ITP Aerok 121 langile kaleratuko ditu, hasieran esan baino…
ITP Aeroren eta sindikatuen arteko negoziazio epea ia hamabi orduko bilera batekin amaitu zen. Zamudioz gain, Aljavir eta Alcobendaseko (Espainia) lantegiei ere eragiten zien erregulazio espedienteak, eta langile batzorde bateratu gisa negoziatu zuten. CCOOk bost ordezkari zituen, UGTk lau, Alcobendaseko langileek bat, eta ELAk hiru. ELA izan zen sinatu ez zuen bakarra, eta Zamudion ordezkari gehien dituen sindikatua izan arren, ez zen nahikoa izan erabakia bertan behera uzteko. Ondorioz, sindikatuek ezingo diote helegiterik ezarri, eta enpresak espedienterako eman duen arrazoia —ekoizpen jaitsiera— berriz erabili ahalko ditu.
Hilabetez negoziazioak blokeatuta egon ondoren, azken bi egunetan aldatu du enpresak bere eskaintza. Gauzak hala, 121 kaleratze egongo dira Zamudion. Horietatik 71 behin behineko langileak dira —gehienek bi urte baino gehiago daramatzate—, eta 42 erretiroa lehenago hartuko dutenak. Enpresak hasiera batean 60 urtetik gorakoei ezarri nahi zien neurria, baina 58ra jaitsi du. Hori bai, hautua ez zen borondatezkoa, onartu ezean langile horiek kaleratuak izango baitziren. Beste zortziek kaleratzea onartu zuten diru sari baten truke.
Aldaketa nagusia da behin-behineko 70 langile gutxiago kaleratuko dituztela. Trukean, lanean gelditzen direnak 45 eguneko aldi baterako erregulazioan egongo dira hurrengo hamalau hilabeteetan. ELAren ustez, kopuru hori bera gehiegizkoa da. Haien kalkuluen arabera, 35 egun inguruko erregulazioa aski zen kaleratze guztiak eragozteko.
Beste enpresa batek, Tubacexek, 2021eko otsailera arte luzatuko du egun Amurrio eta Laudioko (Araba) plantetan indarrean duen aldi baterako espedientea. Neurri horrek 674 langileri eragingo die. Enpresa eta sindikatuak erregulazioa negoziatzen aritu dira azken asteetan.




