitza horien eskutik Espainia erdialdera eta hegoaldera hedatzen ari da Derioko konpainia, Virgin Telco markarekin. Sei hilabetean 60.000 bezero lortu ditu Virgin Telcok, espero baino gehiago.
Irabazi asko banatu ahal izatea garrantzitsua da Zegonarentzat; horren ondorioetako bat da akzioen balioa handitzea eta, behin maila batetik gora, funtsak bere partaidetza saldu ahal izango du, irabaziekin.
Next Euskadi planaren gardentasun falta salatu du oposizioak, berriz…
EH Bilduko Mikel Oterok honela esan zuen: «Nahi duzue gu konforme egotea Next Euskadi planaren berri egunkarien bitartez izatearekin, eta gero noizean behin zuek informazioren bat ematea egiten ari zaretenari buruz. Baina informatzea ez da elkarlanean gobernatzea; informatzea ez da parte hartzea. Eta gauzak horrela egiten direnean, gezurretan edo erdi egiak esaten aritu beharra etortzen da. Esaten zaigu esparru argia egongo dela gure ekarpenak egiteko, baina gero ez dago mekanismorik. Esaten duzue prozesu gardena izango dela, baina gero diozue zerrenda gordeko duzuela zalaparta ez sortzearren».
Miren Gorrotxategik ere (Elkarrekin Podemos) planari buruzko gardentasun falta salatu zuen: «Itsu gaude; ez dakigu zer gertatzen ari den». Ohartarazi zuen ez dagoela inolako aktarik Eudelekin egin ei diren elkarrizketei buruz.
Urkullu ez zen han
Oterok bere hitzaldiaren hasieran gogor gaitzetsi zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu legebiltzarrean ez egotea: «Garrantzitsuagoa da Banco Santanderren foro batean egotea? Hori da [monografikoaren deitzaileei] zor zaigun errespetua?».
Gobernuko alderdiek (EAJ eta PSE) eta Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, berriz, funtsei buruz, Europari buruz, proiektuentzako ildo orokorrei buruz eta proiektuen zerrenda aurkeztu ondoko elkarrizketa eta akordioei buruz bakarrik hitz egin zuten. Bestelakoan, azpimarratu zuten lan handia egin dutela plana osatzeko, eta oposizioari leporatu zioten atzoko eztabaidaren helburua gobernuari kritika egitea zela.
Europako dirua jasotzeko hautagaiak zein diren oraindik ez da publikoa. Eusko Jaurlaritzak abenduaren 29ko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko du proiektuak zerrendatuko dituen Euskadi Next planaren lehen bertsioa Madrilera bidaliko da.
Itxaso Berrojalbizek (EAJ) azaldu zuen hainbat eragilerekin hitz egiten dutela plana osatzeko, prozesua irekia eta parte hartzailea izan dela, eta zera esan zion Mikel Oterori: «Zuek alderdi politiko gisa foro horretan ez egoteak ez du ezerezten prozesuaren lana». Eztabaida monografikoarekin «liskar mediatikoa» bilatu nahi izatea egotzi zion Itxaso Berrojalbizek EH Bilduri. Eneko Andueza (PSE) ere Oterori mintzatu zitzaion: «Zuek gaur gobernua kritikatzera etorri zarete, ez proiektuez hitz egitera».
Proposamenak, bereak
Goizeko saioaren ondoren, arratsaldean talde politikoen ebazpenak eztabaidatzeko eta bozkatzeko txanda izan zen. Gobernuko taldeek beren gehiengo osoa erabili zuten EH Bilduren 22 proposamenak eta Elkarrekin Podemos-IUren 66ak atzera botatzeko. Halaber, ez zuten onartu ezkerreko oposizioaren proposamen bateratu bat, zeinak eskatzen zuen elkarrizketa eta negoziazio gune bat sortzeko funtsen banaketari buruz.
EAJk eta PSE-EEk ontzat hartu zituzten beraiek aurkeztutako 22 proposamenak. Horietako batean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gai izan daitezen administrazio egiturak sendotzeko funtsak kudeatzeko. Beste batek, berriz, Espainiako Gobernuari galdegin dio funtsen kudeaketa erkidegoen esku uztea haien eskumeneko gai bati dagokionean.
Europako funtsak jasotzeko proiektua aldatzea eskatu dio oposizioak Jaurlaritzari

Oposizioko alderdiek “norabide aldaketa” eskatu diote Eusko Jaurlaritzari Europako funtsak eskuratzeko proposamena aurkezteko orduan.
% 75eko jarraipena izan du bigarren grebak haurreskoletan, sindikatuen…

Bigarren greba eguna EAEko haurreskoletan: sindikatuen arabera, jarraipena % 75ekoa izan da. Abenduaren 22an negoziazio-mahai batera deitu dituztela iragarri dute.
Ikastolen Elkartea, bere hezkuntza proiektuak administrazioaren esku uztearen aurka

Ikastolen Elkartearen erantzuna Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpainari. Ikastolak ez daude prest beren hezkuntza proiektuak administrazioaren esku uzteko.
Europa, erraldoiei aurre egiten
Urtebete da Europako Batzordeak merkataritza elektronikoari buruzko arauak eguneratzea erabaki zuela. Aurrekoak 2000. urtekoak ziren, eta zaharkituegiak zeuden erraldoi elektronikoen jarduna kontrolatzeko. Bretonek eta Margrethe Vestager Lehia komisarioak zuzendu dute 3.000 iritzitik gora bildu dituen legegile taldea. Azken hori ezaguna da azken urteetan teknologikoei ezarri izan dizkien isunengatik. Urrunago joan gabe, 2016 eta 2019 artean 8.257 milioi eurora arteko isunak ezarri zizkion Googleri.
Europako Batzordeak bere neurrira diseinaturiko bi erreminta dira ZDA eta MDA, eta 27 herrialdeetan izango dute eragina. Semaforo batekin alderatu zituen Vestagerrek: «Europan mundu guztiak daki zer ezin daitekeen egin gorri dagoenean». MDAk enpresen estruktura arautzen du: tamaina eta hari esker ezarritako kontrola. ZDAk, berriz, jarduna, eta zabal dezaketen informazioa. Arauek, orain, Europako Parlamentuaren eta Europar Kontseiluaren galbahea pasa behar dute.
Arauen berri ematean Vestagerrek azaldu zuen merkatu elektronikoan enpresa erraldoiak daudela, eta bere tamainari esker informazio fluxua ere kontrolatzen dutela. Legeak «atezain» bezala definitzen ditu, «zein pasatzen den eta zein ez erabakitzen dutelako». 45 milioi erabiltzailetik gora dituzten atariak dira atezainak, eta «rol kritiko bat jokatzen dute enpresa txikiago eta bezeroen artean».
Enpresa txikiago horiek, askotan, atezainen lehiakide dira, baina ez dute maila berean lehiatzen, atari handiek informazio askoz gehiago duelako. Beharrezko bitartekari izateak abantaila handia ematen die. Horri aurre egiteko, MDAk informazio bilketa oztopatzeko neurriak ezar ditzake; esaterako, aplikazio jakin bat onartzeko obligazioa legez kanpokotzat jotzea. Atezainek, halaber, enpresa bat erosten badute, batzordeari jakinarazi beharko diote, eta ordezkari bat izan beharko dute Europan. Gehienak AEBetakoak dira, eta Europako egoitza Irlandan izan ohi dute.
ZDAk, berriz, atarietako informazioa kontrolatuko du. Esaterako, legez kanpoko osagaiak ezabatzera behartuko ditu, hirugarren batek eskegiak izanda ere. Era berean, algoritmoekin gardenagoak izatera behartuko ditu. Algoritmo horiek funtsezkoak dira erabiltzaileei publizitate eskaintza pertsonalizatuak egiteko.
Laboral Kutxak espero du apiriletik aurrera hasiko dela susperraldia
Bilbon eta Iruñean egindako aurkezpenean, Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren Eremuko zuzendariak ohartarazi du egoera kaltebera dela, eta, horregatik, beharrezkotzat jo du Europako Batasunak egonkortasunerako arauak malgutzeko erabakiari eustea, gutxienez pandemia aurreko egoera itzuli arte: «Izan ere, erdizka leheneratzeak eta kontu publikoak doitzeak krisia bera luzatuko luke, eta langabezia eta gizarte desberdintasunak areagotuko lituzke».
Pandemiari aurre egiteko ezarri diren neurrien ondorioz oraindik ere haren kaltearen sakontasuna ez dagoela ikusterik ohartarazi dute. Adibidez, aldi baterako erregulazioan diren langileak landun gisa kontabilizatzen dira, baina laguntza hori kentzen denean batzuk langabeziara joan daitezkeela uste du Madariagak: «Enpresei eta langileei emandako laguntzak desagertzen direnean, pandemiak ekoizpen ehunean nolako kaltea egin duen ikusiko dugu, eta ez dugu kolpean ikusiko, apurka baizik».
Langabezia handituko bada ere, ez da ausartu datu bat ematera, ez dakitelako zenbatekoa den kaltea. Enpleguari dagokionez, aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,7 eta Nafarroan %8,2 jaistea espero du, eta 2021ean errebote bat jotzea, nahiz eta ez den aski izango aurtengo jaitsiera konpentsatzeko: EAEn, %6ko igoera, eta Nafarroan, %6,2koa.
Sektoreka, Laboral Kutxaren ustez, konfinamendua bertan behera utzi zenez geroztik, industria «nabarmen» suspertu da Hego Euskal Herrian; «besteak beste, neurriek ez dutelako sektorean eragin». Irailera arte, industria jarduera %5,7 erori da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoko datuekin alderatuta, eta %4,5 Nafarroan.
Aitzitik, zerbitzuetan bestelakoa da egoera. «Aurrekoarekin alderatuta, krisi hau oso desberdina da. Aurrekoa nazioartetik etorri zen, eta industriari eragin zion. Oraingo honek zuzen-zuzenean jo du zerbitzu sektorean, eta kontuan izan behar dugu lanpostu ugariko sektorea dela. Ondorioz, baliteke suspertze orokorra motelagoa izatea».
Horrek guztiak ziurgabetasuna eragiten du eragile ekonomikoetan, hala sendietan nola enpresetan. «Kontsumitzaileen konfiantza gutxieneko mailan dago. Logikoa denez, lan merkatua nola egongo den begira daude, eta elementuok kontsumoaren inguruko erabakiak atzeratzera eramaten ditu».
Alde positiboari begira, EBko Next Generation plana euskal ekonomiarentzat aukera handia dela uste du Madariagak, eraldatzeko baliatu daitekeelako. «Ezin dugu oraingoz gauza handirik jakin. Badakigu Espainiako Gobernuak 2021ean 26.600 milioi euro baliatu nahi dituela, baina ez dakigu askoz gehiago. Falta da jakitea zer proiektu diren, nola erabiliko den erkidegoetan, zer gobernantza eredu ezarriko den…».