Nafarroako Gobernuak 2021eko aurrekontuen inguruko akordioa lortu du EH…

Nafarroako Gobernuak 2021eko aurrekontuen inguruko akordioa lortu du EH Bildurekin: aurrekontuak ez ezik, neurri fiskalak ere adostu dituzte bi aldeek.

Eizmendiren hitzak Gorka Ganboarenak ere izan zitezkeen. Hogei urte daramatza bazkidearekin batera Bordatxo taberna gobernatzen, Bilboko Deustu auzoan. Aste honetan jarri du martxan enkarguz janaria eramateko sistema. «Duela hamar bat urte izan genuen buruan, baina orain kolpean hasi behar izan dugu. Hasi berri gara, eta lan gutxi dugu; geure burua ezagutarazi behar dugu. Konponbide gisa ez digu balio: kafetera pizteko ere ez dugu ateratzen». Ganboa, baina, baikorra da; «bestela ez nintzateke enpresari izango» bota du, umoreko. «Sistema honekin lan egiten ikasteko balioko digu behintzat. Susmoa dut etorkizunean goraka egin dezakeen eskaintza bat dela. Geurearen moduko negozioen oinarria ez da izango inoiz, baina zutabe bat gehiago izan daiteke».
Lekunberrik (Nafarroa) antz gutxi du Bilborekin edo Durangorekin. Geografikoki zein demografikoki. Bertan dago Amairu ostatua. Nafarroan, ostalaritza ixteko agindua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino lehenago iritsi zen, eta aste batzuk daramatzate telefonotik eskegita. «Ezin genuela itxi argi nuen: tipula bat saltzeko bazen ere, martxan egon behar genuen», azaldu du Ana Ojerrek. «Kutsatze baten ondorioz, irailean hiru astez egon ginen itxita, eta, berriz ixtera behartu gintuztenean, bikotekideak eta biok ikusi genuen zerbait egin behar genuela, eta eramateko eskaintza indartu genuen. Etxera guk eramango genuen». Afarien txandan «tankera guztietako pizza nafarrak» eskaintzen dituzte, jana eramateko ohiturarekin harreman zuzenagoa duen produktu bat, eta esperientzia horrek lagundu egin die. «Neroni joaten naiz banatzera, autoz. Ostiraletan eta larunbatetan, itxi aurreko fakturaziotik gertu antzean gabiltza, eta bada zerbait. 21:00etan itxi behar dugula kontuan hartuta. Astean zehar, aldiz, ez gara inguratu ere egiten».
Ojerrek ere, Ganboak bezala, gora egin dezakeen eskaintza bat dela uste du. «Ikasten ari gara; lan egiteko modu berri bat da. Guk inguruan herri txiki asko ditugu, eta han asko eskertzen dute etxean jasotzea. Ez daude ohituta banatzaileak haraino iristera. Landetxe asko ditugu inguruan, eta haiek ere eskertu dezakete. Susmoa dut Eguberrian jende dezentek eskatuko dituela bazkari-afariak kanpoan».
Ohiko martxa, baina, urrun dute hiru negozioek. Lau edo bost langile aldi baterako erregulazioan dituzte, eta kostako zaie luze gabe guztiak ateratzea. «Adabaki txiki bat baino ez da. Etxean ez egotearren etortzen zara lanera», aitortu du Ganboak.
Herri askotako udalek eta merkatari elkarteek enkarguz lan egiten duten taberna eta jatetxeen zerrendak eratu dituzte. Era berean, ostalariek Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako arauak betetzen dituztela bermatzea udalen ardura da, baina informazio falta egon dela salatu dute. «Nik, askotan, udaltzainak ere zorabiatuta ikusi ditut; egun batetik bestera aldatu dizkiete arauak», azaldu du Eizmendik. Ganboa ados dago: «Hedabideetan ikusitakoa dakit nik. Ordutegi aldaketen aro hori kaotikoa izan da, eta udaltzainek ere askotan ez zekiten zer egin, Eta orain? Kafea eman al dezaket? Enkargua lokalean egin al daiteke? Ala telefonoz bakarrik? Gu galduta gaude, eta bezeroa, are gehiago».
Bigarrenez itxita
Hiru ostalariak ernegatuta daude, haien sektorea ari delako jasaten neurririk zorrotzenak. Udaberrian, luzaroan egon ziren itxita; gero, murrizketekin jardun zuten uda osoan; eta azaroan, berriz ere itxi egin behar izan dute. «Guk udan ondo egin dugu lan, eta iazkoa ere urte ona izan zen, ingurune pribilegiatu bat dugulako», aitortu du Ojerrek. «Turismoa ibili da Nafarroa iparraldean, eta urteko kontuak oraindik ez ditugu egin, baina arnasa eman digu. Hirietakoak okerrago ibiliko ziren, ziur». Halere, beste itxialdi luze bat etorriko balitz, nekez eutsiko liokete.
Eizmendi kritikoagoa da. «Jendeari beldur handia sartu diote gorputzean, eta hori da pandemiarik txarrena. Baina, tira; hala ere, irail aldera martxa hartzen hasiak ginen. Iazkoaren %50era iritsi gabe, baina lana behintzat, eta berriz ere neurri gogorrenak. Nik uste dut tabernariek oro har gauzak ondo egin ditugula: lokalak egokitu, neurriak hartu, tarteak zaindu… eta zapla! Eman digute berriz».
Sektoreari buruz hitz egiten dute behin eta berriz, badakitelako kinka larrian dagoela. «60.000 langile dituen enpresa bat gara, eta hala hartu behar gaituzte kontuan. Latza da aholkulariari deitzea, zer etorriko den galdetzea, eta haiek ‘ez dakigu’ esatea», salatu du Ganboak. Kontuan hartuak izateko haren eskaerak hari mutur asko ukitzen ditu: erakundeak, errentadunak, bankuak… Haren kasuan, esperientzia gogorra izan du bankuekin. «Martxoan, berritze lan handia egin genuen lokalean. Irailean ireki genuen berriz. Enpresa kaudimentsua gara, zorrik gabekoa, ibilbide luzekoa… Urtarrilean, mailegua eskatu genuen, eta ez zegoen arazorik. Martxoa iritsi zen, eta trabak. Kolpean ‘arrisku enpresa’ ginen. Gu? Ez, ostalaritza osoa. Azkenean lortu genuen, modu onean gainera, baina kosta zitzaigun, etxebizitzaren gaineko hipoteka mailegu eta guzti».
Abuztutik, kotizazioak
Eizmendik kritika egin die erakundeei: «Pandemiarik handiena agintariak dira. Askotan badirudi ez direla gure munduan bizi; eta bankuak, antzera». Azalpena luzatu du: «Pandemiak bigarren olatua izango zuela jakin, eta ez gara batere prestatu. Europatik milioiak etortzekoak direla esan, eta non daude? Osasungintzako langileak esaten ari dira ez direla iristen». Laguntza ekonomikoak eskatu dituzte iazko diru sarreren %25 baino gutxiago izan dituztelako, baina, aldi baterako erregulazioetarako baldintza bigunez gain, ezer gutxi jaso dutela kexatu dira.
«Urteko zenbakiak negargarriak izango dira. Esaterako, abuztuaz geroztik langileen kostu sozial osoa ordaintzen dugu, 600 euro bakoitza. Horri gehitu errenta, maileguak… Oso justu dabiltzanek ez dute jasango», iragarri du Ganboak. Ojerrek jarri dio azken puntua gaiari: «Eskatzen dut ez gaitzatela erortzen utzi, laguntzen babesean koman eduki gaitzatela gutxienez. Erori diren batzuk ezagutzen ditugu. Lokalen alokairuena salatzeko modukoa da».
Dena, baina, ez da lainoa, eta animoso daude hirurak. «Bezeroena izugarria da», goratu du Ganboak. «Bezero txarrarena mito bat da: gehien-gehienak oso onak dira. Ezagutzen ez genuen jendeak bonuak erosi zituen gu laguntzeko, eta ‘aurrera, behar zaituztegu’ esaten ziguten». Ojer ere gogotsu dago. «Udaberrirako zuzen daitekeela uste dut, baina txertoaren bilakaerak zeresan handia izango du». Eizmendik, berriz, nahiago du luzera ez begiratu: «Egunez egun noa. Itxia banu agian eskubide gehiago nituzke, baina lan egin behar da. Egia esan, lantalde oso ona dut alboan, eta horrek asko laguntzen du».



Dozenaka ostalarik elkarretaratzea egin zuten atzo gobernuaren egoitzaren aurrean, erakundeetara bidaltzen ari diren manifestuaren berri emateko. Adierazi zuten «Europako beste herrialde batzuetako baldintza berberetan» jaso nahi dituztela laguntzak. Horrekin batera, «indarrak batzeko» deia egin diete sektoreko profesionalei, haien aldarriak erakundeetan «entzun daitezen». Horren harira, manifestazioa egingo dute Iruñean igandean, 12:00etan, Sarasate pasealekutik abiatuta. Horrez gain, «auzoz auzo eta herriz herri» mobilizatzera deitu dute. Astelehenean, berriz, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin eta Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Kontseilariarekin bilduko dira.
Aurreko astean gobernuak konpromisoa hartu zuen iragarritako 10 milioiei beste neurri batzuk gehitzeko, sektoreari buruz egiten ari den azterketan oinarrituz. Atzo gogoratu zuenez, orain arte 27 milioi erabili ditu diru laguntza zuzen eta zeharkakoetan, bost milioi sektoreko autonomoentzako laguntzetan, eta 12,6 milioi maileguetan. Pandemiaren hasieran premiazko neurri fiskal batzuk ere hartu zituen, besteak beste, urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetan autonomoentzako PFEZaren ordainketa zatikatuak etetea eta zerga zorren ordainketak etetea eta luzatzea.
Eskaera zehatzak
Nafarroan 4.800 ostatu daudela gogoratu dute elkarteetako kideek. Besteak beste, eskatu dute enplegua erregulatzeko espedienteetara atxikitako langileek nominaren %100 jasotzea eta autonomoen laguntza %100era handitzea; eta, horrekin batera, alokairuen eta maileguen ordainketak geldiaraztea, osasun krisiak irauten duen bitartean energia kontratuak berrikustea, eta zergen igoera saihestea.
Udalei «malgutasuna» eskatu diete terrazetarako lizentziak emateko orduan, eta irizpide bera ezartzeko horien erabilerarako eta ordutegietarako. Era berean, gaur egun gauez bakarrik lan egin dezaketen lokalen lizentziak aldi baterako aldatzeko aukera erraztea galdegin dute. Eta mankomunitateei eskatu diete zorrak barkatzeko itxierek irauten duten bitartean.
Horrekin guztiarekin batera, administrazioei dei egin diete edozein erabaki «behar besteko denboraz» jakinarazteko, «beharrezko lan plangintzak egin ahal izateko eta generoaren galera murrizteko».
Atzo Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Petronorreko presidenteak gogoratu zuen Euskal Herriak ez zuela aberastasunik lehengaietan. «Gure aberastasuna prestakuntzan, enpresak sortzeko gaitasunean eta gaitasun teknologikoan dago», azaldu zuen, gaineratuz hori ez dela nahikoa, «globalizazioak beste gihar bat eskatzen duelako. Europako ligan jokatzeko beste entrenamendu bat behar duzu, gihar gehiago».
Ildo horretan, Lopez Atxurrak aipatu zuen enpresa ertain eta txikiak lagundu behar direla. «Lagundu behar zaie, inportanteak direlako, giltzarriak». Esplikatu zuen Petronorren hidrogeno berdearen proiektura 52 enpresa daudela lotuta, Petronorrik ezin dela izan «teknologietan, finantzetan eta industrian sendoak diren enpresa txiki eta ertainik gabe».
Hidrogeno berdearen demostrazio proiektuak emaitza onak izan dituen 2023an jakingo du Petronorrek. «Aurrera badoa, gure proiektua garrantzitsua izango da Europa hegoaldean eta Atlantiko itsasaldean», azpimarratu zuen, eta Europako laguntzak jaso ala ez, proiektua aurrera joango dela berretsi zuen
Mondragon Taldeak urtea «dezente ondo» bukatuko duela azaldu zuen, «martxoan edo apirilean sortu ziren beldur haiek nabarmen hobetu direlako». Konfinamenduko garairik gogorrenetan kooperatiba taldean jarduera %25era murriztu bazen ere, gaur egun %90ean ari dira.
Hori bai, portaerak desberdinak izaten ari dira alor bakoitzean. Horrela, banaketarekin lotutako kooperatibak «goitik dabiltza», eta alor industrialeko beste atal batzuk ere bai. «Industria alorra suspertu egin da neurri handi batean, automobilgintza eta etxekotresnen osagaiak suspertu direlako».
Badira ezin hobeto dabiltzan kooperatibak ere, «eta ez soilik osasun arlokoak; badaude kasu bereziak ere, Orbea bizikleta ekoizlearena bezala, zeinak eskari ikusgarria duen».
Koronobirusaren eragina «garrantzitsua» izan da kooperatibetan, eta «kezka handia» izan dela azaldu du Mondragoneko buruak. «Azkenean, basamortua igaro behar da, eta ez dakigu zenbat bide gelditzen den». Uzinen esanetan, egoerak ez zuen kooperatiba taldea modu txarrean harrapatu. «Basamortua zeharkatzeko kantinplora nahikoa betea genuen; gure langabeziarako lagun Aroko funtsak ondo hornituak genituen, eta horrek ere erresistentzia gaitasun handiagoa bermatzen dizu».
Basamortutik irteteko ordua orain ez du urrun ikusten Mondragoneko presidenteak. «Gelditzen den bidea oso gogorra izan daiteke, baina ez gaude urruti».
Hala ere, aitortu zuen taldearen langileria %3 murriztu dela, hots, 2.400 bat langile gutxiago ditu orain Mondragonek, guztira 82.000 inguru.
Uzinek gogoratu zuen egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartu zituztela, tartean ordutegien moldaketak eta soldaten jaitsierak. «Gero atzera berreskuratu ahal izan dira, egoeraren bilakaeraren arabera».
Etorkizunera begira, zer gerta daitekeen ez daki kooperatibetako buruzagiak. «Gaur ondo gaude, baina hurrengo urtean zer gertatuko den ez dakit. Birusaren portaeraren mende dago guztia, eta horrekin gertatzen denaren arabera, joango dira gauzak hobeto edo okerrago».
Etorkizuna baldintza dezaketen beste aldagai bati buruz ere aritu zen Uzin atzo Donostian, Europatik etor daitezkeen funtsei buruz. Diru horien banaketarako aintzat hartu diren gaiak «oso ondo» daudela uste du; bat datozela kooperatiba taldeak urtebete lehenago bere gizarte eta enpresa politikan ezarritakoekin; eta ona dela haien gaineko Europaren kontrola. Hiru proiektu handi aurkeztuko ditu Mondragonek Europako funtsetara, hiru lerroetan: digitalizazioan; energia eta ibilgailu elektrikoan, eta osasungintzan.
Iradoki zuen ere ez ote dagoen itxaropen handiegia jarrita funtsen inguruan; «denok uste dugu proiektu bikainak ditugula. Mondragonek funts horietatik dirua lortu edo ez, proiektuak egin egingo dituela baieztatu zuen.

