Aldi baterako espedienteak luzatzeko negoziatzen jarraituko dute, hiruko batzordean

Aldi baterako espedienteak ekainaren 30etik luzatzeko negoziatzen jarraituko dute. Luzapena Ministroen Kontseilura oraingoz ez dutela eramango hitzeman dute.



Bada erabateko adostasun bat aurtengo udari buruz: ate joka dagoena ez da beste uda bat izango. Koronabirusak goitik behera baldintzatu du turismoaren jarduera, eta ikusteko dago sektorearen barruan zein diren kalte handiko helmugak eta kalte txikikoak. COVID-19ak eragindako egoeran bigarren etxe ugariko helmuga horiek onurak izan ditzaketela dioen teoria zabaltzen ari da azken egunetan; batetik, urrutira joango diren turistak ez direlako beti bezainbeste izango; eta, bestetik, pandemiak jotako munduan, gertuko turismoa izango delako abantailekoa.
Alegia, etxekoek etxean edo etxetik gertu egingo dituztela oporrak inoiz baino gehiago, hegazkina hartu gabe, ahal dela; oporrak gozatzeko direnez, segurtasuna sentitzea ezinbestekoa baita. Hala, bigarren etxe turistikoetako herriek asko dute irabazteko, hondartzak, igerilekuak eta beste ingurune batzuk erabiltzeko ohiz kanpoko baldintzak ezarriko diren arren. Segurtasun faseak amaitu aurretik bigarren etxera joateko irrikan dauden milaka euskal herritarren testigantzak hor daude.
Birusaren presentzia apala
«Lizarraldera gertuko bisitariak etortzen zaizkigu urtero, Euskal Herritik bertatik gehienak, eta Madrildik eta Kataluniatik ere bai. Esan daiteke lasaitasun pixka bat badugula, uste baitugu aurten ere etorriko zaizkigula». Koldo Leoz Lizarrako (Nafarroa) alkateak nabarmendu du Lizarraldea «leku lasaia» dela oporretarako, eta segidan aurtengo mezurik garrantzitsuena izan daitekeena helarazi du: «COVID-19 kasu gutxi izan ditugu: helmuga segurua gara. Nafarroako osasun eremu handi bat gara, Gipuzkoa osoaren neurrikoa, eta apenas izan den kasurik Lizarraldean: 85 bat guztira. Koronabirusa oso kontrolatua izan dugu, eta bisitariei argi esan nahi diegu».
Leozek berretsi du uda ezohikoa izango den arren bisitari kopuru txukuna espero dutela. «Bigarren etxe asko daude eremu honetan, eta pentsatzekoa da aurten egun gehiago igaroko dituztela etxe horietako jabeek. Kanpin ugari ere badira, eta udako programazio zabal bat egituratzen ari gara, ahalik eta bisitari gehien erakartzeko. Bisita gidatuak eta beste hainbat ekitaldi prestatzen ari gara».
Lizarra eta haren inguruak, Iratxe, Aiegi… familia osorako turismorako dira egokiak. Zer gertatuko da igerilekuekin? Bada, segurtasun neurriak hartuta, zabaldu egingo dituztela. «Txanda eskatuta, erabilera jakin batekin eta beste zenbait mugekin, baina igerilekuak zabaldu egingo ditugu; garbi dugu haurrei zor diegula ahalegin hori, haiek sufritu baitute gehien itxialdian», esan du Leoz alkateak.
Turistaren gozamenaren ifrentzua tokiko negozio askoren etekina da. Tokiko ostalaritzak eta merkataritzak aurtengo urte beltza txukuntzeko balioko ote du udak? Leoz baiezkoan da. «Lizarrako jendea gehiago erosten ari da Lizarran, bertakoa zaintzeko ildo horrekin bat eginda, baina bisitarien ekarpena oso ondo etorriko zaie denei. Behar-beharrezkoa dugu ekarpen hori, eta guk Lizarra helmuga seguru gisa ongi kokatzeko ahalegin guztia egingo dugu. Animatu dadila jendea gurera etortzen, ongi baino hobeto hartuko dugu eta».
Leketio: klasiko bat
Lekeitio da bigarren etxe asko dituen beste euskal udalerri bat; turismoaren aitzindaritzat jo daiteke Bizkaian. Uda partean 25.000 pertsona inguru izaten dira kostaldeko herri horretan, eta neguan ez dira 8.000ra iristen. Turismoak pisu handia du herriko BPGan, eta Kitto merkatarien elkartean hadi daude udak eman dezakeenari begira. «Guk hondartza daukagu, herri polita ere bai, lasaia, eta guretzat oso garrantzitsua da turistak etortzea, ez baitugu industria handirik», esplikatu du elkarteko idazkari Agurtzane Escribanok. «Itxialdia oso gogorra izan da, eta udan zer gertatuko den ez jakiteak ere asko sufriarazi digu».
Escribano, ordea, gustura dago herritarrek tokiko merkataritzari emandako laguntzarekin. «Hemen kontsumitzeko ekinaldia ondo joan da, baina bigarren etxeak dituztenen zain ere bagaude, ekarpen handia egiten baitute. Badakigu aurten agian inoiz baino egun gehiago etorriko direla, hasteko oso kasu gutxi izan ditugulako hemen. Gertuko jendea etortzen da gurera, Bilboko asko, eta hementxe gaude, haiek hartzeko prest».
Lekeiton slow turismoa egiten dela esan du Kitto merkatarien elkarteko kideak, eta uste du aurten turismo mota hori nahiko duela jende gehienak, «gertukoa, segurua, etxe-etxekoa». Lekeitioko eta inguruko landa turismoko etxeetan erreserba ugari egiten ari direla kontatu du, «batez ere abuzturako», baina uztailerako ere hasi direla gelak hartzen. «Gainera, ematen du hiru edo lau gau hartu beharrean, astebeteko eta hamar eguneko erreserbak egiten ari dela jendea». Turistak «patrika beterik» ote datozen ikusteko dagoela erantsi du. «Desiratzen gaude bisitariak hartzeko; badakigu ez dugula urte on bat izango, baina, fakturak pagatzeko moduko uda izanez gero, besterik ez bada enpleguari eusteko, helburu bat beteko genuke».
Zarautz (Gipuzkoa) ere goi-goian dago Euskal Herriko herri turistikoen artean. Surfak munduko erreferentzia bilakatu du azken hamarkadetan. Udan bikoiztu egiten da han ohiko populazioa, eta herriak eta inguruek (Getaria, Orio…) ziztada ekonomiko handia jasotzen dute turistei esker. «Bertako jende ugari etortzen da bere bigarren etxera, Gipuzkoako asko, baina baita Bilbokoak ere; eta Madrildik eta Kataluniatik ere bisitari asko etortzen da», esplikatu du Zurekin ostalaritza elkarteko bozeramaile Julen Olazabalek.
«Ematen du jendeak ez duela oso urrutira joan nahi aurten, eta baliteke Zarautzera etortzen direnek beren egonaldiak luzatzea». Uste du, gainera, agian jende gehiago geldituko dela bere etxean, eta Zarautz herri egokia dela egunpasak egiteko. Esperantzarik ez du galdu. «Badakigu aurten hondartzak muga batzuk izango dituela, eta hondartzak pisu handia daukala Zarautzen, baina beste hamaika altxor ditugu hemen, naturagune ikusgarrietatik hasita».
Gipuzkoako kostaldeko surfaren mekan ez dira agian beste urte batzuetan bezainbeste atzerritar ibiliko; «hori badakigu», dio Olazabalek, baina, hala ere, sinetsita dago herriko ostalariek eta dendariek, oro har, uda txukun bat lor dezaketela. «Kalitatezko gastronomia dugu, eta beste gauza asko, eta denon artean lortu behar dugu aurtengoari eustea. Etorriko dira urte hobeak, baina lehen-lehena aurtengo uda da». Surfaren deiari erantzunez atzerritarrak irailerako irits daitezkeenik ez du baztertu Olazabalek. «Jendea gogoz dago, eta orain dela gutxi uste zen baino uda askoz ere hobea izan daiteke. Gu, behintzat, dena ematera goaz».
Lapurdiko kostaldean, zain
Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere aski ohituak daude turistak jasotzen, baina aurtengo udak sortzen duen ezjakintasuna azpimarratu du Jean François Irigoien herriko auzapezak. «Ez naiz gai etorkizuna iragartzeko. Uda honetan turista anitz etorriko ote dira, batzuek dioten gisan? Ala beren etxean geldituko dira?», galdetu du. Haren hitzetan, enpresa anitzek uztailean eta agorrilean «errekuperatuko» dute «galdutako denbora», eta langile anitz «egoera zailean» dira. Hala ere, turistak etorriko direla espero duela erran du. «Frantziarrek ideiak aldatzeko beharra dute bizi izan dugun garai zailaren ondotik». Uda sasoian, gainerako garaietan halako bost izaten da Lapurdiko kostaldeko herri askotako populazioa, eta aurten ere horrela izan dadin nahi dute merkatariek.
Irigoienek zehaztu du bere herriko komertzio anitz «biziki egoera zailean» daudela. «Anitzek, maleruski, itxi egin beharko dute; beste batzuek langileak kanporatu beharko dituzte». Horregatik, herriko etxeak sostengu plan «handia» ezarri duela esplikatu du, komertzioei dagozkien zergak eta gastuak apalduta.
Donibane Lohizuneko bizitegien %40 bigarren etxebizitzak dira; konfinamendu garaian horietako anitz beteak egon direla kontatu du Irigoienek. «Bordeleko batzuk, Parisko batzuk, Donibane Lohizunera etorri dira garai horretan. Pentsa daiteke uda honetan ere egoiliarrak beren bigarren etxeetara etorriko direla».
Uztailaren 1ean ireki behar dute Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga, eta horri begira ere bada Irigoien. «Gure lagun espainolak itzuli ahal izatea nahi dugu. Badakigu [Ipar] Euskal Herriari eta gure herriari bereziki atxikiak direla. Ez dugu dudatzen gure auzokoak kopuru handian etorriko direla».
Konfinamenduak gogor jo du sektorea, baina ba al da alderik?
Badago aldea, bai. Landetxe gehienak ez dira hortik bizi, eurentzat jarduera osagarria baita. Badute beste diru sarrera bat. Aldiz, hotelei askoz ere kalte handiagoa egin die. Aldi berean, udari begira, landetxeak lehenago ari dira erreserbak jasotzen, naturaren eta lasaitasunaren bila baitoa jendea. Hiriko hotelek, bereziki Iruñekoek, berriz, irtenbide zailagoa dute, eta ohartarazi dute eskas daudela erreserbatan.
Azken urteetan bilakaera ona zeraman turismoak. Zein egoeratan harrapatu du pandemiak ?
Azken urteetan poliki-poliki gorantz ari zen. Iaz, kasik 1,5 milioi turista izan ziren, eta egonaldiek 2019an inoizko daturik hoberenak lortu zituzten, %5eko igoera batekin. Aldi berean, sasoikako joera hautsi, eta turismoa urte osoan izateko joera hartu genuen. Hori dena erabat moztu da.
Hortaz, gobernuaren asmoak baldintzatu ditu?
Bai. 2018etik 2025era arteko gure estrategia plana berregin dugu datozen bi urteetarako. Ez dugu alde batera uzten, baina markatzen dugu egutegi bat, eta beste lehentasun batzuk jarri ditugu.
Adibidez?
Oso ondo lantzen ari ginen kongresu inguruko dinamika, baina erabat moztu da. Urtebete luze eman dezake berreskuratzeak. Berriz, kultur eta natur arloko turismoa indartuko dugu. Naturan bisitak egiteko edo zikloturismoa gastronomiarekin lotzeko egitasmoak indartuko ditugu. Adibidez, Europako laguntzei lotutako Eurovelo proiektua. Uste dugu eskaria izango duela. Osasun arloan, Iruñean, bereziki klinikek jende asko mugitzen dute, horietatik asko atzerritarrak. Eten egin den arren, estatu mailan badago turismo mota hori. Egokitu beharko gara.
Egoera aukera bat ere izan daiteke?
Bai, adibidez, produktuak egokitu daitezke, eta aldaketa batzuk eginda, arrakastatsuak izan daitezke. Nafarroak natur baliabideak ditu, eta potentzial handia: eremu irekia, masifikazio gutxi… Hala ere, kontuan hartu behar da gaizki pasatzen ari den jende ugari dagoela, eta aukera bat izanik ere mindu egin daitekeela.
Sektorea kezkaturik dago. Zer erantzun eman diezue?
Batetik, laguntza orokorrak daude: zergen ordainketak atzeratu dira; autonomoentzako 40 milioiren laguntzak banatu dira, eta askok turismoan lan egiten dute; abalak eta maileguak banatu dira… Bestetik, laguntzak eskaini ditugu sustapenean, digitalizazioan edo formakuntzan. Maiatzean, protokoloen inguruko ikastaroak jarri genituen, batik bat garbitasunari buruzkoak, eta arrakasta handia izan dute. Hilabete amaierarako, COVID-19aren ondorioz egindako inbertsioen laguntzak emango ditugu.
Digitalizazioa aipatu duzula, sektoreak baliatu behar luke aukera urratsak egiteko?
Aurretik ere askok ikusten zuten hori, baina, orain, gogo gutxirekin zeudenek ere ikusi dute behar bat dela. Lehentasun guztia hartu du. Alor horretan badugu laguntza sorta bat: batetik, aztertzeko nola dagoen negozioa eta zertan hobetu daitekeen. Bestetik, diagnosi horren ondoren, proposatutako hobekuntzak ezartzeko laguntzak daude. Aukera polita da, zalantzekin zebilena ere animatzeko. Batzuetan beldurra ematen du digitalizazio hitzak, baina bakoitzak ikusi behar du zein den helburu duen publikoa eta baliabideak egokitu bere neurrira.
Konfinamendua leundu ahala, nola hasi da suspertzen alorra?
Poliki-poliki. Ateratzeko gogo handia du jendeak. Bada mezu bat oso oso inportantea: bertakook bertakoei lagundu beharko diegu eta solidarioak izan. Garrantzitsua izan behar du ez soilik turismoari begira, baizik eta lehen sektoreari edo merkataritzari begira. Sare handi horretan, aldamenean dugunari begiratu beharko diogu, eta elkarri lagundu.
Ekainaren 22an baimenduko dira lurralde arteko mugimenduak. Horri begira zaudete?
Bai eta uztailaren 1ari, ikusteko atzerritarrek nora jotzen duten, zer merkatutara. Frantziarekin, adibidez, interes handia dugu. Sustapen kanpaina egin nahi dugu, autoz mugitu daitezkeelako eta etorri. Baina zalantza asko daude: nola mugituko garen gure artean, eta nola atzerritarrak.
Donejakue bidetik iaz 60.000 erromes iragan ziren; aurten ostatu pribatu askok ez dute irekiko. Zer neurri hartuko dituzue?
Nafarroan Donejakue bidea erabiltzen zutenetik hiru atzerritarrak ziren, eta bat, estatukoa. Orain ez da horrela izanen, eta asko eragingo du. Produktu gisa, estatu mailan mugitu beharko dugu. Egokitu beharko dugu, eta saldu inguruan. Aukera oso polita da bertakook, euskal herritarrok, bidea ezagutzekoa. Baditugu proiektuak buruan. Kultur arloa ere indartu nahi dugu: antzerkia, musika eta bisita gidatuak. Horrelako egitarauak prestatzen ari gara bidea berpizteko.
Turismoaren beste erakargune bat sanferminak dira, baina festak bertan behera geratu dira. Zer eragin izango du?
Gogor jo du, bereziki Iruñeko sektorea, diru sarrera inportantea zelako. Hala ere, ezin dugu atzerapausorik eman. Jendea festa gogo handiarekin dago, baina denbora izango dugu datorren urtean festetarako. Aurten ez da unea. Kontuz ibili behar dugu. Argudio inportanteena osasuna da, baina irudia ere zaindu behar dugu. Lehendik ere sanferminen irudia oker zebilen, eta hori da orain falta zena. Ardura eskatu behar diogu jendeari. Mundua begira eduki izan dugu, eta, festarik gabe ere, aurten jende asko begira edukiko dugu. Azterketa hori dugu.
Turismoa suspertzeko mugak irekitzeak kezka eragin du.
Aireportu eta geltokiak izango dira sarbide nagusiak eta, osasun arloan hainbat neurri jada iragarri badira ere, azalpen gehiago emango dituzte uztailaren 1era bitartean. Astero bildu ohi gara Madrilgo gobernuarekin, eta aste batetik bestera aldaketa asko egiten ari dira. Erkidego batzuek berrogeialdia ezarri nahi dute, eta beste batzuek ez. Garbi dago oreka bilatu behar dela. Ekonomiak mugikortasuna behar du, baina hortik kasuak etor daitezke, eta hori ere kaltegarri da ekonomiarentzat. Oreka zaila da.
Bulegoko agenda lodia itxita du Alvaro Diazek. Izen zerrenda luzeekin beteta beharko luketen orrialdeak paragrafo zuri handi bat dira orain. «Madril eta Katalunia fasez aldatzen direnean argia ikusten has gaitezkeela uste dugu. Iaz udan Bilbora etorri ziren turisten %78 hangoak ziren, eta aurten batezbestekoa are handiagoa izango da». Ilunion hotelean du bulegoa Diazek, eta, era berean, Destino Bilbao hiriko hotelen elkarteko burua da. Maiz egiten dituzte bilerak, eta elkartekideek antzera dituzte agendak. «Erreserben informazioa dugu, eta beldurra ematen du. Iaz abuztua izan zen Bilbon okupazio maila handiena izan zuen hilabetea; ia %91 izan zen, eta aurten ez dago erreserbarik, ez behintzat oraingoz. Ea Espainian konfinamendua arintzean… Okerren, hori bai, nazioarteko bezeroekin lan egiten duten hotelak daude. Bisitari horiek ez dira etorriko».
Agenda potolodun hotelekin ere egiten du lan Mikel Ubarretxenak. Gipuzkoako Ostalarien elkarteko burua da, eta garai latzak datozela iragarri du. Udazkenari beldur dio, hari aurre egiteko koltxoia udan betetzen delako. «Urte normal batean, uda osoan ez ginateke %85eko okupaziotik jaitsiko ostatuetan; aurten, aldiz, aurreikuspenak %35ekoak dira, eta %50era iristea bikaina litzateke. Eta hori, prezioak merkatuz». Hark ere ez du espero nazioarteko turistarik, eta inguruko jenderengan du jarria fedea: «Uda agian salbatuko dugu. Gipuzkoan, turista bezain garrantzitsua da bisitaria, egun-pasa datorrena, bertakoa, Iparraldekoa eta Nafarroakoa. Hala ez bada, larria izango da; udan zakua bete behar da».
Espainiatik eta Frantziatik kanpoko turista gutxi etorriko dira uda honetan, eta haiekin «lan asko» egiten dute gida turistikoek. APIT Euskadi da haietako batzuk batzen dituen EAEko elkartea, eta Iratxe Muñoz da kideetako bat. Logikoa denez, oso arduratuta dago: «Gehienak langile autonomoak gara; horrekin dena esanda dago. Kalera irtetean lortzen dugu soldata. Krisi honetan sartzen lehenak izan ginen, eta tamalez, ziur aski azkenak izango gara putzutik ateratzen». Metafora grafikoa da, baina argia urrun dago: «Nazioarteko bisitariak galdu ditugu, eta, baldin badatoz, ez da irailera arte izango. Batzuk esaten dute etxeko turismoa eta Espainiako bisitariak mugituko direla. Ea horrela den, baina oraingoz ez dago mugimendurik».
Baikorragoa da Nicolas Martin, Euskal Elkargoko turismo bulegoko zuzendaria:«Erreserbak aski ongi doaz, baina ez gara aurreko urteetako zenbakietara iritsiko, eta pazko astea galduta dago». Dioenez, espazio handia duten ostatuek jaso dute eskaera gehien: etxe handiek, kanpinek, etxolek… «Ondo egingo dute lan; hotelek, aldiz, okerrago». Halere, arduratuagoa dirudi bisita lekuekin: «Larhungo trenean ehundik gora pertsona hartu ohi dituzte bidaia bakoitzeko, hor gehienez ere 30eko kopuruak izanen dira; Sarako eta Izturitzeko leizeetan 30-40 pertsonako bisitak egin ohi dituzte, eta aurten 10-15 pertsonakoak izanen dira. Gune horietan guzietan jende gutxiago hartuko dute, eta diru galerekin lan eginen dute. Onenean, irabazirik gabe».
Martinen ildotik doa Ignacio Casas ,Bilboair Loiuko aireportuaren promoziorako elkarteko burua. Argi du urte txarra izango dela azpiegituran, hegazkin konpainientzat eta turismo sektorearentzat bezala, baina konfinamendua leundu ahala baikorragoa da. Apirilean aireportuak 1.500 erabiltzaile izan zituen bakarrik, eta ondo bidean 4.500 hegaldi beharko lituzkete. Orain, aldiz, argi printzak ikusten ditu. Bihar Frankfurterako (Alemania) hegaldiak hasiko dira, eta uztailean martxan egongo dira nazioarteko hainbat hegaldi. «Halere, uda honetan Espainiarekin lotzen gaituzten konpainiek egingo dute lan gehien. Vuelingek Loiuko trafikoaren %40 antolatzen du, eta udan bolumen hori handiagoa izango da. Nazioartean erabiltzen dituen hegazkin asko Espainian ariko dira. Euskal herritarrek hara joko dugula dirudi».
Iaz, 5,9 milioi bidaiari izan ziren Loiun, eta %40 lan kontuengatik mugitu ziren. Miarritzeko aireportuan, aldiz, turismoaren pisua askoz handiagoa da. Iaz 1,06 milioi bidaiari izan zituzten -Euskal Herriko bigarrena da-; aurten, aldiz, 330.000 inguru espero dituzte bakarrik, eta diru sarrerak %68 jaitsiko dira. Didier Riche zuzendariak esana du finantza arazo «larriak» izango dituztela.
Casasek, aldiz, ez du halakorik espero. «Gurekin lan gehien egiten duten konpainiek berdin jarraituko dutela esan digute: Vuelingek, Voloteak, Air France-KLM-k, Lufthansak, Brusselsek… Hori lasaigarria da». Haren zalantza handienak konpainia jakin baten ingurukoak dira: Easyjet. «Ez dakigu ezer haiei buruz. Egoera zailean dagoela irakurri dut. Lantaldea %30 murriztuko duela entzun dut, eta agian hegaldiren bat eroriko zaigu». Bilboko aireportuko trafikoaren %5,74 mugitzen du Easyjetek.
6.000 eurotik, 600era
Uda zalantzaz betea izango da; iritzi emaile guztiek bat egin dute hor. «Ez dakit zenbat hotel irekiko diren Bilbon; erdiak baino gehiago bai, baina ez dakit zenbat. Egun lau daude irekita, eta bosgarren batek aurki irekiko du, futbol ligak behartuta», azaldu du Casasek. Ubarretxeak sumatu du Gipuzkoan ere tabernari askok ez dakitela zer egin: «Bezero artean metro eta erdiko tartea utzi behar bada… Zaila izango da baldintza horietan lan egitea. Gau giroko dantzalekuak hilda daude; 25 mahai izatetik bederatzira igaro diren jatetxeak ezagutzen ditut, eta taberna txikiak… Donostiako Alde Zaharreko taberna baten jabeak esan dit ekaineko eguraldi oneko bi egunetan 480 euroko bilketa bat eta 600eko beste bat egin duela. Iaz, egun beretan 6.000 eurokoa egin zuen».
Gidak ere zain daude, «ez dakigu zer gertatuko den», aitortu du Muñozek. Azken hiru urteak «oso onak» izan direla dio, «turismoak gora egin du, eta gida guztiak lepo ibili gara», baina koronabirusak hankaz gora utzi ditu: «Espero genuen urte ona egun batetik bestera desagertu zen. Genituen eskaera gehienak bertan behera gelditu dira, eta beste batzuek hurrengo urtera atzeratu dituzte. Alegia, ezin dugu ezer aurreikusi». Martinek ere sumatu du kezka hori: «Orokorrean, egoera biziki konplikatua da operadore eta bisita lekuentzat. Batzuek duda zuten irekiko zuten ala ez; azkenean, Frantziako Gobernuaren laguntza sistemak konbentzitu ditu».
Hegazkinak, beteta
Zalantzei segurtasun neurriak gehitu behar zaizkie. Ostalaritza lokaletan bezero kopurua murriztu dute, ez ordea hegazkinetan, eta horrek Casas lasaitu du. «Konpainiek hori eskatzen zuten, edukiera osoa. Maskararekin, gelak… baina hegazkina beteta joatea. Kontrakoa, hegazkin osoa business klasekoa bihurtzea zen. Prezioak ez dituzte igo, eta hegan egitea ez da luxuzko objektu bilakatuko». Hegazkinetan hiru minutuz behin berritzen da aire guztia, eta han kutsatzea ia ezinezkoa dela azaldu du. Eta aireportuan? Antzera. «Neurriak zehaztu behar dira, baina litekeena da bidaiariak bakarrik sartu ahal izatea terminalean. Loiun, esaterako, hirugarren solairua egokitu dugu iristen direnentzat». Era berean, ez du baztertzen bidaiari guztiei tenperatura hartzea.
Hotelei dagokienez, Bilbon irekitzen dutenek «erritmo erdian» egingo dutela uste du Diazek, eta horregatik ez dutela segurtasun neurriak betetzeko arazorik izango. «Zertarako ireki solairu guztiak jenderik ez baduzu? Gainera zerbitzuak murriztuta daude oraingoz. Gosariek ez dut ezer ikusirik buffet ikusgarriekin; askaritxoak dira gehiago». Gidek ere lan egiteko modua aldatu beharko dutela aurreratu du Muñozek: «Bi metroko distantzia gorde behar dugu, maskarak eraman,, gela… Eta kale estuak saihesteko esan digute». Hirietako parte zaharretatik ibiltzeko moduan…
Udazkenaren beldur
Udako zalantzek, baina, udazkenean jasoko dute erantzuna, eta Ubarretxena oso kezkatuta dago: «Uda ona ez bada, udazken eta negua beldurgarriak izango dira, are gehiago lantaldeari sei hilabetez eutsi behar izateko obligazioarekin. Enpresari askok erabaki beharko dute negozioarekin jarraitzea merezi duen ala ez». Ostalarien elkarteko buruak uste du plan berezi bat behar dela sektorea salbatzeko: «Azken urteetan gehien hazi den sektorea gara, eta hornitzaile asko ditugu inguruan. Industria eta turismoa elkarrekin bultzatu daitezke, eta, Azpeitia bezalako udalen bat salbuetsita, orain arteko laguntzak irrigarriak izan dira».
Casasek aitortu du ez duela hegaldi askorik galtzea espero, eta ez du uste erakunde publikoek salbuespen neurririk hartuko dutenik. «Hemen jada ez zaie dirurik ematen konpainiei. Promozioa egiten da, baina ez zaie ustiapen defizita ordaintzen. Mesede txikia egiten diet nire bezero fidelei beste bati dirua ematen badiot. Ryanair horregatik joan zen». Gidek ere estutuko dute gerrikoa. Dena den, Gipuzkoan dihardutenek aldundiaren laguntzak jaso dituzte, eta Bizkaikoa webgune plataforma bat sortzen ari da haien zerbitzuak kontratatzeko.
Ipar Euskal Herrian enpresa batzuek ateak itxiko dituztela ziurtzat jotzen du Martinek. Elkargoaren datuen arabera, 3.000 negoziok dute harremana turismoarekin, eta udazkenean erabaki zailak hartu beharko dituzte: «Bi neurri nagusi daude egoerari aurre egiteko: batetik, langabezia partzialaren dispositiboa atxikiko dute. Irabazien apaltze handi bat badute, langile batzuk gelditzeko aukera izanen dute, eta egitura independenteentzako diru laguntzak ere atxikiko dituzte. Tamalez, baina, hainbatek ez dute iraunen».
Hotel bat ixtea, baina, negozio txiki bat ixtea baino zailagoa da, eta Diazek horregatik ez du triskantzarik espero Bilbon. «Ez dut uste inor eroriko denik, ezta bidean dauden egitasmo horietakoren bat ere». Egun, bederatzi hotel berri eraikitzen ari dira Bilbon. Ez ixteak, baina, ez du esan nahi kolpea hartuko ez dutenik. Diazek argi azaldu du zein den aurtengo testuingurua: «Ez ditut kontuak ikusi, baina guzti-guztiek izango dituzte galerak. Bakar batek ere ez du parra egingo 2020an, argi dut. Urtarrilean eta otsailean guztiok ditugu galerak, eta gero, burua altxatzeko garaia hastean, itxi egin behar izan genuen. Orain uda kaskarra dator, eta gero, mugarik gabe ireki ahal izango dugunerako, azaroa eta abendua. Alegia, berriz ere galtzera».

Martxorako jadanik sumatu zituzten ogasuneko arduradunek osasun krisiaren ondorioak bilketan, %7,19 artekoa izan baitzen erorikoa. Urteko lehen bi hilabeteetan ez zen arazorik izan, baina martxoaren 14tik aurrera indarrean jarritako alarma egoerak martxoko bigarren hamabostaldiari eragin zion, eta zenbakiak ilundu zituen. Apirilean, berriz, ilun hori beltz bihurtu zen. Konfinamenduak jarduera ekonomikoa izoztu zuen, eta apirilera arteko bilketa %16,8 uzkurtu zen. Bada, erorikoaren abiadura azkartuz joan da azken hilabetean, eta maiatzean %21,8an dago jada aurten eta iaz bildutakoaren aldea. Urte bukaeran ez du kopuru askoz txukunagorik espero Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak. Sailburuaren lan hipotesia da diru bilketa %18 inguru txikituko dela, hots, 2.000 milioi euro gutxiago bilduko direla.
Enpleguak sortzea, noizko?
Gutxika atzean geratzen ari da itxialdia, baina ikusteko dago zenbateraino aktibatzen den ekonomia uda honetan, koronabirusaren osasun arazoa hor baitago oraindik ere. Batetik, turismoa eta, oro har, barne kontsumoa dago, eta, bestetik, industria. Atzerriko merkatuak normalizatzen ez diren bitartean, zaila ematen du euskal industria esportazioak handitzen hasteak.
Egoera horrek biziki kezkatzen du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria sektorea jardueraren % 55-60an dago, eta horrek ez du enplegua sortzen, Tapiak esan duenez. Ostalaritza, kultura eta turismoa «erabat itxita» egon dira, eta haien egoera «beste batzuena baino askoz kritikoagoa» dela uste du. Baina nabarmendu du industriaren egoerak «bereziki kezkatzen» duela, BPGan duen pisuagatik. «Industria indartsu batek eramango du gure ekonomia aurrera, eta modu bizi, azkar eta eraginkorrean babestu behar dugu, eta berehala suspertu».
Jaurlaritzak aurreikusi du aurten lanaldi osoko 68.000 enplegu galduko direla (-%7). Espero du 48.000 enplegu sortuko direla hurrengo urtean (+%5). Hala, langabezia tasa asko urrunduko da Lakuak finkatu zuen %10eko helburutik. Urtea %13,7ko langabezia tasarekin itxiko dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Eta 2021eko tasa murriztu egingo da, %12,2ko batezbestekora.
Francisco Javier Azpiazu Cebek Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiak eman zuen atzo esperantzarako mezu bakarra: susperraldia «martxan» dagoela esan zuen, oraingo irudia «itsusia eta txarra» den arren.
Nola joan dira alarma egoeraren hilabete hauek Euskaltelen, lanari dagokionez? Ez zaudete sektore kaltetuenen artean.
Egia esan, egoera berezia izan da. Barruan, hasiera-hasieratik funtzionatu dugu telelanean, eta dena ondo joan da; ohituta geunden. Kanpoaldera begira, bezeroekin test bat izan da. Trafikoa izugarri handitu zaigu; Interneten, %70-%80, eta sakelakoetan, askoz gehiago, %200-300. Gure estutasunekin, baina sareak oso ondo eutsi dio, eta frogatu da Euskaltelek azken hogei urteetan zuntzean egindako inbertsioak egokiak izan direla.
Osasun krisiaren ostean krisi ekonomikoa dator. Nahiz eta telekomunikazioetan oparoa dirudien etorkizunak. Beldur zarete familien eta enpresen kontsumoa gutxituko ote den?
Luze gabe, gu alde onean gaude; gure bezeroek hor jarraitzen dute, kontsumoan eta ordaintzen. Baina, krisi ekonomikoa badator, guk ere jasoko dugu eragina; jendeak bere produktuen maila jaitsiko du, berankortasuna ager daiteke. Noski, beste batzuei baino gutxiago, baina egoera ekonomikoak eragingo digu.
Alarma egoeran Espainiako Gobernuak hainbat muga jarri dizkie operadoreei, zenbaki berarekin konpainiaz aldatzeari (eramangarritasuna) eta abar. Izan du horrek eraginik Virginen merkaturatzean?
Operadoreei ondo etorri zaigu bi hilabeteko geldialdi bat egotea eramangarritasunetan. Sektorean beti gabiltza altak-bajak-altak… Ibaiaren aurka arraunean zaudela, diru asko gastatzen duzu banatzaileetan, komisioetan, zertarako eta lehen bezala gelditzeko. Orduan, eramangarritasunena geldituta egonda, aurreztu egin dugu. Eta Virginen aldetik ere ondo etorri zaigu; denbora eman digu gauzak prestatzeko. Aurreikusia genuen Virgin maiatzean merkaturatuko genuela, eta zortea izan dugu: maiatzaren 20an atera genuen Virgin merkatura, eta eramangarritasunentzako mugak maiatzaren 26an kendu ziren.
Helburu handinahiak dituzue Virginekin.
Guretzat momentua oso interesgarria da. Lehen bi ginen bakarrik, Euskaltel eta Telefonica; orain, bost gara. Euskaltelek azken urteetan hazteko beharra ikusi zuen, eta, horrela, aurrena R erosi zuen Galizian, eta gero Telecable Asturiasen.
Ikusi zen gehiago hazi behar zela, irten, bestela arriskuan zegoela Euskaltelen egonkortasuna luzera begira. Arazoa zen irtetea ez zela horren erraza. Sare propioa bagenuen hemen, baina kanpoan ez. Eta marka ere arazoa zen: hemen Euskaltel markarekin oso ondo saltzen dugu, baina hemendik kanpora ez horren ondo. Eta horrela, bi akordio egin ditugu: batetik, Orangerekin eta Telefonicarekin, sarea alokatu ditugu, eta, bestetik, Virgin marka alokatu dugu. Orain badugu sarea; badugu marka; hasi gara saltzen, eta esperantza handiak ditugu.
Espainian lehia ankerra da. Merkatua irabazteko modu bakarra besteei kentzea da.
Horrela da. Hor oso garrantzitsua da kontuan edukitzea Espainian urtero-urtero lau milioi pertsonak aldatzen dutela operadorea, ia laurdenek. Operadore tradizionalekin lehia handia dago, Movistar, Vodafone. Eta prezio apaleko marka berri asko daude. Batzuek zerbitzu ona ematen dute, baina garestiak dira; beste batzuk merkeak dir,a baina zerbitzu txarra dute. Tartean sartu behar du Virginek, oreka bilatzen, nahiko zerbitzu ona eman nahiko prezio onean. Eta gure merkatua lau milioi horiek dira. Hor zati handia lortzen badugu, bost urtean bikoiztu egingo dugu Espainiako merkatuan daukagun %15a.
Hazteko beste modu bat bat-egiteak dira. Etor daiteke norbait zuek irenstera?
Orain merkatuan kontsolidazio bat izango balitz, gu txikiak gara, eta norbaitek jan gaitzake; horregatik hazi behar dugu. Handitu eta besteen mailan jarri, eta gero gerokoak. Ez dakigu zer gertatuko den, baina, akordio bat egin behar baldin bada, izan dadila beste modu batera, ez gu janda.
Euskal Herrian arerio bat gehitu zaizue Masmovilekin, Guuk markarekin.
Hemen bost lehiakide gaude: Telefonica-Movistar, Vodafone, Orange, Masmovil eta gu. Gu oso ohituta gaude lehiatzen, eta besteek hemen askoz ere kuota txikiagoa daukate, adibidez MasMovilek; eta denek bilatzen dituzte moduak hemen, Euskal Herrian, euren kuota igotzeko. Batzuek eskaintza bereziekin egiten dute; beste batzuek, prezio apaleko markekin, eta dirudienez, orain Masmovilek beste marka batekin. Gu ohituta gaude; badakigu denak saiatuko direla guri kuota kentzen, baina guk gure kuota babestuko dugu.
Euskaltelen kuota handia da: bezero partikularretan, %30…
Partikularretan, %35, eta enpresetan, %50. Eta jakina, mundu guztia horren aurka doa, taktika batekin edo bestearekin. Saiatu dira, orain arte ez dute lortu, eta espero dugu etorkizunean ez lortzea.
Taktikez ari garela. Orain gutxi Masmovilen euskaltasuna zalantzan jarri duzu; bueno, zalantzarako tarte gutxi utzita.
Masmovil Madrilgo enpresa bat da.
Egoitza soziala Donostian du.
Donostian ez dauka ezer. Esan nuen: joan eta bilatu; ez duzu aurkituko.
Egia da mezu horrekin datozela.
Esan dizudana, bakoitzak bere taktika dauka; saiatu dira modu batera, orain beste batera; modu askotan saiatuko dira.
Nire irudipena da, edo Euskaltelek bere euskaltasuna aldarrikatu beharrean ikusi du bere burua?
Gertatu dena da azken bi urteetan Euskaltelen transformazio prozesu bat egon dela; R eta Telecable erosi dira, akziodun ingelesak etorri dira, izan dira iskanbilak eta gauzak. Eta segur aski jendea pixka bat despistatu egin da Euskalteli buruz. Agertu diren gauza asko argitu nahi ditugu guk, eta esan Euskaltel betikoa dela, betikoa eta, izenak esaten duen bezala, hemengoa.
Marketineko irakasle batek esaten zidan markarekin koherentzia mantentzea inportantea dela, esana eta izana gauza bera izatea. Ez dakit ados zauden.
Bai, noski; hori marketinean eta beste gauza askotan. Koherentzia oso inportantea da bizitzan, eta gu hori saiatzen gara mantentzen.
Euskaltasunarekin.
Bai, Euskaltel hemengoa da, hemen gaude, langileak Euskal Herrian daude, bezeroak hemengoak dira, marka hemengoa da, lotura emozionala dago arlo askotan, hasita txirrindularitzarekin, marea laranjarekin… Euskaran ere sartuta gaude; asteartean Euskaraldiara goaz. Gu hemengoak gara; ez dugu ezer berezirik egin behar, soilik esan zer garen eta zer egiten dugun.
Azpimarratu izan duzu finantza operazioetatik harago borondate industriala duzuela.
Ikuspegia. Hasiera-hasieratik kutxek, eta beste akziodunek ere, ez daukate luze gabeko finantza ikuspegi bat. Gurea beti ikuspegi industriala izan da: luzera begirakoa, erdi-erdian bezeroa eta haren beharrak jarrita. Horretarako, pixkanaka, gure kabuz —ez beste enpresekin bat eginez— hobetuz joan gara. Produktibitatea, berrikuntza eta haziz joatea, hori da gure proiektua, eta gure zuzendari nagusi Jose Miguel Garciak ere ikuspuntu bera dauka, horretara lerratuta gaude. Eta horren ondorioa da Euskal Herritik kanpora gure kabuz joan garela, gure indarrekin, gure markarekin, gure jendearekin… Hemengo beste enpresak kanpora joaten direnean bezala.
Txirrindularitza gustuko duzu?
Beti, txikitatik gustatu izan zait.
Nolatan itzuli da Euskaltel txirrindularitzara?
Proiektu bat egon delako. Bere garaian Euskadi Fundazioaren bitartez proiektu oso interesgarri bat sortu zen, eta sartu egin ginen, eta han hamazazpi urtez egon. Proiektu hura bukatu egin zen. Txirrindularitza bera ere asko nahastu zen, UCI Pro Tourrekin, dopinarekin… Proiektua bukatu zen, eta guk utzi egin genuen babesa. Orain, beste proiektu bat sortu du Fundazioak, Mikel Landarekin. Proiektuak itxura ona dauka; guri gustatu zaigu, eta berriro babestea erabaki dugu.
Hor ere saiatu omen zen Masmovil.
Ez dakit. Ea, saiatu-saiatu, esan dizut, taktika asko erabiltzen dira guri merkatua kentzeko, eta segur aski saiatuko ziren, baina Euskaltel-Euskadi jada marka bat da, marea laranja marka bat da, kolorea bera… Argi dago Euskaltel-Euskadi Euskaltelek bakarrik egin dezakeela.
Asko aldatu da Euskaltel zu kanpoan zinen bitartean?
Asko. Sektorea eta Euskaltel biak aldatu dira. Ni nengoenean, ezaugarri nagusia zen bakoitzak bere sarearen bitartez egiten zuela, eta bi ginen bakarrik. Sareak liberalizatu ziren, eta sareak orain banatu egiten dira; inork ez dauka sarea beretzat bakarrik. Eta horrek lehia aldatu du; ez da berdina biren edo bosten arteko lehia.
Euskaltelek bere sarea saltzeko asmoa zuela argitaratu izan da.
Baina Euskaltelek inoiz ez du hori esan. Gauza horiek atera egiten dira; ez dakigu nondik edo zeinen interesengatik, edo berriro taktikak diren. Baina Euskaltelek ez dauka sarea saltzeko asmorik. Euskaltelek bere sarea kudeatu eta egokitu behar du egoera berrian, orain ez baita efizientea sarea operadore bakarrak erabiltzea. Operadoreek euren sareak irekitzen dizkiete besteei; besteenetan sartzen dira. Euskaltel oraindik ez da sartu horretan, baina sartuko gara; gure sarea ireki egin beharko dugu. Eta inbertsioak egin beharko ditugu: Espainian Virginekin arrakasta baldin badaukagu, arrakasta dugun toki horietan ez du zentzurik izango alokairuan egotea, eta ondo aterako zaigu sare zati horiek erostea. Horretarako, dirua beharko dugu, eta beste inbertsiogile batzuekin joango gara… Hori guztia kudeatu beharko dugu.
Zorra zama handia zaizue?
Ez, zor maila normala daukagu. Zortea daukagu, interesak oso behean daudelako; beraz, gure finantza zama oso eramangarria da.
Zazpi hilabete daramazu Euskaltelen lehendakari gisa. Zer ekarpen egin du Xabier Iturbek Euskaltelen? Zertara zatoz?
Ni nator Euskaltel beste maila batera igotzera. Bigarren mailan gaude, ez okerragoak garelako, baizik eta merkatuaren %15ean soilik gaudelako. Hori, luzera begira, oso arriskutsua da. Eta nire helburua da pasatzea bigarren mailatik lehenengo mailara: Espainiako beste lau operadoreei aurrez aurre begiratzea, berdintasunez.
Horrela, garraio atalean prezioak %0,6 txikitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %0,7 Nafarroan. Azken urtean, berriz, jaitsiera %8,5ekoa da Nafarroan, eta %7,6koa beste hiru lurraldeetan. Gasolindegietan nabarmen ikusi da merkatze hori, azken urteotako preziorik txikiena izan baitute erregaiek. Leku batzuetan eurotik behera ordaindu dute gasolioa. Edonola ere, azken astean berriro garestitu da, ekoizleek murrizketekin jarraituko dutela iragarri ondoren.
Inflazioari tira egiten dion atala elikagaiena da. Duela urtebete baino ia %4 garestiago daude, baina maiatzean oso aldaketa txikia izan da: %0,2 garestitu da EAEn, eta %0,1 merkatu, berriz, Nafarroan. Maiatzean, fruitu freskoak garestitu dira gehien(+%6,3), eta, haren ondotik, patatak (+%3,2). Arraina %6 baino gehiago merkatu da, eta hala egin dute haragiek ere.