Ibex 35 % 14 baino gehiago hondoratu da, inoizko…

Ibex 35 % 14 baino gehiago hondoratu da, inoizko beherakadarik handiena. IBEX 35ean, ArcelorMittalek, Ferrovialek eta Aenak galera handiak izan dituzte.


Italiako Gobernua jarri da eskuzabaltasun hori baliatzeko lehen lerroan. Atzo eskatu zion Europako Batzordeari defizita %2,2tik %3,3ra handitu ahal izateko, 25.000 milioi euro erabili nahi baititu koronabirusaren aurkako borrokan. Espero da EBk luze gabe onartuko dituela eskaera hori eta beste kide batzuek egindakoa —datorren aste hasieran Ekofinek bilera du—. Oztoporik ez du espero Merkelek berak: «Nik uste dut Egonkortasun Itunak nahiko malgutasun baduela ezohiko egoeretarako. Horrek esan nahi du ezin diogula Italiari ezezkorik esan bere osasun sisteman dirua inbertitu nahi badu, soilik zor aldetik arau batzuk ditugulako. Egoera berezia da».
Alemaniako Gobernuak joan den igandean aurkeztu zuen plan bat, baina nahiko apala. Kurzarbeit politika zabaldu nahi du, hau da, enpresei laguntzak ematea langileen lanaldia murriztu ditzaten, langileak kaleratu gabe.
Merkelek erabilitako hitzek gogora ekarri dute 2012an Mario Draghi Europako Banku Zentraleko orduko presidenteak 2012an esandakoak, zorraren krisiaren ondorioz eurogunearen beraren iraupena kolokan zegoenean. «Beharrezkoa den guztia egingo dugu, eta, sinets iezadazue, nahikoa izango da», agindu zuen Draghik; merkatuak lasaitu zituen, eta egoera onbideratzeko sustraiak jarri zituen.
Antzeko egoera batean legoke orain eurogunea eta Europako Batasun osoa, ekonomista askok ohartarazi dutenez. Oharra egin dutenen artean dago Christine Lagarde EBZko presidentea. Astearte gauean larrialdi dei bat egin zien EBko gobernuei. «Premiazko neurriak eta koordinatuak» eskatu zizkien, halakorik orain hartu ezean «2008ko krisiaren antzeko egoera bat» izan bailiteke Europan. Hau da, sektore guztiei eragingo liekeen krisi luze eta gogor bat. Lagardek uste du erantzun egokia emanez gero kolpea aldi baterako bakarrik izango dela.
EBZk gaur bertan du aukera borroka horretan bere ekarpena egiteko. Ezin du egin Erreserba Federalak joan den astean eta Ingalaterrako Bankuak atzo egindakoa, hau da, interes tasa ofizialak puntu erdi jaitsi, eurogunean interesa %0n baitago 2016az geroztik. Banku zentralak har ditzakeen neurrien artean gehien aipatu dira likidezia lerro gehiago irekitzea bankuentzat enpresa txikiak finantza ditzaten, zorra erosteko programa zabaltzea —azaroaz geroztik 20.000 milioi euroren zorrak erosten ditu hilero—, eta bankuek dirua EBZn gordetzearen truke ordaintzen duten %0,4ko interesa %0,5era igotzea.
Europako Batzordeak asteartean iragarri zuen 25.000 milioi euroren funts bat sortuko zuela krisiaren kalteei erantzuteko. AEBetan, Donald Trumpek beste bide bat hartu nahi du: urtea amaitu arte eten nahi du errenta zergaren ordainketa. Ikusteko dago Kongresuak onartzen ote duen, hauteskundeei begirako neurritzat dute eta.
Euskal Herrian ere bai
Gobernuak neurriak hartzeko prestatzen ari dira Euskal Herrian ere, baina oraindik ez dute neurri zehatzik hartu. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi zuen atzo 300 milioi euroren funts bat prestatzen ari direla osasun eta hezkuntza arloetan izango diren gastu gehigarriak ordaintzeko. Halaber, familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko dirua izango da.
Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi du neurri batzuk prestatzen ari dela. Ezer iragarri aurretik, ordea, «egoeraren bilakaera» aztertu nahi dutela azaldu du Izaskun Goñi Enpresa Politikako zuzendari nagusiak.
«Kasu gutxi batzuk baino ez daude herrian, eta Gasteizekin eta Madrilekin batera atera gara argazkian, egunkarietan», dio Ana Albanchezek, haserre. Osante landa turismoko etxearen jabea «oso kezkaturik» dago hedabideetan marraztu duten irudiarekin: «Ezin dut sinetsi: erreserba guztiak bertan behera geratu zaizkit, eta gu normal ari gara tragoak hartzen tabernetan. Egia da jende gutxi dabilela herrian, batez ere adineko jendearekin kontu handia eduki behar delako. Baina egiten ari zaigun kaltea izugarria da».
Zuhurtzia edo psikosia?
Bastidaren motorra turismoa dela azpimarratu du, eta ate joka dutela zubi bat. «Galdutzat ematen dugu denok, ostalariok, tabernariok eta bisitariei esker diru sarrerak handitzen dituzten komertzio txikikook ere bai». Esperantza guztia Aste Santuarekin dauka Osante landa turismoko etxearen jabeak. «Ulertzen dut beldurra, baina psikosi honek ez du oinarririk, eta kolpe handia izango da herriarentzat». Atzerriko turismoa ere galdu egin dela esplikatu du, eta Osantek hartzen dituen europarrak eta amerikarrak ez direla azalduko ardoak erakarrita aurtengo lehen erdialdean. «Ahal duenak eutsiko dio, ahal duen moduan. Krisi latza etorri zaigu, eta jendeari esan behar diegu Bastidara etortzeko, ez dagoela beste edozein lekutan baino arrisku handiagoa».
Bastidako plazan dago Ultramarinos Belen, Jasokundearen eta Kristo Santuaren eliz ikusgarrien itzalpean. Udako bero sapari aurre egiteko toki fresko bat da plazako izkina hori; alboko farmaziaren termometroan 35 gradutik gora ageri dira sarritan uztail-abuztuetan, plazako terrazak turistaz lepo daudenean. Baina orain behar lukeen baino hotz handiagoa dago Ebro ibaiaren eta Toloño mendiaren arteko Erdi Aroko kaleetan, mahasti maindirea beti bezain polita dagoen arren.
«Telebistan agertzeak kalte handia egin digu. Oso kasu gutxi daude herrian, baina argazkian atera gara, eta kito», dio Belen Egiluz jabeak. Bastidako plazan «normaltasuna» dago, baina onartu du jendeak «beldur handia» duela. Aurrez aurre dituen tabernak, jatetxeak, hotelak… sufritzen ari direla azaldu du, eta minduta dago. «Ez da horrenbesterako, benetan; badakit beldurra librea dela, baina Aste Santurako normaltasuna lortu behar dugu; bestela…».
Bestela, 1.500 biztanle dituen herri horretako ekonomiaren oinarriak urteko diru sarreren zati handi bat galduko du, eta Bastidaren arnasa astunagoa bihurtuko da geroa irabazteko borrokan. «Asteburuetan etor daitezela etxeak dituztenak, zubiko oporrak normal-normal egin ditzatela, hemen ez baitago beste edonon baino arrisku handiagorik». Gogoratu du Ebroren beste aldean dagoela arazorik handiena, Haron (Errioxa). Han dozenaka dira koronabirus kasuak.
Bastida, datorrenaren isla
Ultramarinos Belen eta Osante landa turimoko etxetik aurrera eginda, Ariño jatetxe preziatuaren atera iristen da, El Frontin kale ederrean. Gaizka Garcia da haren jabea, eta lur jota dago. «Erreserba guztiak erortzen ari zaizkigu. Beteta geneukan astebururako eta datorren zubirako, eta, domino efektu batez, deika eta deika dabil jendea bazkariak eta afariak bertan behera uzteko. Desastre hutsa da». Gehiegizko psikosia dela uste du, eta prentsak ez diola inolako mesede egin Bastidari. «Jatetxeko hainbat produktu ekartzen dizkigutenak ere huts egiten hasi dira, ez dutelako hona etorri nahi. Pentsa, galdara konpontzera etorri behar dute, eta ez dugu lortu teknikaria ekartzea, ez duelako etorri nahi. Erotu egin gara denok».
Bastidaren motorra turismoa dela azpimarratu du Garciak, eta herriaren irudia gehiago zaindu behar dela. «Ikusiko dugu zer gertatzen den Aste Santuan. Nahiz eta guk esan bisitariei herrira lasai etor daitezela, beldurra librea da, eta badakigu aurretik borroka handia dugula normaltasuna berreskuratzeko».
Jatorrena hotel-jatetxea da Bastidako beste zentro turistiko garrantzitsu bat. Martxoko zubirako irekitzeko prestatzen ari dira, baina, erreserbak erortzen ari direla ikusita, ez daukate oso garbi zer egin. «Lehenak izan garenez eskolak ixten, ministroaren ahotan atera gara, eta kalte handia egin digu horrek», dio Soraya Urkidi arduradunak. «Bastidaren izena garbitzea nahi dugu, beste inon baino azkarrago aritu garelako, eta kutsatu gutxi ditugulako». Aste Santua ere ia galdutzat eman du Urkidik, baina «lehen gauza osasuna da, horrek argi geratu behar du».
Luze gabe, Bastidan hartutako tenperatura izan dezakete herri askok Araban, eta beste lurraldeetan ere bai, neurri zorrotzagoak badatoz.



Dione otsailaren 29an hil zen, Zorroza Gestion de Residuos enpresak Murgan duen biltegiko teilatutik erorita. Kudeatzaileak igotzeko agindu zien Dioneri eta beste hiru langileri hodi bat konpon zezaten. Hori ez zen euren jarduna enpresan —hildakoak astebete baino gutxiago zeraman bertan—, eta segurtasun neurririk gabe igo ziren. Lan horretan ari zela, teilatu zati bat puskatu egin zen, eta Dione erori egin zen.
LABek azaldu duenez, eta, behin lurrean zela, enpresako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Dione mugitu eta lantokiko bere postura eraman zezaten, eta agindu zehatzak eman zizkien larrialdi zerbitzuak eta Ertzaintza iristen zirenerako: «Badakizue zer esan behar duzuen, ez? Zintatik erori dela… Zintatik erori dela!». Lekukoek diote oraindik bizirik zegoela. Era berean, eta sindikatuak jakin duenez, Ertzaintzak gutxienez pertsona bat inputatu du kasuarengatik, eta hori langile bat da. Hari ustezko estaltze delitua egozten diote. Sindikatuak ez daki inputatu gehiago dagoen. BERRIA Osalanekin eta epaitegiekin harremanetan jarri zen atzo, baina ezin izan zuen baieztatu bakarra den ala ez.
Osalanen eta lan ikuskaritzaren txostenak ez daude eginda, baina sindikatuek aurrerapen txiki bat jaso dute. Horren arabera, teknikariak joan zirenean, hurrengo goizean, Dione erori zen teilatuko zuloa konponduta zegoen. Erorikoaren altueraren inguruko datuen inguruan ere bi bertsio daude. Dione hasieran artatu zuten larrialdi zerbitzuek lau metrotik erori zela jaso zuten, baina Osalanek 8,7 metrotik izan zela jaso zuen txostenean.
«Langileen Guantanamo»
Luli Eraso LABen lan osasun arduradunak eta Lucas Pasandin Aiaraldeko ordezkariak eman zituzten xehetasunak. Pasandinen hitzetan, Zorroza «lan eskubideen Guantanamo» bat da. Hori argudiatzeko lan baldintzen berri eman zuen: hamar orduko nahitaezko lanaldiak, hitzezko tratu txarrak, eraso fisikoren bat, material eskasa, soldata txikiak, garbiketa falta… Horiez gain beste irregulartasun deigarri bat salatu zuten. Istripua baino hilabete batzuk lehenago, enpresako buruak hiru aldiz ukatu zien sarrera lantokia ikuskatzera joan ziren udaleko zerbitzu teknikoei; azkenean, Ertzaintzak lagunduta sartu ziren. Aurretik, Aiarako Udalak espedientea ireki zion Zorrozari.
Oso litekeena da, ordea, gutxi irautea erreboteak, Saudi Arabiak iragarri baitu bere ekoizpena 2,5 milioi upel handituko duela datorren hilean, 12,3 milioi upeleraino. Hori lortzeko, putzuak ahalik eta gehien ustiatuko ditu, eta erreserba batzuk erabili. Merkatua petrolioz gainezka jarrita zigortu nahi du Errusia, uko egin ziolako joan den astean proposatutako murrizketari. Moskuk, baina, erronkari eutsi dio, eta erantzun du milioi erdi upel handituko duela ekoizpena. Petrolio merkeak AEBetako fracking bidezko ekoizleak hondoratzea espero du.