Jaurlaritzak ia 1.800 milioi euroren zorra hartuko du, gastua…
2021eko aurrekontu proiektua onartu zuen Jaurlaritzak atzoko bileran. Aurrekontu «anbiziotsua» dela ziurtatu zuen Azpiazuk, egoera larriak eskatzen duenaren parekoa: «Urteari indarrez heldu nahi diogu, pandemiari eta krisiari aurre egiteko». Sailburuak nabarmendu zuen ez dela murrizketarik izango gastuan. «Austeritatetik urrun dauden aurrekontuak dira, austeritatearen aurkakoak».
Sailek, 770 milioi gehiago
Kopuru bat nabarmendu zuen Azpiazuk: gastu erreala 770 milioi euro gehiago izango dela, %7,1 handiagoa. Sailek gastatzeko izango duten dirua izango da hori, baina horri batu behar zaio finantza gastuetarako jarritakoa, hau da, zorrak eta interesak ordaintzeko jartzen den dirua. Hori kontuan hartuta, %5,7 handituko da aurrekontua: iaz baino 668 milioi gehiago.
Hori bai, konparazio horiek 2020ko aurrekontu proiektuarekiko egindakoak dira, eta ez, berriz, 2020ko benetako gastuarekin. Izan ere, pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko gastu bereziak egin ditu Iñigo Urkulluren gobernuak. Azaroan eguneratutako aurrekontua 12.143 milioi eurokoa zen. Horrekin alderatuz gero, 300 milioi gehiago gastatu nahi ditu datorren urtean Jaurlaritzak, %2,4 gehiago.
Ohikoa den moduan, Osasun Sailak izango du aurrekonturik handiena: hiru eurotik bat. Bere aurrekontua %6 handituko da, 236 milioi gehiago. Osakidetzak 70 milioi gehiago izango ditu inbertitzeko, eta hamalau milioi bideratuko dira txertoen inguruko gastuetara.
Hezkuntza Sailaren aurrekontua %5,7 handituko da, 3.108 milioi euroraino. Aurrekontuaren laurdena doa hezkuntzara. Batezbestekotik gora handituko da Haurreskolak partzuergora bideratutakoa (+%7,4), eta txikitu, berriz, EHUra doana (+%3,5).
Datorren urteko aurrekontuaren berritasun nagusietako bat da Covid Programa izeneko bat izango duela Jaurlaritzak. Sail batzuen artean banatzekoa izango da programa hori, eta 542 milioi euro izango ditu. Horretatik kopuru handiena, 185 milioi euro, osasun arloan egon daitezkeen gastu gehigarriak ordaintzeko izango da, eta beste 95,6 milioi hezkuntzan errefortzuko kontratazioak egiteko. Gainera, programa horretan 140 milioi euroko diru sail bat egongo da, urtean zehar pandemiak eragin ditzakeen ezusteko beharrak betetzeko.
Ikerketa eta garapenaren atala ere indartzea erabaki du Gasteizko gobernuak: urtero %6 handituko zuela agindu zuen Iñigo Urkulluk bere gobernu programan, baina datorren urtean hortik gora joango da, %9,7 handituta. «Zeharkako lerro bat» dela nabarmendu du gobernuak, hau da, sail askori eragiten diela, baina, batez ere, Ekonomiaren Garapenari (270 milioi) eta Hezkuntzari (169 milioi), haren esku baitago unibertsitatean ikerketa bultzatzeko programa.
Jaurlaritzako langileen soldatak %0,9 handituko dira, eta hori halako bi, berriz, DBSE diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa (+%1,8).
Babes beharrik ez
Bihar eramango du aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera. 2020ko kontuak Ahal Dugu-ren babesarekin onartu zituen Urkulluren gobernuak, baina aurten horren beharrik ez du, gehiengo osoa baitute EAJk eta PSE-EEk. Edonola ere, beste talde politikoen babesa lortzen saiatuko dela ziurtatu du gobernuak. «Ez da bilbotarkeria bat, baina iruditzen zait zaila dela aurrekontu hauei ezezkoa esatea, gastua hainbeste handituta», ziurtatu du Azpiazuk.



