Ikasgeletera itzulera seguru bat eskatzeko greba deitu dute irailaren…

Euskal hezkuntzako sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT)greba deitu dute 2020ko irailaren 15erako ikasgeletara itzulera “seguru eta adostu” bat eskatzeko.

Airbus eta Boeing erraldoiek milaka kaleratze iragarri zituzten uda hasieran, sektoreak bizi duen krisi latza tarteko, eta, ondoren, domino efektu bat iritsi da: ITP, Aernnova, Aciturri, Alestis… Sektorea zulo beltz batean dago martxotik, koronabirusak hegazkinak lurrean utzi zituenetik. Aire konpainia ugari amildegiari begira daude, eta beste asko estatu laguntzei esker bizirik irauten, bidaiarien garraio kolektiboa suspertzen den arte. Gaur-gaurkoz, ez du ematen hori berehala gertatuko denik.
Bien bitartean, sektoreak Euskal Herrian duen azpiegitura uzkurtzen ari da astetik astera, eta euskal industriarentzat albiste oso txarra da hori, Hegan klusterreko enpresetako lanpostuak kalitatezkoak direlako, oro har, eta balio erantsi handiko jarduera delako aeronautika; susperraldia iristen denean merkatua txukuntzen lagundu dezakeen horietakoa da. Birus kutsakorrak turismoari lotutako enplegu kaskarra zigortu du aurren-aurrena, baina turismo hori gabe aire konpainientzat ez da samurra aurrera egitea, eta haien inbertsiorik gabe ez dago aeronautika industria sendorik. Ia dena dago lotua egungo ekonomian, baita hotel kate handi bateko gela garbitzaile prekarioaren enplegua eta aeronautika industriako ingeniariarena ere.
Negoziazioa, Madrilen
UGT sindikatuak erabat baztertzen du 214 kaleratze jasotzen dituen enplegua eteteko dosierra. Neurri traumatikoak saihestuko lituzketen alternatibak nahi ditu; hala esan diote zuzendaritzari kontsulta epeko lehen bileran. «Irteera negoziatuak» eskatu ditu Espainiako sindikatu horrek, eta azaldu du «unean uneko arazo bat» bizi duela aeronautikaren sektoreak, eta kualifikazio handiko enpleguei eusteko ahalegina egin behar duela Aciturri enpresak.
Alestisen kasuan gertatu den moduan, Aciturrik Madrilera eraman du erregulazioaren negoziazioa, euskal sindikatuak bazter utzita.
Urte politikoa lanez gainezka hasi du gobernuak Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin osatutako mahaiak. Hala nola telelanari buruzko araudia dute esku artean eta subsidioen erregulazio berria, konfinamendu betean langabezia saria amaitu eta merkatuaren inguruabarrak direla-eta beste lan bat bilatzeko aukerarik izan ez dutenentzat. Lan Ministerioak «berehala» onartu nahi ditu bi horiek. Denbora gehiago beharko dute, aldiz, autonomo faltsuei buruzkoak eta 2013ko lan erreforman egin asmo dituzten aldaketek.
Erregulazioen inguruan, oraingo araudia ekainaren amaieran hitzartu zuten. Gaur egungo egoera ez bezalakoa zen ordukoa: COVID-19aren kasuak gutxitzen ari ziren, eta jarduera ekonomikoa suspertzeko helburuarekin adostu zuten. Horretan lagungarri, izan ere, mugikortasun debekuak eta beste batzuk kentzea, eta sektore batzuetan lan eskariak jaso izana: 180.000 behargin itzuli ziren lanera. Udan zehar gehiago batu dira, eta, abuztuaren amaieran, 34.925 langile zeuden artean ere erregulazioan: egondakoen %15 baino ez.
Orain, ordea, egoera zailtzen hasi da berriro, birusaren agerraldien ondorioz, eta pentsatzekoa da enpresek berriz eskatuko dituztela erregulazioak. Argi geratu da jarduera ez dela egoera normal batera itzuliko denbora batez, eta enplegua nola edo hala babesteko neurriak beharko direla. «Hau ez da data kontu bat: ABEEak urte amaierara arte luzatu behar diren ala Aste Santura arte. Neurria oraingo egoerarekin lotu behar da, baina baita ondoren izan ditzakegunekin ere», azpimarratu du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak.?
Laguntzaren zenbatekoa
Hala, denboraz harago, sindikatuek aldi baterako lan erregulazioan daudenen baldintzak ziurtatu nahi dituzte, bereziki diru laguntzaren kopuruarekin loturikoak: egun langile bakoitzak bere nominaren soldata oinarriaren %70 jasotzen du, muga batzuekin: hilean 1.412 euro gehienez. Baina sei hilabete igaro ondoren, %50 da hori. Langile asko urri hasieran egongo lirateke egoera horretan; zehazki, krisia hasi zenetik erregulazioan daudenak -lan erregulazio partzial bat daudenen kasuan, geroago-. Dena den, eskaera horrek ez du konponbide errazik. Laguntzen murrizketa ez da ABEEetan bakarrik gertatzen, langabezia saria jasotzen dutenei ere eragiten die. «PPren lan erreformaren ondorioetako bat da hori, eta baliogabetu egin beharko litzateke kasu guztientzat», azaldu du Sordok. Horrek, baina, Rajoyren gobernuaren lan erreforma aldatzea eskatuko luke, eta ez patronalak ezta neurri batean gobernuak ere, ez dute hor sartu nahi, oraingoz.
CEOEren arabera, iraileko negoziazioen xede nagusia izan beharko luke ABEEak egungo baldintzetan luzatzeak. «Automatikoa izan behar luke hori», azpimarratu du Lorenzo Amor presidenteordeak. Eta gai horri «buelta gehiago ez emateko» eskatu du, «dirua badagoelako». ABEEak eta autonomoentzako laguntzak finantzatzeko Bruselak Espainiari mailegatuko dizkion 21.300 milioiak gogoratu ditu.
Luzatzeari buruz, gobernuaren asmoa da krisiak gehien kaltetutako sektoreetara mugatzea, baina jakitun da formula horrek hainbat oztopo dituela: adibidez, zaila da bereiztea sektore horietako zein enpresak benetan behar duen laguntza, eta zeinek ez, denei ez baitie berdin eragiten krisiak, eskualdearen arabera eta beste faktore batzuengatik.?
Nork zenbat jarri
Horregatik gobernuak ez du gaizki ikusten egungo araudiari eustea, baina aldaketa batzuekin. Ekainaz geroztik, enpresa guztiek jo dezakete erregulazioetara, birusaren agerraldiek haien egoera ekonomikoa kaltetuz gero. Baina horien baldintzak ez dira hain erakargarriak enpresarientzat, kostu handiagoak hartu behar baitituzte beren gain.?
Eta hori da oraingo negoziazioetan jokoan dagoen beste puntuetako bat: langile bakoitzarengatik Gizarte Segurantzaren kotizazioan zenbat hartu behar duen bere gain estatuak eta zenbat enpresek. Orain, erregulazioei uko egin ez zioten enpresek badute eskubidea langile batzuk egoera horretara bueltatzeko. Hori bai, estatuak kotizazioaren zati gero eta txikiagoa hartzen du bere gain hilabeteak aurrera egin ahala, helburua langileak erregulazioak ateratzea izan baita: azken hilabetean, irailean, kotizazioaren %65 enpresak hartu behar izan du, 50 langiletik beherakoetan; eta %75 handietan
Oraingo araudiarekin langilerik ABEE batean ez duten enpresek ere badute aukera erregulazioa eskatzeko. Oniritzia jasoz gero, %40 soilik ordaintzen dute lanera itzuli diren langileen truke, eta %65 lanik gabe jarraitzen dutenen truke. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %60 eta %75 ordainduko dute. Proportzio horiek guztiak berrikusi nahi ditu gobernuak.
Lurraldez lurralde alde handia dago Nafarroaren eta beste lurraldeen artean. Nafarroan, behera egin du langabe kopuruak (-1.078), eta gora egin du, berriz, Bizkaian (+1.508), Araban (+823) eta Gipuzkoan (+759). Datu horiek islada izan dute gobernuen balorazioan. «Zuhur, baina pixka bat baikor» dagoela adierazi du Javier Remirez Nafarroako lehendakariordeak, ikusten baitu ekonomiaren supertzeak ez duela etenik. Jaurlaritzak, berriz, kezka bizia adierazi du hiru sektoreren inguruan —ostalaritza, merkataritza eta hezkuntza—, haiek direlako enplegu gehien galdu dutenak eta, koronabirus kasuen ugaltzearen ondorioz, haiek dutelako enplegua berreskuratzeko aukerarik txikiena.
Abuztua ez da hilabete ona izaten enpleguarentzat, udako aldi baterako enplegu asko hilabetearen amaieran amaitzen direlako. Are gehiago, aurtengo abuztua azken lau urteetako onena izan da; iaz, koronabirusaren agerraldiaren aurretik, 3.075 langabe gehiago batu zituen abuztuak. Hori bai, orain argudia daiteke enplegurik ez dela galdu ez delako aurretik sortu.
Sektoreka, behera egin du nekazaritzan, Nafarroa hegoaldean bereziki zenbait uzta biltzeko garaia dela eta. Gora egin du beste sektore guztietan, baina, bereziki, aurretik enplegurik ez zutenen artean (+731). Uler daiteke gazte askok ez dutela sasoirako enplegurik aurkitu, eta langabezian erregistratu direla. Baieztapen hori indartzen du beste datu batek: aurtengo abuztuan iazkoan baino 27.000 kontratu gutxiago sinatu dira. Lanbideren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan,
Ildo horretatik, LABek ohartarazi du orain enplegu finkoa txikitzen ari dela. «Osasun krisialdia hasi eta lehen hilabeteetan galdutako enpleguaren %90 baino gehiago zen aldi baterako. Orain, %70 baino gehiago da. Datu horrek erakusten digu lehen hilabeteetan inolako kosturik gabeko enplegua galdu zela, behin-behinekoa, baina dagoeneko enplegu egonkorra ere galtzen hasi dela». Horrela, azken asteetan gauzatu diren industria sektoreko kaleratzeei —Siemens Gamesa—, gehi dakizkieke Alestisek, Tubacexek, Aernnovak, ITPk eta beste batzuek iragarritakoak.
Langabeen %55,5 dira emakumeak, eta %44,5 gizonak. Portzentaje horiek nahiko egonkorrak izan dira azken hilabeteetan; are gehiago, duela urtebete handiagoa zen andrazko langabeen kopurua, %58tik gorakoa.
Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, behera egin du abuztuan ere. Batez beste, 1.233.125 lagunek ordaindu dute kotizazioa hilabete horretan, uztailean baino 1.624k gutxiagok. Jaitsiera da, baina ohikoa baino askoz txikiagoa: azken bi urteetan, adibidez, 13.500 lanpostu inguru galdu izan dira abuztuan.
Zertara dator alde handi hori? Bada, enplegu gehien sortu ohi den hilabeteetan enplegu andana galdu dela, eta, ondorioz, orain sasoikako kontratu gutxi amaitu eta hautsi direla. Horrela, martxotik ekainera 38.700 afiliatu galdu ditu aurten sistemak; iaz, urte arrunt batean, berriz, 25.000 irabazi zituen.
Nestor Arana Lanbideko zerbitzu orokorretako zuzendariak emandako datu batzuetan ikus daiteke joera hori: ostalaritzan %62,3 jaitsi dira kontratazioak bere eremuan, eta %61 aisialdiarekin lotutako jardueretan (begiraleak eta halakoak).
Azken urtean, 20.800 afiliatu galdu ditu sistemak. Ohi bezala, abuztuan ugaritu egin dira nekazarien atalean kotizatzen dutenak (+552). Urritu egin dira, berriz, etxeko langileak (-65), itsasoko langileak (-75), autonomoak (-292) eta, batez ere, erregimen orokorrekoak (-1.259).
Lanik gabe daudenei batu behar zaizkie aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak. Haien kopurua jaisten doa hilabetez hilabete. Uztailaren amaieran 50.676 langile zeuden egoera horretan, eta 34.925, aldiz, abuztuaren bukaeran. Hau da, 16.000 langile atera direla erregulaziotik. 230.000 izatera iritsi ziren, apirilean. Ikusteko dago orain zer gertatuko den, ostalaritzak segurtasun kontuengatik dituen mugek —gaueko tabernak itxita daude, eta egunekoek bezero gutxiago har ditzakete—, eragin dezaketelako sektore horretako erregulazioak berriro handitzen hastea.
Industrian, berriz, erregulazioan egondako hamar langiletik bederatzi jada lanean itzuli direla nabarmendu du Jaurlaritzak.
Uztailean 94.000 langilek jaso zuten langabezia sari arrunta, hau da, langabe erregistratuen %51,2k. Baina datu horrek ez du langabezia sariaren benetako estaldura erakusten, sari hori jasotzen dutelako aldi baterako enplegu erregulazioan daudenek ere. Horrek azaltzen du ekainetik uztailera ia 60.000 lagunek galdu izana saria —erregulaziotik atera ziren gehienak—.



Ekain amaiera aldera hasi zen atertzen, alarma egoera amaitzearekin batera. Idoia Ezkurdiak, Nekatur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza turismo elkarteko kudeatzaileak, adierazi du ordutik aurrera erreserbak «erritmo oso onez» egiten hasi zirela. Sektore ia denek bezala, turismoak pandemiaren eraginak nozitu ditu. Orain, atzera begira, aurreikuspenak ez dira inondik inora ere bete.
Iazko bisitarien kopurutik urrun geratu dira, Ezkurdiaren ustez: «Ez da nahikoa. Urteak hamabi hilabete ditu, eta apirilean, maiatzean eta ekainean fakturatu gabe egon dira jabeak. Kontuan izan behar da autonomoak direla eta hilero-hilero gastuak dituztela. Uztaileko eta abuztuko aktibitateak zerbait lagunduko du, noski, baina nekez kitatuko dituzte gastuak».
Izan ere, COVID-19aren gorabeherek zuzenean eragin dute erreserbetan. Arabako. Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeen okupazioa %47koa izan da uztailean —iaz baino %13 gutxiago—. Abuztuan, aldiz, %66koa izan da okupazioa —iaz baino %17 gutxiago. «Onartu behar ditugun datuak dira, noski, baina ez dira datu onak», azaldu du Nekaturreko kudeatzaileak.
Gainontzeko turismo establezimenduekin alderatuta, txarrenean ondoen ibili dira landetxeak. Hegoaldeko hotelak, esaterako, ez dira iritsi okupazioaren erdira ere: %30 Nafarroan, %34 Araban, %37,2 Bizkaian eta %47,2 Gipuzkoan.
Nafarroa iparraldean bestelakoa izan da denboraldia. Patxiku Irisarri Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko lehendakaria da, eta Gainkoborda landetxean jarduten du, Etxalarren. Haren arabera, «nahiko ondo» joan da uda; ia-ia %100ean aritu dira elkarteko landetxeak.
Landetxeak beterik izanda ere, aurtengoa «arraroa» izan dela adierazi du: «Inolako ziurtasunik gabe ibili gara. Hartuta zeuden landetxeak bertan behera geratu ziren martxoan, eta ekain hasieran hasi zen jendea berriro animatzen. Ezeztatze pila bat izan ditugu, baina jarraian beste batzuek deitzen zuten erreserba egiteko».
Joandakoak eta datozenak
Aste Santuak, San Joseko zubia… Aukera gehiegi galdu dituzte landa turismokoek. Urtea, baina, ez da amaitu. «Oraindik lau hilabete falta dira, eta asteburuetako jendea ibiltzen da gehienbat. Laster ikusiko dugu kurtso hasierak dakarrena; zer baldintza izaten diren, horrek baldintzatuko du guztia», azaldu du Irisarrik. Oraingoz, irailerako aurreikuspenak ez dira hilabeteotakoak bezalakoak: aurreko urteetako erdia espero dute, %25-30 inguruko okupazioa.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udako azken asteetarako erreserbak ere ez dira kezkak ahazteko modukoak. Joan den asteazkenean hitz egin zuen Ezkurdiak BERRIArekin, eta adierazi zuen helburua abuztuko azken asteburuko erreserbei eustea zela, okupazioa %66tik ez jaisteko.
Irailean, gainera, datuak ez dira inolaz ere hobeak. %13ko okupazioa dutela adierazi du kudeatzaileak, eta egunez egun datu hori behera doala: «Abuztu erdialdetik geroztiko osasun egoerak eragin du ez abuzturako, ezta irailerako ere eskaera berririk ez sartzea. Eta, oraintxe bertan, oso-oso txikia da iraileko okupazioa; are gehiago, ezeztatzeak ari gara kudeatzen orain. Joan den astean handiagoa zen».
Gorabeherak gorabehera, aurtengo landetxeetako bisitarien artean joera nabaria izan da. COVID-19ak oporraldiak «birplantearazi» ditu, eta «lehentasuna» eman zaio bertakoari. Dudarik gabe, gertukoak izan dira oporrak.
Uztailean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Hego Euskal Herrikoak izan dira zerrendetan lehenak: 5.136, hiru bisitaritik bat. Iaz baino %40 gehiago.
Patxiku Irisarriren arabera, antzekoa jazo da haienean. «Nafarroako elkarteko landetxeetan oso-oso hurbileko jendea ibili da». Uztailean nafarrak izan ziren gehienak, eta gipuzkoarrak ere joan ziren. Abuztuan, jada, aurreko urteetako bezeroak itzuli ziren Nafarroa aldera: Espainiatik, Madrildik eta Aragoitik bereziki; eta Herrialde Katalanetatik.
Etorkizunera begira
Abuztuko datu ofizialen faltan. Ezkurdiak adierazi du bertakoak ere nabarmen izango direla, halako kopuruetara ez iritsi arren. «Fideltasuna oso handia izaten da; euskaldun bezero askok gure landa ostatu mota ezagutzen du aurretik. Kanpotik etorri direnen artean bai, haien artean egon da lehendabiziz erreserbatu duena». Uste du etorkizunera begira, halako noranzkoak «segur aski kontuan» izango dituztela.
Irisarriren ustez, landetxeen gorakada orokorra konfinamenduak eragindakoa da, «ziurtasuna eta segurtasuna» eskaintzen baitute. Eta ikusteko dagoela hurrengo urtera begira jendeak zer-nolako jarrera hartzen duen. «Guk martxan jarraitzen dugu, hementxe jarraituko dugu». Udazkenean, oraingoz, badute zer egin: Baztan-Bidasoko jatetxeetan jardunaldi gastronomikoak egingo dituzte.
Etxetik lanean jarduten zutenak ez ziren asko duela hilabete batzuk, eta ezustean azkartu da lan munduaren digitalizazioa. Baita erakundeentzat ere: Espainiako Gobernua uztailaren hasieratik dabil patronal eta sindikatu nagusiekin telelana arautuko duen dekretua osatu nahian, eta beranduenez irailaren amaierarako onartzea espero du. Gaur berriz ekingo diete negoziazioei; akordioa gertu dagoela dirudi, baina oraindik badira langileen eta enpresen ordezkarien artean eztabaida sortzen duten gai batzuk.
Pandemiak agerian utzi zituen lantokitik kanpoko lanaren erregulazioaren hutsuneak. Gutxi dira langileekin eginiko hitzarmenetan telelana arautua duten enpresak, eta Euskal Herrian ez dago lan mota horri buruzko legerik. Oraingoz, langileen eta enpresen borondateak arautzen du etxetik egindako lana.
Legea idazteko, oinarrizkoa adostu behar lehendabizi: zer da telelana? Nor hartuko ditu aintzakotzat legeak? Azken zirriborroan hori nahiko zehaztuta dagoela dirudi: hiru hilabeteko epea erreferentziatzat hartuta, langileak gutxienez lanorduen %20 egin behar ditu etxetik legedi berria aplikatzeko, astean egun bat.
Legeak, ordea, enpresa pribatuetako langileei soilik eragingo diela dirudi. Handik kanpo gera daitezke erakunde publikoetako langileak, eta hori da akordioa oraindik itxi gabe egotearen arrazoi nagusietako bat: haiek lege propioa izatea nahi du Espainiako Lan Ministerioak, baina sindikatuak ez datoz bat, haien egoera erregulatu gabe geratuko dela uste dutelako. Funtzionario eta langile publikoentzako legedia onartu bitartean behintzat enpresa pribatuetakoen arau berak aplikatzeko eskatu dute.
Badira konponbideak euren kabuz hartu dituzten erakundeak ere. Arabako Foru Aldundiak, adibidez, dekretu bat argitaratu zuen joan den astean, eta, han dioenez, ezin dira telelanera behartu erakunde horrentzat lan egiten duten funtzionarioak eta behin-behineko langileak. Etxetik lan egin daitekeen lanpostuetan borondatezkoa eta aldi baterakoa izango da neurria, astean hiru egunekoa gehienez, eta langile horiek talde bileretan parte hartzea ziurtatu beharko da.
Langileak nahi ez badu, ez du etxetik lan egin behar. Hala dio lege proiektuak. Etxetik lan egiteko, akordio bat sinatu beharko dute beharginak eta enpresak, eta edonoiz bertan behera utzi ahalko dute; hau da, uneren batean langileak lantokira itzuli nahi badu, eskubidea du.
Ez hori bakarrik: enpresak ezin du langilea kaleratu erabaki hori hartzeagatik, ezta zigortu ere.
Zeresana eman duten beste gaietako bat da gastuena. Etxetik lan egiteko, beharrezkoak dira baliabide batzuk, bi motatakoak nagusiki: lan tresnak —besteak beste, ordenagailua— eta bestelako gastuak, argia eta Interneterako konexioa, adibidez.
Negoziazioen hasieran landutako zirriborroetan zehaztu zen gastu guztiak enpresak ordaindu beharko lituzkeela, baina patronalak lortu egin du hori aldatzea. Egungo testuaren arabera, lan tresnak eta haien mantentzea enpresak ordaindu beharko ditu, eta enpresa bakoitzeko hitzarmenean zehaztu beharko dute gainontzeko gastuen ordainketa.
Enpresariek lortu dute aldaketak egitea beste puntu batean ere: kontrolarenean. Etxean lan egiteak zaildu egiten du langilearen jarduna gainbegiratzea, eta, orain, hala dio txostenak: «Enpresak egoki ikusten dituen zaintza eta kontrol neurriak erabili ahalko ditu beharginak bere eginbeharrak betetzen dituela ziurtatzeko, betiere langilearen duintasuna errespetatuz».
Lanorduetatik kanpo, ordea, bermatuta egon beharko du beharginen deskonexio digitalak; hau da, lanean ez daudenean ez dute zertan erantzun lanarekin lotutako deiak eta mezuak, besteak beste. Horretarako, beharrezkoa izango da ondo zehaztea lan jardunaldiaren hasiera eta amaiera.
Hasieran, sindikatuek eskatu zuten jardunaldia langilearen interesen arabera malgutu ahal izatea, baina ez dirudi hori beteko denik. Lanaldiaren zati bat derrigorrez ordu jakin batzuetan egin beharko du langileak, eta beste zatia enpresarekin adostu.
Ordutegi malguak izateko aukera kontziliazioarekin lotzen dute sindikatuek. Izan ere, normaltasun berria hasi zenetik, haurrak edo helduak euren kargura dituztenena izan da lantokira itzultzeko arazo gehien izan duten kolektiboetako bat.
Haietako batek baino gehiagok eskertu dute etxetik lan egiteko aukera, baina badira etxeko lanekin edo zaintza lanekin ezberdintzeko izan dituzten arazoak nabarmendu dituztenak ere.
Telelanaren alde txarretako bat da ikusgaitasun txikiagoa izan dezakeela beharginak. Etxetik lan egiten dutenak enpresak emandako formakuntzetatik kanpo gera daitezke, edo lehentasun txikiagoa izan dezakete enpresaren egituran ardura handiagoko postuak hartzerakoan. Hori zaintzaren kontuarekin lotuta, eta horrek emakumeei gehiago eragiten diela jakinda, sexuen arteko arrakala handitzea ere eragin dezake telelanak.
Lankideak lantokian ez elkartzeak beste galera batzuk ere ekar ditzake. Enpresariek «enpresa kultura berria» sendotzea eragotzi dezakeela uste dute, eta sindikatuek ere badute kezka: langileak ez elkartzea kaltegarria izan daiteke haiek antolatzeko.