Aernnovako ekoizpen kate osoak egin du bat kaleratzeak salatzeko…
Aernnovako atzo goizeko txandan zarata gutxi egon zen, eta langileek lanuztea baliatu zuten Eusko Legebiltzarreko lan batzordean agertzeko. Juan Carlos Gomez langile batzordeko presidenteak hartu zuen hitza alderdi politikoetako ordezkarien aurrean, eta aitortu zuen hegazkingintza krisian dagoela, baina «ezin dela ukatu» krisi horrek iraungitze data bat duela. «Litekeena da sektorea 2023an itzultzea aurrekora», iragarri zuen.
Gomezek langile batzordearen uste hori argudiatu zuen, eta, horretarako, Airbusen egoera aletu zuen. Hura da Aernnovaren bezero nagusia, eta, esan zuenez, ez du bertan behera utzi eskaera bakar bat ere, «atzeratu baizik». Gehitu zuenez, Airbusek «ez du lan kargaren galera arazorik». Era berean, batzordeko presidenteak azaldu zuen azken hilabeteetan munduko aire trafikoa «berpiztuz joan dela», eta egun COVID-19aren aurreko garaiko kopuruaren %75ean dagoela, eta, hegazkin komertzialen kasuan, %60an. «Datu hauek ezeztatu egiten dituzte entzun ditugun iragarpen katastrofikoak, baita Tapia sailburuak eginikoak ere».
Diru kontuak ere aipatu zituen Gomezek. Esan zuen taldearen ekoizpen ahalmena hazi egin dela, eta Aernnovaren egoera ekonomikoa «inbidia sortzeko modukoa» dela, dibidendu «ikusgarriak» banatzerainokoa. Azken bost urteetan, irabazi garbiak 290 milioi eurotik gorakoak izan dira. Are gehiago, batzordearen arabera, otsailean Aernnovak 490 milioi euroko mailegu bat eskatu zuen, eta horietatik 100 milioi irabaziak banatzeko erabili nahi zituen. «Irabaziak ez ditu erabili nahi txakalaldi hau igarotzeko; nahiago du akziodunen poltsikoetara joatea, eta, bitartean, lanpostuak suntsitzea».
Egoera horretan, ez dute asmorik kaleratze bakar bat ere ametitzeko. Euren eskaintza da erregulazioa ken dadila, enpresaren asmo bakarra «kaleratzea eta kaleratzea» delako, erreala ez den «irudi apokaliptiko» baten aitzakian. Aernnovan, izan ere, badute eskarmentua behin behineko neurrietan, 2010etik 2018ra tarte ugaritan egon baitziren aldi baterako erregulazioetan sartuta. Gauzak horrela, «denbora» eskatu die Jaurlaritzari eta enpresari berari, pandemiaren bilakaera ikusi eta eustea ahalbidetuko duten «legezko neurriak» aurkitzeko.
Zergatik Jaurlaritzari? Harreman estua duelako Aernnovarekin: adibidez, enpresak ezingo du inor kaleratu 2021era arte gobernuarekin duen akordio batek eragozten diolako. «Diru publiko ugariri esker sendoturiko lanpostu horiek ezin dira alferrik galtzen utzi». Batzordearen datuen arabera, Aernnovak 70 milioi euroko laguntzak jaso ditu Eusko Jaurlaritzarengandik, eta 50 milioikoak Espainiako Gobernuarengandik.
Espainiako Gobernuak ibilbide orria proposatu du Bilboko Portuko zamaketarientzat

Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren Lan Zuzendaritza Nagusiak lan gatazkaren irtenbide negoziatua lortzeko ibilbide orria helarazi die zamaketariei.
Laguntzarik jaso ezean turismo agentzia hartzaileak “berehala itxi” beharko…

Turismo agentzia hartzaileak “berehala itxi” beharko dituzte. Agentziak laguntzen faltagatik itxiko dituzte. COVID-19ak turismoaren sektorea kaltetu du.
Bizkaiak lehen autobide adimenduna izango du 2023an

Bizkaiak lehen autobide adimenduna izango du 2023an eta ibilgailuek datuak jasotzeko teknologia badute, gai ezberdini buruzko informazio zehatza jasoko dute.
Espainiako Lan Ministerioak «bide orri proposamena» egingo du Bilboko…
Espainiako Lan Ministerioak «bide orri proposamen bat» bidaliko die Bilbo Estibari eta zamaketarien ordezkariei Bilboko portuko lan gatazka konpontzeko. Portuko zamaketa enpresak biltzen dituen elkarteak eman du jakitera ohar bidez konponbide proposamena jasoko dutela. Enpresen arabera, ministerioak esan die bide orriak «indarrean dagoen legedia zorrotz beteko duela». Zamaketa enpresak, baina, mesfidati dira, eta euren ustez «arbitraje loteslea» da gatazka konpontzeko modu bakarra. Zamaketariek, aldiz, asteazkenean erabakiko dute grebarekin jarraitu ala ez. 51 egun daramatzate protestan eta momentuz abenduaren 9ra arteko deialdia egina dute.
Bilboko zamaketa enpresek eta zamaketarien ordezkariek bilera izan zuten ostiralean Madrilen. Veronica Martinez Espainiako Enplegu zuzendariak deitu zuen bilera, eta bertan elkartu ziren bi aldeak. Asteak ziren ez zirela mahai beraren inguruan esertzen. Dena den, ez zen bitartekaritza formularen azpian egin, Bilbo Estibak uko egina ziolako aukera horri. Bi aldeen arteko gerturatze bat zirudien, eta zamaketariek, borondate on keinu bezala, ez zuten luzatu egun indarrean dagoen greba deialdia. Alegia, beranduegi da abenduaren 10erako greba deialdia luzatzeko, eta asteazkenean erabakiko dutenez zer egin, baliteke abenduaren 10etik 14ra lanera itzuli behar izatea grebari ekin aurretik.
Bilera horretan ministerioak bere gain hartu zuen bi aldeei konponbide bide orri bat bidaltzearen ardura. Bilbo Estibak, dena den, argi du, «arbitraje loteslea da portuko grebaren auzia konpontzeko bide bakarra». Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Lan Ministerioaren bitartekaritza eskaintzei uko egin zienean erabili zuen argudio bera da, eta oso zaila dirudi negoziazio bide berri bat irekitzea. Enpresaren ustez, gainera, zamaketarien sindikatuek bi aldiz egin diote uko borondatezko arbitraje bati. Gatazkaren oinarriak bi dira: lan hitzarmen berria eta hamabi urtez behin behineko kontratuekin lanean aritu diren 103 zamaketariak apurka finko bihurtzea.
Oharrean Bilbo Estibak egoeraren bere azterketa egin du. Bere ustez, zamaketariek ez dute onartu nahi portuko lanak kudeatzen dituen legea aldatu izana. Horren arabera, besteak beste, portuko «lan osagarriak», alegia, lurrekoak, itsasontziekin harreman zuzena ez dutenak, lan hitzarmenetik kanpo daude orain, eta zamaketariek ez dute hori onartu nahi. Zamaketariek, aldiz, diote lan hitzarmena kontratu pribatua den heinean zeregin horiek sar daitezkeela. Egun askotan, eguraldi txarrekoetan adibidez, lurreko lanak itsasontziekin harreman dutenak baino gehiago dira. Egun Bilbo Estibak Adecco aldi baterako lan enpresen bitartez kontratatzen ditu jardun horietako asko egiteko langileak, eta haien lan hitzarmena zamaketari finkoena baino kaskarragoa da.
Robot sukaldarien gerra: hortzetan dago gakoa
1. Thermomix? Lidl? Gastronomia orrialdeak tokiz aldatu al dituzte? Ez, horiek larunbatean argitaratzen dira, Bizigiro sailean. Hau Ekonomia da.
2. Ondo dago jakitea. Zer gertatu da orduan? Labur azalduta; Vorwerkek, Thermomix sukalde robot ezaguna ekoizten duen enpresak, salaketa jarri diola Lidl supermerkatu kateari bere gailua plagiatu duelakoan.
3. Eta zer leporatzen dio Lidli? Silvercrest enpresak ekoizten ditu Lidlen elektrogailuak, eta hark diseinaturiko Monsieur Cuisine robotak bereak diren bi patente urratzen dituela uste du Vorwerkek. Bata janaria prestatu bitartean haren pisua markatzeko aukeraren ingurukoa da, eta bestea, segurtasun sistema. Alegia, estalkia irekitzean hortzak geldiarazten dituen mekanismoa. Azken horrek erabakiko du auzia ziurrenik.
4. Eta non epaitu dute? Thermomixek Espainiako Lidli jarri dio salaketa, eta epaiketa Bartzelonan izan da, azaroan. Ebazpenaren zain daude bi aldeak.
5. Eta zein dira jarrerak? Lidlen abokatuak dio ustezko bi berritasun horiek ez direla patente bidez babesteko modukoak, eta beste etxe batzuek ere erabili izan dituztela aurretik.
6. Hori al da alde bakarra? Ez noski, eta prezioa. Thermomixek 1.259 euro balio du; Lidlen gailuak, berriz, 359. Lidlena prezio apaleko modelo bat da, dezente astunagoa eta handiagoa, eta funtzio gutxiago ditu, baina erabiltzaileak nahiko gustura gelditzen omen dira.
7. Eta asko saldu al ditu? Espainiako Lidl salatu dutenez, herrialdeko datuak alderatu daitezke. Lidlek dio 200.000 saldu dituela. Merkatuko liderra, dena den, Vorwerk da. Bere ibilbidean Espainian hiru milioi gailu saldu dituela dio, eta zortzi etxetatik batean duela gailuren bat (guztien %13,5). Etxez etxeko salmentari esker zabaldu da, baina denda handiak ere baditu. Adibidez, bi Bilboko erdigunean.
8. Akabo betiko sukaldaritza! Ez dramatizatu, mesedez.
9. Eta Vorwerkek zer nahi du zehazki? Bi gauza: batetik, arrazoia duela aitortu diezaiotela, eta, patenteak tarteko, horrek balio legal handia izan dezake etorkizunera begira; eta, bestetik, Lidlek bere gailuen salmentarekin Espainian lorturiko diruaren %10. Lidlen datuen arabera, zazpi bat milioi euro lirateke.
10. «Arrazoia», zein poetikoa… Ez pentsa, Vorwerkek garrantzi handia ematen dio jabetza intelektualari, eta 2013an antzeko epaiketa bat galdu zuen Taurus elektrogailu etxearen aurka. Oraingoan, gainera, aurkaria indartsuagoa da.
11. Bai, baina ez dirudi zazpi milioi euro asko denik Lidlentzat. Ez. Europan denda gehien duen katea da, eta, epaiketa galduta ere, ez du porrot egingo. Espainiako adarrak 4.009 milioi euro fakturatu zituen 2018an, eta 171 milioiren irabaziak lortu.
12. Orduan, Lidl ez da kikilduko. Guztiz kontrakoa: herenegun 40.000 roboteko beste sorta bat jarri zuten salgai Espainian, eta, aurrekoetan bezala bada, berehala agortuko zaizkio.
Yellen hautatzeko Bidenen arrazoiak
Egia da ez Bidenek eta ez Yellenek ez dutela zaila izango aurrekoa hobetzea. Superheroien komikietako gaizto zitalen itxurako Donald Trumpek eta enparauek Etxe Zuria uzten dutenean, esperientzia handiko emakume oso errespetatu baten esku geldituko da AEBetako ekonomiaren lema. Erabakietan azken hitza Bidenen gertuko taldeak izango badu ere, Yellenen kontu joango dira AEBetako zerga politika, ekonomia bultzatzeko neurriak, eta baita merkataritza harremanak ere, Altxorreko idazkaria baita herrialdearen diplomazia ekonomikoaren burua.
Itzal handiko ekonomista bat hautatu du Bidenek. Etxe Zuriko ekonomisten nagusia Bill Clintonen administrazioan, 74 urteko Yellenek urteak egin ditu Erreserba Federalean; gobernadore aurrena, presidenteorde lau urtez, eta presidente gero, Barack Obamak izendatuta, 2014tik 2018ra.
Yellen usoa dela diote hedabide estatubatuarrek, austeritatearen aldeko belatzen aldean, Fed-en zegoenean gehiago kezkatzen zuela langabeziak inflazioak baino. Keynesen eskolakoa bada, behintzat. Era berean, desberdinkeriaren inguruan ere hainbat lan egin ditu, eta klima larrialdiari aurre egiteko karbonoa zergapetzearen alde agertu izan da.
Bere esperientziari eta ibilbideari esker, dagoeneko Bidenen bi gurari inportante bete ditu Yellenek. Batetik, erakutsi du Altxorra eta Erreserba Federala oraingoan elkar hartuta jardungo direla. Bi urtez izan zen banku zentraleko buruzagia, eta lanean orpoz orpo aritutakoa da Fed-eko egungo buruarekin, Jerome Powell errepublikanoarekin. Powellek hilabeteak daramatza Altxorrari dei egiten zerga neurriak har ditzan, dirua jar dezan pandemiaren ondorioz gorriak pasatzen ari diren herritarren larria arintzeko eta ekonomia akuilatzeko, baina Erreserba Federalak ezer gutxi lortu du Trumpen administrazioan. Orain Yellenekin gauzak desberdinak izango direla erakutsi nahi izan du Bidenek.
Lael Brainard, gobernadore errepublikanoz inguratutako Erreserba Federaleko gobernadore demokrata bakarra —Obamak izendatua— zen beste faboritoetako bat Altxorreko idazkari izateko, baina Bidenek Fed-en gelditzeko eskatu dio; ziurrenez, Powellen ondorengoa izateko banku zentraleko buruzagitzan. Gainera, Brainardek zailagoa zuen lehen aipatutako Bidenen bigarren guraria betetzea.
Eta Yellenekin bai, Alderdi Demokrata osoa konforme egotea lortu du Bidenek. Kontserbadoreak, zentristak, aurrerakoiak —betiere AEBetako estandarretan— xextran dabiltza demokratak, baina Yelleni abegi oso ona egin diote guztiek. Demokrata ezkertiarrenek ere ondo iritzi diote: «Ez da [Elizabeth] Warren, baina…».
Lehendik ere Altxorreko idazkari izateko aukera gutxi zituen Warrenek, baina Senatua errepublikanoen esku geldituz gero, batere ez. Altxorreko idazkariaren izendapenari oniritzia eman behar dio senatuak, eta Warrenek jai luke errepublikanoekin. Hori bai, oraindik argitzeko dago nola geldituko den AEBetako Senatua, Georgiako bi aulki bigarren itzuliaren zain baitaude (urtarrilean). Ehun aulkietatik, errepublikanoek 50 dituzte, eta 48 demokratek. Georgiako bi aulkiak demokratentzat balira, 50-50 geldituko lirateke, eta Kamala Harris presidenteordearen bozak hautsiko lituzke berdinketak. Baina demokratek zaila dute berdinketara iristea.
Eta horretara ere badator Yellen. Figura indartsua da, beharbada kontu jakin batzuetan errepublikano zentristenak bereganatu ditzakeena, edota bestela, senatu errepublikanoari izkin egiteko moduak topatuko dituena; adibidez, zerga igoeretan eta beste gai inportante batzuetan aurrera egiteko. Itzal handiak, irudi zentratuak, horretarako balio beharko lioke, are errazago Trumpek eta enparauek jokamolde heterodoxoen langa oso goian utzi duten honetan.
BERRIKUNTZAN ZAHARRAK BERRI
Inbertsioen zenbateko totalari erreparatuz gero, nabari da urtetik urtera diru gehiago jartzen dutela euskal enpresek eta instituzioek ikerketa eta garapenean, baina jarrera uzkurra nabari zaie. Eustatek joan den astean eman zituen datuen arabera, 2018an baino 58 milioi euro gehiago (+%4) jarri zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak «maximo historikotzat» jo du iazko kopurua (1.481 milioi). Baina BPGan duen pisuarekin alderatuz gero, azken hamar urteetako baxuenetariko bat da, 2015ekoaren parekoa. %1,86koa da, Eustaten arabera;%1,96koa, INEren metodologiaren arabera.
Nafarroan, berriz, kezkagarriagoa da egoera. Txikitu egin da da urte batetik besterako inbertsioa: 1,4 milioi gutxiago iaz (-%0,4), eta duela hamar urte baino %5,8 urriagoa da. BPGan duen pisuari dagokionez, EAEn baino handiagoa izan da erorikoa: %1,68koa izan zen 2019an, Nastatek INEren datuetan oinarrituta zabaldu duenez. Nafarroan, gainera, 2010ean alor horretan zeuden lanpostuen %7 galdu egin dira.
Geroko utzia
Hego Euskal Herrian 2013. urtetik ez da %2tik gora inbertitzen ikerketa eta garapenean. Eta behea jo duela irudi duen arren, oso motela da azken urteetako hazkundea. Ezer baino gehiago, sinbolikoa da portzentaje hori, aspaldi lortuta eta gainditua egon behar baitzuen. Duela hamar urte, Europako Batasunak %3ko helburua jarri zuen 2020rako. 2017an, Europako 25 eskualdek bete zuten erronka: ia guztiak Alemaniako eta eskandinaviar herrialdeetako eskualde industrialak. Baina, oro har, esan daiteke Europak ere ez duela lortu helburua.
Ez behintzat Batasuneko buruzagiek iragarri eta nahi zuten moduan. Lisboako Itunean estatu kide guztiek %3ra heltzea ezarri zuten 2010erako; gero, 2020rako planteatu zuten; eta, orain, ziurrenik, 2030erako proposatuko dute. Beste bloke ekonomiko handienekin alderatuz gero, behetik dago: Txina %2,2an dago gaur egun. AEBak, duela urte batzuetatik, % 2,7 inguruan, eta Japonia %3,5ean.
Eusko Jaurlaritzak, artean Patxi Lopez lehendakari zen garaian, hitzeman zuen Batasunak ezarritako %3ra 2015ean iritsiko zela EAE. Errealitateak, ordea, laster utzi zuen agerian aurreikuspen hori ez zela beteko. 2015ean beste xede bat jarri zuen, kasu horretan Iñigo Urkulluren gobernuak: 2020. urterako gastu globala 1.900 milioi eurora iristea. Hori ere ez da lortuko. Horretarako, gutxienez, beste sei urte beharko lirateke, urtetik urterako inbertsioen %6ko hazkundea izanez gero, lehendakariak berriki proposatu duen moduan.
Nafarroan beltzagoa da etorkizuna. 2015ean jaitsiera handia izan zen inbertsioetan. Buelta ematen hasia zenean, erritmoa mantsotu eta behera egin zuen iaz. Egun, Gipuzkoa da Batasuneko batezbestekoaren gainetik dagoen lurralde bakarra (%2,4).
Menpekotasunak
Hainbat faktoreren menpe daude ikerketa eta garapenerako inbertsioak. Horietako bat instituzioen babesa da. EAEn enpresek berrikuntzara bideratzen duten hiru eurotik bat administrazioetatik jasotzen dute, diru laguntza moduan, Innobasquek kaleratu berri duen txostenaren arabera. Euskal enpresentzat iturri nagusia da oraindik ere diru publikoa. Iaz, beren finantzaketaren %21 funts publikoetatik lortu zuten; Europan, berriz, ehuneko hori %5 ingurukoa da batez beste.
Hain zuzen ere, berezitasun hori aipatu zuen Innobasqueko presidente Manuel Salaberriak, azaroaren hasieran egindako hitzaldi batean. Azpimarratu zuen euskal enpresek gehiago nabaritzen dituztela krisi garaietan administrazioek hartzen dituzten erabakiak, haien diruarekiko duten «menpekotasunagatik». «Europan ez bezala, gurean finantzaketa publikoak eragin traktorea du enpresek berrikuntzan egiten dituzten inbertsioetan», esan zuen.
2010eko hamarkadaren hasieran I+Grako diru laguntzak nabarmen murriztu ziren, eta ez dira leheneratu. Oraingo egoeran ezin dela aurreko krisi ekonomikoan gertatutakoa berriz gertatu ohartarazi zuen Salaberriak, eta instituzioei ez ezik enpresei ere esan zien berrikuntzan inbertitzeko.
Innobasqueko buruak azaldu zuenez, krisialdietan nekez egiten dute hori, haien tamaina edozein izanda ere, baina «berritzeko garaia» dela gaineratu zuen, eta hori egin ezean enpresa askoren etorkizuna «arriskuan» egongo dela ohartarazi zuen. «Badakit egunerokoan eta erresistentzian zentratuta daudela, eta berrikuntzaz hitz egitea zerbait irudituko zaiela, baina berrikuntza izan da beti krisietatik ateratzeko funtsezko faktorea».
Jaurlaritza, kezkatuta
Jaurlaritza ere hasia da kezkatzen. 2010eko hamarkadaren hasieran bere ohiko mezua zen BPGaren %2 baino gehiago inbertitzen zuen erkidego bakarra zela EAE, baina azken sei urteetan beti egon da kopuru horretatik behera, eta horrek bere hitzak berrikustera eraman du. Gainera, iaz kolpe gogorra hartu zuen Europatik. Lehen aldiz, autonomia erkidegoak atzera egin du Europako Batzordeak egiten duen rankingean, eta orain «berrikuntza moderatuko eskualde» gisa ageri da. Horrek eragina du beste faktore batean ere: kanpoko inbertsioetan. Enpresa askorentzat finantzaketa iturri garrantzitsu bat izaten da hori, bereziki administrazioen diru laguntzak murrizten direnean. Euskal Herriko enpresek, orain, diru hori erakartzeko ahalmen txikiagoa dute.
Gobernuak ez daude lasai. Jaurlaritzak azken urteetako joerari buelta emateko asmoa azaldu du, eta, COVID-19aren krisi betean, I+Grako inbertsioa Europako batezbestekoaren gainetik jartzeko konpromisoa agertu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Iragarri du urtetik urtera %6 igoko duela aurrekontuetako diru saila —iaz %4koa izan zen hazkundea—; laguntzen programak indartuko dituela, 5.000 enpresa eraldaketa digitalean eta berrikuntzan sar daitezen, bereziki enpresa ertain eta txikiak; eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan Estrategiko berri bat iragarri du, 2030era begirako helburuak ezarriko dituena. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek, berriz, ez du plan zehatzik proposatu oraindik.
Ehunka pertsonak aurrekontu “sozial eta subiranoak” aldarrikatu dituzte Iruñean

Manifestazio batek aurrekontu “sozialak” eskatu ditu Iruñean. Besteak beste, BPGren % 6 hezkuntzara eta % 7 osasun publikora bideratzea eskatu dute.