«Langileen bizitza lehenesteko» aldarria egin dute Zaldibarren
ELAko Gernika eta Durango eskualdeetako arduradun Arrate Elkorok esan zuen Zaldibarko hondamendia gertatu zenean enpresak ahaztu egin zuela langileak pertsonak direla; «eta horrela gertatzen ari da koronabirusaren krisian, milaka langile behartu baitituzte beharrera joatera babes neurri egokirik gabe, beren osasuna arriskuan jarrita, eta beren bizitza ere bai».
Elkorok administrazioari eskatu zion Lan Ikuskaritza indartzeko, eta kopuru jakin bat hartu zuen ahotan helburu hori lortzeko: ehun ikuskatzaile gehiago langileen osasuna berma dadin enpresetan. «Horrelako neurri zehatzak hartzen ez diren bitartean, pentsatu beharko dugu gure agintariek enpresaburuen aginduetara jarraitzen dutela».
Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu lelopean jarraitu zuen aurrera elkarretaratzeak. 2020an, ELAren eta LABen arabera, Euskal Herrian hildako 29 langileak gogoratu zituzten, eta, horiekin batera, zabortegian galdutako beste biak ere bai. LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok azaldu zuen lan osasunak «okerrera» egiten jarraitzen duela, «azken asteotako gertaeren lekuko». Koronabirusarekin kutsatu ondoren lau langile zendu direla gogoratu zuen Erasok. «Horrek argi utzi du patronalak eta erakundeek interes ekonomikoak lehenesten dituztela langileen osasunaren gainetik».
Lan gaixotasunek ere nabarmen gora egin dutela erantsi zuen. «Langileak abandonatuta sentitzen gara; langileak bakarrik utzi gaituzte», esan zuen LABeko kideak, eta gaineratu zuen pandemia egoeran langileak «gaixotzera» bidali dituztela lanera.
Zaldibarren elkartutakoek adierazi zuten egoerak erakutsi duela zerbitzu publikoak indartzeko garaia dela, «pribatizazioak amaitzeko garaia dela», alegia. «Pandemia amaitu egingo da, baina sindikatuok borrokan jarraituko dugu beste eredu bat sortzeko, non langileen bizitza erdigunean egongo baita. Borrokatuko gara erakundeak bide horretan jartzeko».
Erietxeetan ere bai
Zaldibarko ekitaldiaz gain, sindikatuek mobilizazioak egin zituzten hainbat lantokitan eta erietxetan; besteak beste, Donostia ospitalean, Bilboko Basurtuko ospitalean eta Gasteizko San Prudentzio zahar etxeko egoitzan. Salatu zuten funtsezko zerbitzu publiko horien lantaldeak «babes neurri egokirik gabe» aritu direla beharrean, eta horrela jarraitzen dutela. Egoera horri amaiera emateko eskatu zuten protestetan bildutakoek.
Halaber, egun osoan, sare sozialen bidez, bideoak eta argazkiak argitaratu zituzten laneko segurtasunari eta osasunari buruzko salaketak eta aldarrikapenak egiteko, #BizitzaDefendatu traolarekin, eta balkoi eta leiho askotan xingola beltzak jarri zituzten, lanean hil edo gaixotu diren pertsonak gogoratzeko.




