Krisi gogorragoa eta luzeagoa espero du NDFk
Herrialde aberatsek hartuko dute proportzionalki kolperik handiena, eta haietan okertu du gehien aurreikuspena, batez ere Frantziari (%12,5eko jaitsiera, bost puntu gehiago) eta Espainiari (%12,8, 4,8 puntu gehiago) dagokienez. Oro har, 2021 amaieran 2020 hasieran baino %5 txikiagoa izango da BPGa herrialderik aberatsenetan, eta, asko zorpetuko direnez, finantza merkatuekin adi egon beharko dutela gogorarazi die Rita Gopinath NDFko ekonomisten buruak.
Edonola ere, Gopinathek kezka berezia azaldu du herrialderik behartsuenetako herritar pobreenekiko. «Kolpe latza jasango dute, eta muturreko pobrezia txikitzeko egindako aurrerapenak arriskuan jarriko dira». 1990ean, munduko biztanleen %35 bizi ziren egunean 1,90 dolarrekin baino gutxiagorekin, eta %10 baino gutxiago dira orain.





