Euskal selekzioak Espainiakoari irabazi dio, eta Nazioen Ligako finala…
Historikoa izan zen astelehenean Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuan gertatu zena: euskal selekzioak lehen partida jokatu zuen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean. Ederra izan zen estreinakoa, etxeko taldeak bi neurketak irabazi baitzituen. Biharko eguna ere handia izan daiteke, historikoa. Euskal selekzioak txapelketako bi finalak jokatuko ditu, eta badu aukera bietan txapeldun izateko: emakumezkoetan, Espainiako selekzioa izango du aurkari; gizonezkoetan, berriz, Frantzia. 21:00etan hasiko dira finalak, eta ETB1ek zuzenean emango ditu biak. Sekulakoa litzateke euskal selekzioaren lehen parte-hartzean urrezko bi dominak kolkoratzea. Erkiagak eta Lopezek ez dute huts egin gaur. Faborito argiak dira txapeldun izateko, eta beste urrats bat egin dute helburu hori lortzeko. 15-11 eta 15-9 irabazi diote Espainiako bikoteari, Erik Mendizabal mutrikuarrak eta Gorka Mugartegi markinarrak osatutakoari. Euskal selekzioko puntistek espero baino gehiago sufritu dute garaipena lortzeko. Egitekoa bete dute. Ez dira aritu distiratsu. Erkiagak eta Lopezek, biek dute eskarmentu handia, baina, gaur sumatu egin dute presioa hasieran: faborito dira, eta etxean ari dira jokatzen. Mendizabal eta Mugartegi, gainera, ondo aritu dira, eta, estu hartu dituzte euskal selekzioko pilotariak, batez ere lehen setean. Hala ere, Erkiagak eta Lopezek sufritzen jakin dute, eta horri esker irabazi egin dute. Lehen setean sufritu dute gehien. Ondo hasi dira lehen bi tantoak eginda. Baina ondo hasi zena berehala okertu da. Hutsak egiten hasi dira, eta, konturatu orduko, aurretik jarri da Espainiako selekzioa: 3-5. Erkiagak desorekatu behar zuen lehia, baina ez da fin aritu hasieran. Zorionez, tantoak eta hutsak, bietatik egiten dituzte Mendizabalek eta Mugartegik. Oso estu zihoan lehia: 10-9. Baina orduan azaldu da Erkiaga. Min egiten hasi da eta, horri esker, kolpea jo du euskal selekzioak, eta, lehen seta irabazi. Bigarren setak, ordea, berde kolorea izan du erabat. Espainia aurretik jarri da, baina, berehala eman diote buelta etxekoek emaitzari, eta, abiada handian joan dira hamabosgarren tantora. Mendizabalek minduta bukatu du partida. Euskal selekzioak Frantziakoa izango du aurkari finalean. Ludovic Ladutxe getariarrak eta Thibault Basque bidartarrak 15-13 eta 15-13 irabazi diete gaur Johan eta Gorka Sorozabal miarriztarrei. Azken bi horiek AEBekin jokatzen dute. Euskal selekzioa eta Frantziakoa bigarrenez ariko dira elkarren aurka Nazioen Ligan. Astelehenean aritu ziren, eta etxekoek nagusitasunez irabazi zuten: Erkiagak eta Lopezek 15-6 eta 15-11 hartu zituzten mendean Jon Tanburindegi eta Basque bidartarrak. Bihar, Ladutxek eta Basquek jokatuko dute. Berriro parez pare Emakumezkoen finala jokatuko dute bihar lehenbizi, eta, horretan euskal selekzioa eta Espainiakoa ariko dira berriro elkarren aurka. Atzo jokatu zuten lehen aldiz elkarren kontra, ligaxkako azken partidan, eta Espainiako selekzioko bikotea nagusitu zen: Erika Mugartegik eta Arai Lejardik 15-5 eta 15-7 irabazi zieten Elaia Gogenolari eta Maia Goikoetxeari. Etxeko taldeko jokalariek azaldu zuten euren lekua ezin topatuta ibili zirela, baina, jarraian, azpimarratu zuten uste dutela finaleko partidak ez duela izango zerikusirik ligaxkakoarekin. Hobeto aritzea espero dute. Egiten badute, nor baino nor gehiago ariko dira, eta, aukera izango dute txapeldun izateko. Atzo aritu ziren lau puntistek jokatuko dute berriro: Gogenolak eta Goikoetxeak euskal selekzioarekin, eta, Mugartegik eta Lejardik Espainiakoarekin. Azken jardunaldia eguerdian hasiko da, eta 12:00etan jokatuko dute hirugarren eta laugarren posturako partida AEBetako eta Espainiako selekzioetako gizonezkoek.



