Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken bi edizioetako txapeldunak eskuratu du aurtengo finalerako lehen pasea. Ariketaz ariketa, ohi duen maila erakutsi du Beñat Gaztelumendik, eta bakarkako lan bikainarekin biribildu du saioa. Finalisten eskarmentua nabaritu zaie Labakari eta Elustondori ere. Ariketa guztietan eman du beretik lasartearrak, eta irabazlearengandik gertu geratu da puntutan. Koxka bat beherago amaitu du Elustondok, baina bertso ederrak utzi ditu hark ere. Gainerako saioetako puntuazioen zain geratu beharko dute biek finalerako lekua ziurtatzeko. Haien atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Asier Azpiroz, Oier Etxeberria eta Eli Pagola. Horra gaurko puntuazioa: 560,5 Beñat Gaztelumendi Arandia 552 Ane Labaka Mayoz 522,5 Nerea Elusondo Plazaola 475 Asier Azpiroz Iztueta 468,5 Oier Etxeberria Zubimendi 449 Eli Pagola Apezetxea Zarautzen eta Arrasaten izango dira datozen bi finalerdiak. Saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira abenduaren 14ko finalera, eta puntuazioz sailkatutako beste bostek osatuko dute zortzikotea. [Kronika osatua, bihar, berria.eus-en]
Realarentzat izan da Anoetan jokatu den derbia. Txuri-urdinek 5. minutuan egin dute neurketako gol bakarra, eta Irene Ogizak 29. minutuan ikusi duen txartel gorriak baldintzatuta, ezer gutxi egin ahal izan du Athleticek. 12.465 ikusle elkartu dira Anoetan igande arratsaldean. Gol bakarra ikusi dute, baina ikusgarria hura. Oraindik batzuk esertzen ari zirela, Lavogezek baloia jaso du, kontrolatu, eta bi aldiz pentsatu gabe jo du area kanpotik. Sareetara. Geldiezina izan da jaurtiketa Nanclaresentzat. 😱 Esto no es un gol… ¡esto es un golazo de @ClaireLavogez! 🔥 Se adelanta la @RealSociedadFEM en el minuto 5 de encuentro 🔵⚪ RSO 1-0 ATH 🔴⚪#LigaFenGol pic.twitter.com/eeh1AVw10z — GOL PLAY (@Gol) November 17, 2024 Athleticek lanean jarraitu du, eta pixkanaka hasi da aukerak izaten. Anoetako zelaia F Ligako gehienak baino handiagoa da, horrek hutsuneak utzi ditu atzelarien bizkarrean, eta bi taldeak saiatu dira hori baliatzen kontraerasoak egiteko. Ondorioz, erritmo zoroa izan dute lehen minutuek. Realeko jokalari onena Andreia Jacinto ari zen izaten, eta jokaldi batean iletik heldu dio Ogizak. Epaileak agresio bat izan dela ebatzi du, eta aldageletara bidali du jokalari zuri-gorria. Protestak eragin ditu erabakiak. Bat gehiagorekin, Reala hobea izan da. Bigarren zatian ez ditu eskularruak zikindu Elene Letek, eta Nanclaresek geldiketa mordoxka egin behar izan du. Azpimarragarrienak, Lavogezi egindako pare bat eta Nerea Eizagirreri egindako bat. Realak beste hiru puntu bildu ditu, eta laugarren postuan da 19 punturekin. Zazpigarren da Athletic hamalaurekin.
Ondorio larriak eragin ditu gaur goizean Garbera merkatal zentroan (Donostia) egindako lapurreta batek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bost lagun atxilotu dituzte, eta hamar ertzain zauritu dira operazioan. Horietako lau ospitaleratu dituzte, eta bat ZIU zainketa intentsiboen unitatean dago. Bost lagunak Gasteizen harrapatu dituzte, ihes egiteko baliatu dituzten bi ibilgailuetan. Zenbait delitu egozten dizkiete: indarkeria baliatuta lapurretan egitea, agenteen aurkako atentatua, ebasketa eta bide segurtasunaren aurkako delitua. Ertzaintzak goizeko zazpiak baino lehen jaso du lapurretaren abisua. Zenbait patruila bertaratu dira, eta lortu dute lapurren bi ibilgailuak identifikatzea. Atzo Gasteizen lapurtutako bi matrikua zituzten jarrita, eta bi autoetako bat ere lapurtutakoa zen. Jazarpena Ordubete geroago lokalizatu dituzte, A-1 errepidean, Gasteiz parean, abiadura handian zihoazela. Ertzaintzarengandik ihes egiten saiatu dira A-1ean zein N-622 errepidean, kontrako noranzkoan gidatuz. Azkenean, Abetxuko parean lortu dute haiek gelditzea, baina lapurrek Poliziaren autoen kontra egin dute eta zenbait agente zauritu dituzte. Bost atxilotuak gizonak dira: 31 urteko bat, 33ko bat, 35eko bat eta 38ko bi. Bostak atxilotuta daude, eta datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku. Ikerketa zabaldu dute denda berean urte hasieran izan zen antzeko beste lapurreta batekin lotura ote duten jakiteko.
Donostiako Egia auzoan KAS Kaleko Afari Solidarioen kontra protesta egin zuen Lo que no te cuentan de Donosti taldeak, urriaren 22an, eta, orduz geroztik, larunbatero protestak egiten hasi da «hiri seguruago baten alde». Gaur arratsaldean Easo plazan egin dute kontzentrazio hori, eta, haren kontra, beste elkarretaratze bat zegoen antolatua, ordu eta toki berean, «arrazakeriaren, klasismoaren eta faxismoaren aurka». Tentsio uneak Easo plazan. 30 bat lagunek bat egin dute ‘Lo que no te cuentan de Donosti’-ren deialdiarekin. Ordea, herritar askoz ere gehiago elkartu dira elkarretaratze horri aurre egiteko, “Faxistak kanpora” oihu artean. Ertzaintza bigarren horien aurka oldartu da. pic.twitter.com/ath5w6fzpw — Irutxuloko Hitza (@irutxulo) November 16, 2024 Irutxuloko Hitza-k azaldu duenez, 30 bat lagunek egin dute bat Lo que no te cuentan de Donosti-ren deialdiarekin, eta herritar askoz ere gehiago elkartu dira pareko kontzentrazioan. Tentsioa izan da, eta Ertzaintza parean elkartu direnei oldartu zaie. Gedarren arabera, Ertzaintzaren oldarraldi bat baino gehiago izan dira, eta gutxienez gazte bat zauritu dute. Lo que no te cuentan de Donosti taldearen protestan, besteak beste, Vanesa Velez PPko Donostiako zinegotziak parte hartu du.
Santiago Abascal Vox Espainiako alderdi ultraeskuindarreko burua Europako Batasuneko Europaren Aldeko Patriotak taldeko zuzendari izendatu dute gaur, Parisen. Europako alderdiaren batzar orokorra egin dute gaur, eta han hartu du Abascalek aurrez Jordan Bardellak RN Batasun Nazionaleko buruak zuen kargua. Europaren Aldeko Patriotak taldea hirugarren indarra da Europako Parlamentuan —86 eserleku ditu—; soilik, EAP Europako Alderdi Popularra eta S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista ditu aurretik. Alderdia Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean osatu zuten, hartara aurkeztutako zenbait alderdi eta talde elkartuta. Gaur egun, 11 herrialdetako eskuin muturreko alderdiek osatzen dute Europaren Aldeko Patriotak taldea; horietatik lau beren herrialdeetan boto gehien lortu zuten alderdiak izan ziren ekainean egindako Europako Parlamenturako bozetan: Austriako FPO Austriako Askatasunaren Alderdia, Belgikan VB Interes Flandriarra, Frantziako RN eta Hungariako Fidesz. Talde horretakoak dira, beraz, RNko Marine Le Pen eta Hungariako lehen ministro Viktor Orban.
«Sarri esan ohi da gaur egun errazagoa dela munduaren amaieran pentsatzea, kapitalismoaren bukaeran pentsatzea baino». Hala gogoratu du gaur Elene Lopetegi Bilgune Feministako kideak Laudioko kiroldegian bildu diren bostehun emakumeen aurrean (Araba). Egoera horrekin konforme ez, eta horri buelta emateko Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak antolatu dituzte, Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean. Etorkizun desiragarriak irudikatzea izan dute helburu, eta, horretarako, mahai inguru batekin hasi dute eguna. Sistema sozioekonomikoa «hankaz gora» jartzeko proposamenak eta Euskal Herri feminista bat lortzeko «palankak» jarri dituzte mahai gainean. Lopetegik gidatu du solasaldia, eta lau emakumek hartu dute parte: Mirene Begiristain ekofeministak; Txefi Roco militante feminista, antirrazista eta sindikalistak; Jule Goikoetxea idazle eta militante feministak; eta Amaia Perez Orozco ekonomialari eta militante feministak. Lauren artean egungo testuinguru konplexuaren analisia egin dute. Bakoitzak bere gogoeta egin ostean, etorkizuneko aldaketarako tresnen inguruan mintzatu dira. Trantsizio hitza izan dute hizpide hizlariek. Izan ere, ideia hori kritikatu du Rocok: «Botere lekuetatik trantsizioa saldu digute, baina, funtsean, kontrol eta menderatze harremanak sakonki berrantolatu dituzte eta esplotazio dinamika zaharrak eta berriak uztartu, emaitza bera izateko: indarkeria handiagoa eta desberdintasun sozial gehiago». Are, Perezek uste du trantsizioaren ideia «lapurtu» dutela, eta «trantsizio berde digitalak» bereganatu duela. Hortaz, beste kontzeptu batzuk proposatu ditu egungo egoera definitzeko: «krisi anizkoitza» eta «kolapso ekosoziala». «Sistemak gero eta gutxiago liluratzen gaitu, gero eta argiago ikusten dugulako agindu diguna faltsua dela» AMAIA PEREZ OROZCO Ekonomialaria eta militante feminista Perezen arabera, kapitalismoak inoiz baino zailagoa du negozioa egiteko bide berriak aurkitzea. Beraz, «bizitzaren kontrako erasoak» gero eta handiagoak izango dira, kapitalismoak hori behar baitu bizirik mantentzeko. Sistema ekonomikoak —«besteak beste, kapitalista, heteropatriarkala eta koloniala denak»— bi mekanismo behar ditu egoerari eusteko. Alde batetik, sedukzioa: «Sistemak gero eta gutxiago liluratzen gaitu, gero eta argiago ikusten dugulako agindu diguna faltsua dela». Hori dela eta, beharrezkoa du gero eta indarkeria handiagoz jokatzea. Horren adibide dira protesten kriminalizazioak eta Europan ezarritako harresiak. Egoera horren aurrean, ekonomialariak ezinbestekotzat jo du begirada feminista intersekzionala, indarkeria mota guztiak lotzen dituen haria ulertzeko. «Ekozidio zabala» Merkantilizazioa ere bada egungo testuinguruaren ezaugarri bat, Rocoren iritziz: «Egun, ia guztia eros edo saldu daiteke; preziorik ez duenak ez du ezer balio». Begiristainek, berriz, aipatu du «ekozidio zabal bat» gertatzen ari dela, eta eskubideen urraketa hori «nahita» egiten ari direla. «Euskal Herria kolonia digital bat da», esan du Goikoetxeak, «aldi berean, neokolonialismo digital estraktibistaren parte dena». Azaldu du gorputzetatik informazio pila bat ateratzen dutela, eta horrek sortzen duela kapital balioa gaur egun. Horretarako, «energia eta ur pila bat» behar duten datu zentroak sortzen ari dira. Argi utzi du: «Hodeia ez da existitzen». Baina, zergatik da Euskal Herria kolonia digital bat? «Silicon Valley-ekiko dependentzia osoa duelako; klik batekin, ezer gabe utz gaitzakete». Begiristain, Roco, Lopetegi, Perez eta Goikoetxea Laudion, Bilgune Feministak antolatutako topaketa feministetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Nahiz eta testuinguruaren lehenengo argazkia «negatibo» egin, alde positiboak ere atera nahi izan dizkiote egoerari. «Pertsona askoren bizitzari eusten dioten gorputz kolektiboak daude; praktika kolektibo txiki horiek espazio eta denbora propioak sortzen dituzte, eta etorkizunerako agertoki posible batzuk irudikatzen dituzte», nabarmendu du Rocok. Bide beretik, Goikoetxeak onartu du, «kolapso batean» bizi arren, «gauza ederrak» gertatzen ari direla. Haren ustez, ugaritzen ari da indarkeria zuzena, indarkeria sinbolikoa arrakalatzen ari delako. Hortaz, orain arte indarkeria zuzena egin behar ez duten tokietan, hala jokatzen hasi dira, sinbolikoak jada funtzionatzeari utzi diolako. «Zaintza sistema agroekologikoa imajinatzen dut nik: bizigarria, bideragarria eta ikusgarria» MIRENE BEGIRISTAIN Ekofeminista Horiek hala, trantsizio feministan «palanka» izan daitezkeen proposamenak egin dituzte lau hizlariek. «Begirada ekozentrikoago bat landu behar dugu», esan du Begiristainek. Tokian tokiko proiektuan alde egin du, eta Amillubi adibidetzat jarri: «Herritik herriarentzat lantzen dugun proiektua da, ekoizpen duina eta kontsumo herrikoiaren ikuspegia lotuz, hainbat eragilerekin elkarlanean». Hiru ezaugarri izan behar dituen zaintza sistema agroekologikoa aldarrikatu du: «Bizigarria, bideragarria eta ikusgarria izan behar da». Espazioa ezin da «anekdotikoa» izan Rocok, berriz, argi utzi du Euskal Herri feminista ez dela «benetakoa eta koherentea» izango pertsona migratu eta arrazializatuak kontuan hartu gabe. Are, esan du migratzaileek okupatzen duten espazioa ezin dela «anekdotikoa» izan; ikusgaitasun handiagoa duten espazioak okupatu behar dituzte. Rocorentzat, Euskal Herria hankaz gora jarriko duen justizia proiektu komun bat gauzatzea da utopia feminista. Emakume Abertzaleon X. Topaketak Feministak gaur, Laudion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Hankaz gora ere jarri nahi du Perezek sistema sozioekonomikoa. Horretarako, publikoaren eta komunitarioaren aldeko apustua egin du, baita irabazteko asmorik ez duten ekonomien alde. «Horrela, antolamendu sozioekonomiko berri bat lor dezakegu, non, besteak beste, lehen sektoreak indar handia izango duen, baita zaintzak ere». Etorkizuneko estatu feministan autodefentsa ondo jorratzeko proposamena egin du Goikoetxeak. Fisikoa ez ezik, autodefentsa epistemikoa ere landu nahi du, indarkeria sinbolikoaren kontra egiteko ezinbesteko ezagutza izateko. Horrez gain, kategoria eta marko berrien beharra aldarrikatu du. Hau da: «Indibiduoa jada ez da existitzen; espezie anitzek egiten gaituzte. Gainera, gure aldaketa genetikoen erdia testuingurutik dator. Alegia, testuinguru patriarkaletan biologia patriarkalak edukiko ditugu. Gizonak eta emakumeak egin egiten dira». Hortaz, adierazi du gorputza beste era batera irudikatu behar dela, baita indibiduoa ere.
Gaur amaituko da Zinebi Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko jaialdia, Bilbon. Arriaga antzokian egingo dute amaiera ekitaldia, eta goizean jakinarazi dituzte sarituen izenak. Andrea Gatopoulos zuzendaria izango da protagonistetako bat aurten, haren The Eggregores Theory hamabost minutuko film laburra apartatu baitu epaimahaiak aurtengo lehiaketako gainerako lan guztien artetik. Arrazoi hauengatik eman diote Zinebiko sari nagusia: «Artistak ordezkatzeko erabili ohi diren teknikak, hala nola adimen artifiziala, modu sortzaile eta originalean erabiltzeagatik. Horrez gain, kontakizun distopiko irmo bat izateagatik, aztertzen duena zentsurak nola ekartzen digun sormenaren heriotza eta pertsonen bakartzea». 7.000 euro jasoko ditu egileak, eta, horrez gainera, European Film Awards sariketarako hautagaitzarako izendatua egotea ere lortu du lanak. Andrea Gatopoulos zuzendariaren lanaren trailerra. Aitzol Saratxaga zuzendariaren Ehiza fikziozko filma ere saritu dute. Ramon Agirre, Urko Olazabal, Mikel Losada, Goize Blanco eta Lander Otaola aktoreek hartu dute parte bertan, eta XIX. mende amaieran girotuta dago pelikula. Mateo apaizaren desagerpenak eragiten duen ikerketa kontatzen du lanak, eta Euskal Zinemaren Sari Nagusia eman diote, zehazki. «Euskal kulturaren tradizioa eta idiosinkrasia interpretazio irmo batzuen bidez islatzeagatik, gaur egungo gizartean oraindik ere oihartzuna duen kontakizun mitologiko batekin». 6.000 euro jasoko ditu zinemagileak. Horizontal lana ere Euskal Herrian filmatu du Alex Reynolds zinemagileak, eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia jaso du horri esker. «Kontakizun distopiko aztoragarri eta intimoa izateagatik» nabarmendu du epaimahaiak, bai eta «balio zinematografikoz betea» egoteagatik ere. 6.000 euroko saria jasoko du lantaldeak. Aitzol Saratxaga zinemagilearen Ehiza filmeko irudi bat. ZINEBI Guztira, jaialdiak 82.000 euro banatzen ditu saritan, eta Zinebi First Film saileko lanik onenarentzat izaten da kopururik handiena: 12.000 euro, hain justu. Opera prima-k lehiatzen dira sail horretan, eta, aurten, Celeste Rojas Mugica zinemagileak jaso du saria, Una sombra oscilante dokumental luzeagatik. Aho batez hartu du erabakia epaimahaiak. Haren konposizioa nabarmendu dute, eta «argazkigintza eta material filmikoa asmamenez eta fintasunez erabiltzeagatik eta soinu paisaia oniriko bat asmatzeagatik» saritu dutela ere zehaztu dute. Horrez gainera, Nelson Makengoren Rising Up at Night filma ere nabarmendu dute alor horretan, aipamen berezi batekin, eta Farahnaz Xarifi zinemagilearen My Stolen Planet filmak jaso du gazte epaimahaiaren saria (2.000 euro). Esparrukako Mikeldi sariak ere eman dituzte sail ofizialean. Gabriella Choueifaty zinemagilearen 2006 lanak jaso du fikziozko laburrik onenaren saria (5.000 euro), «emakume familia baten intimitatetik kontatutako gerraren erretratu leiala izateagatik». Eta epaimahaiak aipamen berezia egin dio Yakup Tekintangaç zuzendariaren Mori fikziozko laburrari ere. Saurav Ghimire zinemagilearen Songs of Love and Hate filmak jaso du film dokumental laburrik onenaren saria (5.000 euro), eta Camille Monnier zuzendariaren Ashen Sun filmarentzat izan da animaziozko laburrik onenarena (5.000 euro). Tugh Hunduma zinemagilearen The Medallion film labur dokumentalari ere aipamen berezia egin dio epaimahaiak. Fon Cortizoren Bumblebee filmak jaso du Publikoaren EITB Saria (3.000 euro). George Todriaren Los invitados de Amaia lanak irabazi du Cineclub Fas saria (2.000 euro). Alicia Moncholiren Campolivar pelikularentzat izan da Unicef saria. Dokumental luzeak sortzeko Zinebi Networking izeneko bi sari ere banatzen ditu jaialdiak, duela zazpi urtez geroztik. Dokumental luzeak egiteko proiektuak dira saritutakoak, eta 15.000 euroko laguntza jasotzen du haietako bakoitzak. Aurten, Marina Palacio Burgeño zuzendariaren Y así seguiran las cosas lanak irabazi du Euskal Herrian egindako proiekturik onenari dagokion saria. Eta Guillermo Roques, Rafael Honrubia eta Javier Marin zuzendarien The Dutchbat lanarentzat izan da bestea. Aukera izeneko sariak ere banatu dituzte. Beatriz M. Larragetak irabazi du (H)emen saria, Emakumeak. San Cristobaleko Espetxea lanagatik, eta Saioa Miguel Morenoren Piztiak eta Itziar Lamarka eta Ane Alvarezen Gaua da luze eta Aroa Fernandez Lazkanoren Itsas-epel ere saritu dituzte. 3.000 euro jasoko ditu haietako bakoitzak.